2013(e)ko uztailaren 28(a), igandea

ALA DAG - Mendi gorriak




   Zeru guztiak ez dira berdinak, eta, desberdintasun horrek erakargarriago egiten ditu. 
   Ba dira zeru grisak, lainotsuak, goibelak, serio agertzen zaizkigu. Hotzak eta ezeak dira, malenkoliarako aproposak. 
   Ba dira zeru lotsatiak, barnekoiak, behe laino zuri fin batek estaltzen dituena, Euskal herri kostaldekoak bezala. Denbora eman behar zaie, konfiantza hartu behar dute, izkutatzen duten izara zuria altxa dezaten eta, gordeta duten lur emankorraren edertasuna azaltzeko.  
   Ba dira beste zeru batzuek beti argiak direnak, une oro lotsagabeki biluzik agertzen direnak, inungo prejuiziorik gabe, beti, direna, eta, dutena, azaleratzen dutenak. Horrelakoa da Ala Dag mendi lerroaren zeru argitxua, ilunabarrean mendiak eta horma malkartsuak su gorritan jartzen dituen zerua, gauean miloika izarren ikus leihoa.
   Ala Dag mendi lerroa Taurus mendien parte da. Turkiako hego erdialdean kokatua dago, Cappadoziatik gertu. Mendi lerro ikusgarri honen puntarik altuena Demirkazik 3756m da. Azken urte hauetan Ala Dag mendi lerroak ospe handia hartu du munduko eskalatzaileen artean, bertan aurkitu daitezke kalitate handiko haitz eskalada, baita bide berriak zabaltzeko horma paregabeak ere. Jakin ezazue mende bat pasa daramatzatela alpinistak Ala Dag mendilerroan eskalatzen.


   Turkiak bi sarrera ate ditu, Istanbul eta Ankara. Gu Bosforoko hiri ederretik sartu giñan, txundigarria bezain mirestua den Istanbuletik. 
   Irrikan nengoen historiaz betetako hiri hau ezagutzeko, eta ez zidan hutsik egin. Sultanahmet inguruetan ibiltzeak ikaragarrizko zirrara sortu zidan, magina bat liburu orri irakurriak nituen hiri hau abentura iturri zutena. 


   Raúl Gonzalezek eta biok garbi geneukan, beste  bidai batzuetan ere horrela izan bai zen, garraio publikoa erabili behar genuen Turkian zehar bidaiatzeko. Metroa eta autobusak hartuz "mendi gorrietara" iristea zen gure ideia. Esan beharra dago Turkian garraio publikoa oso ona dela, autobus sarea batit bat.
   Bidai luze eta neketsua ondoren, Cukurbag eta Camardi herrien artean dagoen Oz Safak pentsio-kanpinean hartu genuen ostatu. Ez zen hau gure hasierako asmoa, Aladaglar kanpinean egotea zen gure ideia, baina, bidaiatzen duzunean ezer ez da ziurra, autobus gidariak bide bazterrean utzi gintuen, Oz Safak pentsioaren alboan eta, "Basar", etxeko mutila, alaitsu etorri zitzaigunean eskeintza on batekin, asmoak aldatu genitun.



   Denboraz labur genbiltzan ingurua ongi ezagutzeko, bi astetako bidaia zen hau, eta, hamar egun genituen Ala Dagen eskalatzeko. Bi irteera desberdinetan zatitu genuen egonaldia, lau eta bost egunetakoak. Hasteko, Demirkazik aldera jo genuen, mendiaren ekialde horma eskalatzea. Bigarren irteera Emli bailarara izan zen.


    Demirkazik mendira joateko izen bereko herrira joan beharra dago lehenik, gure pentsiotikan bost kilometrotara dago herria. Demirkazik herritik pista bat ateratzen da aterpe etxearen ondotik, pista luze honek Demirkazik mendi aldera eramaten zaitu.
   Guk oinez egin genuen urbiltze osoa, pista barne, motxila erraldoien zama bost ordu luzez eraman genitun bizkarrean iltzaturik. Aukera dago 4x4 bat alokatzea pista zatia kentzeko, horrela soilik bi ordu eta erdi oinez dira kanpamentura. Zaldiz kargak igotzea ere al da, gustuen arabera. Guk ez genuen asko eztabaida behar izan, nahiago genuen zama guztia gure bizkarretan eramatea. 


   Eguzkiak indarrez astintzen ditu paraje hauek, zuhaitzen itzala ez da apenas aurkitzen. Pistatik gora gindoazela ahoa lehor geramala, espejismo baten modura agertu zitzaigun lehen iturria. Ura paraje hauetan mirari bat da, lurretik ateratzen den altxorra. Lurra oso seko egon arren, lore piloak ageri dira non nai, paisaia pittin bat leuntzen du honek. 


