lunes, 31 de julio de 2017

Salida San Fermin - Ordesa El Grumo - Peña Santa Oparia




   Uztaila 6 zen, txupinazo eguna Iruñean, festa lehertua zegoen jadanik,  jai eta algara bederatzi egun zituzten Iruñarrek aurretik. Ni han nintzen, Noainen, gure festa partikularra hasteko irrikan. Betiko lekuan geratua nintzen Unai Mendiarekin, Eneko Cesar egun batzuk geroago elkartuko zen gurekin, Chemarik kale egin zigun azken momentuan.
   Salida San Fermin zen irteera honen ezizena, whatsappez komunikatzeko sortu genuen taldea, Alpeak genituen helburu, eguraldi iragarpen petralak zapuztu zuen nahiera. Ordesara zuzendu genituen gure asmoak Unaiek eta biok, gustura mugitzen garen ingurua da hau.
   Unai energiaz betea dago,ezagutzen duen edonork daki hori. Proiektu eta asmoez saturatua, kutsatzen zaituen eskalada ilusioaz blai. Zaila edo ezinezkoa da bere Proiektu bati ezetz esatea. El Grumo bidea era askean saiatzea planteatu zidan, noski nik baietz esan nion.
   2005-han Chemarik, Papilak eta Estevez-ek libro abiertoko paretan zabaldutako bidea dugu hau, eskalada artifizialeko hiru luze utzi zituzten Madrildarrak.
   Ekaitza arriskua emana zegoen San Fermin egunerako, eguerdian euria egin zezaken. Gure asmoa naturaren kapritxoen eskuetan zegoen,zalantzaz beteta ekin genion abenturari.
   Lortu genuen helburua, era askean eskalatu genuen El Grumo bidea, lehen errepikapena ere izan liteken hau.
   Kalitatezko eskalada iruditu zitzaigun, Mononeuronas bidearen pareko.
   Azalpen xume bat eskatzen duen luze bakarra azken aurrekoa da, 7b eman genion. Bigarrengoz kateatua dago soilik. Era artifizialean zabaldutako luzea izanik, kakoak eta hiltze puntak izan zituzten lagungarri irekieran. Luze honen irteeran zati expo bat sortzen da, 7b graduko pauso derrigorrezko bat, erorketa oso itsusia dauka. Pausoa egiten hasteko zaudenean, gainean zulo majo bat ikusten da, bera eltzea helburu izango dugularik. Animo, helduleku oparo hori hartzeaz gero, Totem laranja bat ederki kokatuko duzue bertan, hurrengo pauso zaila babestuz. Jarraiko tiradan, azkena, ongi estutu beharrekoa dugu ere, hiltze bat utzi genuen librean egin al izateko.
   Gustura entzun genuen gaueko euria furgonetaren sabaira erortzen, lasaigarria suertatzen zait, primerakoa hurrengo eguna deskantsurako hartzeko.
   Ekaitz giroak segitzen zuen San Fermin irteeraren hirugarren egunean. Hau ez zen aitzakia izan Rikar Otegi eta Josune Bereziartu El ojo crítico bidea probatzeko. Bigarren aldiz ezinezkoa gertatu zen, ez genuen oso argi ikusten, hirugarren batean beharko du izan. Honekin Ordesako irteera bukatutzat jo genuen.


















