2020(e)ko azaroaren 27(a), ostirala

BALERDI - Namaste - Chimenea Este - Murciana

 



Bi historia dakarkizuet honetan, distantzian gertu dugun eta, egoera berezi honengaitik, ain urrun geratzen zaigun horma batetan. Garai eta denboran desberdintasun handia dute azaltzen dizkizueten bi eskalada hauek; orain berrogei eta hamar urte igoa izan zen bat, eta txunditurik utzi ninduten erakutsi zuten adoreak. Egungoa dugu bestea, gaurko eskalada, haitz plakaren edertasuna bilatzen duen marra.
Hau ere pasatuko da, itxaropena dut, eta ziur ilusio handiagoarekin gozatu ahalko dugula mendi eder honek eskaintzen digun eskalada paregabeaz.


Namaste!!! 

Entzun al duzue hitz ederragorik? Ez da soilik bere ozentasuna atsegina egiten zaidala, hitza laguntzen duten ponpa eta keinuak are borobilagoa egiten dute: bi eskuak zabalik bular altueran, bata bestea ukitzen ari direla, burua makurtu eta, hitza apalki aireratzen da, umiltasunez eta errespetuz, edonor, eta, edozer, agurtzeko asmoz.

Ekialde urrun eta barearekin izan nuen lehen harreman hura, oraindik, ahaztu ezina dut, txunditurik bueltatu nintzan Euskal herrira. Eguzkia jaiotzen den lurretan pasatu nituen hiru hilabeteak, oso biziak izan ziren niretzako, mundu berri bat zabaldu zitzaidan begi aurrean, eta aldaketa handiak eragin zituen nire izakeran.

 Urteen joan etorriak data horretatik aurrera zenbatzen hasi nintzen, Nepalera bidai egin nuen data ardatz nuen, mila bederatziehun eta laurogeita bederatzi.

 Ordiziako kale estu eta grisak ziren nire unibertsoa; laurogei garren hamarkada asaldatuan kokatu behar nauzue, bortizkeria dastatzen zen giro batean, biolentzia politikoaren ondorioz ia egunero hildakoak burutzen ziren aldi ero batean, gazte askorentzat drogak askatasun alternatiba ziren garai negargarrian.

 Nepalen, hautsez betetako bideren batean geratu ahalko zen gazte hura, edo Kathmandu hirian, Thamel auzoko ostatu merke batean. Baliteke Himalayak begi-bistan zuela suertatzea, mendi zuriak aho zabalik begiztatzen hari zela, Goierritik atera zen mutil-koskor inuzentea ez zen berriro bueltatu; motxila bizkarrean, bi eskuak elkarturik bularraren altueran, burua makur baina irriabartsu, topatzen zuen edonor Namaste agurtzen geratuko zen.



Namaste bidearen testigua jaso besterik ez dut egin nik, Balerdiko hormetan ohizkoa gertatzen ari zait, paretaren hasiera soilik eskalatua topatzea normaltzat hartu dut: Ajuju bideak Félix Ubierna bidearen diedro paregabean du hasiera. Shot the Sheriff bideak berriz, anonimoan geratu den beste abentura saiakera batean.

Beraz, Namaste bidea sortua zegoen, Balerdi mendiaren azpiko horma handiaren oinetan dagoen laxan dago, nik soilik pareta handian gora luzatu besterik ez dut egin.

Aitor Arrieta eskalatzaile Donostiarrak zabaldu zuen lehen luze hori 1983an bakarkako saio batean.



Laurogei garren hamarkada, eta Balerdiko hormak, eskalada kontuetan, urte oparoak izan ziren, Araiz bailarako pareta eder honen urrezko garaiak izan zirela pentsatzen dut nik.  

