2017(e)ko uztailaren 31(a), astelehena

Salida San Fermin Ordesa - El Grumo / Peña Santa - Oparia





   Uztaila 6 zen, txupinazo eguna Iruñean. Festa lehertua zegoen jadanik,  bederatzi eguneko jai eta algara zituzten Iruindarrek aurretik. Ni han nintzen, Noainen, zapi gorria lepoan deramaten jende artean, gure festa partikularra hasteko irrikan. Betiko lekuan geratua nintzen Unai Mendiarekin, Eneko Cesar egun batzuk geroago elkartuko zen gurekin, Chemarik kale egin zigun azken momentuan.



   Salida San Fermin zen irteera honen ezizena, whatsappez komunikatzeko sortu genuen taldea, Alpeak genituen helburu, eguraldi iragarpen petralak zapuztu zuen nahiera. Ordesara zuzendu genituen gure asmoak Unaiek eta biok, gustura mugitzen garen ingurua da hau.


   Unai energiaz betea dago, ezagutzen duen edonork daki hori, proiektu eta asmoez gainezka, kutsatzen zaituzten eskalada ilusioz blai. Zaila, edo, ezinezkoa da bere proiektu bati ezetz esatea. El Grumo bidea era askean saiatzea planteatu zidan, noski, nik baietz erantzun nion.


   2005an Chemarik, Papilak eta Estevez-ek libro abiertoko paretan zabaldutako bidea dugu hau, eskalada artifizialeko hiru luze utzi zituzten Madrildarrak.
   Ekaitza arriskua emana zegoen San Fermin egunean, eguerdian euria egin zezaken. Gure asmoa naturaren kapritxoen eskuetan zegoen, zalantzaz beteta ekin genion abenturari.
   Lortu genuen helburua, era askean eskalatu genuen El Grumo bidea,eta, lehen errepikapena izan ziteken hau ere.


   Kalitatezko eskalada iruditu zitzaigun El Grumo, Mononeuronas bidearen pareko.


   Azalpen xume bat eskatzen duen luze bakarra azken aurrekoa da, 7b eman genion. Bigarrengoz kateatua dago soilik. Lehenengoz joaten kako batetik zintzilikatu behar izan nintzan, burua eta pilak kargatzeko, eskalada askean segitu nuen ondoren, ez nuen aurrera egiteko puntu bezala erabili.


   Era artifizialean zabaldutako luzea da hau, kakoak eta hiltze puntak izan zituzten lagungarri irekieran. Luze honen irteeran zati expo bat dago, 7b graduko pauso derrigorrezkoa, erorketa oso itsusia dauka. Pausoa egiten hasteko zaudenean, plaka batean zaude erregleta batzuei heldua, gainean zulo majo bat ikusten da, bera heltzea izanen dugu helburu. Animo, helduleku oparo hori hartzeaz gero, Totem laranja bat ederki kokatuko duzue bertan, hurrengo pauso zaila babesten du honek.


 Jarraiko tiradan, azkena, ongi estutu beharrekoa dugu ere, iltze bat utzi genuen librean egin al izateko.


   Gustura entzun genuen gauean euria furgonetaren sabaia kolpatzen, lasaigarria suertatu zitzaigun, primerakoa hurrengo eguna deskantsurako hartzea.
   Ekaitz giroak segitzen zuen San Fermin irteeraren hirugarren egunean. Hau ez zen aitzakia izan Rikar Otegi eta Josune Bereziartu El ojo crítico bidea probatzeko. Bigarren aldiz ezinezkoa gertatu zitzaion Unairi harri bloque kaotiko horietatik aurrera egitea, ez zuen oso argi ikusten, hirugarren batean izan beharko zuen. Honekin Ordesako irteera bukatutzat jo genuen.






   Iruñean jaso genuen Eneko, San Fermin festen laugarren egunean, ajea gainetik ezin kendu zebilen parrandaren ondorio. Gu ere nekatuak geunden, eskalada festa aparta izaten ari zen. Erosketa batzuk egin da gero Picos aldera irten ginen.


   Arratseko zazpietan Vegabaños utzi genuen bizkarretan izugarrizko motxilak generamatzala. Guztira hogeita sei friend generaman, bosteko erraldoia barne. Iltze sorta majo bat, janaz tope, hiru laguneko sokadak abantailak ditu.


   Astuna da Vegahuertas aranera iristea, hiru ordu pasako bidea da. Laino itxia izan genuen bide osoan, hezurretaraino bustitzen zaituen horietakoa, haizeak ere gogoz astindu gintuen fuente del Frade inguruan, hurrengo egunetarako eguraldi ona iragarria zegoen, ea egia zen.


