Aitortu beharra daukat berdin zitzaidala, eszeptiko
nengoela. Baliteke ilusioa pittin bat galdua ere, ohituraren inertziari frenoa
sakatu izan banio bezala. Ohikoena gogo betez egotea izango nuen, noiz iritsiko
desiratzen, eta ez da horrela izan; ezin ukatuko dut honek larritzen nauela.
Xabierren bultzada erabakigarria izan da, bera bai zegoen
gogotsu, Txindokin neguko eskalada probatzeko irrika zegoen nire lankidea. Adore
horri esker igo gara infernu zuri horretara, eta ez diogu hutsik egin Goierriko
negu eskalada hitzorduari.
Zertaz ari naizen saiatuko naiz azaltzen, eskalada hauen
berezitasunak argitzen.
Lehenik;
giroa da garrantzitsua, neguko baldintzak behar dira benetako bizipenak
sentitzeko, eta hau tamalez gure mendietan ez da erraza izaten.
Elurra
egiten ari dela, gehienetan, izaten dira baldintza horiek, hau da, ekaitza
astintzen ari denean. Jakin, egun batetik bestera, edo ordu batzuen bueltan,
pareta zuria egotetik harri gorrira pasa daitekeela. Aizkorrin gehiago irauten
dute neguko baldintzak, gainera oso komenigarria izaten da elurra asentatzen
uztea, elur berritan arriskutsua gerta daiteke Aizkorriko kanaletan eskalatzea.
Beraz, Txindokiko hego-mendebalde horman neguko eskalada
egin nahi badugu arropaz ongi prestatuak joan beharko dugu.
Neguko baldintzetan horma eder honetako bide klasiko asko
daude eskalatuak, baina oraindik batzuk faltako lirateke, aukera dezente daude
gauza berriak sortzeko.
Eta zein bide dira egokiak neguko erremintaz igotzeko?
Udako eskalada bide batzuk dira aproposagoak besteak baino negu giroan
eskalatzeko. Belartsuak diren bideak, edo belar kanal baten ondotik doazenak,
dira negu giroari zuku gehien ateratzen dienak. Elurrak eta hotzak belar hauek
izozten ditu, orduan piolet eta kranpoien puntak egoki heltzen dute,
segurtasuna eta alpinismo sentsazioa hobetuz.
Hauetako bide batzuk dira; Arista, Txema, Huertas,
Petrel… egokiak, eta oraindik aukera anitza da, gure imajinazioaren haina.
Hau da Dora borraskak eman digun guztia. Ezin dezakegu
esan fronte hotz gogor bat izan denik, ipar-mendebaldetik sartu zaigu, hezetasun
askorekin. Nire lagun Kanuk zioen bezala, "Hemen gauzak bere lekuan ipintteko
haiziak Siberiatik jo biharko leke", Oñatiko handia polar-continental
haizeaz ari zen hizketan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina