2012(e)ko abenduaren 14(a), ostirala

AIZKORRI KANALA


   Lagun batek behin komentatu zidan, Chamonixen bizi zen ezagun batek, goizean umea  haurtzaindegian utzi ondoren midi orratzeko teleferikoa hartzera joaten zela. Taculeko hirukian bide bat eskalatu eta, eguerdirako, umea berriro jasotzera iristen zela. - Oi bai suertea, erantzun nion nik.
   Goierri ez da Chamonix, hemen ez dago teleferikorik, eta batik bat gure inguruko mendiek ez dute zer ikusirik egundoko granito dorre zorroz horiekin. Zer egin behar dugu, gu hemen bizi gara. Ni nire aldetik saiatzen nahiz dudan alpinismo egarria pixka bat asetzen. Era apalean noski.
   Lehengo asteazkenean Aizkorriko kanaletatik buelta bat eman nuen. Chamonixeko gure heroiaren modura, umea ikastolan utzita Zegamarantz bideratu nituen nire asmoak. Motxila arin batekin nindoan nondik igo behar nintzen garbi jakin gabe.       
   Furgoneta aparkatu orduko Aizkorriko kanalei bistazo azkar bat jo nien, berehala ikusi nituen aukerak. Kuriosoak izaten dira egoera hauek. Magina aldiz begiratu dezakezu pareta bat eta beti zeozer berria deskubrituko duzu. 
   Buenavistan nengoen, nire aurrean, airoso, Aizkorri eta Aketegi puntak altxatzen ziran. Azken mendi honen ezker tontorrak, nik Aketegi hego punta bezala bereizten dut ez bai dut beste erreferentziarik aurkitu, deitu zidan atentzioa, elur marra bat nabarmentzen zen behetik gora zihoala.
  Egun dezente pasatuak ziren azkeneko elurtetik. Hotz handia egina zen ere. Baldintza ederrak egon zintezkeen.
   Kranpoiak elurretan iltzatzean ateratzen zuten hots leorrak baieztatu zidaten nire ziurtasuna, baldintza apartak zeuden eskaladarako.
   Kanak haundi azpitik gurutzatu eta baso elurtutik gora pusketa motz bat igo ondoren, nire aurrean horma zabal bat agertu zen. Pareta honek kanal estu bat dauka, bertatik hasi nintzen eskalatzen, ezkerrerako joerarekin, nire gainean nituen sapai beldurgarriak sahiestuz. Ehun metro izango ditu lehen kanal honek, 70°ko zati batzuk gainditu behar izan nituen, Aketegi hego puntako azken horma ikusgarriaren azpiko elur zelaian du irteera kanal estu honek.
   Elur zelaian baldintzak oso onak ziren ere, pioletak eta kranpoiak gogoz koska egiten zuten azal izoztuan, ziztu batean gurutzatu nuen zati hau. Nire aurrean azken oztopoa agertu zitzaidan, Aketegiko horma tente beltza. Ate bat moduan, pareta bitan banatzen duen kanal batek, hormara sartzeko gonbitea egiten zidan, zailtasun handirik gabe barruratu nintzen ezezagunera. 
   Paretaren azken tramuan sartua nengoela sorpresatxo bat izan nuen. Soka fijo bat agertu zitzaidan, hiru espitei lotua zegoen, trabesia bat babesten zuela. Informazioa bilatzen jardun nahiz interneten eta ez dut erreferentziarik topatu.
   Zati hau gainditzeko seguru fixoetan babestu nintzen, hemen aurkitu nituen bidearen zailtasun handienak, zeharkaldi mixtoa, izotza eta harria, eta irteeran 80°ko erresalte bat. Hemendik aurrera, Aketegi hego puntara iritsi arte, kanal zabal bat segitzen du bideak. Zirku txiki baten modukoa da, ikaragarri polita, elur zelai tenteak gainditu behar izan nituen zati honetan. Giroa eta bistak apartak dira hemendik, benetako alpinismoa dastatzen da.
   Ziztu batetan, argazkiak egiteko astirik gabe, kanal haunditik behara egin nuen.
   Jakin ezazue, ia kranpoiak kentzeko astirik gabe, humearen bila garaiz iritsi nintzela, hori bai, arnas estu.
   Aprobetxatzen dut duela hiru bat urte Aitzabalen zabaldutako beste bide baten krokisa zintzilikatzeko. Agian norbait animatzen da, nork daki.