BEYOND GOOD AND EVIL


   Zer dago ondo egina eta zer dago gaizki? Zer dago giza logika barruan eta zer kanpo? Zer da erokeria eta zer normala? Izan ala ez izan, alpinismoaren betiko zalantza.
  Gure bizitzan, une oro, hautatzen edo baztertzen beharrean egoten gara aukera desberdinen artean, eta askotan erabaki sinpleenek erabat aldarazi gaituzte. Halako dilema baten aurrean egon naiz, kontatuko dizuet:
   San Sebastian egunean, Donostian, jendetzaren berotasun artean danborrari astintzen egon, edo, Aiguille des Pélerins pareta hotzean pioletakadak ematen berotu. Bapo afaldu elkarte gastronomiko tradizional batean edo munduaren gainetik sentitu Plan de l'aiguille aterpe libre zaharkituan zure abentura-lagunarekin sopinstan soil bat jatenIzan ere, horixe zen gure apustua, hiru eguneko oporraldia aprobetxatzea, Chamonixera joan eta izotz-bide mitukoa eskalatu, edo elkarte grastonomikoaren gonbidapen adeitsuarekin bat etortzea. Jokoan zegoena BEYOND GOOD AND EVIL bide ospetsua zen.
   Bagenekien aurten alpinista askoren ametsa den bidea formatua zegoela, izotz fin batek estaltzen zuela Marc Twight eta Andy Parkinek zabalduriko linea. Zurrumurruek hala baieztatzen zuten behintzat, eta ez naiz Interneti buruz ari, garai horietan sarea ez zebilen oraindik. Eguraldia alde geneukan ere, eguzkia iragartzen zuten aurretik izan behar genituen hiru egunetarako, erabakia hartuta zegoen. Beraz, perezari aurre eginez, aste osoko nekea gainean genuela, San Sebastian bezpera zen ostiral iluntze batean Chamonixerantz abiatu ginen. 
   Iritsi orduko, garai batean derrigorrezkoa zen hau, Maison de la Montagne bulegoa bisitatu genuen, eta bertan ziurtatu ahal izan genuen gure begiko bidea baldintza onean zegoela, dagoeneko igoera batzuk izan zituela tenporada honetan. Bitxikeri bezala, bulegoko liburuak zioen aurreko egunean, hori da urtarrilak 18an, Marko Pretzel alpinista Esloveniar ospetsuak eskalatu zuela bidea. Baita ere jakin genuen, gure lagun Bruno Sourzak sokarik gabe igo zuela marra ikusgarri hau. Gauza guzti hauek oraindik gehiago animatu gintuzten.



 Donostiako danborrada gaueko hamabietan hasten bazen, geureak goizeko lauretan zuen hitzordua, gosaldu ondoren. Gaua izartsua zen pronostikoak agindu bezala. Aterpetik atera eta elurra zapaldu bezain pronto konturatu nintzen Pirineotan ez nengoela, nire oinatzen soinua desberdina zela; Alpetako elurra, hotz handiaren eraginez, lehorragoa egoten da. Harrizko bordatik aztarnak alde guztietara bideratzen ziran, bazeuden batzuk Mont Blank alderantz zihoazenak, beste batzuek berriz Frendo eta Fill a Plom-era. Guk berriz Aiguille des Pélerins geneukan helburu eta, bertara zuzendu genuen gure ipar-orratza. Gau iluna zen, ez zegoen ilargi-argi izpirik ere, frontalaren argiak erakusten zigun non jarri oinak, zuhur ibili beharra dago hemen, Alpeak infernurako zuloz josita daudelako.
 - Argituko ahal du gaur ? Tristea izango zen iluntasunez estalita bizitzea, - agian gaur eguzkirik ez dago. Baina egun horretan ere ez zigun hutsik egin izar dizdiratsuak eta, goratzen zen heinean, inguru guztia kolorez betetzen zen. Orduan ikusi genuen aukeraketa transzendental bat egitera bultzatu ninduen izotz lerroa, eta eztarrian korapilo bat sentitu nuen, zoragarria bai zen, amesgaizto bihurtutako diedroa neukan begien aurrean, Mark Twight-en mendi-literatura phiskoak hilezkor bihurtua.


 Azkar igo genituen lehen largoak. Bileraren babesean nire arnesean eskaladarako materiala prestatzen ari nintzela, burua altxatu eta izotzezko diedro ederrari begiratzen nion, eta izotz iragankorra ezaguna egiten zitzaidan, eskalatzaile baten argazkia etortzen zitzaidan burura, apar zurian flotatzen, bere pioletaren altzairuzko muturra izotz distiratsuan iltzatzen. Eta orain hor nengoen, ainbestetan amets egindako lekuan. Ikusi nezakeen izotza eskasa zela, erabat aplikatu beharko ninduke hortik gora igo nahi izanez gero. Ezin ditut deskribatu hurrengo minutuak, ez daukat ahalmen hori, bainan esan dezaket ez nuela txintik ere esan, hain handia bai zen nire kontzentrazioa. Einsteinek arrazoia zeukan, denbora altera daiteke, ordu bat instan batean pasa genezake, edo alderantziz, buka ezina bihurtu. Hiru luzetan diedroa igo eta segituan, misto zona batetik segitu genuen, zailtasuna pixka bat jaitsi harren, esposizio aldetik berdin segitzen zuen, seguruak eskas. Rebuffat/Terray bidearekin topo egin genuenean, ez genituen zalantzarik izan nondik segitu behar genuen, bide originala ez zen garbi ageri, Rebuffat bidea berriz erabat logikoa zen. Izotza hemen ere eskasian segitzen zuen, eta izan ziren dozena bat paso edo benetan aplikatzekoak. Ilunabarrean gailurrean geunden jaisteko irrikitzen. Abentura bila irten ginen, eta lortu genituen. Don Quijote, La Manchatik zehar ibili zen, erraldoi, herensuge eta printzesa ederren atzetik, gu iparreko lur hotzetan ibiltzen gera, Mordor-en dorreak erasotzen, zeren bertan aurkitzen da, zintzotasuna eta gaizkeria.