2020(e)ko uztailaren 25(a), larunbata

ANSO - ESPELUNGA - Sin Perdón





Erraza egiten zaigu barkamena eskatzea, norbait iraintzen dugunean konpontzeko erabiltzen dugun hitz magikoa da. Askotan okerra kontzienteki egiten dugu, jakin barkamena eskatu ondoren dena konponduko dela. Umetatik ikasi dugun estrategia da; maleziaz gaiztakeria burutu ondoren, zintzo aurpegia jarri, barkamena eskatu eta listo, funtzionatzen duen formula da. Nik gaur horrelako bihurrikeria egin dut.



Zortez, anitz eskalada bide on daude gure natur inguru eder honetan, estiloz eta graduz desberdinak, nik denak ditut gustuko, soka lagunaren dohainek eta nahiek egiten didate bide bat edo bestea aukeratzea.



Oraingo honetan Nacho Merino izan dut soka kide. Nacho Madrilen jaiotako gazte bat da, gaur egun Jakan bizi dena. Lehen eskalada irteera genuen Nachok eta biok, ez giñan pertsonalki ezagutzen, sare sozialen bidez genuen bata bestearen berri.



Eguna adostua geneukan, lekua eta bidea falta zitzaigun. Logistikaren arrazoiaz Anso bailara ongi etortzen zitzaigun biori. Zein horma ere logikaren barruan sartzen zan, Espelungako paretak goizean itzala dauka, uda egun beroetarako oso aproposa. Bidea aukeratzea zailagoa egin zitzaigun, nik "más gasolina" eskalatu nahi nuen, baina Nachok egiña zuenez baztertua geratu zan. Nachok "culo spray" komentatu zuen aukera bezala, nik Enekorekin egiña nuen bide hau. "Urdaburu" ere or zegoen, baina biok eskalatua genuenez beste bat beharko zuen izan. Azken aukeran, "sin perdón" geratzen zitzaigun, ezin nuen momentu hau pasatzen utzi.



Aurreko mendean zabaldutako bide honek jarraitzaile falta sumatu du urte mordo hauetan; nork nahiko zuen joan honelako bide batetara?



Nik bide honen existentzia jakin nuenetik nahi izan nuen eskalatu. Orain urte batzuk entzun nuen igoera bat izan zuela. Ziotenez, eskalatzaile hauek, Mikel eta Tron ziran, ez omen zuten ongi pasa bidea igotzen, ez zitzaien "sin perdón" gustatu.
Normala izaten da honelako eskaladetan informazio eske deitzea. Eskalatzaile hauek ezagunak ditut, beraien telefonoa ba dut ere, baina ez nien "sin perdón" bideari buruz informazio eske deirik egin, banekien zein izango zen eskalada honi buruzko beraien iritzi eta aholkua, eta nik aholku hori entzunda ezingo nuen Nacho "sin perdón" bidea igotzen animatu, zerbait ezkutuan nuela ibili beharko nintzen, barkamenaren prezioa altuagoa izango zen, beraz, bidea igotzeko gogoak zintzotasuna gainditu zuen, niretzako gorde nituen xehetasun guzti horiek.



"Sin perdón" bidea eskalatzea lortu genuenean, idatzi dudan guzti hau kontatu nion Nachori eta, ondoren barkamena eskatu nion.



Gogo biziz hasi nintzen eskalatzen, itxaropenez nindoan metroak irabazten bideari, era askean igotzea ea posible genuen erantzunaren bila gindoazen.
Arraro egin zitzaigun hasierako bi luzeetan bideak arrakala eder bat uzten zuela, eskubi aldean, konturatu ginenean, eta ezker aldeko zati belartsutik jotzen zutela gora. Guk arrakalatik igo genuen, nire iritziz zati honek kalitatez hobetzen du bidea.



 Sabai erraldoiaren luzea eskalatzean jaso nuen bilatzen ari nintzan lehen pista, bidean zehar aurkituko genuenaren erantzuna. Direktisima deritzon bide batekin egiten ari ginen aurre, dena zuzen hartzen duen hauetariko bide klasikoarekin. Garai bateko eskalada estiloa izan zen hau, eskalada artifiziala izaten zen bide hauen ardatza, eta berdin zitzaien eskalatzaile hauei zailtasun handiko zati hauek alboetara zeharkaldiak eginez era askean gainditzeko aukera egotea, direkto joango ziran gorantz, zegoena zegoela, gailurraren bila. Eskalatzaile horietako batzuek erabili zituzten teknikak gaur egungo etikarekin ez datoz bat, bidean gora ikusi ahal genuen bezala.



Sabai ikusgarria gainditu ondoren paretak bertikaltasun gehiago hartzen du, eta plaka eskalada da ondorengo bi luzeak eskaintzen dutena, laugarren eta bosgarren tiradak dira hauek.
Azken luze honetan, bosgarrenean, nik seigarren tiradarekin bat egin nuen; bosgarrenaren bilera plaka liso batean dago muntatua, bilera hau deserosoa izatetik aparte plaka tekniko baten erdian kokatua dago, bilera egin ezkero tranpa sentsazioa handia da, A0 erraldoi bat izango zen bilera. Zati hau gainditu ondoren bideak diedro fisuratu handi bat hartzen du, nahiko zikina, zortez bere eskalada itxura baino hobea suertatu zen. Beraz, krokisean markatu dugun bezala, bi luzeak batean eginda 7b+ izango da. 



Zazpigarren tiradak hasiera oso polita dauka, ezkata baten antza duen harri laxa dotore batetik igo beharra dago, ondoren trabeska batzuekin segitzen du, nahasteko erreza da zati hau, bere denbora eskatzen du tirada honek.
Zortzigarrengo luzeak berriro ere sapai erraldoiaren izaera berdina dauka, direktisima teknika agresiboa, edo agian oraingoan okerragoa da, luze desplomatu honetan gantxeatzeko zuloak eskuz eginak daude, eta pikatu batetik bestera mugitu behar zara modu ez naturalean kakoetatik zintzilikatuz, librerako ez dago inongo aukerarik.
Ezin dut esan ez zaidanik gustatu bidea, garaian eta lekuan jarri besterik ez gara egin behar, orain hogeita hamar urte zabaldua da, eta orduan beste era batetara eskalatzen ziren horma zahar hauek. Niretzako "sin perdón", Espelungako horma ikusgarrian lehen bidea izanik, txalo bat merezi du, eta gure eskura edukitzeak lagundu egin gaitzake alpinismoan sakondu nahi dugun edonori.



Baina nire iritziz, eta uste apala da hau, gaur egun, eta zortez, ez daude horrelako bide asko, lehen baino hobeto zabaltzen dira gaur egun eskalada bideak, mimo gehiagoz. Orain horrelako bide bat ezinezkoa izango zen. Naiz eta artifizialean gainditu behar izan sabaia erraldoi horiek, seguru naiz errespetu gehiagorekin tratatuko genukeela haitza, arrokak ematen duen aukera guztiak gehiago aprobetxatuko genituzkeela. Orokorrean helburua ez da horma igotzea, nola igotzea baizik.

2020(e)ko uztailaren 15(a), asteazkena

ASON - Empatia



  Sentsazioa nabarmena izaten da, burura datozkidan hausnarketekin batera; lur malkartsu hauek, mendi pikotsuak begiratzen ditudanean, eta bazter helezinetan etxolak ikuskatu, iruditzen zait ulertzen dudala zer izan den gizakiaren iraupen-borroka garratza. Gizon eta emakumeen lan hebaingarria inguru arrotza menderatzeko, behar bitala bizi irauteko.
   





