RONDOY - BAGABILTZA BIDEA

 
  


   Huandoyko esperientziaren ondoren, hurrengo urtean, Perun nintzen berriro. Oraingo honetan bakarrik abiatu nintzan Euskal herritik. Aritza Monasteriorekin hitz egina nuen sokadan aritzeko, Elgoibartarra saiatuko zen bere lan agendan zulotxo bat bilatzen nirekin eskalatzeko. 
 Hiru asteko bidaia nuen aurretik, laburra paraje hauetan eskalatzeko, nahikoa familia ardurak dituen batentzat. Denboraz larri ibili behar nintzenez, esperimentu bat saiatu nintzen egiten; Hondarribiako kiroldegian hipoxia sesio batzuk hartu nituen etxetik aklimatazioa egina eramateko. Emaitzak ez ziren espero nuen bezalakoak izan, naiz eta berehala hasi nintzen altueran ibiltzen, altura gaitza sintomak latz jasan nituen.
   Bidaiaren gora beherak kontatzen hasi aurretik, Aritza eta bere familiari eskerrak eman nahi dizkiet, bereziki bere emaztea den Giselari, nire etxean bezala hartu nindutelako; -zorretan nago zuekin.
   Betidanik gustatu zait arin bidaiatzea, minimalista izatea bidaiaren alor guztietan, espedizio planteamenduetan ere. Motxila egiteko unean soilik oso beharrezko ditudan gauzak sartzen saiatzen naiz, eta joan-etorriak garraio publikoan egitea, era horretara, nire bi pasioak, mendia eta bidaia, uztartzea lortzen dut.
   Beraz, uztaileko goiz epel batean, Ordiziako autobus geltokian, motxila oinetan zutik nuela, pisuan ondo neurtuta hegazkinean arazorik gabe sartzeko, Barajas aireportura eraman behar ninduen garraioaren zain nengoen. Sorbaldan zintzilik bidai osoan bistatik galduko ez nuen motxila txikia neraman ere, balorezko gauzez betea, argazki makina, pasaportea...
  Bidai luze baten ondoren, arazorik gabe, ordutegiaren barruan, iritsi nintzen Lima. Oraingo honetan zuzen joan nintzen aireportutik autobus geltokira, aurreko urtean ordu txikietan iritsi ginenez Miraflores auzoan pentsio batean egin genuen gau.
   Beti harritu nau Peruk, hego Amerikak orokorrean, oso bestelako kultura da, segurtasunik eza handia arnasten da kaleetan zehar, eta oraingoan horrela izan da ere: Autobusera sartzerakoan, bidaiari guztiei, bideoz grabatu gintuzten. Arrazoia; azken aldian gertatzen ari diren erasoak. Dirudi lapurrek kide bat sartzen dutela autobus bidaiarien artean, eta honek, une egokian, gidariari autobusa gelditzeko eskatzen dio, eta orduan gertatzen da erasoa, lapurrak bere ezkutalekutik atera eta oldartzen dira.
   Huarazera iritsi nintzenean ez nuen Aritza monasterioren helbideaz galdetu behar izan, aurreko urteko oroitzapenak fresko nituen oraindik.
   Berezia da Aritzaren etxea, nahastezina, garbi dago Euskaldun bat bizi dela bertan. Berak diseinatu du etxea, baserri baten tankera dauka, teilatuaren okertasunetik hasi eta horma sendoetaraino, bitxia ondoko etxeekin parekatuta.
   Ez da hotela, "Residencial" baizik, ingelesek "Guesthouse" deitzen duten horietakoa. Honelako ostatuetan familiak eta bezeroak etxea partekatzen dute; egongela, sukaldea, jangela. Beraien kasuan, logela da intimitate pittin bat duten lekua bakarra. Aritza, Gisela eta Zuhaitz semeak, mundu osoko bezeroekin partekatzen dute beraien etxea.
   Huarazen eman nituen lehen egunetan, Aritzak lana zuenez, inguruetako tontorretara igotzen pasa nituen, Huarazen osasunez ongi sentitzen nintzen arren, inguruetako muinoetatik ibiltzean ahul sentitzen nintzen, garbi zegoen etxean egin nituen aklimatazio saioak ez zirela eraginkorrak izan.



   Aritzak eskalada irteerak planifikatu zituen egiteke zituen proiektuetan pentsatuz. Beraz ,ez ninduen harritu bere lehen proposamenak Ulta mendiaren hego paretan bide berri bat zabaltzea izan zenean, aspaldidanik begi puntuan zuen horma zen hau.
   Huarazera iritsi eta bi egunetara, izotz zuriko eho ikaragarri horretara hurbilketa egiteko "Colektivoa" hartu genuen, Huaraz-Chacas bidea egiten duen garraio publikoa. Gidariak, Aritzaren esanahia betez, bidearen puntu zehatz batetan utzi gintuen. Egunaren azken ordua zen, laster ilundu behar zuenez, inguruan lo egitea erabaki genuen.
   Gau itxian, lo zakuaren epeltasunean ametsetan geundela, iskanbila hotsak esnatu gintuen, oso urduri zegoen gizon talde bat zen. Ganadu lapurrekin nahasi gintuzten, azalpenak eman behar izan genien bakean uzteko, une latzak izan ziran, beldurtzekoak.

 
   Ikaragarri ederrak dira paisai Andinoak, mendi pikotx elurtuak ur putzu gardenetan islatzen direnean, ez dago parekorik.
   Altuerak, eta bizkarrean neraman zamak, ordaina eskatu zidan, leher eginda iritsi nintzen morrena gaineko kanpamentura, 4600 metrotara geunden. Gorputzak eskatu ez arren goi mendietan nagoenean saiatzen naiz edaten eta jaten, ez dago beste aukerarik indarrak berreskuratu nahi badira.
Hurrengo egunean trasteak bildu eta glaziar nahasia gurutzatu genuen, denbora dezente eraman zigun eginkizun honek, oso pitzatua dago Ulta hego aurpegi azpiko glaziarrea. Arratsa aurrera zihoala gaua pasatzeko leku bat prestatu genuen horma azpian, 5100 metrotara.
   Zaletasun handia behar da, edo, burugogorra izan, nik pasatu nuen gaua txarraren ondoren, eskaladarako tramankuluak hartu eta horman sartzeko. ez nengoen ongi, baina ez nion Aritzari hutsik egin nahi.
  Kondizio txarrak topa genituen paretan, elur asko eta transformatu gabea, oso nekagarria zen paretari metroak irabaztea. Erresalte tente batetara iritsi ginen izotz ustelduz estalia, ez zuen inongo sendotasunik izotz honek, segurtasuna hutsaren hurrengoa zen. Egoera aztertu eta gero, gure nahiaren kontra, buelta hartzea erabaki genuen.



   Egunak nituenez oraindik eta Aritzak lan ajendan tokia, Huayhuas mendietara joatea erabaki genuen. Rondoy-ko mendebal horman izotz bidea zabaltzeko asmoarekin. Aritzak ikusia zuen marra, berak zioenez ez zegoen aurretik biderik zabaldua. Genekienez saiakera bat egona zegoela, Marc Richley eta beste kide Estatu Batuar baten eskutik. Kondizio exkaxak zirela eta, gau bat paretan pasa ondoren jaitsi egin omen ziren. 
   Peruko Andeak kordilleraz betea dago; Cordillera Blanca, Cordillera Chila, Cordillera Vilcabamba...  asko daude, Guk eskalatu nahi genuen Rondoy mendia Cordillera Huayhuasen dago.
   Cordillera Huayhuas ezaguna da bere edertasunaren gaitik, eta mendi multzoari buelta ematen dion trekkina asko egiten da. Punturik altuena Yerupaja mendia da 6635 metroekin. Mendia " 
Nevado" da Perun, paregabe hauen artean dago Sirula famatua ere. 