   Iruñean jaso genuen Eneko San Fermin festen laugarren egunean, ajea gainetik ezin kendu zebilen parrandaren ondorio. Gu ere nekatuak geunden, eskalada festa aparta izaten ari zen. Erosketa batzuk egin da gero Picos aldera irten giñan.
   Arratseko zazpietan Vegabaños utzi genuen bizkarretan izugarrizko motxilak generamatzala. Guztira Hogeita sei friend generaman, bosteko erraldoia barne. Hiltze sorta majo bat, janaz tope gindoazen ere, hiru laguneko sokadak abantailak ditu.
   Astuna da Vegahuertas aranera iristea, hiru ordu pasako bidea da. Laino itxia izan genuen bide osoan, hezurretaraino bustitzen zaituen horietakoa, haizeak ere gogoz astindu gintuen fuente del Frade inguruan, hurrengo egunetarako eguraldi ona iragarria zegoen, ea egia zen.
   Vegahuertas-ko aterpe irekia betea zegoen, bibakean bilatu behar izan genuen babesa, laino itxiak ez zeukan alde egiteko trazarik.
   Eguzki izpi alaiek esnatu gintuzten lo zakuetan geundela, lainoa joana zen. Gosaltzera aterpera jaitsi ginenerako pare bat sokada irtenak ziren beraien eskaladak burutzera, gu oraindik zer egin erabaki gabe geunden. Gosaldu ondoren Iñaki Arregi bidea saiatzea erabaki genuen, berau librean igotzea zen erronka.
   Hirugarren luzea, artifoko lehena, bustia agertzen zen. Plaka etzan eder batetik hasten da. Zutik jartzen den unean buril zahar bat dago itxura eskasekoa, pauso plakero batzuk egin ondoren, burila beheran bi metrotara duzula, torloju matxakatu bat azaltzen da kordinotxo ziztrin bat lotuta duela, alarma guztiak pizten dira une horretan. Gehiegizkoa, artifizialezko bide batean horrelako brikolajeak ikusteak adierazle dira nolako arriskua izan dezaken berau librean saiatzeak. Atzera egitea erabaki genuen.
   Bigarren aukera probatzea adostu genuen, hainbeste friend ekarri izanaren arrazoia, Unaiek buruan zeraman trazatu berri bat. Azpitik ongi aztertu ondoren eguna deskantsurako hartzea erabaki genuen, bihar dena eman beharrean izango giñan.
   Arratsean, alferkerian genbiltzala, alaitu gintuen bisita izan genuen, Kapi, Tamaio eta Davitxu azaldu ziren pare bat egun egoteko asmoarekin, egonaldia atseginago gertatu zitzaigun.
   Goiza argitsua eta ederra zen, eskalatzeko gogotsu geunden. Unaik ez zuen aukerarik eman, sokak lotu eta gorantz hasi zen tiratzen ziztu bizian. Terreno errazetik gindoazen sabaiaren azpiko lehen luzeetan, haitzaren kalitatea aparta zen, petatea bizkarrean generaman.
   Sabai azpian geunden, lorez apaindutako koba batetan, hemendik aurrera abiadura moteldu beharrean izango giñan petatea soka auxiliarretik zintzilik igoaz.
   Unaik segitu zuen sokaburu, arrakalan sartua jadanik, zintzilikatu beharrean suertatu zen pauso batetan, guk ere atzetik berdin egin genuen pittin bat garbitzeko asmotan. Hurrengo luzea bustia azaltzen da, arrakala zabal bat da, auswitch bezala batailatzen duguna. Ondorengoa, Kamasutra tirada, arraroa da, hasiera gainditzeko erdi etzan beharra dago belar batzuen gainean, ez da erraza. Bilera honetatik aurrera nik hartzen dut sokaburu funtzioa. Luze eder bat suertatzen zait opari. Hurrengo tirada klabea dugu, bi arrakalak elkartu behar dituen luzea da, zirrara eta misterio kutsua dario. Txundituta nijoan eskalatzen naiz eta askotan zintzilikatu beharrean izan, Eneko eta Unairi adierazten diet luze honen kalitateaz, Minoría absoluta bidearen parekoa dela diet, beste opari potolo bat.
   Nekaturik nago, erreleboa eskatzen dut, Unai jartzen da sokaburu berriro ere. Txatxi corners igotzen du zintzilikatu gabe.
   Gailurrean gaude hirurok, pozik, zerbait handia egin dugunaren sentsazioz beteta. Laurehun metrotako bide bat irekitzea zailtasun horietan, soilik hiru kordino utziz haitz zubietan, eta gainera bidearen kalitatea aparta izatea, harro egoteko modukoa da.
   San Fermin festaren azken egunean, pobre de mi abesten den horretan, guk ere amaitutzat eman genion gure festari, hurrengorako gutxiago falta dela esanez.

   























   
  
   Kronika txiki hau idazten ari nintzela krokis bat heldu zitzaidan telefono mugikorrera. Dirudi hiru egun geroago, guk Uztailak 12-han igo genuen Oparia bidea, beste bide bat zabaldua izan omen zen pareta berdinean. Tamalez bi luze partekatzen ditu gure bidearekin, erreunioak paraboltez ekipatu dituzte. Hizketan gaude eskalatzaile hauekin arazoa konpondu nahian.


1 comentario:

  1. Zorionak ekipo!! Hori bai izan dela krixton parranda, Gora San Fermin!!!!¡

    ResponderEliminar