2024(e)ko apirilaren 23(a), asteartea

PEÑA TELERA - Chez Lulu

 

Eskalada-kronika hau idazten hastean, hausnartzeko eman didan errealitate batekin egin dut topo; izotz-bide gehien eskalatu dudan eremuak ez du sarrera bat bera ere blog honetan. Arrazoia bistakoa da, Internet existitu baino lehen egin ziren igoera hauek, eta horrek, nire kasuan, eskaladen nondik norakoak hodeian gordetzea gustatzen zaidanetik, mendizale bezala egin dudan bizitza erdia bildu ezin izatea dakarkit.



Peña Telerako "Chez Lulu" bidean Xabier Artolarekin batera izan ditudan gorabeherak kontatzen hasi baino lehen, utzidazue nire memoria gero eta urriagoan arakatzen, urte asko atzera joan nahi baitut:
Gogoan dut Peña Teleran hartu nuela nire lehen muturreko erabakia, ez baitut inoiz ahaztuko, eta ziur nago zentzuzkoa izan zela, eta oinarri bat sortu zuela nire mendiko bizitza gorabeheratsuan hartu behar izan ditudan antzeko beste erabaki batzuetarako.


Udaberriko eguzki freskoak argitzen zituen Tena haraneko larre berdeak, kontrastea handia zen Peña Telerako harresi ilun eta hotzarekin. Mendi puska ikaragarri horri arretaz begiratuz gero, elur zurizko zertzeladek apur bat apaltzen zuten mendi menderaezinaren itxura zakarra. Dagoeneko nire begi gazteak beti gorantz begiratzeko ohitura hartzen ari ziren, gailur urrun eta ezinezko horiek igotzeak pertsona bezala hobeto haziko nindutela pentsatuz. 

Bakarrik nengoen Peña Telerako tontor konkortuan, eta orain, denboraren prespektibatik begiratuta, horma tente hauetan igo ditudan bide gehienak horrela egin nituen, ni hobetzeko nahiarekin bakarka. Bixente Kerejeta behean geratu zen, harrizko aterbearen babesean, lo-zakuaren gozotasunean; honek ez zuen sentitzen nik sumatzen nituen tontor zorrotzen oihuak. Vignemale mendia igotzetik gentozen, nahikoa Bixenentzat. Ez zen lehen aldia tontor irrikatu hura zapaltzen nuena, ordurako eskalata nuen "Gran Diagonal" bidea, Lazkaoko Kiosko, Jon eta Imanol Lasa eta Txanpiren laguntzarekin. Baina goazen bizitzako erabakiaren narrazioari berriro heltzera; gailurra zapaldu izanaren zirrara harroa desagertu zitzaidan ohiko bideko “paso horizontal” arriskutsua zeharkatzen hasi nintzenean. Kranpoi malgu batzuk neraman larruzko bota arin batzuei lotuta. Nire esku dardaratian piolet luze bat, argi eta garbi eskasa izaten ari zena. Zalantza lodi batek estali ninduen beldur sakonak erraiak zulatzen hasi zitzaizkidanean; oinetan zabaltzen zen amildegiak bere halabeharrerantz erakartzen ninduela sentitzen nuen, dena zulo sakon horretan bukatuko zenaren ziurtasuna. Gorputza paralizatuta neukan, baina burua argi zegoen oraindik, elur-malda ezegonkor hura zeharkatzen tematzea gutun batera jolastea zela erabaki nuen, egon beharko zuela beste aukeraren bat, nahiz eta neketsuagoa izan bilatuko nuela. Buelta eman eta malda elurtuan gora berriro igotzen hasi nintzen. Han negoen ni abiapuntuan, Peña Telerako bizkar elurtuan zutik infinituari begira. Egoerak ez zuen irtenbide errazik, ez behintzat ingurua arrotza duen eskalatzaile batentzat. Ez dakit zerk eraman ninduen Cachivirizas puntarantz, baina ziur nengoen tontor liraina hegoaldeko isurialdetik zeharkatuz gero Cachivizas leporaino hel nintekeela. Egitea ez zen pentsatzea bezain erraza izan; elur sakonean zehar puska on bat ibili ondoren amildegi batek moztu zidan magalaren jarraitutasuna. Agian argitasun bizkorgarriagaitik izan zen, edo, horma elurrez garbi zegoelako, atzera bota zidan "paso horizontala" baino lorgarriagoa zela iruditu zitzaidan. Harresi malkartsuan behera jaisten hasi nintzenean seguruago sentitu nintzen, mugimenduak normalago egiten zitzaizkidan, erortzeko aukera kontrolatuago neukan. Harrotasuna berreskuratu nuen Cachivizasko lepora iritsi nintzenean; mendiak jarri zidan oztopo arriskutsua modu seguru samarrean gainditu ahal izateak sortu zidan poza hain izan zen handia oraindik ez dudala ahaztu.