   Demirkazil ekialde paretaren azpian ezarri genuen kanpalekua. Agian horrela deitzea gure egonaldiari gehiegizkoa izan liteke, kanping dendarik ez geneukan, soilik lo zakuak igo genitun, bibaka izan zen gure egonaldia, hori bai, xarma berezia duen leku batean. 
   Haitzezko dorre izugarriak inguratzen gintuzten, sumendi baten sabelean geundela zirudien, ur beltzeko laku txiki baten alboan. Gure gainean genituen horma izugarri haietako bat Demirkazil ekialde pareta zen, mila metro pasa altxatzen zen gure buru gainetik.
   Lo zakuaren babesean, bizkarra harrizko esiaren kontra erdi etzanak, txunditurik paisairi begiratzen genion. Ia hitz egin gabe ilunabarraren antzezpena begiesten ari ginen, argia eta itzalaren arteko festa, plazera ikusmenarentzat. Eta bat batean miloika izar dizdiratxuek eszenatokia hartu zuten.
 


   Hurrengo egunean, goiz, eskaladari ekin genion, 1955 urteko bide klasikoa genuen elburu. 
   Azkar burutu genituen lehen luzeak, ez dute zailtasun handitik, haitza ere ona da. Seigarren eta zazpigarren tiradak zertxo bat frenatu zuten generaman inertzia. Segurtatzeko lekuak aurkitzea lan konplikatua bihurtu zitzaigun. Zortzigarren luzearen bileran bitxikeri bat dago, Iraniarren plaka deitzen da. Persiarrek plaka metalikoa oroigarri gisa jarri zuten bidea eskalatu zutenean. 


  Hurrengo luzea ere, bederatzi garrena, berezia iruditu zitzaigun, haitz zati lisoa zeharkatu beharra dago arrakala handi bat hartzeko. Hortik aurrera berriro erritmoa berreskuratu genuen, eguerdiko ordubietarako gailurrean ginen.


   Demirkazil mendi puntatik bistak izugarri politak dira, gure oinetan Turkiako lautada amaigabea zabaltzen zen, urrunean, lurrezko ozeano erre amaigabe batean ugarteak balira bezala, mendi elurtsu zuriak agertzen ziren, eta atzean, Ala Dag mendikateko gailur harkaitzuak leku honen edertasun neurrigabea azaltzen ziguten, hemen eta orain egotearen pribilegio sentsazioa handitzen zuen.


   Jaitsiera ekialde ertzetik egin genuen, bide arrunta da hau. Ongi hornituak dauden rappel batzuk daude, ondoren, kontu haundiarekin haitzetatik behera jaitxi beharra dago. Nabarmena den lepora iristen garenean, ekialde ertza utzi eta kanal batetik, ipar norabidean, azpian ikusten den laku norabidean biratu beharko dugu. Jaitsiera luzea egin zitzaigun arren, arazo handirik gabe aintzira ondoko kanpalekura iristea lortu genuen.


   Hurrengo eguna deskantsurako eta, lekuz mugitzeko erabili genuen. Lasai, Dipsiz-gol lakura mugitu ginen trastu guztiekin.
   Harri bloke baten atzean etzanda geundela, eguzki biziaz al genuen moduan babesten ginelarik, arratseko argitasunaren laguntzaz, Bes Parmak Sivrisi 3520m mendian bide logiko eta natural bat zabaltzeko aukera antzeman genuen. Hurrengo egunerako gure helburua izango da.


   Goizean goiz martxan jartzen gara. Hormaren azpian giñela paretaren itxura aldatu egin zen, perspektiba berriarekin ederragoa egin zitzaigun, handitu ziren gure ilusioak. 
   El pastor eléctrico bidea agerikoa da, arrakala desberdiñak elkartuz Bes Parmak Sivrisi pareta osoa igotzea lortzen du. Luze batzuetan kalidade handiko eskalada aurkitu daiteke. Lehen luzea, hirugarrena, bederatzigarrena eta hamargarren tiradak, oso onak dira, bost izarreko eskalada garbia da. Zazpigarren eta, bati bat, hamabigarren luzea, berriz, delikatuak suertatu ziren. 


   Arratseko lauretan gailurrean giñen. Egin berri genuen eskaladak asko bete gintuen, pozez zoratzen geunden. Oso ona dela ausartzen naiz esatera, bide alpinoa, garbia, eszenatoki paregabe batetan. 
   Gailurrak eskeiñi zizkigun bistak apartak izan ziren beriro ere; gure aurrean, egun pare bat lehenago eskalatu genuen Demirkszil ageri zitzaigun bere ekialde aurpegi ikaragarriarekin. Gure atzean berriz bailara berriak azaldu ziren, gailur ezezagunak, eskalada onez eta erakargarriz beteak, amets alpino batean geunden.


  Jeitsiera oinez egin genuen arista luze bat segiz, ipar-mendebalde norabidean. Cagalin 3612m gailurra eta Cagal col zeharkatu genituen. Arratseko seirak pasa zirela Dipsizgol lakuan ginen berriro. 
  Bide berri hau El Pastor Electrico bezala batailatzeko arrazoia; egun batzuk geroago Emli bailaran ezagutu genuen artzai neka ezinaren omenez izan da.
  Artaldea une oro ondoan duela, gau eta egun, Emli-ko artzaina beti mugimenduan dago. Gora eta bera larreen bila, ardien zelatari, otsoen erasoetatik babesteko zakur ikaragarri batzuen laguntza duela. Keñuen lengoaia erabiliz pare bat komunikazio saio izan genitun.
   



   Demirkazik bailarati jaitsi ondorengo atsedenaldiak ez zuen asko iraun., soilik gau bat pasatu genuen Oz Safak pentsio-kanpinean eta berriro martxan ginen. Oraingoan Basarek, pentsioko mutilak, bere autoan Emli bailara sarrera eraman gintuen. Uda aurrera doan einean, eta, mendiko elurrak urtzen direnean, bailara honetan ura falta arazoa gerta daiteke. Gu egon ginen hilabetean, uztaila, goi parteetan ura aurkitu genezaken, Aksanpinari camp kanpamentuan adibidez, Parmakkaya azpian. Aukera hau kontutan hartu beharrekoa da, bestela, ura Emli bailara hasieran dagoen Sarimemetler camp puntuan hartu beharra dago eta nahiko urrun geratzen da hormetatik. Guk gainera Parmakkaya eskalatu nahi genuen eta lagungarri izan zitzaigun Aksanpinariko iturria. Parmakkaya eskalatzeko grina monolitoaren argazki bat izan zen, liluratuak geratu ginen harrizko zakil handi horrekin.



   Aksanpinari kanpatzeko lekuan geundela, Parmakkaya azpian, aukeratu genuen gure hurrengo erronka izango genuen eskalada bidea, Gold Fingers. Denis Condevaux eta Pascal Duverney eskalatzaile frantsesak 1994-ean zabaldua. Gogorra eta ausarta iruditu zitzaigun, ongi estutu beharrekoa. Plaka dute beti helburu Frantsesek, diedroak eta arrakalak alde batera utziaz. Behetik ongi zabaldutako bide bat da Gold fingers, eta bere izenak adierazten duen bezala urrezko behatzak beharrezkoak dira bide ikusgarri hau gainditzeko. Gainera, esan beharra dago, segurutik segurura kriston distantziak daudela. Sarreran zintzilikatu dudan krokisa guk egiña da, bertan, graduarekiko gure iritzia agertzen da.


   Igoera paregabe hau burutu ondoren, egun bateko atsedenaldia behar izan genuen gure hurrengo eskaladarekin ekin aurretik, Guvercinlik III dorrea. Pareta ikusgarri hau ondoko bailaran dago, Parmakkayatik gertu, beraz ez genuen kanpalekua mugitu, goizean goiz atera ginen soilik eskaladarako materialea gainean genuela.


   Dorre ikusgarri honek Bulneseko Naranjoaren antz handia dauka. Aukeratu genuen bidea, oraingoan ere, Gold Fingers zabaldu zuten Frantsesena da. Denis eta Pascal 1996ean berriro bueltatzen dira Ala dag-ko paretetara eta ezinbesteko bide hau zabaltzen dute.
   Erronka itzela zen guretzako Guvercinlik III, eta, Papy mazout bidea eskalatzea. Parmakkayan hainbeste estutu behar izan genuen eta, Frantsesen beste bide bat aukeratzea, sufritzeko gogoak dira. Oraingoan ere ez ziguten huts egin. 


      
   Lehen luzean argi geratu zen Frantsesak haitz traketsean mugitzeko zuten kapazidadea, maisuki askatzea lortu zuten batere erraza ez zen tirada hau, eta, kalitatea ematea lortu ere. Guk lehen bi luzeak batean eskalatu genituen, 50 metroko tirada amaigabean.
   Hurrengo luzeak tramite utsak ziran, kolore laranga duen horma tentera iristea, seigarren tiradaren azpira. Aipatu berri dudan seigarren luzea gogorra da, kirol eskalada kutsukoa, itxuroso pasatzea lortu genuen.


