2020(e)ko urriaren 23(a), ostirala

PEÑA KARRIA - Retxolaria

 


Tximiniek kanporatzen dituzten kea zuriak teilatu gorrien gainetik zehar ihesean doaz, haize hotzak urrutira daramatza, zerua belzten duten laino ilun eta lodiek irensten dituzte.

Karrikak jendez hutsik daude, soilik txingar usaina atzematen da, eta guztiz estaltzen nau, su ondoetan erretzen ari diren zur esentzia da, etxeetako horma sendoen atzean, epelean, jendea bildua dagoenaren aroma salatzailea.
Kaleetatik zehar noa norabiderik gabe, eskuak poltsikoetan, nire pauso motel eta pisuak harri gastatua igurztean ez dute hotsik ateratzen, ehunka urtez, eta milaka oinek zapaldu duten lauza labainkorrari doinua lapurtu diotela dirudi, bakardadearen sentsazioa handitzen dit honek, eta gehiago hozten nau bihotza, negua ate joka dugu.
Urteroko nahasmena dut hau, zaia egiten zait udako kolore alaiak utzi eta neguko tonu tristeetara ohitzea, berdea izan da beti nire kolore gustagarriena.


Aste luze bat euritan pasatzea gehiegi da, nik argitasuna eta giro lehorra behar dut, Goierriko zuloa utzi eta hego aldera jaistearekin nahikoa izaten dut gehienetan.

Oraingoan ere horrela izan da, baina kasuan, ez nekien nora jo, eskalada egingarri batzuk nituen buruan, hauetariko aukera bat toki berria ezagutzearena zen, Peña Karria.


Valderejo natur parkearen inguruan dago mendi eder hau. Ipar aldeko horma ezaguna nuen, aspaldiko kontuak dira hauek. Iñakitok eraman ninduen behin, oroitzapen ederrak gordetzen ditut garai horietatik, baina ez genuen deus eskalatu, eskalada askea zen gure nahia, ez genituen gauzak garbi ikusi.


Irakurria nuen hegoaldeko hormetan bide batzuk bazeudela, ekipatuak gehienak. Bideak osorik ekipatuak egoteak maiz hozten dizkit eskalada hauek burutzeko nire gogoak, horma handietan gehiago gustatzen zait trad estiloan aritzea, nahiko parabolt txapatzen ditut kirol eskalada egitean.


Sorpresa atsegina izan da horma hau, Retxolaria bidea asko gustatu zait ere, zintzo jokatuz esango dut, ez nuela kalitate hori espero, gozatu egin dut.

Plaka eskalada da orokorrean, grisa eta kalitate ezin hobeagoa duena.


Hasiera kuriosoa du bideak, egitura bitxi batetik hasten da, naturaren kapritxo zoragarria.

Lehen luzea, eskalada zailtasunez, 6b markatzen du krokisak, niri ez zitzaidan iruditu, nik kateatu nuen eran 6c+ izan daiteke; trabeskan egiten den plaka pauso teknikoa da hau, hanka eskasak eta hatzentzako alboko heldulekuak dituena, kostatu zitzaidan ikustea.


Bigarrenak hantzeko joera du, plaka gris eta konpaktua da hasieran, hormaren zailtasunak saihesteko luzeak eskuin alderako joera hartzen du.


Hirugarrenak ez du helburu handirik, metroak irabazi eta zulo ikusgarrira iristea ez bada.


Laugarren eta azken luzea horma tente elegante batetik doa, eskuzabala heldulekuetan, eskalada ederra eskaintzen du.


Gogoz iristen zara Peña Karriako ertz zorrotzera. Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut mendiak eta hormak igotzeko nire afizioa, paretaren beste aldean zer dagoen, edo, han goitik zer ikusiko dudanaren jakin minean dagoela. Oraingoan ere nire kuriositatea asetzeko egin nituen ahaleginak merezi izan zuten, behatoki aparta da hau.


Araba eta Burgos arteko mugan galdua dugu mendi harritsu hau, eta ez dut garbi irudizko marra horren zein aldetan kokatu gailur zorrotza; agian trafiko seinaleak eta kartelak bi hizkuntzetan idatziak dauden zonaldean, edo, baliteke, hauen bizilagun direnen aldean lekutu, hizkuntza bakanean aritzen diren horien mundu kontrajarrian. Bost axola, naturaz gozatzeko ez da geografia politikoa menderatu behar.


Lau haizetara begiratu dezakegu gaindegi pribilegiatu horretatik, eta zin egiten dut hor goitikan, paisaia aldetik behintzat, ez dagoela aitzakiarik. Baso nahasia da gehien bat begi aurrean azaltzen zaiguna; piñu, haitz, eta arteak osatzen dute orokorrean naturaren aldarria izendatu dezakegun ingurunea. Eta noski, hortik zehar sakabanaturik herrixka bakan batzuk agertzen dira, bizi irauten mendeak daramatzatenak, denbora luze eta geldo hori inguruarekin bat egiteko baliatu dute.

































iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina