Peña montañesa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Peña montañesa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023(e)ko abenduaren 13(a), asteazkena

PEÑA MONTAÑESA - Diedro Rancimor / PARED DE BONES - Monsanto, la muerte

 


Krokisa ikusi nuen une berean jakin nuen, eta ezaguera horrek egoera behartu batean jarri ninduen, bi lagun bikote desberdinak bide bera gorteatzen zutela. Kulebroi honen testigua nintzen eta ez nekien nola jokatu; ez ikusiarena egitea eta denborak konponbidea ekartzea izan zezakeen aukera bat, edo, besterik gabe, bi aldeei gertatutakoa azaltzea. Baina, denak diedro xarmagarri horretaz hain maiteminduta ikusten nituen, zein nintzen ni besteen bihotz kontuetan sartzeko. Gainera, sokadatako bat, bide beretik hain zuzen, egoera konprometitu horretatik igaroa zegoen; hau telenobela turkiarraren itxura hartzen ari zen. Erabaki ez oso ausart batean, momentuz, bere horretan uztea erabaki nuen, eta bidea eskalatzea, morboa nuen aurrez aurre ezagutzeko lehen begiradako maitasun horren zergatia.


Azaroan Euskal Herrian euria egiten hasten badu jai dugu eskalatzaileok, edo nik bezala arroka naturalean eskalatzea gustatzen zaigunok, abstinentzia luze batera kondenatuta gaude. Egoera sostenga ezin horri irtenbidea eman nahian pare bat egun Euskal Herritik kanpo joateko moduan naiz, zortez Xabier Artola ni bezala, edo, gehiagoko, gogotan dago eskalatzeko, egun horiek libre ditu.


Nora joan erabakitzeko zalantza estresagarrian murgildurik, udazkeneko lehen elurrak zuritu ditu Pirinioetako eskalada txokoak, Xabierrek krokis bat bidaltzen dit whatsap bidez, Cienfuensen bide batekoa da, ikusi bezain laster hamar ok ikur bidaltzen dizkiot, planak izugarri motibatzen nau. Internetera jotzen dut leku paregabe horretan eskalatzeko bide gehiagoren bila, eta abisu batekin topo egiten dut: Cienfuenseko eskalada debekatuta dago abenduaren 1etik abuztuaren 1era, amorru handia ematen dit, ez bainaiz adi egon, beste urte batez mendi eskaladarako tenplu horretan eskalatu gabe geratzen naiz.




Cienfuenseko planak huts egin ondoren, eta autoa gehiegi ez erabiltzearen logikan, asteburu batean mendiko eskalada egiteko geratzen zaizkigun aukerak ez dira asko, "-beti geratuko zaigu Peña Montañesa".



Hemen ere euria gogoz egina da, Oncinseko errepidea erabat bustia dago, arraroa dirudien arren pozten naiz, uraren eskasia arazo larria gertatzen ari da. Goizean, egun argitan, pareten egoera ikustean, zein bide eskatuko dugun aukeraketa egitea erabakitzen dugu. Gau ilunaren isiltasunean furgonetaren babesean lo egiteko prestatzen gara, lo zakuaren gozotasunean sartu eta denetik isolatzea plazera da.


Gosaltzean, bigarren kafetera sutan jartzen dugun unean, botatzen dut. - kanal mayoreko horma agian lehorra egongo da, nik "Ordesa en montañesa" euritan egina dut, eta gaur eguzkia goxotan egongo gara. Telefonoaren pantailara argazki bat igotzen dut, eta katiluetara egin berria den kafea zerbitzatzen dudan bitartean hasten naiz Xabierri nobela arrosaren lehen kapituluak kontatzen.


Abenduaren lehenetan eguzkia Huescako lautadaren gaineko zeru zabalean oso beheran dagoenez Sobrarbeko Pilar burgoi eta harroak itzala egiten dio kanal mayoreko hormari, eta iluntasun hori, gehi, guk igo nahi dugun diedroa bustia dagoela, daramagun erritmo bizia jaistea eragin digu, denbora eman behar diogu goiza argitsuari bere lan konpontzailea egiteko.


Nondik hasi eskalatzen bi sarrera dituen bide bat? gehien erakartzen digunetik, ezkerretik iristen gara lehen bilera. Hemen, inbutu batean bezala, bi aldaerak elkartu eta diedro nabarmenaren gainean batera isurtzen dira. Txapa distiratsu bat dago lehen bilera honetan, azken harreman sentimentalaren oparia. Ondoan, beste maitasun-aztarna bat, espit kasko bat, harreman zaharrago baten hondarrak; gogoratu nahi dizuet diedro hau inolako opari edo galanteriarik gabe konkistatua izan zela.


