2020(e)ko irailaren 17(a), osteguna

ATXARTE - Alluitz - Friend festa

 


Barre egiten dut nire azken ateraldiarekin, irribarrea ezpainetan dudala idazten ari naiz: friend festa bidea eskalatu berri gara, baina gure arnesean generaman materiala ikusirik tótem festa deitu al geniokeela bururatzen zait, edo hobeto oraindik; totemek jatorri euskalduna kontuan harturik, friend hitza ordezkatuz, lagun festa deitzea aldarrikatu beharko genuke.



Ray Jardine ipar-amerikar eskalatzaileari zor diogu arrakaletan aseguratzeko erabiltzen ditugun gailu mekanikoen sorkuntza, bere asmakizuna izan omen zen, friend hitzaz ezagutzen ditugun aparatuak dira hauek. Hau 1975. urtean izan zen. Gailu astun hauek, itxuraz, gutxi dute gaur egun ditugun friendekin, printzipio mekanikoarena soilik.



Nik laurogeigarren hamarkadan ezagutu eta erabili nituen friendak lehen aldiz, marka espainola batenak ziran, Calma etxekoak, "amigos del galayar" izenez saltzen zituzten. Ipar- Amerikarren lehen friend harren antz handia zuten, prezioz berriz merkeagoak ziran.



Urte asko pasatu dira garai erromantiko haietatik, eta itzuliko ez den denbora horretan friendak asko hobetu dira. Urte mordo hauetan marka bat gailendu da beste marken artetik, gure arnesetan ez ziren beste friendik ikusten, ez zuten konpetentziarik.
Harrigarria dirudien arren, Euskal marka bat, produktu berritzaile batekin, merkatua hankaz gora jartzea lortu du, marketinean ia gasturik egin gabe, eskalatzaileak probatu eta gustuko izan dute, ongi eginiko gauzen ondorioa dudarik gabe.


Gogoratzen dut Mikel Apezetxeak deitu zidan egun hori, Santa Bárbaran zitatu ginen, friend prototipo bat nahi zidan erakutsi.

Hitzordura ez nuen hutsik egin, beti gustatu izan zait konplitzea, baina esan beharra daukat ez nekiela ongi zertara joana nintzan.
Mikelek lehen tramankulua hura nire eskuetan jarri zuenean; aparatu astuna, eta tamaina handiko bat zen, poleaz josia, lehen begiradan zatarra iruditu zitzaidan. Mikel nire iritzia jasotzeko irrikan zegoela bistan zen, eta orain une horietan pentsatzen dudanean gaitasun eza izan nuela uste dut,- beste friend bat gehiago dek- esan nion, benetan tresnaren berritasunak, eta honek zekarzkien onurak ikusi gabe. Era bat oker nenbilen, ez nintzen kapaz izan friendaren bentajak ikusteko.
Naiz eta hasierako prototipo harrek gaur eguneko totemekin, itxuraz behintzat, zerikusi gutxi izan, printzipio berdinean oinarritzen da, zuzenean espeketatik zintzilikatzen zara, ez ardatz zentraletik, beste frienadak bezala, ez nintzen kapaz izan desberdintasun honen onurak ikusteko.
Zortez Mikel ez zen etsi, horrek asko pozten nau, bere produktuan sinesten zuen, adore izugarriaz aurrera segituz, !!! bejondeizula Mikel !!!, !!! Zorionak !!!. 


Lehertua nago, dena emanda, atzo friend festa bideak nire hobenak atera zituen, eta orain biharamuneko ajea pagatzen ari naiz.



Igande goizean genuen zita Íñigo Andolak eta biok, zazpietan geratuak ginen Atxarten.

Nik nahiago izan nuen larunbata iluntzean, azken orduan, Durango aldeko haitz paregabeetara gerturatzea eta bertan lo egitea, horrela lasaiago ibiliko nintzan igande goizean.


Epela zen goiza, hego haize leun batek goxatzen zituen bazterrak, eguna bero zetorrela ez zegoen dudarik.


Friend festa bideak Alluitz mendiaren mendebal aurpegia igotzen du. Harri zuria, gogorra, eta kalitate handikoa duen mendi eder honek, Atxarte bailara aldean, ertz, orratz eta paretaz josia dago, kaosa sentsazioa azaleratzen duela. Ez dira horma hauek altuak, gehienez ehun metro izango dituzte handienek, baina hauetako orratz batzuk segidan eskalatzen badituzu metro dezente ateratzen dira.


Sekula bukatzen ez den bidea da friend festa. Kontzeptua sinplea dauka; orratzak banaka kateatzen joatea, azkenean eskalada maratoi batetan, ia bostehun metro eskalada garbi sartzen dituzu gorputzean.

Laurehun eta berrogeita hamar metroetan, friend festak soilik bi parabolt txapatzen ditu. Honek, guztiok dakigun bezala, zailagoa eta mantsoagoa egiten du igoera, egun osoa behar izango dugu eskaladarako; guk zortzi ordu luze behar izan genituen burutzeko.


"Lagun" festa bideak, gora, bera eta zeharkaldi asko ditu, ez da erraza trazatua segitzea, are gehiago, "Atxarteroa" ez bazara. Krokisa nahiko ongi egina dago, eta lagungarri izango dugu puzle piezak muntatzeko.


Sekretu bat kontatu zidan Íñigok azken luzea egina genuenean, III. graduko ertzan: Lepo txiki batean geunden sokak biltzen, puntu honetatik, oinez, hartzen genuen Alluitzeko mendebal bizkarra. Gure aurrean horma dotore bat zegoen, berrogei eta hamar metro izango zituen. - Pareta hau ez da festan sartzen, baina eginiko dinamika horretan sartu al genezaken.


Pertsonalki aukera horretan pentsatzea bakarrik, luze bat gehiago geratzen zela, hotzikarak ematen zizkidan.


Friend festa bukatu genuen, arnesean generaman Totemi txispeak ateraz. Zin degizuet parranda ezin hobea dela, aje handia uzten duela.


Iñigok, lagun desberdinekin batera diseinatutako kateatzea da hau, baina berak dioen bezala, - hobetu daiteke -, !!!aupa gazteak!!!

 

















 










 












 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina