2017(e)ko apirilaren 25(a), asteartea

Salenques-Tempestades -



   Pirinioetako txokorik alpinoenak, zalantzarik gabe, Madaleta-Aneto mendi eremuan aurkitzen dira. Alpetar ametsa egi bihur dezakegu granitozko harresi hauetan. Haran garai horien artetik nabarmentzekoa da Tempestades glaziarra eta granitozko hormek osatzen duten Margalida-Tempestades-Aneto zirkoa, Barrancs haranetik kontenplatua ezin ederragoa dena.
   Eskalada oso interesgarriak aurkituko ditugu granitozko horma tente hauetan zehar; neguan, izotza eta mixtoa eskalatu daiteke, eta udan, harkaitzeko eskalda-bide konprometituak daude. Igoera aukera guzti hauetatik Salenques-Tempestades zeharkaldia da oso ezaguna mendizaleen artean.
   Bi Pirineista aitzindariek zabaldu zuten eskalada bide hau, Jean Arlaud eta Charles Laffont 1922-ko irailaren 22-an. Pirineoetako biderik zailena eta ederrena bezala ezaguna izan zen garai batean.




   Marronek proposatu zidan bide hau eskalatzea udaberri hasierako elur girotan. Lehendik eskalatua genuen bidea, baina udako baldintzetan, orain 28 urte nire kasuan.
   Larunbat arratseko azken orduan, eguzkia jadanik ezkutatuta zegoela granitozko harresien atzean, irten giñan oinez Hospital de Benasque aparkalekutik. Garai honetan Ospitaletik aurrera errepidea moztuta dago. Barrancs aranean gaua pasatzeko ideia generaman, eta lo-zakuen babesa nahikoa izan beharko zuen horretarako, zeruko ganga izango zen gure sabaia.




   Ehunka eskiatzaile topatu genituen Aguallust arteko bidean, Aneto igotzetik zetozen. Hortik aurrera ez ginen inorekin gurutzatu.
   Egunaren azken argietan aurkitu genuen gaua pasatzeko egokia zirudien leku bat. Elurra eta haizearen kapritxoz lautada babestu txiki bat osatua zegoen horma baten azpian. Generaman guztia erabili genuen bibaka prestatzeko, pasatzeko prest geunden gau gordinak ahalik eta erosoena izan behar zuen.




  Eguna argitzen ari zela, lotarako zakuen babes goxoa utzi eta abiatu ginen gure proiektua aurrera eramateko. Baldintza onak ziren, eroso ibiltzen ginen elur gogorraren gainetik. Granpoiak ongi heltzen zioten elur izoztuari, eta horrek segurtasuna eman zigun malda tente jartzen hasi zenean. 




   Haitzetan lehen pausoak esku larruez eta mendi botez egin genituen. Baina zorionez, eskalada pausoak gogortzen hasi zirenean eguzkiak giroa berotzen zuen pixka bat, eta katu-oinak jantzi eta esku biluziekin heldu ahal izan genion granito latzari.





   Gozatzen gindoazen, une oro argazkiak ateraz, momentu errepikaezin horiek hilezkortu nahian. 
   Margalidako gailurrean deskantsu txiki bat egin genuen zertxo bat jateko, goizeko hamarrak ziren. Zailtasun teknikoak pasata genituen jadanik, urruti ikusten zen oraindik Anetoko gailurra. 
   



   Luze joan zen azken zatia, Margalida puntatik Anetorako tartea, arratseko hirurak ziran Anetoko bizkarrera iristea lortu genuenerako, elur malutak erortzen ari ziran une horretan. Jaitsierari ekin genion elur maldetatik behera. 




   Barrancs-en lo zakuak jaso genituen debora asko galdu gabe. Arratseko zazpietan Ospitalean giñan berriro kotxearen segurtasunean, zerbeza pare batekin jarduera ospatu eta mokadu bat jateko prest.