PILIER ROUGE DU BROUILLARD- Gabarrou-Long bidea

 

   
   Bidai interesgarria izan zen 2004 urteko ekainean egin genuena, Mont Blanc haranaren bi aldeetan ibili ginen eskalatzen, Alpinismoaren bihotzean. Seis lagun animatu ginen abentura bidai honetara, koadrila kosmopolita zen gurea, eta hori oso aberatsa da. Bi ibilgailuetan mugitu ginen; nere furgonetan Oñatiko Jon Ugarte, Donostiako David Atorra, Ordiziako Iñigo Mutiloa eta ni gindoazen. Madriletik, beste kotxe batetan, Chemari eta Papila zetozen. Chamonix-en elkartu ginen bi taldeak, eta Bruno Sourzac agurtu ondoren, Mont Blanc-eko tunela pasatu genuen, Italia alderdira. Courmayeuren, Mont Blancen hego oin azpira biratu genuen, Val Veny haranera, La Visaille aparkalekuan gaua pasatzeko asmoarekin gindoazen. Iritsi eta kotxetik irten nintzenean txundirik geratu nintzen inguruarekin, naturako leherketa bat zen, basoak, arrokak, izotza, dena izugarri handia zen. Horma harrigarriak daude eskalatzeko aukera amaigabeekin, eskalatzaile baten irrika asetzeko adinakoak guztiak. Baina, bereziki, hauetako horma eder batek eraman zuen nire arreta, Brouillard ertz gorriak. Hain da bertikala eta estetikoa, berehala obsesionatu nintzen nirea egitearekin. Chemita ni bezalakoa da gai hauetan, azkar maitemintzen dena, sokada bat egina zegoen dagoeneko.


Brouillard Monzino aterpetik

  Hurrengo goizean, lau egunetarako janariz, eskalada ekipoz eta lotarako trastez beteta, Monzino aterpetxeko bidexkako maldak igotzen hasi ginen, granito zuria ukitzeko irrikan nindoan. Motxilak aterpe ondoan kanpatzeko egokitutako leku batean utzi genituen, eta denborarik galdu gabe eskalatzera abiatu ginen, Croux horma genuen jomugan. Pareta honetan eskalatzea erosoa da, Monzinoko aterpea hurbil dago, eta eskalatzeko bide asko daude, granitozko eskalada ederrak. Zailtasuneko eskalada bideak erdi babestuak aurki ditzazkegu, hori da, friend edo fisureroekin aseguratu badaiteke ez dago aseguru finkorik. Lekua ondo dago, baina, ez ninduen erabat asetzen, gora begiratzen nuen nik, Mont Blanceko punta ikusgarrietara.
 Papila, Iñigo, Chema eta laurok bi egun eman genituen Crouxen eskalatzen. Bitartean, Jon eta David Innominataren ertza eskalatzera irten ziren.


   
  Egokitzapen fase honen ondoren, atseden egun bat hartu genuen eta, horrela, hurrengo eskaladak antolatu genituen; Papilak eta Iñigok Aiguille Crouxen zituzten oraindik helburu batzuk, beraz, bertan geratu ziran, Monzino aterpearen inguruan. Jonek eta Davidek Grandes Jorasses jarri zuten beraien jomugan, Hirondelleseko espoloia, beraz, haranaz mugitzen ziran, val Ferretera. Chemari eta biok, orratzaren irudi liraina burutik kendu ezinik, Brouillardera gindoazen, Mont Blanc-en bihotzera.



    Asko kostatu zitzaigun Eccles aterpera iristea. Elur berria zen, sakona, arrastoa zabaldu beharrean izan ginen. Leher eginda iritsi ginen txapa hotzeko etxola soilera. Eccleseko aterpea itsasontzi baten kabina da, eraikuntzan eta ekipamenduan oinarrizkoa dena; lata batean sartuta egotearen sentsazioa duzu, hori bai, klima latzetik babestuta.
  Gau hotzari aurre egitea eta zertxobait deskantsatzea genuen helburu. Bertan zeuden manta zaharrak erabili genitun gure gorputz dardaratiak estaltzeko. Gau luzearen amaiera aurretik, eguna argitzear oraindik, martxan jarri ginen. Brouillard orratzera iristeko oinetan daukan glaziar esekira rapelatzen jaitsi beharra dago, rapel luze batekin aski da. Sokaz babesturik lautada zuria zeharkatu genuen eta hormaren azpira iritsi ginen. Gure aurrean edertasun deskribaezineko arrokazko orratza altxatzen zen. Elur botak, granpoiak eta pioletak bertan erantzi eta eskegita utzi genituen. Katu-oin mehe eta hotzen gaitik aldatu genitun eta denbora galdu gabe orratz ikaragarria igotzen hasi ginen.