   Baso gaindiezinak menderatzea, mendiko zelaiak irabaztea, lurra gizarteratzea, bizirauteko premian eginiko zeregin amaigabeak.  
Leku harrigarrienetan ikus ditzakezu pertsona hauen hil a la biziko lanak, pazientzia handiz  eginikoak guztiak, denbora pertzepzio desberdin batez; irauteko sortuak izan diren harri hesiak. Urruneko bordak, zelai garaietako azken belar-izpia aprobetxatu nahian eraikiak. Eta, herrixketatik abiatuz, mendien hegal malkartsuetan gora igotzen diren bideak, edo amildegi zorabiagarrietatik zintzilikatzen direnak. Guzti hauek ikusten ditut Picos de Europara natorren bakoitzean.
  



 Oraingoan ere horrela izan da, ez nuen Ason bailara ezagutzen eta, natura gainezkatzailea kontenplatu dudanean, azaldu ditudan behaketa guzti horiek kontsolidatu besterik ez ditut egin.  
   Gaur pentsatzeko astia izan dut Gorka soka luzeetan aseguratzen ari nintzen bitartean, coronavirusaren kontua etorri zait burura. Zer pentsatuko lukete gizon eta  emakume hauek, jakingo balute bitxo mikroskopiko batek, katarro gaizto batek, mundua  gelditzea lortu duela? Sufrimendua eta mina maila gorenean bizi izan duten  pertsona hauek zer esango lukete, ikusi ere ezin dan  zomorro maltzur batengatik etxean gorderik egon garela jakingo balute


 Egia esan bost axolatuko zitzaien gizon eta emakume hauei beraien inguru isolatu honetatik kanpo gertatzen ari zen guztia, denborarik ere ez zuten izango hortan minutua galtzeko, egunerokoak egiten, jatekoa lortzen, nahiko lan izango lukete.



   Lana latz egin duena, bailara eder honetan bizi diren gizon eta emakumeak bezala, Arizio  izan da. Motibazio handia behar da Ason herritik gora horma ikusgarriaren azpira, zelai  malkartsutik motxila trastuz beteta, deskribatu ezin daiteken ahalegin burugabean, hiru  bide zabaltzeko.





   
  Empatia du izena Gorka Lertxundirekin batera Asongo horman eskalatu dudan bideak. Izen hunkigarria dauka, nire testuarekin bat egiten duen hitza.

 

  

Hemen kronika: Uztaila izateko goiza lainotsua eta freskoa zen, euri fin batek bustitzen gintuen. Malda  astunean gindoazen gora, belarra, aitzinean ehunka abelburuen elikagai izango zena, altu  eta hezea zegoen, frakak blai eginda geneuzkan. Ez da distantzia luzea herritik hormara  dagoena, ahalegina ordea handia eskatzen du.


  Sei luze ditu Empatía bideak, eta horrela gainditu genituen guk: Lehen luzea hasiera nondik den ez da erraz ikusten, bi parabolt daude bata bestetik gertu. Guk, hasiera hau era askean egiteko, bigarren parabolta txapatu ondoren, eskuinean dagoen zuhaitz bat erabili genuen altuera pittin bat hartzeko eta paretara eranstera lortzeko, nahiko eroso egiten da horrela. Hortik aurrera hasten da hoberena, asko eskalatu beharra dago luze hau kateatzeko.



   Bigarren luzea antzekoa da, graduz gutxiago izan harren. Bosteko kamalota beharrezkoa da  tramu bat babesteko. Lasai hartzeko luzea dela, inongo presarik gabe, iritzi diot. Izugarri gustatu zitzaidan.


  Hirugarrenak ere diedro sistema berdina segitzen du, baina arrakala ez da ain zabala.  Erorikoa posible bat edozein momentuan gerta daiteke, hauts beltz batek estaltzen ditu  heldulekuak, zalantza eta zailtasuna nahasten dituen konbinazio esplosibo bat sortzen da.

.

   Laugarren luzea bideak duen zailena da. Azaldu behar dut lehen paraboltaren txapa falta zela. Ez da lehen aldia nere idatzietan hau komentatu izan dudala, kordino bat txapan zintzilikatua uzteak arriskuak dakartza; haizearen eraginez askatu egiten dira tuerkak eta txapak erori. Jakinen gainean ginen falta zela, txapa bat eta tuerka generaman gurekin, Ariziok eskatu zigun jartzeko, eta hori egin genuen.




