2014(e)ko azaroaren 19(a), asteazkena

PEÑA MONTAÑESA - Piztu da Piztia




   Denok daramagu barruan “Mr Hyde” bat. Bere loalditik iratzar daitekeela zirikatu ezkero. Egun hauetan peña Montañesako hormetan gertatu zena, metamorfosia izan zen, errealitatetik haratago doan zerbait. Arroka ukitze hutsarekin, eskuak atzapar bihurtu zitzaien Eneko eta Arkaitzi. Harrigarria dirudi arren, agian argiaren efektua izan zezakeen, taladroaren sokarekin batera buztan luze bana igarri zitzaien, alde batetik bestera mugitzen zuten isats berdea. Une batzuetan, begiradan ere zerbait basatia antzematen zitzaien, aberekoia den zerbait. Eta nire harridurako, grabitatearen legeak beregana erakartzen zituenean, errealitatera erakarri nahiean, infernuko ohiu bat ateratzen zitzaien erraietatik, airearen zapore mingotsa dastatzen zihoazen bitartean. Nik ikusi dudana Peña Montañesako hormetan, piztiak izan dira, benetako bi pizti handi.




   Eskaladoreak etengabe bide berriak sortzen ari dira, eta egite hori bera dute izanaren ardatz nagusia. Mendizaletasunaren enborretik jaio diren ardaxkak; Alpinismoa, eskalada … zuhaitz egin dira. Zuhaitz hauek aldiz beste zuhaizka batzuk ernaldu dituzte. 
   Eskaladaren basotik, horma handitan eskalatzeko zuhaitza hartzen badugu, ardaxka gazte berri bat sortu dela ikusiko dugu. Haitz eskalada klasikoaren eta eskalada deportiboaren arteko lotura fruitua da. 
   Bide nabarmenetatik kanpo, diedro eta arrakalak, harri trinkoko plaka estetikoak eta tenteak dira joera berri honen helburu. Taladroa beharrezko herramienta dute, segurtasun minimo bat bilatu nahian, haitza zulatzea derrigorezkoa denean bakarrik egiten dutelarik. Al izan ezkero seguru flotanteak erabiliko dituzte eta, luze garbia eta zaila bada, hobeto. 
   Teknika honek sorkuntza azpimarragarriak emateko bi baldintza bete behar dituzte eskalatzaileek: Lehena, kirol eskaladan zailtasun handiko eskalatzaileak izatea, eta bigarrena, zabaldu behar duten marra oso ongi ikuskatua izatea. Bestela, arriskua dago, zabaldu nahi duten proiektua beren mailatik gora gera daiteke, taladroaren erabilera ez egokia eman, eta pareta beraien asmoetara behartu. Garrantzitsua da gauzak ongi egitea, bestela gure oinordekoei ez diegu beraien ardaxka sortzeko aukera emango.
  
 




































4 iruzkin: