DROITES IPAR PARETA
TOURNIER ERTZA
Sentitu al duzue inoiz eskalada bide bat buruan sartzen zaizuela. Urteak pasa eta desio hori gutxitu arren handitzen dioala. Azkenean helburu garrantzitsu bat bihurtzen delarik zure egin beharretan. Momentua iristen denean gainera ez dela batere erraza burutzea, asko borrokatu behar duzu, ez dela opari bat, sari bat baizik. Eta bat-batean egina dago. Ez duzu gehiago igo beharrik. Zutik eta geldirik ingurura begiratzen duzu zerbait jasotzeko asmoarekin. Lasaitasuna da sentitzen duzun sentsazio bakarra, zure buruarekiko askatasuna.
Klaudio Rey izan dut soka-kide. Argentinar eskalatzaile hau, askotan izan dut sokaren beste muturrean. Berak ez zuen Tournier helburu bezala, alpetan eskalatu nahi zuen eta berdin zitzaion bide hau edo besten bat. Niregan zuen konfiantza osoa eta orregatik eskertzen diot nirekin etortzea haitz eta izotz pareta onetara.
Esan dudan bezala ez da batere erreza jarduera bat egitea paraje hauetan. Momentu bat iristen da uste duzula dena kontran jartzen zaizula. Eguraldia, bidearen baldintzak, aukeratu duzun materiala, egoera fisikoa...Gure kasuan ez zen desberdin izan, dudak izan genituen, baina arazo logistiko medio.
Chamonixen geldituak ginen. Ni Euskal Herritik iritsiko nintzan eta Klaudio Errusiatik, San Petersburgon zegoen momentu orretan lanean. Beraren egazkiñean arazoak egon zirela eta bost orduko atzeratze batekin iritsi zen chamonixera. Hasiera batean ez dirudi atzeratze onek garrantzi handia izan dezakeenik honelako jarduera batetan, baina, kontuan izan behar dugu sei eguneko irtera baten aurrean geundela, eta eguraldi parteak bolada onaren amaiera azaltzen zuela hiru egun barrurako. Beraz egun bat galdu genuen. Juxtu bi egun on genituen aurretik aldaketa gertatu baino lehen. Beste arazo bat ere gertatu zitzaigun. Klaudiok material bat erosi behar zuen eskalada egin al izateko. Arratseko azken orduan iritsi zenez komertzio guztiak itxiak zeuden. Hurrengo goizean dendak zabaldu arte itxaron behar izan genuen dena prestatua izateko. Faktore guzti hauek kontuan hartuz eta logika ariketa batzuk egin eta gero, emaitza teorikoak dezimal asko zituen. Beharrezkoa genuen estrategia egoki bat dezimal horiek zertsu bat murrizteko. Zuzenean sartuko ginateke horman aterpetik pasa gabe. Gauak harrapatzen gintuen lekuan lo egin, eta hurrengo egunean gailurra eta jaitsi. Sinplea eta ulerkorra. Goizeko bederatzi erdietan Grands Montets teleferikoa hartzen geunden, eta eguerdiko amabietan pareta azpiko errimaia pasatzen.
Glaziarretik sokaz lotuak gindoazela kontran jarri zitzaigun beste gertaera bat ere izan genuen. Argazki kamara digitala izorratu zitzaigun. Ez zen berria, gaixoak hotz eta bustialdi ugari pasata zegoen, baina hartu nuen amorrua izugarria izan zen. Hainbeste pagatu makina eta hain gutxi iraun. Gaur egungo tramankuluak iraupen exkaxeko teknologiaz osatuak daude. Klaudiok bere kamara reflex pisutsua hartu ez zuenez, argazki kamerarik gabe geunden. Soilik hiru argazki utzi zizkidan ateratzen, eta hirurak glaziarrean.
Dudak izan ditut idatzi hau egiteko garaian. Pentsatzen dut igoera onek pirenaika bezalako aldizkari batetan lekua ba duela. Aspaldian ez dut alpinismoko artikulurik irakurri. Baina argazkirik gabeko kronika bat herren geratu daiteke. Nere artxiboetan begiratzen paretaren neguko argazki batzuk aurkitu nituen, eta horiek erabiliz artikulu hau bideratzea erabaki nuen.
Argazkiak lekuko gisa erabiltzen dira. Askotan ere igoerak egiaztatzeko azaldu behar izan dira. Nik narratiba erabili behar dut imagen horiek zuengana ekartzeko. Norberak jarri diezaiola forma eta kolorea irudimenarekin. Norbaitek zalantzak balitu igoera oni buruz, prest nagoke datu zehatzagoak azaltzeko. Hiru argazki aukeratu ditut. Paretako pasarte desberdinak dira, bide onen aniztasunaren adierazle.
Saia zaitezte laranja kolorezko granito haitzez osatutako jendarme handi bat ikuskatzen. Perspektiba horizontal batetik ari gara begiratzen. Arrakala fin batek hausten du jendarmea beheko partean, ezkerretik eskuinera. Marra onek adierazten digu bidea. Bi hiltze daude arrakalan kokatuak, eta biak daude mosketoi-tuak soka koloretsu batez. Soka onen muturrean lotua eskalatzaile bat dago motxila handi bat duela bizkarrean. Hatzak arrakalan sartuak ditu eta katu oin gorriak aderentzian haitzean erantsiak. Ez zaio urduritasuna aurpegian nabaritzen, nahiz eta oraindik bide luzea aurretik izan. Momentuaz gozatzen ari da, ingurugiroarekiko harremanaz.
Bigarren argazkia berriz ez da hain argitsua. Hurrengo egunean ateratakoa da, bibaka egin eta gero. Goizean goizetik zeruan agertu diren lainoak adierazten dute eguraldi aldaketa. Paretaren bigarren partean gaude, laiotzagoa suertatzen den inguruan, hemen izotza ageri da. Zeharkaldi batean, hirurogei graduko korridorean, eskaladorea ageri da eskuetako bi pioletak izotzean sartuak dituela. Granpoiak ere ondo kokatuak ditu, ekiz imaginario bat osatzen dutelarik eskuek eta hankek. Motxila oraindik ere pisua dirudi. Friend ori bat dauka mosketoi-tua sokaz. Aurpegian aurrekoarekin konparatuz freskotasuna falta zaio, nekea nabari da.
Hirugarren argazkia goitik behera ateratakoa da, ekaitza pasa eta gero. Beheran, aristan, laino-tartean, eskalatzaile bat dago haitzaren gainean eserita. Ondoan elurra dauka. Soka-kidea aseguratzen ari da. Nahiz eta urrun egon aurpegiko aztarnak nabaritzen zaizkio. Nekea eta urduritasuna dira. Une batzuk lehenago izan ditugun tximista eta kazkabarrak barruraino sartu zaizkio. Mendi argazkigintzaren aldetik perspektiba txundigarria da, alpinistaren ametsa. Laino artean airean zintzilik, gailurreraino dioan haitz eta elurrezko arista batean, denborak ezabatuko dituen arrasto batzuk.
Puntan hotz egiten du. Mont blanc eta Jorasses estaliak daude. Egunaren azken orduak dira. Jaisteko bidea ez dugu garbi. Lainoa pixka bat garbitzen duen une batean arrastoak sumatu ditugu Telefreko glaziarrerantz. Errapel motz batez arrastoetan gaude. Kontu handiz berantz asten gara. Gauak haitzetara iristen garenean hartzen gaitu. Nahiz eta ez oso bertikala izan, errapel bidez jatsi beharko dugu tramu hau. Gauaren desegokitasunak eta errapeletan sokak trabatzeko arriskua dagoenez, onek beste bibak bat egitera bultzatuko gaitu. Espero dugu bihar ere eguraldia lagun izatea. Lo zakuaren berotasunean amets egiten dut.
Mendiak igotzea, bizitzeko era bat bihurtu daiteke. Denbora pasatzen dioan eran esperientzietan aberatsagoak goaz egiten, eta beste mundu paralelo bat badagoela sinesten. Noiz beste aldera pasatzea lortzen duzun eran, estresa, umore txarra, bizitzeko nekea desagertzen diren eta laguntasuna nagusitzen den. Elkartasunaren mundu paralelo bat dago haitzaren kontaktuan, elurraren gardentasunaren barruan.
Teknikoki.
Gaur egun eskalatzen den bidea, ipar-ekialde ertz zuzena da. C. Deck eta S. Jouty 1970 urtean zabaldutakoa. Bariante hau 3384m punta deritzon muinoraino doa eta haitz eskalada da nagusi. Bide originala berriz 1937 urtean zabaldu zen. Aipatutako puntara mistoz iristen da ertzaren ezker aldean dagoen kanal batetik. 3384m puntatik aurrera bi bideak batera doaz. Urtearen arabera bigarren parte honetan izotza gehiago edo gutxiago topa dezakegu. Guk nahiko lehorra aurkitu genuen. Izotz eta misto izan behar zuten luze batzuk, lehorrean eskalatu genituen, harri eta bloke aske tramuak gaindituz. Zailtasun tekniko handiak ez dituen arren, Mont blanc aldeko eskalada onenetarikoen artean sailkatua dago. Arin eskalatuta egun luze batean egin daiteke. Motxila pisutsuekin kontra, kontua beste erabatekoa izaten da. Eskalada pasoak egitea neketsuagoak gertatzen dira eta abiadura moteltzen denez bibak-atzera derrigortzen zaitu. Gaua pasatzeko leku erosoak topa daitezke, ura egiteko elurrez hornituak.
Jaitsiera berriz konplikatua ez izan arren, kontuz ibili beharrekoa da. Kohesio gabeko elurra, errapel ez oso tenteak, destrepeak, harri askeak, glaziarra eta batik bat nekeak, ardura handia eskatzen digute.
Droites mendia, aiguille verte eta aiguille talefren arteko kordal zorrotzean sortzen den punta bati deitzen diote. Ipar paretak Argentierreko glaziarrera isurtzen ditu bere harri eta izotzak. Hego aldeak berriz Talafreko glaziarrera. Itxura oso desberdina erakusten dute bi aurpegi hauek. Ipar aldea oso alpinoa da. Pareta tente bat agertzen zaigu begi aurrean, esperientzi handiko mendizaleentzako bakarrik egokia. Izotz eskalada bide oso preziatuak daude. Udazken bukaeran, neguan eta udaberri hasieran, aurkitu ditzakegu baldintza onak igoera hauek burutzeko. Hegoaldeak ez du azaltzen honelako gordintasunik. Bide normal bat bilatzea joango bagina, hego arista izango zen egokiena. Ipar pareta eskalatutakoan jaisteko erabiltzen duguna.Mendi segurtasun teknikak dominatuz igoera hau ongi egin genezake.
Igoera hau Klaudio Rey Espinillok eta Mikel Saez de Urabain Gabilondok burutu zuten, 2010-eko uztailak 22 eta 23-an.