   Puntu horretatik zintzilik hasi genuen luzea, lehen txapa kokatu eta gero. Luze teknikoa iruditu zitzaigun, ez genuen kateatzea lortu, baina pauso guztiak era askean atera genituen, nere ustez duin igo genuen, Jentilbaratzako ikasitakoak ongi aplikatzea lortuz.


   Bosgarrena luzearen giltza sabai batean dago, ez da polita, ondoren datorren eskaladak salbatzen du luzea elegante terminoetaraino. 
  Seigarrena graduz baxuena da, baina konpromisoz handiena, ez dakit zergatik baina   luze hauek ikaragarri gustatzen zaizkit.



      Bide oso ona da Empatía, asko gustatu zaigu, eskalada ikusgarria eskeintzen duen linea da. Zorionak eta mila esker Aritz eta Bittor. 






















2020(e)ko uztailaren 6(a), astelehena

LIZARA - AGUJAS DE LA BALELLAZA - Rojava



   Bazter pare gabe hauetaz urte batzuk gozatzen daramazkigunok, ohartuak gara, denbora gutxian eskalada biderik ez egotetik zona interesgarri bat izatera pasatu dela. 
   Bide gehientsuenak kontsumitzeko sortuak izan dira, eskalatzaileak erakarri eta gustagarri izateko; parabolten laguntzaz mendizalea paretan gora aurreratzean harriak sortu diezazkion trabak ezabatzen dute, ahalegin mentala maila onargarrietara jaitsiz. Ez da Rojava bidearen kasua, bide honek ez du eskalatzailea erakarri nahi, eskalatzaileak marra natural hau bilatuko du, mendi bizipenak dastatu beharrak eramango dute mendizalea Rojava bilatzea.


   Horma bat era askotara igo daiteke, teleferikoz ere, baina gailurrak eskaintzen duen atsedenaz gozatzeko lehenik ahalegin  fisiko eta mentala egin behar izan dugu; Zalantzek estutu ez badigute, gure trebetasunaz dudatu ez badugu, grabitatearen beldur izan ez bagara, ez dugu gailurraren atsedenaz gozatuko.


   Rojava bidea ez da ohikoa, Sirian dagoen erkidegoa bezala, uhartea dira totalitarismo ozeano barruan, itxaropena idealistentzat.


   Nanoren omenez du bideak Rojava izena, Zaragozako mendizalea iazko udaberrian Nepalen zendu zen. Nanok brigadista moduan borrokatu zuen Siriako guduan Rojava askatzeko enfrentamendu bortitzetan. Lizara bailara hartzen duen eskalada gida idazten ari zen Nano istripua izan zuenean, bere lagun Pablok hartu du testigua eta buru-belarri dabil eskalada gida gauzatzeko.



   Bakarka hasi nuen Rojava bidea zabaltzen aurreko udazkenean, baita lortu ere, hiru luzeetan orratz arrotz honen gailurra zapaldu nuen. Ez nintzan gustura gelditu, lehen luzeak ez zidan asetzea lortu. Xabier Artolaren laguntzaz berriro bueltatu naiz leku miresgarri honetara eta lortu dugu Rojava bideak izan dezan merezi duen sarrera.


   Material fixoz garbi geratu da pareta, soilik kordinoa eta iltzea aurkituko ditugu lehen eta bigarren bileretan. Rojava segurtasunaz eskalatzeko bi joko mikro eta bi joko friend, lau zenbaki bat barne, beharrezko izango ditugu. Hormak eskaintzen dituen era askotako arrakaletatik gora igotzen da, giltza arrakala batetik bestera pasatzea delarik. Harri ona dauka eta ongi babesten da. Rojava, bere estiloan, kontuan hartzekoa bidea dela iritzi diot.