Negua errebelde dabilenez, bere mesedeak garaiz eskaintzeari uko eginez, Xabierrek eta biok generaman asmoa sasoiz kanpo zegoen; eguzkiaren argitasun epelak apurka-apurka horma iluna bereganatu du, harkaitzean itsatsitako elurra urtuz. Egunsentian Peña Teleraren iparraldeko horma ikaragarria baloratu ahal izan genuenean, neguko eskalada bat egin ahal izateko itzal freskoaren babesa bilatu beharko genuela argi ikusi genuen. Maria Jose Aller bidearen kanal zabal eta buka ezinean sartu ginen Chez Lulu bide ederrarean gure irrikak husteko.
Chez Lulu bidea ezagutzen nuen, orain hogei urte izan zen, eta kronika honetan azaltzen saiatzen ari naizen bezala, bide hau ere bakarka egin nuen.



Kapiren bloggatik hartutako krokisa.



 Arroka biluziari itsatsitako izotz zuriak erakarpen eutsiezina eragiten du nigan, pioletak kolpez-kolpe sartu eta egitura delikatu horretan murgiltzeko gogo kontrolaezina da.

Bidearen lehen luzea delikatua zegoen, ohi baino meheagoa, oztopo erakargarri hori ezkerraldeko izotz-jauzi batetik gainditu genuen.



Hirugarrenak ere komentario bat eskatzen du; luze eder honetan, tiradari zailtasuna ematen dioten bi irtengune daude. Gune tente horiek izotzez justuak zeuden, eta ohikoa baino gehiago ahalegindu behar zinen.



Laugarren luzeak ustekabean harrapatzen zaitu; izotzezko kanala harresi gaindiezin baten azpian amaitzen da.



Bostgarren luzearen irtenbiderik errazena ertz zorrotz batera iristea da, ezkerrerantz trabesia eginez, eta hori egiten du bideak. Horain hogei urte haitzezko luze hau gainditzeko katuoinak jantzi nituen, oraingoan kranpoien puntak kontu handiz jarriaz igo dugu.



Goiz osoan zehar hezurretaraino sartzen zitzaigun ipar haize hotza areagotu egin zen bilera antolatu genuen ertz zorrotzean, horma garaiek ematen ziguten babesa kanaletik irtetean galdu genuen. Dimentsio bertikal eta hotz honen irteera hurbil zegoen; marra zuri batek zeru desiratua mozten zuen, lainoek ziztu bizian eta oztoporik gabe gurutzatzen zuten muga. Elur-kanal zabal eta inklinazio gutxiko batek eguzki suspergarriaren besoetan egotetik bereizten gintuen. Elurra, bide ikusgarri honetan zehar bezala, egoera ezin hobean zegoen, lehor eta gogor, pioleten punta zorrotzak mantu zurian bortxarik gabe finkatzen ziren.


Eguzkiak ez zuen gure gorputz izoztuak berotzeko gaitasunik, ipar haize gupidagabeak irabazten zuen partida. Ez genuen komentatu beharrik izan, metro gutxira genuen Peña Telerako tontorra lekuz kanpo zegoen, babes bila jaistea eta egindako balentriaz gozatzen hastea lehenetsi genuen.

Luzea eta neketsua izan zen Y kanaleko jaitsiera; bi rapelen ondoren, kanalaren ia bi heren jaitsi behar izan genituen atzerantz.


Pozgarria izan zen Iker Artola beheran aurkitzea, eguzkitan, haizearen babesean, harri batean eserita. Donostiarrak kafe bero, ketsu eta bizigarria prestatu zigun; diruak gauza asko ez ditu erosten eta horietako bat adiskidetasuna da, bejondeizula Iker.