Namaste!!!
Entzun al duzue hitz ederragorik? Ez da soilik bere
ozentasuna atsegina egiten zaidala, hitza laguntzen duten ponpa eta keinuak are
borobilagoa egiten dute: bi eskuak zabalik bular altueran, bata bestea ukitzen
ari direla, burua makurtu eta, hitza apalki aireratzen da, umiltasunez eta
errespetuz, edonor, eta, edozer, agurtzeko asmoz.
Ekialde urrun eta barearekin izan nuen lehen harreman
hura, oraindik, ahaztu ezina dut, txunditurik bueltatu nintzan Euskal herrira.
Eguzkia jaiotzen den lurretan pasatu nituen hiru hilabeteak, oso biziak izan
ziren niretzako, mundu berri bat zabaldu zitzaidan begi aurrean, eta aldaketa
handiak eragin zituen nire izakeran.
Urteen joan etorriak data horretatik aurrera
zenbatzen hasi nintzen, Nepalera bidai egin nuen data ardatz nuen, mila bederatziehun
eta laurogeita bederatzi.
Ordiziako kale estu eta grisak ziren nire
unibertsoa; laurogei garren hamarkada asaldatuan kokatu behar nauzue,
bortizkeria dastatzen zen giro batean, biolentzia politikoaren ondorioz ia
egunero hildakoak burutzen ziren aldi ero batean, gazte askorentzat drogak
askatasun alternatiba ziren garai negargarrian.
Nepalen, hautsez betetako bideren batean geratu ahalko
zen gazte hura, edo Kathmandu hirian, Thamel auzoko ostatu merke batean.
Baliteke Himalayak begi-bistan zuela suertatzea, mendi zuriak aho zabalik
begiztatzen hari zela, Goierritik atera zen mutil-koskor inuzentea ez zen
berriro bueltatu; motxila bizkarrean, bi eskuak elkarturik bularraren altueran,
burua makur baina irriabartsu, topatzen zuen edonor Namaste agurtzen geratuko
zen.
Namaste bidearen testigua jaso besterik ez dut egin nik,
Balerdiko hormetan oizkoa gertatzen ari zait, paretaren hasiera soilik
eskalatua topatzea normaltzat hartu dut: Ajuju bideak Félix Ubierna bidearen
diedro paregabean du hasiera. Shot the Sheriff bideak berriz, anonimoan geratu
den beste abentura saiakera batean.
Beraz, Namaste bidea sortua zegoen, Balerdi mendiaren
azpiko horma handiaren oinetan dagoen laxan dago, nik soilik pareta handian
gora luzatu besterik ez dut egin.
Aitor Arrieta eskalatzaile Donostiarrak zabaldu zuen
lehen luze hori 1983an bakarkako saio batean.
Laurogei garren hamarkada, eta Balerdiko hormak, eskalada
kontuetan, urte oparoak izan ziren, Araiz bailarako pareta eder honen urrezko
garaiak izan zirela pentsatzen dut nik.
Donostiar talde bat zen Mallozarrera gerturatzen zena, eta hauek ere, gazte guztiak bezala, askatasun eta bizipen egarriz zeuden. Juancar Sanzen
bloggean sarrera bikain bat aurkitu dezakezue garai hauek primeran deskribatzen
dituelarik, estekadura atxikitzen dizuet gozatu dezazuen. http://lakasta.blogspot.com/2020/03/erase-una-vez-balerdi.html
Ni ere bakarka hasi nintzen Namaste bidetik gora, laxa
handiaren hertza ikustearekin jakin nuen goiko pareta ikusgarrirako sarrera
izan beharko zuela.
Lehen egunean Aitorrek zabaldutako beheko luzea igo, eta
bigarren luze bat gehiago eskalatu nuen.
Bigarrengo saioan Xabier Artola batu zitzaidan abentura
honetara, Balerdiko horma ezagutzeko irrikan zegoen, hirugarren luzea zabaldu
genuen, eta behetik ikusten genuen zuhaitz handira iristea lortu ere.
Nire harridurako, zuhaitz erraldoia, hagin sendo eta
lirain bat zen, denbora eta gizakien begietara ezkutuan egon dena. Behategi
ikaragarri horretatik, jainkoa balitza, Araiz aran guztia agurtzen du.
Umiltasunez, Namaste mutua esan ondoren, kordinoa zintzilikatzen
diogu, apaingarri moduan, enbor sendoa bitan banatzen den tokian, eta
errapelatu egiten dugu.
Bidea bukatutzat eman genuen puntu horretan, naiz eta
oraindik hogei bat metro hormatik gora egin al genituen. Ez zen eskalada linea
garbi bat ikusten, ez behintzat orain arteko kalitatea, beraz, egindakoarekin
harro, zuen gozamenerako utzi genuen Namaste.
