2011(e)ko maiatzaren 18(a), asteazkena

ANSABERE- BELLEFONT BIDEA

     

Ansabereko orratz handiaren ekialde aurpegia


      Gaur Kukua entzun dut ere. Berriz, motxila eskalada materialez beteta eta patrika diruz hutsik harrapatu nau. Beti gertatzen zait. Logikoa da ere. Zertarako behar dut dirua mendian ? 
      Asko estimatzen dut nik txori lotsati hau. Alfer fama dauka, baina, nik ez dut hori pentsatzen. Nola izango da alferra egun osoa kantuan pasatzen duen animali bat ?  Ez al da garrantzitsua bere abestiekin basoetako bazterrak alaitzea ?  Zer izango zen guretzako Kukurik gabeko udaberri bat ? Helburu materialik gabeko ekintzak, benetan gustu onez egiten direnean, asko estimatzen ditut nik.

Hiru errege mahia eta Petretxema Lizako lepotik

Nahiz eta luzeagoa izan oinez egin beharrekoa, Linzako aterpetik Ansabereko hormetara gerturatzea bururatu zitzaidan, Linza autoz etxetik hurbilago daukat. Goizeko bost erdietan atera nintzan etxetik. Zortzietako Linzan nengoen. Berehala jarri nintzen martxan. Hiru errege mahia mendira doan bidea hartu nuen Linzako lepo arte, eta handik, Petretxemaren azpitik, Anso leporaino. Beste aukera bat  dago, zuzenagoa,  Atxeritoko aterpe ondotik pasatzen dena, baina terreno okerragoa da, leku Karstikotik doa, ibiltzea zailduz. Goizeko hamar erdietan granpoiak jazten ari nintzan Ansabereko orratz handiaren azpian.

Altura hartzen paretan zehar

Niri gertatu zitzaidan bezala, udaberrian elurra topatu daiteke hasierako parte honetan. Ohikoa dudan moduan oraingoan ere krokis gabe nindoan. Nahiz eta etxean ongi irakurri nuen bidearen deskribapena, akatsa izan nuen eskaladaren hasieran, ez nuen antzeman tximini oblikuoa, eta pareta behe partetik eskalatzen hasi nintzen. Hiru luze gehiago egin behar izan nituen bide originala hasten den lekura iristeko.

Sokada bat pareta erdian

 Harria ukitzearekin bat, behin Enrikek bide honetaz esan zidana oroitu nuen.
 - Oso haitz txarra zegok. 
Batzuk espabilatzeko bizkarrean makilarekin eman behar digute, eta askotan horrela ere ez gara iratzartzen. 
Gogorra egin zitzaidan igoera. Azkenengo bi luzeak tortura izan ziran. Ain prekarioa zen dena, harria eskuetan desegin behar zitzaidala zirudien, aurrera egiteak arreta izugarria eskatu zidan. Azken aurreko luzearen bilera iltze bakar batean egin nuen, ez zegoen beste aukerarik, eta okerrena, tirada osoaren seguro bakarra bera izan zela. Era bat hustu nintzen, dena emana nengoen. 
Lainopean iritsi nintzen orratza handiaren gailurrera. Era bat flipatua nengoennolako marroian sartua egon nintzan. 
Punta harritxu horretatik hanka egiteko presa nuen, ez zen giro, Rapel batez behera egin nuen, orratz erraldoiaren eta Petretxema mendiaren leporaino. Azken luze motza ere azkar igo nuen, Petretxemako gailurrera doana, irrikaz nengoen pareta hau bistatik kentzeko. Arratseko zazpiak ziran, pozik nengoen oinez eta sokarik gabe ibili ahal nuelako.



Gailurrean laino artean paretan dena eman eta gero

2011(e)ko maiatzaren 1(a), igandea

ZIORDIAKO ERTZA

   
    Suntsitutako leku honetako harriak bezala, niri pitzatu egin zitzaidan bihotza. Minduak nituen begiak. Burumakur nihoan beheruntz, harrobi madarikatua zeharkatuz, gizakion bizimoldeak zalantzan jarriaz. Lurrari eragindako zauriek ez dira sekula sendatuko. Gaur egun, duela hogei urte bezala... KANTERARIK EZ.

Zauri latzak mendiari

Aurrerakuntzaren ordain saria


     Ramon Trecet irrati esatariak dioen bezala; Bilatu edertasuna, hau bai da mundu honetan pena merezi duen gauza bakarra. Hori egin nuen nik; edertasuna bilatu Ziortzako ertzean.

Hormak apainduak daude


     Ekaitza lehertzeko gogoa sumatzen zitzaion eguraldiari. Etxegarate igotzen ari nintzela beltza zegoen zerua eta bustia zorua. Ziortzan berriz urdin guneak azaltzen ziran laino itxien artean. Urte sasoi honetan gure mendiak eder apainduak daude; zuhaitzek hostoen freskotasuna berreskuratu dute, kolore biziko loratxoak jaio dira non nahai, txorien kantuak bildu dute espazioa, eta, argiaren magiak piztu digu apal geneukan bihotza. Gozatu egin dut harkaitzean gora.

Lehen luzea



Ez dut ezer askorik esateko Ziortzako ertzeko eskaladari buruz, dena esanda dago, nork ez du eskalatu harrizko tibia eder hau? Sentsazio onak izan ditut igoeran, eta amorruaren erredurak, jaistean, salaketa hitzak idazteko gogoa sortu dit.

Lehen ertzeko gailurrera iristen

Bigarren ertza

Azken metroak


Gailurrean Arbarraingo basoa