   Vegahuertas-ko aterpe irekia betea zegoen, bibakean bilatu behar izan genuen babesa, laino itxiak ez zeukan alde egiteko trazarik.


   Eguzki izpi alaiek esnatu gintuzten lo zakuetan geundela, lainoa joana zen. Gosaltzera aterpera jaitsi ginenerako pare bat sokada irtenak ziren beraien eskaladak burutzera, gu oraindik zer egin erabaki gabe geunden. Gosaldu ondoren Iñaki Arregi bidea saiatzea erabaki genuen, berau librean igotzea zen erronka.
   Hirugarren luzea, artifoko lehena, bustia agertzen zen. Plaka etzan eder batetik hasten da. Zutik jartzen den unean buril zahar bat dago itxura eskasekoa, pauso plakero batzuk egin ondoren, burila beheran bi metrotara duzula, torloju matxakatu bat azaltzen da kordinotxo ziztrin bat lotuta duela, alarma guztiak pizten dira une horretan. Gehiegizkoa, artifizialezko bide batean horrelako brikolajeak ikusteak adierazle dira nolako arriskua izan dezaken berau librean saiatzeak. Atzera egitea erabaki genuen.


   Bigarren aukera probatzea adostu genuen, hainbeste friend ekarri izanaren arrazoia, Unaiek buruan zeraman trazatu berria. Azpitik ongi aztertu ondoren eguna deskantsurako hartzea erabaki genuen, bihar dena eman beharrean izango giñan.


   Arratsean, alferkerian genbiltzala, alaitu gintuen bisita izan genuen, Kapi, Tamaio eta Davitxu azaldu ziren pare bat egun egoteko asmoarekin, egonaldia atseginago gertatu zitzaigun.


   Goiza argitsua eta ederra zen, eta, eskalatzeko gogotsu geunden. Unaik ez zuen aukerarik eman, sokak lotu eta gorantz hasi zen tiratzen ziztu bizian. Terreno errazetik gindoazen sabaiaren azpiko lehen luzeetan, haitzaren kalitatea aparta zen, petatea bizkarrean generaman.


   Sabai azpian geunden, lorez apaindutako koba batetan, hemendik aurrera abiadura moteldu beharrean izango giñan petatea soka auxiliarretik zintzilik igoaz.


   Unaik segitu zuen sokaburu, arrakalan sartua jadanik, zintzilikatu beharrean suertatu zen pauso batetan, guk ere atzetik berdin egin genuen pittin bat garbitzeko asmotan. Hurrengo luzea bustia azaldu zen, arrakala zabal bat da, auswitch bezala batailatzen duguna.
    

   Ondorengoa, Kamasutra tirada, arraroa da, hasiera gainditzeko erdi etzan beharra dago belar batzuen gainean, ez da erraza.


   Bilera honetatik aurrera nik hartzen dut sokaburu funtzioa. Luze eder bat suertatzen zait opari. Hurrengo tirada klabea dugu, behetik ikuskatu genituen bi arrakalak elkartu behar dituen luzea da, zirrara eta misterio kutsua dario. Txundituta nindoan eskalatzen, naiz eta askotan zintzilikatu beharrean izan nintzan, Eneko eta Unairi adierazten diet luze honen kalitateaz, Minoría absoluta bidearen parekoa dela diet, beste opari potolo bat. soka goitik dutela biek kateatzea lortzen dute, nire hitzak baieztatuz, luzea izugarri ona dela.



   Nekaturik nago, erreleboa eskatzen dut, Unai jartzen da sokaburu berriro ere. Txatxi corners igotzen du zintzilikatu gabe.


   Gailurrean gaude hirurok, pozik, zerbait handia egin dugunaren sentsazioz beteta. Laurehun metrotako bide bat irekitzea zailtasun horietan, soilik hiru kordino utziz haitz zubietan, eta gainera bidearen kalitatea aparta izatea, harro egoteko modukoa da.


   San Fermin festaren azken egunean, pobre de mi abesten den horretan, guk ere amaitutzat eman genion gure festari, hurrengorako gutxiago falta dela esanez.



  
   Kronika txiki hau idazten ari nintzela krokis bat heldu zitzaidan telefono mugikorrera. Antza, gure igoeratik hiru egunetara, guk Uztailak 12-han igo genuen Oparia bidea, beste bide bat zabaldua izan omen zen pareta berdinean. Tamalez, eta hau da arazoa, bi luze partekatzen ditu gure bidearekin, eta, erreunioak paraboltez ekipatu dituzte, aseguro finko bat edo beste kokatuz luzeetan. Hizketan gaude eskalatzaile hauekin arazoa konpondu nahian.