   Rondoy mendebal hormara inguratzeko azken herria Llamac da. Huaraz
-Llamac herrirako bidaia "colectivoan" egin genuen, sei ordu luze bidaia da.
   Llamac herri txiki bat da, nekazaritza eta abeltzaintza dute langintza, eta kaleetan entzuten den hizkuntza Quechua da. Llamacen Aritzaren lagun arriero baten laguntza izan genuen eta bere etxean ostatu eman zigun. Jahuacocha laku miragarriaren inguruetara zama garraiatu zigun behor baten laguntzaz, Rondoy mendiaren mendebal aurpegi azpian dago Jahuacocha, parekorik ez duen ingurua da.
   Zaldi bat nahikoa izan zen gure materiala garraiatzeko. Animali bulartsuaren albo bana gure motxilak zintzilikatu genituen ekaina azkenetara iristen ari zela, eta goizeko freskotasuna lagun genuela,  bidearen lehen malda astunak igotzeri ekin genion. 
   Askotan, mendiko bidai baten ondoren, bidaiaren momenturik atseginena zein izan den galdetzen diot nere buruari. Mendi punta zapaltzea, edo, horma eskalatzea da bidai bateko momenturik garrantzitsuena, baina, atseginena hori al da? Rondoyrako espedizioan bizi izan nituen egun errepikaezin horietako unerik gozoenak Jahuacocha aintziraren ertzean izan ziren. Dagoeneko altuerara ongi egokitua nengoen, eta horrela, paisai paregabeak eskaintzen ninduen xarma oztoporik gabe dastatu ahal izan nuen, sentsazio atseginez blaituz.



 Hunkitu egin ninduten udan Jahuacocha lakuaren inguruan bizi diren artzain eta nekazariak ikusteak, antzinara bidaiatzera bezala izan zen, gizartea naturarekin harmonian bizi zen garaira itzultzea.   
   Aintzirako ur esmeralden ertzean eserita, Rondoy mendiaren mendebaldeko aurpegi ikaragarria ikusten genuen, eta bere lehen itxuran zorte ginela zirudien, urte horretan Rondoy mendiaren mendebal pareta era bat zuri azaltzen zen, jakin behar genuen kapa fin hori izotza ala elurra zen.

Jahuacocha lakua zeharkatu genuen ezker aldeko pendizetik, Llamac herriko lurrak omen dira ezker ertzakoak, eta guk zeharkatzeko baimena genuen. Ez aldiz eskuin bazterrak, Pacillon herrikoak dira eta zeharkatu ahal izateko ordaindu beharko genuen.
 Janaria gainean bost egunetarako generamala; bibakatzeko denda gehi lo zakuak, eta eskalatzeko materiala, presarik gabe Yerupaja mendira daraman aldapa neketsua igotzen hasi ginen. Gaua Jirishanca glaziarraren oinetan igarotzea erabakia genuen; ez zen berandu, egun argi ordu batzuk genituen oraindik, lasai ibiltzea zen generaman armarik eraginkorrena, glaziar pitzatua presarik gabe zeharkatzea.
Magal harritsuan eraiki genuen erlaitzean gertatu zitzaigun pasadizoa kontatu behar dizuet, ingurune latz honetan zein kalteberak garen ohartzeko, goi mendiko eskalada batean jarraitzea edo atzera egitea oso hari fin baten mende dago: Gasolinazko sukaldea ez zebilen, ezin genuen afaria prestatu. Sukalde horiei askotan gertatzen zaie, zikintzen dira eta ez dute ondo erretzen; orduan, sukaldea desmuntatu eta piezak garbitu behar dira. Gure arazoa zen ez genuela horretarako erramintarik, izotzezko erraldoi hauengana etorri ginen Huarazen sukalde txikiaren tresnak ahaztuta. Porrotaren mamua gainean bueltaka genuen, sukalderik gabe erokeria izango zen glaziarra zeharkatzea, eta buru-hiltzea Rondoy mendebalde horman sartzea. Gure hasierako baikortasuna beltza bihurtu zen Jirishanca erraldoi zuriaren azpian.
Ez dakit nola, baina bat batean irudia agertu zitzaidan buruan. Presaz jaiki nintzen eta motxila husten hasi. Kranpoien zorroa aurkitu nuenean eskuetan jaso nuen, ikusitako irudiaren egiazkotasunaz ziur egon gabe poltsa zabaltzeari ekin nion. Kranpoiak ongi aztertu nituenean bihotzak jauzi egin zidan, kranpoiaren mihiak hexagono erdiko hozkada bat du. Eskuak dardarka, hori baitzen espedizioa salbatzeko aukera bakarra, hexagono-hozkada sukaldeko buruaren torlojuari behar bezala erantsi zitzaion. Jiro leun baina sendo batekin torlojua askatzea lortu nuen. Poztasuna izugarria izan zen, sukaldea garbitu eta afaria prestatu ahal izan genuen.
Nire kranpoiak Petzl etxeko Dart batzuk dira, eta denbora baldin baduzue egiazta dezakezue kontatu dudana.
Biharamunean, argi berritan, traste guztiak bildu eta glaziarrean sartu ginen. Gure helburua Ghost Col lepoa irabaztea eta Jirishanca glaziarretik Rondoyren mendebaldeko hormaren oinetara iristea zen.