Donostiar talde bat zen Mallozarrera gerturatzen zena, eta hauek ere, gazte guztiak bezala, askatasun eta bizipen egarriz zeuden. Juancar Sanzen bloggean sarrera bikain bat aurkitu dezakezue garai hauek primeran deskribatzen dituelarik, estekadura atxikitzen dizuet gozatu dezazuen.  http://lakasta.blogspot.com/2020/03/erase-una-vez-balerdi.html



Ni ere bakarka hasi nintzen Namaste bidetik gora, laxa handiaren ertza ikustearekin jakin nuen goiko pareta ikusgarrirako sarrera izan beharko zuela.

Lehen egunean Aitorrek zabaldutako beheko luzea eta bigarren bat gehiago eskalatu nituen.



Bigarrengo saioan Xabier Artola batu zitzaidan abentura honetara, Balerdiko horma ezagutzeko irrikan zegoen eta hirugarren luzea zabaldu genuen, behetik ikusten genuen zuhaitz handira iristea lortuz.



Nire harridurako, zuhaitz erraldoia, hagin sendo eta lirain bat zen, denbora eta gizakien begietara ezkutuan egon dena. Behategi ikaragarri horretatik, jainkoa balitza, Araiz aran guztia agurtzen du.

Umiltasunez, Namaste mutua esan ondoren, kordinoa zintzilikatu genion, apaingarri moduan, enbor sendoa bitan banatzen den tokian, eta errapelatu egin genuen.



Bidea bukatutzat eman genuen puntu horretan, naiz eta oraindik hogei bat metro hormatik gora egin al genituen. Ez zen eskalada linea garbi bat ikusten, ez behintzat orain arteko kalitatea, beraz, egindakoarekin harro, zuen gozamenerako utzi genuen Namaste.



EKI TXIMINIA/CHIMENEA ESTE



Mindua daukat gorputza, eskalada saio trinko baten ondorioak dira. Hau ez da arraroa, ez ohikoa dena kaltetua dudan gorputz atala da; kokzixa daukat txikituta.
   Ideia eta susmo txarrik hartu aurretik, zer dela eta ipurdi masaila inguruan oinazea dudan argitzen saiatuko naiz.



 Balerdiko Chimenea este, edo eki tximinia bidean sartu ginan Xabier Artola eta idazten ari den hau.

Deigarria da Balerdiko eki tximinia; zauri sakon eta zartzakatu bat da, mallozarraren horma handian dago, sakonik gabeko aho zabala balitz bezala zabaltzen da.

Noiz izan zen lehen aldiz eskalatua ez dut garbi, hirurogei eta hamar garren hamarkadan izango zela ustea dut. Jaso dudan informazio bakarra, eta hau Jesús Marí Rodríguezen Escaladas en Guipúzcoa liburuan agertzeari esker da, krokis kaskar batean; bi gazte AUSART, eta ausart hitza letra handiz jartzen dut, izan ziren pribilegiatuak, naturaren kapritxo basati hori eskalatzeko. Txalogarria iruditzen zait balentria, txapela kentzekoa, Ignacio Núñez, eta Jesús Ayestaranek egin zutena.



Eztabaida sakon bat izan dut nire buruarekin; eki tximinia bidearen krokisa eguneratzea posible da? Orain berrogei eta hamar urte igo zuten tximinia parekaezin hori, eta eskalada graduetan laugarrena zena, gaur egun, bi gradu gehiago proposatzea egokia da? Egin beharra dagoela pentsatzen dut, eki tximiniara joan daitezken egungo eskalatzaileak aurkitu behar duten zailtasunaz ideia garbiago bat izan dezaten. Orain berrogei eta hamar urte, tximinia eskaladan, laugarren gradua zen hau, gaur egun, sei garren gradua dela ausartzen naiz esaten.



-Teknika egokia erabiltzea besterik ez da behar !!!, esango du norbaitek, eta noski, ados nago; teknikak desberdinak dira plakan edo desplomean, arrakaletan, eta nola ez, aderentzia hutsean, denak dute beraien berezitasuna. Nire zalantza bakarra da, eta horren jakin-minean naiz, ea garai haietan, tximinia guztiak, tximinia izana gaitik, horrela graduatzen ziran, alegia, zuzenean laugarren gradua ematen zitzaizkien.



Guzti hau hausnartzeko gai izan nintzan, infernuko pitzadura horretan, lukainka ogi tartean bezala nengoela, azken segurua metro dezente hanka azpitik nuela, haitzetik arrastaka milimetro bat gora egitean, zalantzak bost gaitik biderkatu zitzaizkidanean. Eskaladaren zailtasuna ez da soilik fisikoa, mentaletik gehiago du, zergatik arroka arrotz hori igo nahi dugun jakiteak asko laguntzen du.



Bigarren eta hirugarren luzeak, Jesús Marí Rodríguez berezko krokisa begiratuz, tirada batez egin genituen guk. Tximiniatik jarraitzea da bigarren luze honen hasiera, eta ildo bereko ahalegina da, tximinia arrotza. Ondoren, trabatuak eduki gaituzten bi pareta liso horiek uzten ditugunean, zirku txiki ikusgarri batetara iristen gera; tximinia zabaldu egiten da, gure buru gainean sabaia bihurtuz, ezkerretara trabesean joateko beste aukerarik ez dugu, desioz oroitzen dugun plaka eskalada da, eta gustuz ekiten diogu.



Baina gauzak ez dira hain errazak, benetan asko saiatu behar izan nuen zati hori eskalada askean pasatu al izateko; hezea eta pittin bat hautsia zegoen, babeslekuak bilatzea ez zen lan erraza izan, arroka saneatzea neketsua gertatu zitzaidan, guztia noski, sokatik zintzilikatu gabe.



Zailtasun hau gainditu ondoren, berezko bideak zuzen tiratzen du, ez zitzaidan batere erakargarria egin, eta eskuinean ikusten zen arteka handi batetan egin nuen bilera.

Gure kalkuluen arabera, Namaste bidearen hagin handia gertu behar zuen egon. Arrokaren kapritxo ikusgarri bat aprobetxatuz, erlaitz handi eta nabarmena, eskuinera egin genuen trabeska batean. Hogei eta hamar metro luzea ondoren, zuhaitz ederraren magaletan geunden. Namaste bidetik egin genuen errapel.




 2023/12/15: 
Irakurri berri duzun sarrera idatzi eta hiru urtera beste hau gehitu diot. Ez zitzaidan iruditzen sarrera osoa eskaini behar nionik, baina bai haren berri eman behar nuela. Beraz, hemen gehitzen dut eskalada hau, ez zaitu indiferente utziko.



Murci bidea izan zen Balerdin eskalatu nuen lehen bidea. Papildo eta Txestirekin batera igo nuen 80ko hamarkadan, ez dakit data zehatza, ez genion garrantzirik eman egindako balentriari. Urte asko ondoren berriro igo dut, bakarrik oraingoan, eta horma grisetik gora nindoala burura etorri zitzaidan lehenengo gauza garai urrun haietara eraman ninduen, friendak aparatu zurrun eta astunak zirenean, eskaladari buruz genuen ezagutza eskasarekin, tamaina honetako bide batetik igotzeko gai izan ginen. 
Librean eskalatu dut, zalantzak ditut duela berrogei urte lortuko ote genuen. Horretarako, pasarte asko garbitu behar izan ditut. Material finkoa egoera txarrean dagoela ere ikusi dut, batez ere txapak.



Ikusi dut bidea hobetu daitekeela, batez ere bigarren luzean, bidea diedro fin batetik zuzenduz, uste dut ez dela bidearen zailtasun orokorra aldatuko, baina egungo eskalatzailearentzat are ederragoa izango dela. Saiatu beharko naiz. Hormatik bi rapeletan jaitsi nintzen, horretarako zuhaitz pare bat erabili nituen.












 
































iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina