GRANDES JORASSES - Espolon Croz

Jorasses ipar pareta


    Ez zen hori gure asmoa, handinahiagoak ginen, gorago begiratzen genuen, Manitua bideak artzen zituen gure ilusioak. Eta horretan geunden gu, 2005eko ekainean, Leschaux aterpean, eskalada-bide honen krokis zirraragarriari behin eta berriz begira. Ezin genuen sinetsi  beharrezko materialen atarian 25 hiltze eraman behar zirela zihoen papel zatiak. Nola liteke Slavko Sveticic-ek, bakarka, 1971n, hainbeste material gainean eramanez, hainbeste gradu egin ahal izatea eskalada librean?  Mendietan, eskalatzaileen artean, badaude super heroiak. Leschaus aterpea den oasi ñimiñoan zeuden mendizaleen artean zegoen Patrick Gabarrou alpinista Frantziar handia, eta ez genuen bide honetaz galdetzeko aukeraz pasatzen utzi.gure harridurarako ez zekiela ezer, bide horri buruz ere ez zuela ezer entzun esan zigun; Chovinismo Frantsesa.

Kanalera sartzen


Kanaletik gora


 Hurrengo egunean, eta hori kontatzeko modu bat da, oraindik ordu batzuk geratzen baitziren eguna argitzeko, zalantza eta pisuz gainezka urbildu ginen horma erraldoiaren oinetara. Frontal argiak beharrezkoak ziren oraindik elur-malda izoztuetan eskalatzen hasi ginenean, inguruan genuen beltz iluna gris errautsa bihurtzen ari zen. Horma-hasiera kezkagarri hori espolon Croz ezagunarekin bat dator, edo, zehatzago esateko, azken bide horren hasiera da, zeinetik Manitua igotzen baita armarri handiaren azpian banandu arte. Aurrean genuen tximinia izoztua tentagarriegia zen, izotz solido batez gozatzen ari ginen, eta erritmo oso ona generaman, ezkutu beldurgarrira desbideratuz gero, ausarkeria igartzen zitzaigun. Guk erabakita geneukan, beste baterako izan beharko da gizon bakarti baten kemenaz irekitako bide ikusgarri honen eskalada. Croz ertzetik segitu genuen.

Kanaletik irtetzean


Erdi parteko pasarteetan

Bibakean pentsatzeko unea gerturatzen

   Jendarme handiaren azpiko lepoa irabaztean, horma kolorez aldatzen da, kanaleko izotz zuria atzean utzi eta arroka trinkozko gris ilun batean sartzen gara, kranpoiak eta pioletak motxilan gordetzen ditugu, mendiko bota astunen ordez katu-oin arinak jantziz. Jorasses Handien ipar aurpegi beldurgarrian, eguzkiak laztanduta eskalatzen gozatu genuen. Astiro gindoazen, motxila handien kargak markatzen zuten gure erritmoa. Gauzak ondo egin nahi genituen, arriskuak minimizatu, aurrera gindoazen gure buruak behar bezala babestuz. Gauak erlaitz batean harrapatu gintuen, ez zirudien oso erosoa, atseden beharra nagusitu zen gozotasunaren aurrean, bibaka haren gainean jarri genuen. Horma ikaragarriaren bi heren gaindituta genituen.

Erdi parteko pasarteetan

Goi partean


   Lo sakonak harrapatu ez baninduen ere gau beltz luzean atseden hartzea lortu nuen, nahikoa da erdi eroso etzanda egotea lo-zakuan sartuta indarrak berreskuratzeko. Eskalatzen hasi eta gutxira, pare bat tirada egin ondoren, berriro kranpoiak botetan jarri eta pioletak eskuetan hartu genituen, elur-kanalen eremu batean sartzen ginen. Tarte horretan eskalada azkartzea lortu genuen, elur gogorraren gainean eroso gindoazen kranpoiak eta pioletak ondo zulatuz, baina konpromisoa biderkatu egin zen, ez zen erraza suguru onak sartzea. Baina jabetu ginen gure buruak aske ikustearen euforiak agortu zuela bere denbora, horma tente batek ixten baitzuen amildegiaren irteera. Croz ertza bidearen irteerako horma zuzena lau luze inguruko dorrea da. Eskalada mistoan hasi ginen, kranpoiekin eta pioletekin aurrera eginez, eta katu-oinekin amaitu genuen, gure oinetan 1.200 metro hutsa zuen balkoi batean geunden.
Gailurra zapaldu genuenerako eguna oso aurreratua zegoen, Chema eta bion arteko besarkada oso hunkigarria izan zen, ahaleginak merezi izan zuen, ez genuen gure lehen asmoa, Manitua bidea, igo, baina oso pozik geunden, Slavko Sveticic bide beldurgarria beste une batean beharko zuen izan. Nekaturik geunden eta berandu zen, gaua gailurrean igaro eta hurrengo goizean Courmaierrera jaistea erabaki genuen. Oraingoan bai egin nuela lo sakon.