Xabierrek diedroaren gainetik hartzen du aurrea. Liburu irekia bezalakoa da, angelu kamutsa. Poliki igotzen doa Tolosarra, oinak hormaren bi aldeetan luzatuta eskalada klasikoaren teknika aplikatuz, plazerez babesten da. Xabierrek, sokaren erdia ia erabili gabe, bilerara iritsi dela oihukatzen du, diedroaren erraietan dago oraindik.


Hori da bi maitasun-harremanen arteko desberdintasun nagusia, lehenengoak sentipen biziagoen bila, intimitatean gehiago arakatuz, ekintza luzatu zuten, klimaxa gorago eramanez. Bigarren loturan, diedroaren erdian arnasa hartzen da, egintzaren intentsitatea gutxituz. Paraboltez muntatua dago bilera.


Puntu horretara iritsita, maitasun-harreman biek bide desberdinak hartzen dituzte eta gailurreraino paraleloan doaz beren bideari jarraituz; lehenengoak eskuinera egiten du, giro atseginagoen bila. Bigarrena zuzen doa, bete-betean klimaxaren gose. Guk lehen maitaleen bidea hartzen dugu, bigarrena itsusi ageri delako, bustita dago, harreman toxikoa izan daiteke handik joanez gero.


Rapelatzen jaistean, sabai handitik doan luzea hurbilagotik ikustean, harremanak izateko gogoa pizten zait, baina beste baterako utzi beharko dugu, baldintzek uzten dutenerako.


Kontatu dudan ipuin arrosa honen bi kapituluek, idazten ari naizen hirugarren bati ematen diote bidea. Bertan kontatu nahi nuke nola lortzen duten bi maitasun-harreman horiek elkar ulertzea eta elkarri errespetuz eustea. Maitaleekin harremanetan jarri naiz eta, adiskidetasunaren konfiantzan babesturik, nire iritzia eman diet, kasu honetan hiruko harremana posible dela.


Beti mirestu dut Christian duen esploratzaile gaitasunen gaitik, baina oraingoan markak hautsi ditu, Boneseko horma aurkitu, eskalada posiblea zela sinetsi eta “Monsanto, la muerte” kalitatezko bidea ireki, nire miresmena gehitu besterik ez da egin.


Urteak behar izan ditut bide hau eskalatzeko, eta denbora hori ez da alferrik igaro buztin lehorraren koloreko horma honetan, pareta bideez josita dago. Bones hormara etortzeko behar izan dudan denbora horretan zer galdu dudan jakiteko, atentzioa eman didan datu bat aipatuko dut: hareharri hauetan eskalatzen aitzindariek ordu eta erdi behar izan zuten hormaren oinetara iristeko; orain, ordu erditan eskaladarako materiala motxilatik ateratzen ari zara. Arroken gainean margotutako gezi koloretsuek eta bide zabalak artadi-baso itxian zehar zuzen eramango zaituzte eskalada bideetaraino. Baina begietara gehien jo nauena hareharrian paraboltetako txapak nola nabarmentzen diren da; lerro distiratsuak, bata bestearen ondoan, plaka launetan gora, zuzen-zuzen hormaren amaieraraino. Benetan diotsuet, inoiz ez dudala honelako inpresiorik izan eskalada-bideekin, begi-inpaktua oso handia da.


Monsanto, la muerte bidera itzuliz, Xabierrek eta biok primeran pasatu genuen harribitxi txiki hau eskalatzen. Oreka hutseko mugimendu behartuek eskalada sentsazio handia sortzen dute, ez da beharrezkoa gradu altuak gainditzea pozik sentitzeko.



Bidea lau luzetan egiten da, eta zerbait txarra esatearren, hori da duen akats bakarra, motz geratzen da, beste horrenbeste igotzeko gogoz geratzen zara. Gailurreko lautadatik irekitzaileak oinez jaitsi ziren, guk ezkerreko bideko rapelak erabili genituen, eta hemen, goiko perspektiba horretatik hormari begira, gehien ikusten da bereizi gabeko ekipamenduaren begi-inpaktua.


