miércoles, 19 de noviembre de 2014

PEÑA MONTAÑESA - Piztu da Piztia







   Denok daramagu “Mr Hyde” bat barruan. Zirikatu ezkero bere loalditik esnatu dezake. Egun hauetan peña Montañesako hormetan gertatutakoak, benetan metamorfosi bat izan da. Errealitatetik haratago doan zerbait gertatu da. Pareta ukitzearekin bat eskuetako hatzak garrak bihurtu zaizkie Eneko eta Arkaitzi. Harrigarria dirudi arren, agian argiaren efektua izan zezakeen, taladroaren sokarekin batera buztan luze bana igarri zitzaien, alde batetik bestera mugitzen zuten buztan berde lodi bat. Une batzuetan ere zerbait basatia sumatzen zitzaizkien begiradan, animalia zen zerbait. Eta nire harridurako, grabitatearen legeak beregana erakartzen zituenean, errealitatera erakarri nahiean, garrasi sakon bat ateratzen zitzaizkien barru barrutik, airearen zaporea dastatzen zihoazen bitartean. Nik ikusi dudana Peña Montañesako hormetan, piztiak izan dira, benetako bi pizti erraldoi.







   Eskaladoreak etengabe bide berriak sortzen ari dira, eta sorkuntza bera dute ardatz nagusia. Mendizaletasunaren enborretik jaio diren ardaxkak; Alpinismoa, eskalada … zuhaitz egin dira. Zuhaitz hauek aldiz beste zuhaizka batzuk ernaldu dituzte. 
   Eskaladaren basotik, horma handitan eskalada zuhaitza hartzen badugu, ardaxka gazte berri bat sortu dela ikusiko dugu. Haitz eskalada klasikoa eta eskalada deportiboaren elkartze fruitua da. 
   Bide nabarmenetatik kanpo, diedro eta arrakalak, plaka estetiko eta tenteak ditu helburu joera berri honek. Taladroa herramienta beharrezkoa  dute, segurtasun minimo bat bilatu nahian,  haitza zulatzea derrigorezkoa denean bakarrik egiten dute. Al izan ezkero seguru flotanteak erabiliko dituzte eta, luze garbia eta zaila bada, hobeto. 
   Teknika honek sorkuntza azpimarragarriak emateko bi baldintza bete behar dituzte eskalatzaileek: Lehena, kirol eskaladan zailtasun handiko eskalatzaileak izatea, eta bigarrena,  zabaldu behar duten marra oso ongi ikuskatua izatea. Bestela, zabaldu nahi duten proiektua beraien nibelaren gainetik suertatu dezake, taladroaren erabilera ez egokia emanez, eta pareta beraien asmoetara behartuz. Garrantzitsua da gauzak ongi egitea, bestela gure oinordekoei ez diegu beraien ardaxka sortzeko aukera emango.