EKI TXIMINIA/CHIMENEA ESTE
Mindua daukat gorputza, eskalada saio trinko baten
ondorioak dira. Hau ez da arraroa, ez oikoa dena kaltetua dudan gorputz atala
da; kokzixa daukat txikituta.
Ideia eta susmo txarrik hartu aurretik, zer dela eta
ipurdi masaila inguruan oinazea dudan argitzen saiatuko naiz.
Balerdiko Chimenea este, edo eki tximinia bidean
sartu ginan Xabier Artola eta idazten ari den hau.
Deigarria da Balerdiko eki tximinia; zauri sakon eta
zartzakatu bat da, mallozarraren horma handian dago, sakonik gabeko aho zabala balitz bezala zabaltzen da.
Noiz izan zen lehen aldiz eskalatua ez dut garbi, hirurogei
eta hamar garren hamarkadan izango zela ustea dut. Jaso dudan informazio
bakarra, eta hau Jesús Marí Rodríguezen Escaladas en Guipúzcoa liburuan
agertzeari esker da, krokis kaskar batean; Bi gazte AUSART, eta ausart hitza
letra handiz jartzen dut, izan ziren pribilegiatuak, naturaren kapritxo basati
hori eskalatzeko. Txalogarria iruditzen zait balentria, txapela kentzekoa,
Ignacio Núñez, eta Jesús Ayestaranek egin zutena.
Eztabaida sakon bat izan dut nire buruarekin; eki
tximinia bidearen krokisa eguneratzea posible da? Orain berrogei eta hamar urte
igo zuten tximinia parekaezin hori, eta eskalada graduetan laugarrena zena,
gaur egun, bi gradu gehiago proposatzea egokia da? Egin beharra dagoela
pentsatzen dut, eki tximiniara joan daitezken egungo eskalatzaileak, aurkitu
behar duten zailtasunaz ideia garbiago bat izan dezaten. Orain berrogei eta hamar
urte, tximinia eskaladan, laugarren gradua zen hau, gaur egun, sei garren
gradua dela ausartzen naiz esaten.
-Teknika egokia erabiltzea besterik ez da behar !!!,
esango du norbaitek, eta noski, ados nago; teknikak desberdinak dira plakan edo
desplomean, arrakaletan, eta nola ez, aderentzia hutsean, denak dute beraien
berezitasuna. Nire zalantza bakarra da, eta horren jakin-minean naiz, ea garai
haietan, tximinia guztiak, tximinia izana gaitik, horrela graduatzen ziran,
alegia, zuzenean laugarren gradua ematen zitzaizkien.
Guzti hau hausnartzeko gai izan nintzan, infernuko
pitzadura horretan, lukainka ogi tartean bezala nengoela, azken segurua metro dezente
hanka azpitik nuela, haitzetik arrastaka milimetro bat gora egitean, zalantzak
bost gaitik biderkatu zitzaizkidanean. Eskaladaren zailtasuna ez da soilik
fisikoa, mentaletik gehiago du, zergatik arroka arrotz hori igo nahi dugun
jakiteak asko laguntzen du.
Bigarren eta hirugarren luzeak, Jesús Marí Rodríguez
berezko krokisa begiratuz, tirada batez egin genituen guk. Tximiniatik
jarraitzea da bigarren luze honen hasiera, eta ildo bereko ahalegina da, tximinia
arrotza. Ondoren, trabatuak eduki gintuzten bi pareta liso horiek uzten
ditugunean, zirku txiki ikusgarri batetara iristen gera; tximinia zabaldu
egiten da, gure buru gainean sabaia bihurtuz, ezkerretara trabesean joateko
beste aukerarik ez dugu, desioz oroitzen dugun plaka eskalada da,
eta gustuz ekiten diogu.
Baina gauzak ez dira hain errazak, benetan asko saiatu
behar izan nuen zati hori eskalada askean pasatu al izateko; hezea eta pittin
bat hautsia zegoen, babeslekuak bilatzea ez zen lan erraza izan, arroka
saneatzea neketsua gertatu zitzaidan, guztia noski, sokatik zintzilikatu gabe.
Zailtasun hau gainditu ondoren, berezko bideak zuzen
tiratzen du, ez zitzaidan batere erakargarria egin, eta eskuinean ikusten zen
arteka handi batetan egin nuen bilera.
Gure kalkuluen arabera, Namaste bidearen hagin handia
gertu behar zuen egon. Arrokaren kapritxo ikusgarri bat aprobetxatuz, eskuinera
egin genuen trabeska batean, eta hogei eta hamar metro luzea ondoren,
zuhaitz ederraren magaletan geunden. Namaste bidetik egin genuen errapel.