Gabarru-Long bidea

  Lehen luzeak azkar igo genituen, gure gorputzak eskertu zuten, mugimendua hotzari aurre egiteko era bat da. Hasierako zati hau ez da bertikala, gainera pitzaduraz josia dago, erraz egiten da aurrera. Eguzkiaren izpi suspergarriek gure gorputz jipoituak ikuitu zituztenerako, kuspidearen horma leun eta bertikala eskalatzen hasiak ginen. Tarte horretan daude bide ikusgarri honen zailtasunak; horma tente jarri da, pitzadurak estutu dira, eskalada librea egin ahal izateko teknika ona behar da. Altueraren eragina ere nabaria da, lau mila metrora eskalatzen ari gara, eta esan beharra dago ez genueula denbora asko eman aklimatatzen. Baina orratz lirain horretan sentitu ahal izan genituen sentsazio guztien artean nabarmenena inguru basati miresgarriarekiko atrakzioarena izan zen. Abdukzio horretan naturgunearekiko errespetua inplikatzen zen, baita jabetza-irrika ere, norberarentzat distira hori bereganatzea. jabetza-zentzu primitibo hori gauzatu ahal izateko, gailurra zapaldu behar dela zalantzarik ez dago. Chema eta biok orrratzaren tontor estuan zorionez elkar besarkatu ginenean, bagenekien inguruaren neurrigabekeriaren zati bat, oso txikia izan arren, geurea zela.

Txemita Gabarru-Long bidean

Gabarru-Long bidea

   Piolaren bidea izenez ezagutzen den bidetik rapelatu genuen, gauak jaisten arrapatu gintuen. Ordu txikitan Eclles aterpera iritsi ginenean, "sardina lata" oraingoan erosoagoa iruditu zitzaidan, gustura lokartu nintzen egindako balentrian pentsatzen.
 Hurrengo egunean, presa handirik gabe, Val Veny haraneko parkingera jaitsi ginen, ez lehenago Monzinoko aterpean atseden hartu gabe. Refujioko guardak Broullard orratzean egin genuen eskalada arreta handiz jarraitu zuela esan zigun, eta zoriondu gintuen, hainbesterainokoa zen bere mirespena, hamaiketakoa amaitzeko kafea eskatu genionean tarta zati bana oparitu zigula bakoitzari.
   Berriro ere autoetan, hiru taldeak elkartuta, emozio handiz komentatzen ditugu gure esperientziak, ez dago zalantzarik gustura egon garela.
   Egun batzuk geratzen zaizkigu oraindik paraje hauetaz gozatzeko, Mont Blanc-eko tunela zeharkatu eta Chamonix-era bueltatzen gera. Montenvers-eko parkingean kokatzen dugu oinarrizko eremua, eta berriro hiru taldetan banatzen gara; David eta Iñigo, gehi, Chemari eta ni, Blatier paretara goaz. Maldrildarrak eta nik Fidel fiasko bidea egin nahi dugu. Bide honek Piola eskalatzaile Suizoaren siñadura dauka, maisu lan bat da. Jon eta Papila berriz Petit Dru eskalatu nahi dute Directa Americana bidea. Berriz elkartzeko unea finkatuta, leku berean bi egun igaro ondoren, hiru taldeak jarri ginen martxan.
   Baina ez zen horrela gertatu; Jon eta Papila, Petit Dru-koak, abentura handi baten ondoren, paretatik jaisten ari zirela, banandu ziren. Jon kanpamentuan agertu zen gauean, Papila, ordea, oso kezkatuta geunden, hurrengo goizean agertu zen, istorio barregarri bezain fantastiko bat kontatzen. 
   Oroitzapen oso ederrak ditut irteera honetaz, ahaztu nahiko ez nituenak. Eskalada gogorra eta serioa egin genuen, beti umore ezin hobearekin.