 Baina zer egingo diogu, emaitzek arrazoia ematen diete, transgenikoekin produktuak azkar kontsumitu ditzakegu, artaburua zenbat eta handiagoa izan orduan eta hobeto, munduko gosea kentzeko daude hemen, ala ez?











 















 











 








2023(e)ko martxoaren 26(a), igandea

PEÑA MONTAÑESA - AGUJA DE LA BUARDA- Leyendas de Patones, La del Centro, Los funcionarios de la Montañesa

 



Sarrera hau irakurtzeko pazientzia baduzue, aldaketa batez ohartuko zarete, akats bat zuzentzeko hartu dudan erabakiaz. Ez da izan azkar gertatu den gauza bat, une batean, bere denbora behar izan du sendotzeko eta gauzatzeko. Izan ere, zer dago barkamena eskatzea baino ausartagorik? Eskalada behintzat ez.
Ez dena aldatu historia ematen den lekua da, horma bera da, Buerda Orratzen dorre ikusgarria, eta bere gailurrera igotzeko nire gogoak. Baina ikus dezagun pausoz pauso.



Euritan iritsi ginen Oncisera, gaua itxia eta desatsegina zen. Furgonetaren fokuen argia ahula bazen ere gai izan nintzen herrixkan aldaketa batzuk ikuskatzeko; lehen aurrerabidearen arrastorik ez zegoen tokian orain kotxentzako aparkalekua eta bide zidor seinaleak daude. Horrek zer pentsatua eman zidan; eskalatzaileak hamarkadak daramazkigu inguru paregabe hauetan endredatzen, gora eta behera mugitzen gure trasteekin, eta ez ditugu infraestruktura guzti hauen beharrik izan. Hodei beltzak iragarri nituen, garai txarrak naturaren alde basatiaren maitaleentzat, beste behin ere eskalatzaileak izango gara filmeko gaiztoak.



Aurreko gaueko ekaitzaren ondoren, sinestezina zirudien egunsentia argia eta atsegina izateak, lozakuen babesean jarri ginenean zerua gure gainera erortzen zen, hurrengo egunerako eguraldi onaren iragarpena okerra izango zela apustu egin genezakeen. Gosaria luzatu egin zen; Chemarik eta biok denbora asko generaman elkar ikusi gabe, gauza asko genituen kontatzeko. Eta zer hobe, Peña Montañesako kareharrizko horma erraldoiak lehen eguzki izpiek laztantzen hasten diren une labur horretan, furgonetaren erosotasunean kafe mingots on bat hartzen dugun bitartean solasaldi alai bat baino?
Ez genuen presarik, bide berriak irekitzeko asmorik gabe gindoazen, eta eskalatu nahi genituen bideak ez ziren luzeak, horrek ematen zigun denbora erritmo lausengari bat hartzeko.


Bi bide generamatzan buruan; Leyendas de Patones eta La del centro, azken honetatik hastea erabaki genuen, lehorragoa egongo zela pentsatuz. Oso pareta tentea da Canal Mayorreko horma, sabaiz betea; gogoan dut Kepa Escribanorekin Ordesa en Montañesa bidea eskalatu nuenean euria ari zuela, eta modu duinean egitea lortu genuela. Asko gustatu zitzaidan aipatu dudan bide hau, eta oso ona iruditu zait La del centro; bigarren eta hirugarren luzeak espektakularrak dira, baina batez ere hirugarrena nabarmentzen da.






Irteera honen helburu handinahia ez zen deskribatu dudan bidea; ilusioa beste linea batean jarrita neukan, Leyendas de patones bidean, agujas de la Buerda erakargarrian.

Idazten ari naizen honetan, sarrera hau nola konposatu buruhaustean nahastuta nagoela, Buerdak oroitzapenak ekarri dizkit, eta orratzera itzultzeko gogoa beste arrazoi batengatik izan dela pentsatzera iritsi naiz; eskalada honek kapitulu bat ixteko edo berriro hartzeko aukera eman didalako izan dela ausnartu dut. Izan ere, hainbeste esan nezakeen eta ezer esan ez nuen eskalada bat zama handia izan da niretzat urte luze hauetan: La prima bidearen kronika ahulean irudi batek protagonismoa hartu zuen, izenburuaren balizko komikotasunari umorea kenduz. Beraz, Buerda orratzera bueltatzeak krokisa berrikusteko aukera eman dit eta erabaki bat hartu dut; argazkia ezabatzea. Hemen duzue sarrera horren esteka:


Honekin Que riesgo tiene la primari buruz idatzirik gabe utzi nuen azalpena gehitzen diot Leyendas de Patones bidearen kronikari:

Gogoan dut Peña Montañesarako bidaian irrati guztietako albistegietan ekonomiari buruzko albisteak baino ez zirela entzuten, eta hitz bat zela, niri gaztelaniaz aditzean, grazia handia egiten zidana: arrisku-saria edo prima de riesgo.