  Hortik gorako tiradetan bideak plaka bilatzen du eta, baita aurkitu ere, Papy Mazouk bideak kalitatezko plaka luze ezin ahaztu batzuk oparitu zizkigun.


   Gailur zorrotz bat du Guvercinlik III, Guvercinliken punta guztiak lotzen dituen ertz luzearen zati bat. Gailur estu honetara heldu ginenean ez genuen ikusmiraz disfrutatzeko aukera handirik izan, denboraz juxtu genbiltzan, gaua gainean genuen. Errapelatuz jaitsi beharra genuen, gainera, zerua lainoz erabat beltz zegoen, ekaitzaren usaina hartzen genion. Eta zorigaitza gertatu zen.
   Generaman krokisa, "Aladaglar a rock climbing guide", liburutik ateratakoa, oso inprezisoa gertatu zen. Krokisak jartzen zuenez  errapel puntua Papy Mazout bidearen azken bileratik 50 edo 100 metro eskuinetara zegoen. Bidea gailurrean bukatzen zenez, arestatik tiratu genuen rappel sistema bilatzeko esperantzarekin. Milimetroki bilatzen jardun giñan eta ez zen ezer ageri. Hori gutxi balitz, bat-batean ekaitza sartu zitzaigun eta euritan hasi zen. Denbora luzez arestan zehar ibili eta gero, blai eginda, erabaki genuen igotako bidetik rappel egitea. Destrepean ari nintzela, ustez IV graduko azken tiradan, dena lainopean, errappel batekin egin nuen topo. Bi parabolt ziran, frantsesek bidean zehar erabilitako berdiñak. Guretzako, krokisean ageri zen informazioa ez zetorren bat errealitateekin, ez zegoen ongi, hortik behera tiratu genuen. Errapela juxtu kanal baten gainean zegoen eta, logikoena, kanal horretara jaistea zenez hori egin genuen. Sokak tope egin behar zutela, beste rappel batekin topo egin genuen, hau haitz zubi bat zen. Susmo txarra eman zigun errapelak, baina gaua gainean genuenez ez zegoen beste aukerarik, bertatik behera segitzea erabaki genuen.


   Kanala jarraitu genuen soka bukatu arte, eta ez zen beste errapelik azaltzen. Rauli jaisteko eskatu nion, berak, gorago, hobeto begira zezan eskatuz. Raulek kanala utzi eta beste norabide bat hartzeko ito “harrizko dorrea” bat topatu zuen.  Bai, hortik zen, beste haitz zubi bat zegoen ondoan. Berantz segitu genuen, dagoeneko gauak estaliak gintuen eta, frontalen argien laguntzaz gindoazen bidea bilatzen. 
   Hurrengo rappel puntuak beldurra eman zigun, bi haitz zubi ziztrin ziran. Batak, fisurero txiki baten kablea erabiltzen zuen kordino moduan, eta bestea kordino fin zahar bat zen, azken hau aldatzea lortu genuen. Hankak airean genituen, horma oso tentea zen. Metro gutxi batzuk errappel egin eta gero, 20m, beste haitz zubi hobeagoa topatu genuen, zinta zikin batzuekin hornitua. Zintak aldatu eta, bertan bilera segurugoa antolatu genuen. Sokak biltzen ari giñela, hauen erorketan, trabatu egin zitzaizkigun. Tira eta tira, ez zetozen. Soketatik igotzea ezinezkoa zen, non zegoen erantsia ez bai genekigun, asko botatzen zuen atzera paretak. Ez geneukan beste aukerarik. Labana atera eta, bietako soka bat moztu egin genuen, behera jarraitzeko aukera eman zigun honek.
   Jaisten segitu genuen, eta kordino zaharrez hornitutako haitz zubiak agertzen ziran bezala, bi errappel motz egin eta gero, sorpresaz, ilunpetan ez bai genuen zorua ikusten, oinak lurrean trinko jartzea lortu genuen.


   Hau izan zen haitzezko paradisu honetan egin genuen azken eskalada, hortik aurrerakoak, etxerako buelta, orain arte emandako urratsak desegitea besterik ez zen izan.
   
  
   Baliogarri delakoan, guk ordaindu genituen prezioak azaltzen dizkizuet.
Prezioak:

1€ = 2,53 TL
Aeropuertoa – Autobus estazioa ( otogar ) metroz 3 TL
Autobusa Istanbul – Ankara  40TL
Autobusa Ankara – Nidge 35 TL
Autobusa Nidge – Camardi  8TL
Oz Safak Kanping-pensioa   Afaria+ gosaria + denda  40TL pertsona
Emli bailarara igotzeko autoa 60 TL
Istanbulen Hostel bat gosariarekin 11 TL