2010(e)ko azaroaren 14(a), igandea

ORDESA - BUDITA FELIZ BIDEA

  

   Aurten bukatu dugu iaz hasi genuen bidea. Chemarik eta biok libro abiertoko paretan zabaldu dugun bigarren bidea da marra hau. Iaz Mononeuronas sortu genuen eta beste hau hasia utzi. Bi bideen artean tirada bat dute komuna, bots garrena. Konparaketa bat eginez gero, budita zailagoa dela esan genezake. Azken hau sortzeko haitz plaka konpaktuetatik gora egin behar izan genuen, eta tamalez paraboltak beharrezko bihurtu zitzaizkigun gure burua babesteko. Giro haundiko bidea dugu Budita, Ordesaren marka ondo jarria dauka. Hemen duzue krokisa, baliagarria izan dakizuke bidea eskalatzera animatzen bazarete.














BALERDI - TXAPELATXA BIDEA

  

Atzo Txapelatxa berriro eskalatzeko plazerra izan nuen. Aspaldian neraman buruan bide paregabe hau errepikatzeko asmoa. Igo nuen azkenengo aldia orain bi urte izango zen. Nik dakidanez beste errepikapen bat dago bakarrik, Gorka Karapeto eta bere soka lagunarena. Zabaldu nuenetik, orain sei urte, hirutan igo dut nik, eta denak bakarka. Atzoko igoerak berriro konfirmatu zidan oso eskalada zorrotza dela, abentura terrenoetan ondo mugitzen den jendearentzat aproposa. Hirugarren eta laugarren luzeetako plaka garbiak burua argi eramatea eskatzen du. Harro nago bide honetaz. Jende gehiagok eskalatzen saiatzea gustatuko litzaidake, baina badakigu horrelako bideek hautagaiak mugatzen dituztela. Hor krokisa nahi duenarentzat.





   


2010(e)ko azaroaren 13(a), larunbata

LARRASA - Espolon Alberto (falso palomares)

  Hau da Blogga honetan idazten dudan lehen sarrera. Beti gustatu zait nire mendiko esperientziaz idaztea, kuaderno eta orri soltetan egiten nuen, baina, informazio hori ezinezkoa zen jakingura zuen edonorengana iristea. Orain, teknologiari esker, edonork irakurri ditzazke hitz hauek.
   Abentura da niretzat hasi berri dudan eginkizun hau, eta ez naiz batere iaioa informatika gaietan. Pauso honekin, uste dut, mendiarekiko motibazio berri bat sortuko dudala, eta hau positiboa da, mendizaletasunaren sugarra ahalik eta luzaroen piztuta eduki nahi bai dut.


   Azaroak 4ean Larrasa mendiko hego pareta zurian zintzilikaturik ibili nintzan. Pareta ezaguna zen niretzat, Sarasa bidea eskalatua nuen. Neguko egun eguzkitxu eta dotorea zela gogoratzen dut, eta sarrera zuzenetik sartu nintzela, jatorrizko bideak gorago dagoen erlaitz batetik egiten du. Luze kuriosoa suertatu zen, 6c inguruan nire iritziz. Egun hartan ikusi nuen Espolon Alberto bidea. 
   Harriaren kalidadea eta trazatuaren itxurak animatu ninduen berriro bueltatzera Larrasa mendiko hego hormara. Espolon Albetok bost luze ditu. Hasierako biak arrakala batetik doaz. Nahiz eta ekipatua dagoela esanten den friend ertainen bat edo beste eramatea ondo etortzen da, ederki sartzen dira eta lasaiago igo ahal izango dugu. Nik ez nituen eraman eta faltan bota nituen.
   Hurrengo bi luzeetan haitz plakan zehar alderik alde ibili beharra dago. Azken luzean arrakala zabal bat hartzen da, pixka bat desplomatua dago. Nahiz eta espit lodiekin ekipatua egon zati hau ere, oso komenigarria da friend joku bat eramatea. Laua ondo etorriko da azken luze honetarako.
   Graduen kontua argitzearren, nire iritziz, lehen luzea eta bigarrena 6c dira. Hirugarrena 6b izango da. Laugarrena 6a, eta, azkena 6c.
   Ni Lagran herritik gerturatu nintzan paretara. Herri bertatik pista asfaltatu bat ateratzen da marka txuriz eta gorriz markatua, Puerto del toro aldera doa bide hau, eta lepo hau gainditu ondoren Biasterira  jaisten da. Baso zoragarri batetik doan galtzada da bidea, eta oinez goazela edonon txondar guneak topatzen dira. Puerto del Toro irabazten dugunean Biasteriko GR-a utzi eta Cruz del Castillo mendira doan bidea hartuko dugu. Baso itxi batetik segitzen dugu igotzen, baina, dagoeneko, pagoak utzi ditugu eta arteak dira baso honetako zuhaitzak. Basoko ilunantza uztean Cruz del Castillo eta Larrasa mendien orratzak ikusiko ditugu gure buru gainean. Puntu honetan, zelai malkartsu bat izango dugu gure oinetan, bertatik joko dugu behera, hegoaldera jaisten hasiko gara Larrasaren behe partea hartzera. Guztira ordu eta erdi izango dira. 
   Espolon Alberto eskalatu ondoren jaisteko, Larrasa mendiko punta irabaziko dugu, eta ondoren Cruz de Castillo aldera joango gara. Puntara iritsi gabe bidea jarraituko dugu beheruntz, eta berehala ezaguna egingo zaigu ingurua, igoeran erabili dugun bidearekin egingo dugu topo.
   Orokorrean bidea ona iruditu zait, pixka bat estua bere gradurako. Egin beharrekoa.