Modu horretan elkartu nintzen Chemarirekin Oncinsen, egoera ekonomikoak grazia handiagoa ematen zidala kezkatzeak baino. Izugarri dibertitu ginen elkarrekin egon ginen bi egunetan; Madrildar eskalatzaile handiarekin izan ditudan topaketa guztiak alaiak eta umoretsuak izan dira eta dira gaur egun ere.

   Agujas de la Buerdan txunditu ninduen bide zaila eta konpromezu handikoa zabaldu genuen. Eskalada honi izen bat jartzerakoan, duen edertasuna eta konpromezua goraipatu nahian, Montañesako bidaian irratian ekonomiari buruzko albisteetan entzun nuenari hitz joko barregarria egin nion, "Que riesgo tiene la prima", izenburu bezala bururatu zitzaidan eta horrela proposatu nion nire lagunari. Honek berehala baietz erantzun zidan. Beraz, Buerdako orratzean bizi genuenaren krokisak, gure abentura pertsonala islatzen, sexu-desiraren balizko arriskuak eskaladakoekin parekatzen saiatzen da; bulkadaz bakarrik jokatzen badugu, segurtasun-neurririk hartzen ez baditugu, kolpe ederra har dezakegu.

Baina akats bat egin nuen: Behin etxeratu nintzenean, Chemarik eta biok ireki genuen bide itzelaren krokisa marrazten ari nintzela, paper gainean espazio zuri bat geratzen zen, bibujoaren trebetasuna banu neure eskuez marrazki batekin beteko nukeena. Bibujoaren dohaina ez dudanez, niri erakargarria egin zitzaidan argazki bat aurkitu nuen interneten, eta krokis polemikoan itsatsi nuen gero. Eta hortik ondorioak; krokis xumeak zeharkatu behar ez zituen zelaiak zeharkatu zituen, eta horma handitik kanpoko giroetan epaitu zuten, eta ez nago batere harro horretaz, eskalada baten berri emateko sortu baitzen.

Ausnarketa egin diot guzti honi, eta iritsi naiz gaizki ulertu honen arrazoia argazkiko imagenak estereotipo bat islatzen duelako izan dela, ez delako irudi orokor bat, egokiagoa litzateke argazkiak emakume guztien edertasuna islatuko balu; aurkitu ez dudanez, krokisean fede onez jarri nuen argazkia erretiratzen dut. Eta zin dagizuet argazkia ezabatu dudanean lasaitasuna sentitu dudala, eta, aldi berean, bide eder honen krokisak gehiago erakarri nauela; gauzak nola aldatzen diren.



Guzti hau esanda heldu diezagun sarrera honen protagonistari, Leyendas de Patones eskalada bide ikaragarriari:

Madrileko lagun talde batek lagunduta, eta ziur nago umore bikainez, 2014an sortu zuen Chemarik Leyendas de Patones bidea. La Prima bidearen ondoan, pitzadura sistema nabarmen batean, hasten da Leyendas de Patones. Eta paraleloan doaz bi bide eder hauek, harik eta laugarren luzean, trabesia luze batez, arrokazko plaka trinko bat ezkerretik eskuinera gurutzatzen duen. Hasierako luze hauek zailtasun-maila ertaina badute ere, eskalada garbikoak dira, eta Chemariren zigilua dute; beraz, lasai eta tentuz igo behar dira. Ikaragarri gustatu zaizkit.





Laugarren luzearen ondoren, Leyendas bideak beste bide on batekin egiten du topo, Devorando la vida. Bosgarren luzean, une batez, elkar ukitzen dute, baina azken bide honek eskuinetara dagoen arrail zabal batetik jarraitzen du eta Leyendasek ezkerretara dagoen haitz plaka zorrotz batetik. Luze hau, bosgarrena, zen gure erronka. Ireki zutenean, ezin izan zuten behetik kateatu, eta ordutik galdera ikur bat zeraman krokisak. Nire masailak harrotasunez gorritzen dira galdera ikurra hau kendu ahal izan diodalako: Lehen begiratuan argi ikusten da arrokazko plaka leunak zailtasun handia duela. Oin finak erabiliz eta helduleku txikiak hartuz, pausoz pauso, aurrera egin behar da. Hiru parabolt daude harkaitzezko plaka zorrotz honetan jarrita, eta esan behar dut, azken paraboltaren txapajea ez dela eskura geratzen, bidetik kanpora ateratzen zaituela, soka pasatu ondoren hasierako posiziora itzuli behar izateko. Hemen mugimendu zail batzuk egin behar dira harkaitzezko belarri on batera iritsi arte, friend bat jartzen da, eta oinik gabe, regleta bertikal fin txiki batzuk hartuz, irten egin behar da konpromiso egoera horretatik, adrenalinarekiko mendekotasuna dutenentzat gozamena. Hor ez da festa amaitu, nahiz eta zailtasun-maila jaitsi, oraindik 25 metro geratzen dira bileraren segurtasunera iritsi arte.
Azken luzea, seigarrena, blokeen arteko paseotxo bat da, eta arretaz heldu beharko zaie, helburua Devorando la vida bideko rappeletara joatea da, hortik jaitsiko baikara.


Irteera honetan bi eskalada bide txiki eskalatu ditudan arren, aurrera pauso handia eman dudanaren sentsazioa daukat. Mendiak, natura, ez dira aldatzen, edo gu ez gara gai eraldaketa horiek hautemateko. Aldiz, pertsonak, ikasteko jaio gara, eta horrekin eboluzionatzeko.
 
 
2025/12/30 LOS FUNCIONARIOS DE LA MONTAÑESA
 
Denak berdin agertzen zitzaizkidan, zuriak, handiak, txanpi erraldoiak, nola jakin zein zen Chemarin autokarabana? Goiz hotz horretan, Ainsako gazteluaren parkinga beteta zegoen, autoen kristalak izotuak, eguzkiaren indarraz apurtzeko zain.
Orube zabalean bigarren buelta hastear nintzenean Chemita ikusi nuen, keinuka ari zitzaidan, telefono dei bat egin behar izan nion goxotasunetik ateratzeko, besarkada batekin agurtu ginen.
 
 

Neguan, egun batzuetako Bielsako bailarara bidaiatzen badugu, kotxea trastoz beteta ekartzea da ohikoena, gure maletategian, piolet eta kranpoi itsaropentxuetatik, komodinak diren eskietara zeuden, beti prest egoten diren katuoinekin nahastuta, beraz, argi zegoen, ez genekiela non bukatuko genuen egun dirdiratsu hori.
 

 
Peña Montañesak ez du huts egiten, zaldi irabazlea da. Izotz eskalada amets genuen egunaren ondoren, eta eskiatzen bukatu genuena, Oncinseko aparkalekuan ginen goizeko lehen eguzki goxotan eskalatzeko materiala egiten. Zein bide igo nahi genuen bagenekien, eta horretarako zer materiala behar zen ere, Los funcionarios de la Montañesa, soilik gauza bat eskatzen nuen, bidea izena baino ederragoa izatea.
Buerdako orratzen eskuin aldean dagoen bide hau 2012 urtean zabaldu zuten, izenak dioen bezala, estatuko bi funtzionario, guardia zibilak edo polizia nazionalak, ez nago ziur.
Bidea motza da, ehun eta berrogeita hamar metro, bost eskalada luze.
 
 
Beso hutsetan hasi nintzen eskalatzen lehen tirada, zer gehiago eskatu behar nuen kontuan izanda goizean minus seiko tenperatura markatzen zuela termometroak? Txapa bat du hasierako luze honek, eta tiradaren zailtasuna hor dago, eskalada pauso blokero batean, bi mugimendu, ederrak egin zitzaizkidanak. 
 

 

Bilera dagoen erlaitzetik ezin nizkinion begiak kendu gainean zabaltzen zitzaidan pitzadurari, haitz plaka marroi lisu batean mugimendu geologikoek sortutako arrakala, gustura emango niokena aurretik baina Chemariri tokatu zitzaiona.
Hirugarrena bai egin nuela lehenengoz eta azalpen bat eman nahiko nuen, agian, norbait hau irakurri eta ausartzen delako egitera. Nire iritziz, eskalada hobetu daiteke. Bideak, hirugarren honetan, ezkerrera trabeska arraroa egiten du, arroka eskaxeko diedro zikin bat hartuz. Ordez, gainean, itxura ederreko hareharri haitz plaka fisuratua uzten da, ilargi arroka “roca lunar” deitzen dugun kalitatekoa. Aipatu dudan aukera hau hartu ezkero, ez zen arazorik egongo, ezkerretara trabeska berdina eginez, iltze bat dagoen erlaitz erosoko bilera iristeko. Esana dago.
Laugarrena, katu-oinak kenduta eta, zoru harritxuan eserita, segurtatu nuen Chema, aurrera egiten ikusten ez nuela, tarteka, hori bai, zer moduz ari zen galdetzen nionean, hitz positiboak bidaltzen zizkidan. Eta bai, ona iruditu ziztzaidan niri ere atzetik materiala biltzen igo nuenean.
Ez ordea azken luzea bezain ederra, zergaitik eskalatzen dugun galdera erantzuten duen tirada iruditu zitzaidan, gozatzen dugulako erantzun posible bakarra ematen duen horietakoa.
 

Eguzkiaren azken printzeak, Buerda orrotzaren atzean izkutatu aurretik, jaso ahal izateko garaiz iritsi ginen. Bidearen gailurrean, argazki kamerarekin egin nuen argazkian, gure aurpegiek ondo pasatu gunuela azaltzen dute.
Jaitsierak apunte bat eskatzen du, ez bai da erraza bide sortzaileen leku berdinetik behera egitea. Honutzaino iristeko kapaz izan zaren irakurle horrek, jakin, guk ez genuela krokisean markatzen duen rapela bilatu, eta trabeska luze bat eginez kanal zabal batetik oinez jaitsi ginela. Azken bileraren gainean lau metroko harresi bat igota erlaitz estua ateratzen da, eskuinera, harri dorre bat edo beste dago hemen. Krokisak aurrera segitzea markatzen du, rapel instalazioarekin topo egin arte, segi eta segiz aipatu dudan kanalera iritsi ginen, inongo arazorik gabe jaitsi ginen hortik.
 

Ezin nituen Pirineoak utzi, zuriz eder, eskiez beste igoera bat egin gabe, gainera, urteko azken eguna izanik, ondo bukatzea garrantzitsua da, nola hasi behar dugun markatzeko. Chema agurtu ondoren Villanuan geldialdia egin nuen, baina hau, eskalada ez den beste istorio bat da.
 
 
  
 
 

 

 
 
 
 
 
 
 

 
 
 


 
 
 
 
 

 





























2022(e)ko uztailaren 2(a), larunbata

PEÑA MONTAÑESA * Peña Agujereada - Una cervesa més / Punta Jabali - Martin cuida tu jardin

 


Beste bat naizela ez dut zalantzarik; Peter Parkerrek armiarma gizon mozorroa janzten duenean bezala, edo agian Stanley Lpkiss lotsatia, aurpegia zurezko maskaraz estaltzen duenean neurrigabekerian sartzen dena. Horrela sentitzen naiz mendian.



 
 
 Niri eskaladak eraman ohi dudan maskara kentzen dit, edo agian jarri, ez dago alderik, esan nahi dut haitzetan gora noanean beste bat sentitzen naizela, jokabide antagoniko bat antzezten dudala. Amildegiaren ertzean egoteak adorez betetzen nau, indartu egiten naiz, egozentriko bihurtuz.



Mendia ez da lotsagabearen mozorroa janzten dudan leku bakarra, bidaiatzean euforia egoera horretara ere irits naiteke. Nire gelako armairua zabaldu besterik ez dut kontatzen ari natzaizuena baieztatzeko; arropa koloretsu eta argitsua daukat apal batean gordeta, galtzak dira gehienak, urteetan zehar bidaia desberdinetatik ekarri ditudanak, eta inoiz janzteko adorerik izan ez dudanak.
Armairua garbitzean, ez ditut inoiz bota arropa desinhibitu horiek, zeren eta, konturatu bainintzen erosi nituenean helburu batekin egin nuela, lotsagabearen mozorroa neramala jantzita, eta pentsatzen nuen agian egunen batean konplexurik gabeko pertsonaia hori ager zitekeela.



Laspuñan nago, La Colladako pistarako tiketak saltzen dituen makinaren aurrean. Hiru euro balio du pista amaigabe horretan ibiltzeko baimenak. Urdailak ziztada bat ematen dit, baina hiru txanponak makinaren zirrikitutik botatzen ditut, pertsona arduratsua naiz. Makina itsusiak baliorik ez balute bezala botatzen ditu txanponak. Dirua bildu eta bigarren aldiz saiatzen naiz, ziztadak nabarmenagoak dira oraingoan. Makina madarikatuak txanponak berriz botatzen dituenean metamorfosia osatuta dago; pertsonaia antisozialak dirua jaso eta mendira ihes egiten du.



“Una cervesa més” horrela du izena El Cabezon de la Peña Agujereadan eskalatu dudan bideak. Eskalada bide eder honen izena maskara kentzeko apologia da; izan ere, gizarteak edari alkoholdunak erabiltzen ditu nortasuna eraldatzeko, eta hori errotuta eta onartuta dago, usadio bat da.




Eguna okertua zetorren, eta ez nengoen mozkor. Asko kostatu zitzaidan Una cervesa més bidearen hasiera bilatzea, hain sakona zen nire nahasmena Bruna bidearen lehen luzea igo nuela.
Akatsa zuzendu nuenerako goiza aurreratuta zegoen, eguerdiko hamabiak inguru izango ziren garagardoaren bidearen azpira iritsi nintzenean. Garaiz jaitsi nahi nuen Ainsara, familia zain nuen kanpinera, baina eraldaketa gauzatua zegoen eta oraingo pertsonaia berekoi hutsa zen, gorantz jo zuen.



Asko gustatu zait “una cervesa més” bidea, naiz eta bakarka eskalatzeko egokiena ez izan, zeharkaldi luzeak ditu, mozorrotutako pertsonaia distiratsu ibili zen. Azken aurreko tirada, 7akoa, ikaragarri ona da, pitzadura bertikal garbi batetik gora doa, ondo berotzen dizkizu besoak.



Beherakoan, azken errapela muntatzean, eztarri lehorretik atera zitzaidan herstura garrasiak izutu egin ninduen, eguna zeharo okertuta zegoen, azken aurreko bileran telefono mugikorra eta zapatilak utzi nituen, bi eskalada luze gorago.




Ez dakit ulertzeko gai izango zareten, edo maskaratuarekiko enpatia izatera iritsiko zareten, baina hiru aldiz soka luze berak eskalatu behar izateak ez du parekorik. Gainera, hau ez zen gertatu zitzaidan azken arazoa izan, gehiago eta zirraragarriak daude, baina zuek ez aspertzeko beste istorioa kontatzera pasatuko naiz.


Oporraldi lasai hauek pasatu ahal izateko bigarren eskalada irteerak Oncinsera eraman ninduen, punta Jabali hormara. “Martin cuida tu jardin” bidea eskalatu nuen. Bide honek, aurrekoa bezala, Alberten sinadura darama, kalitatearen zigilua beraz.



Ohikoagoa da niretzat Montañesaren alde hau. Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran Natxo Fernandezekin batera Sobarbeko ertza eskalatu nuenetik askotan egon naiz hemen, gehienetan Chemari nekaezinarekin.



Eskaladarako bide laburrak aukeratu izana, pentsa dezakezuen bezala, bi arrazoirengatik da: ez dut egun osoa horman eman nahi, familiaz ere gozatu nahi dut. Eguraldiaren iragarpenek ekaitzak iragarri dituzte, eta badirudi goizak eutsiko diola. Ziur nago sokadan etorriko banintz, edo arrazoi zehatz batengatik ez bada, ez nituzkeela eskalada bide horiek aukeratuko. Baina oso onak dira, nahiz eta txikiak izan asko betetzen dute.




Ainsa inguruan paseatzen ari nintzela aurkitu nuen artzainak arrazoi du, oso lehorra dago dena. Maiatzean eta ekainean ia ez omen du euririk egin, kezkatua zegoen. Artadi ederrean gora nindoan bitartean, Punta Jabaliko hormaren bila, Sobarbeko airearen zaporea aurpegian tatuatuta zeukan gizon hura gogoratzen dut. -penagarri dago dena, pentsatu nuen, - deskuidu batengatik basoa pospolo kaxa bat bezala erre daiteke.



Horma azpira iritsi bezain laster konturatzen naiz bere edertasunaz; horma tentea da, forma berezikoa: diedroak, sabaiak, desplome handien azpian txorrotada nabariak ere baditu, txikia baina borrokalaria.



Bide honek, kontatu dizuedan aurrekoak bezala, zeharkaldi handiak ditu bere ibilbidean zehar, eskalatzaile bakarti batentzako lan gogorra, - Ea nola moldatzen den maskaratua.



"Martin cuida tu jardin" oso eskalada bide ona iruditu zait, arroka perfektua du eta eskalada mugimendu ikaragarriak. Krokisa begi aurrean eramatea gomendatzen dut, bidea alde batetik bestera doa harkaitzezko oihal ezin hobean zehar. Hau ez da mozorrotuaren kasua, sortzaileen logika arakatzea nahiago du honek. Azken luzea eskuinetik igo nuen, txalogarria iruditu zitzaidan, mundiala.


Eguna egundokoa zen, harik eta hondamendia gertatu zen arte. Soka osagarria trabatu egin zen eta ezin nuen berreskuratu: Bakarrik eskalatzen dudanean, eta bide beretik errapelatu behar dudanean, soka fin bat eramaten dut errapelak berreskuratzeko. Soka osagarria eskalada sokaren atzeko muturrera lotzen dut, eta igo ahala nirekin dator. Bide honetan, bere oztopo ikusgarriekin, eta, batez ere, gailurrera iristean soka ez berreskuratzeko izan nuen akatsagatik; ziur aski errapelatzen hasi nintzenean izan zen, nahiz eta oraindik ez nagoen ziur zer gertatu zen, trabatu egin zen, eta ezinezkoa nuen askatzera joatea. Beraz, soka osagarria paretan utzi nuen. Soka bakarrarekin jaitsi behar izan nuen horma amilduan behera, errapel laburrak eginez. Odisea bat izan zela nik eta maskaradunak dakigu soilik, garrantzitsuena izan zen oinak hormaren oinarrian jartzea lortu nuela, eta garaiz iritxi nintzela nire alabaren alaitasun oihuak entzuteko igerilekuan bainua hartzerakoan. Soka han izango da.


Egunsentia dator, lo goxoan gaude. Urrunean eztanda egiten duen trumoiak isiltasuna geldiarazten du. Euri tanta lodiak erortzen hasten dira, lurraren betiko egarria asetzera datoz. Agian soka laguntzailea paretan utzi beharko dut, baina ekaitz hau musika zerutiarra da.
Euria ari du eguardira arte. Zer eginik ez izatearen erritmoa, euri tanten kadentziaren arabera, atsegingarria da. Hodei ilun trinkoek saretutako zerua pixka bat argitzean, tenperatura altua da eta zoru bustia azkar lehortzen du honek, Oncins aldera ateratzen naiz soka berreskuratzeko itxaropenaz.



Peña Jabaliko horma, oso tentea denez, ongi eutsi dio euriari, behealdean baino ez dago bustia, hain juxtu “Miguelin el de la roja” bidearen hasieran. Patuaren kapritxoak, horixe zen eskalatu nahi nuen bidea, “Martin…” eta “Miguelin…” azken zatian elkartzen baitira, eta, hori aprobetxatuz, bide berri batetik igo nahi nuen soka osagarria berreskuratzeko. “Miguelin…” bidearen hasiera plaka tekniko leun batetik da, jakinda, gainera, zein den luze honen sortzailea, baldintza ezin hobeetan, neketsua ere izango da.


Beste amarru bat bilatu behar dut soka berreskuratzeko. Gainera, azkar egin nahi dut, trumoiek ekaitza badatorrela adierazten didate.
Peña Jabaliren ezkerraldean erlaitz zabal bat agertzen da, hain zuzen ere faja Toro jaitsieraren azken zatia, eta hortik tiratzen dut Peña Jabaliko horma hartzeko. Pareta eder honen goialdean, ezkerrean, arte handi bat dago, Martin bidea egin nuenean ikusi nuen, handik jaitsi nahi dut.
Errazagoa da esatea egitea baino, lan handia izan zen paretatik jaistea, soka jaso ondoren ere gora tira egitea, baina lortu izanak asebete ninduen.



Eguraldi lehorrak eutsi egin zion, ekaitza Peña Montañesa aldamenetik igaro zen, hurrengo trumoi erasorako denbora pixka bat geratzen zen, zerbait azkar egiteko irrikaz nengoen. “Tranquila… que yo te aviso” bidearen lehen eta bigarren luzeak batean egin nituen, ikaragarri onak iruditu zitzaizkidan, gozagarriak.


Hauek izan al dira maskaradunaren abenturak, edo nireak? Kezkatua nago, egunen batean izaera desberdineko bi pertsonaia hauek elkartzen badira gatazka egon daiteke.