   Glaziarrako goiko lautada zeharkatu genuen pitzadurak inguratuz, linea zuzena ezinezkoa zen, zoru izoztua zartatua zegoen. Denbora behar izan genuen Rondoy mendiaren mendebaldeko aurpegiaren azpira iristeko. Arratsaldeko lehen orduan, egoki iruditu zitzaigun lautada batean, bibak denda txikia muntatu genuen.

Lozakuaren bero gozoaz gozatu baino lehen lan handia egin beharra dago leku izoztu hauetan; egonlekua bibakerako prestatu, eskalada-materiala listo utzi, edo ura lortzeko elurra urtu. Sukaldea azken lan honetarako erabili genuen eta, esan behar dut, berriro garbitu behar izan genuela, baina oraingoan bagenuen erreminta desmuntatzeko.
Oraindik eguna argitu gabe zegoen oihal-denda txikitik irten eta gaueko isiltasunean murgildu ginenean. Gu ere mutu gindoazen, hitz egiteko gogorik gabe, bagenekien nora gindoazen eta larridura horrek eztarrian korapiloa sortzen zigun. Arin gindoazen, motxilan gauza gutxi eramaten genituela; eskaladarako materiala, arropa pixka bat eta janari apur bat. Etenik gabe egin nahi genuen eskalada, paretan lo egin gabe, non-stop moduan.
Frontaletako argi meheak argituta Rondoy mendiaren mendebal aurpegiko kanal zabala eskalatzeari ekin genion. Ensanble teknikan ageriko arraildurari metroak azkar irabazten hasi ginen, baina handik gutxira teknika seguruago batera pasatu behar izan genuen, luzetara deiturikora, uste baino bertikalago zegoen kanala.
Kanalaren ondorengo horma oraindik gehiago tentetzen da, izotz bertikala eskalatu behar izan genuen zati honetan, kalitate handiko izotz jauziak ziren.

Zati zail hau pasatzerakoan dagoeneko horma erdia egina genuen, gailurrera daramaten elur kanalak hasten dira hemen, zein kanal hartu da zalantza, eta hor egon daiteke eskaladaren arrakasta. Autatu genuen elur kanalean gaua egin zitzaigun, Rondoy gailurretik jaisten den ertzaren kornisa beldurgarriaren azpian geunden. Nondik eta nola zaharkatu oztopo hau ez genekien. Gure frontalen argiak ez zigun aukera handirik ematen. Bertan gaua pasa eta egun argiz saiatzea apustu arriskutsua zen. Era bat deshidratatuak geunden, gau jelatua pasatzeko ekiporik gabe, erokeria izango zen aukera hori. Gure osasunari gailurrari baino garrantzi gehiago eman genion, buelta hartzera erabaki genuen. Beraz, bide berria bai, baina gailurrik gabekoa suertatu zen ihardura hau.




  Gau osoa eman genuen rapelatzen eta Avalakov kontaezinak muntatzen, goiza aurrera zihoala iritsi ginen glaziarrean kokatua genuen dendaren berotasunera. Jan eta lo egitea izan zen gure egin beharra.       Nahiz eta bideak gailurra ez duen ikuitzen, Bagabiltza izenarekin bataiatu genuen gure igoera. Konpromisoan VII gradua jarri diogu, goimendietako eskaladak bezala, eta izotzean 5. graduko zailtasun teknikoa dauka. Hori da gure proposamena.

 




   Bidai zoragarri honen kronika bukatzeko soilik eskerrak ematea falta zait. Bihotzez eskertzen diet: Aritza Monasterio Andinista apartari; - asko ikasi dut zure ondoan. Gisela, bere eskuzabaltasuna gaitik, nire etxean banego bezala hartu ninduen berean; - zorretan nago zurekin. Eta Zuhaitz, bikote eder honen semea, zure ohea utzi zenidan nire nekeetatik errekuperatzeko; - izan zoriontsu.