Hatz nekatuak zulotxoan sartzen ditut eta, behatz mugimendu suabeaz,
pianistak pianoari musika doinuak ateratzeko teklak laztantzen dituen moduan, harrizko
barrunbearen intimitateak arakatzen hasten naiz.
Harri gozoari egiten dizkiodan igurtziak ez dira presatsuak, ez diot
arrokari nire urduritasuna transmititu nahi, kontrakoa, lasaitzea da helburu.
Behatz puntetan sentitzen dut haitzaren zimurdura. Begiratu gabe, soilik
atzaparren mugimendu leun batekin, saiatzen naiz ulertzen helduleku minimo
horrek esan nahi didana; zein den bere funtsa, zenbateko erresistentzia duen,
nola heldu dezakedan egokien, eta horrela, nire ukimen zentzumenari esker,
lortzen dut haitzarekin komunikatzea.
Orain gure energiak bat egin dute, haitzarekin mintzatu naiz, jakin
erazi dit zer emateko gai den. Nik sinetsi egin diot, aurrera tiratu behar dut.
Haitzaren mintzoa. Ze izen ederra eta egokia eskalada bide batentzako.
Zeren, kontziente edo inkontziente, haitz hormatik gora goazenean, haitzarekin
komunikazioa sortzen dugu, eskalatzailearen zentzuak bat egiten du harriaren arimarekin.
Ez zitzaidan erraza egin Iñigo eta Gorkaren bide hau bakarka planteatzea,
gauza serioa da. Baina ez da zailtasunean soilik ulertu behar eskalada bide
honekin saiatzeko arrazoia; bidaia berak, inguru natural paregabe horretan
eskalada eguna pasatzeak pisu handia zuen.
Palomares haitzetan oraindik, eta zorte apur batekin, denon ahaleginaz,
horrela jarraitu lezake, eskalada bideak era gordinean aurkitu ahal ditugu.
Eskalada bide hauen garbitasunari logistikaren zailtasuna gehitzen badiegu;
bideen azpira iristea, eta bideen hasiera bilatze lanak, alpinismo egun bete
bat izango dugu. Ezohiko leku hauetan hurbiltzeak eskaladaren parte dira, hanka
sartze minimo batek kolokan jarri dezake igoera guztia.
Hormatik gora egiten dugunean material fixo falta berehala sumatuko dugu;
haitza aztertu eta ulertu beharra dugu seguru ibiltzeko. Palomares haitzetan
eskalada tradizionala era gordinean aurkituko dugu.
Hiru luze ditu haitzaren mintzoa bideak, zein baino zein hobea.
Azaldu behar dut nik bigarrengoa bariante batetik igo nuela, aurrerago
ematen ditut xehetasun gehiago, beraz haitzaren mintzoak berezkoa duen bigarren
tiradaz ezin dut iritzia eman.
Hirugarrengoa apoteosikoa iruditu zitzaidan, eskalada paregabea.
Zoritxarrez, aurreko luzean dena emanda lehertua nengoenez ezinezkoa izan nuen
benetako gozamenera iristea.
Kostatu zitzaidan bidearen hasiera lokalizatzea, gehienetan horrela da,
begiratzen nuen edozein lekutik izan zitekeen posible hastea.
Bideak nondik jotzen zuen asmatzeko kapaz izan nintzenean, bertara
iristea bihurtu zen arazo. Azpiko baso itxia ezaguna nuen tranpa bat zen, latz
sufritu genuen aurreko batetan Lete eta biok hagin handi bidea eskalatu
genuenean.
Artea zuhaixka txiki eta gogorren adarrak baztertuz, hosto garratz eta
sastraka traidoreen ziztadak sufrituz, bide hasieran dagoen metro karratu garbira
iritsi nintzen. Ziztu batean prestatu nituen trasteak bidearekin hasteko.
Lehen begiradan, baina batez ere behatz punten lehen ukituan, harriaren
kalitate onez konturatu nintzan; kareharri zuria, lakatza, kapritxokoz formaz
osatua, eskaladarako espresuki sortua.
Lehen luzea, zailtasun kontuetan, gehikora dela azalduko dut; lasai hasten
da, eskalada pauso errazak ditu, ongi babesten direnak. Igotzen goazen eran
paretak zutitutasuna hartzen doa, zailtasuna handituz. Azken zatian adi egon
beharra dago, ez ohiko zeharkaldi bat egin beharrean izango gara, gauden diedroa
zabala utzi, eta gure eskuinetara kokatua dagoen bilera bila joan beharko dugu.
Bigarren luzean, argibideak eskatzen dituen tirada da hau, arrakala oso
nabaria dago bileraren gainean. Ikusi nuenean, eta bati bat Gorka eta Íñigo
ezagutuz, ez nuen inongo dudarik izan hortik igoko zirela pentsatzean, gehiago
esango dut, nire Totem jokoa apustu egiteko kapaz izango nintzan bi txapeldun
horiek hortik igo zirenen alde. Eta ez nuen krokisa begiratu.
Ongi babesten da arrakala eder honen hasiera, baina berehala konturatzen
zara zailtasun handietan sartu behar zarela. Zailtasunari ez nion gehiagoko
garrantzia eman, Gorka eta Íñigok gogor estutzen dute arrakala eskaladan, eta
nork daki, teknika on batek dena egiten du.
Hasierako fisura zabalak diedro itxi batetara eramaten zaitu, hemen hasten
dira komeriak, zaia da babestekoa zati hau. Mikrofisurero bat sartzea lortu
nuen, eta eskalada pauso zail batzuk egin beharrean izan nintzan hortik atera
ahal izateko . Erorketa garbia da, paretak atzera tiratzen du, pare bat sake jo
nituen gainditu aurretik.
Ondoren, irteeran,
arrakala berriro ere handitu egiten da, friendak gogoz kokatzen dira hemen,
baina zailtasuna handia segitzen du izaten, nire uste apalean zazpigarren gradu
altuaz ari gara hizketan.
Bilera ez dago muntatua, zuhaixka batetan egiten da.
Luzea garbitzean, errapelatzen ari nintzela, konturatu nintzan nire hanka-sartzeaz,
iltze bat ikusi nuen ezkerretara. Amorru garrasi bat atera zitzaidan nire
eztarri lehorretik, asko estutu behar izan nuen luzea gainditzeko, eta lehertua
nengoen.
Hirugarren tiradak eskaintzen duen eskalada paregabea da, plaka, kalitate
handikoa.
Hasierako metroetan daude luze honen zailtasunak, eskalada pauso tekniko
batzuk dira, ez nituen batere gozatu, hankak hazita nituen, txikituta, ahal
nuen bezala igo nintzan.
Bide osoan dagoen parabolt bakarra txapatu ondoren horma etzan egiten da,
baina ez eskaladaren kalitatea, plaka konpaktu batetik gora egin beharra dago,
ongi auto-babestea eta nabigatzea dira klabe.
Mahast ondoak fruitu preziatuaz apainduak daude, nekazariak hasiak dira
uzta jasotzeko lan neketsuan, eguna azken argietan dago; ze plazera, ni hemen
nago guzti hau kontenplatzen. Gauza sinple hauetaz gozatzea da
mendizaletasunaren unibertsitateak erakutsi didan garrantzizkoena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina