martes, 27 de septiembre de 2011

ANDASTO- Belladonna, Sapua ta Zikuta bidea

Andastoko pareta

   Gogor jotzen zuen eguzkiak gaur Andastoko paretan, azkenean igo dut Belladonna Sapua ta Zikuta bidea. Urte mordoa pasatu dira Karmel Leizaolak bide honen berri eman zidanetik. – Josebak bide berri bat zabaldu dik Anboto aldean, esan zidan.- Bost luze dizkik eta materialea eraman beharra zegok. 
  Aurrekoan interneten saltzeatzen nenbilen, eta krokisarekin topo egin nuen, gogoratu nintzan karmelekin izan nuen solasaldiaz. Ezin nuen aukera pasatzen utzi, eskalatu beharra nuen.

   Polita eta interesgarria iruditu zait bidea, harriaren kalidadea oso ona da. Fin eskalatu beharra dago pausoak librean ateratzeko, airoso gailurrera iristeko. Konturatu naizenez bidea errepikatzen da, magnesio aztarnak daude helduleku askotan.
   Hormara inguratzea Aramaiotik egin dut. Herrian sartzen zara, eta Gatzaga auzorantz hartu behar duzu. Hiru kilometro dira. Ni Gatzaga bertan utzi dut furgoneta, Zabalandira dijoan pistaren hasieran. Kartel batek kotxeak pasatzea debekatua dagoela esaten du. Nire zalantzak izan ditut bertan utzi edo segitzeko, baina isunaren arriskuak urduri jartzen nau, beraz oinez abiatu naiz Gatzagatikan. Azkenean ikusi dut jendea kotxez igotzen dela goiko langa arte, bi kilometro igoera aurrezten dira. Lau bat kotxe zeuden bertan. 
   Zabalandiruntz segitu dut ondoren pista, Andasto markatzen duen postera iritsi naizen arte. Bide hori hartu dut,  Andastoren gailurrera eraman nau. Kordala hasten den lekuan, pareta azpira dijoan zelaitik behera segitu dut. Ordu eta erdian bertan jartzen zara. Belladona zapoa ta zikuta bidea paretaren  eskuin behe partean hasten da. 

Hirugarren luzea

   Hasierako luzea trepada bat da, giroan sartzen joateko. Bigarrenak plaka etzan batzuk hartzen ditu, azkar igotzen da zati hau. Hirugarren luzea tente jatzen hasten da, lehen pausoa egiteko saiatu beharra dago. Laugarrenak diedro fin bat hartzen du, tetxu txiki batetik ateratzeko ondoren. Bosgarrenak arista segitzen du, gero ezkerretara joaten da diedro baten bila. Seigarrena motza baina interesgarria da, diedro eskalada klasikoa bezala deskribatu nezake.
  Gustora gelditu naiz eskalada hau egin ondoren. Zoriondu nahi ditut hemendik Joseba Aldanondo eta Ibra, lan ederra egin dute.    



Laugaren luzeko diedro fiña

miércoles, 21 de septiembre de 2011

Pico de los Infierno 3.073 m- Garmo Negro 3.051 m


   Ez zen izan mendi buelta hau nire lehen asmoa, lehenago, goizeko bostetan altxata nengoen Peña Telera ipar paretan Soledad bidea eskalatzeko, Fredi Parera eta Antonio Garcia Picazo zabaldutako bidea.               Soledad, aipatu dudan bezala,  Peña Telera ipar paretan dago, diedro Serenidad bidearen ezkerretara. Igoak ditut beste bide batzuk horma hotz honetan, Diedro Norte eta Diedro Serenidad, bi bide hauek Soledad eskalatzeko asmoa nuen teknika berdinean igoak nituen, bakarka. Negu baldintzetan ere eskalatua nuen pareta alpino hau, Rabada- Navarro bidea segitzen izan zen Gasteizko Natxo Fenandezekin.
   Gauaren bakardadean, frontalaren argipean nijola,  zalantzak hasi zitzaizkidan burua kolpatzen. Ez nijoan eroso, dudak sekula ez dira lagun onak izan honelako mobidetan. Zer topatu behar nuen gutxi gora bera bai nekien. Eskalada materialez ondo nijoan. Dudak batik bat harriaren kalidadearen gaitik zetozen, edo, zer motatako bilerak topa nitzazken ere zalantza zen. Bakarka eskalatzen denean, soka bileran lotu eta rapel egin behar izaten da materialea errekuperatzeko. Honek suposatzen du bilerak egokiak behar dutela izan. Krokisak ez zuen ezer zehazten, marra bakan batzuk besterik ez ziran agertzen, zailtasunarekin batera. Beraz, Gran Diagonaleko aldapa igotzen hari nintzela buelta hartu nuen, eta ez zen inongo drama izan, alderantziz, askatasun bat izan zen nire buruarentzako. Lasai beherantz hasi nintzenean, egoera berriaz disfrutatzen nijoan. Eguna non pasatu behar nuen pentsatzea zen orain buruaustea.
   Panticosako Banearioan nengoen goizeko zortzi erdietan. Pico de los Infiernos 3.073 m mendira igotzeko asmotan ain zuzen ere. Motxila errez mugitzen dut oraingoan, bizkarrak eta oinek gustura hartzen dute motxila arin bat. Eskaladako ekipoak asko pisatzen du, eta askotan ezin izaten dugu gozatu ibilaldiaz. 
Bachimañako ibona iristen ari nintzela pareja batekin topo egin nuen. Motxila astun batzuk zeramatzaten. Pico de los Infiernos igo nahi zuten. Ibon de Pondiellos-en gaua pasa, eta hurrengo egunean Garmo Negro 3.051 m igo. Ondoren Panticosako Balnearioa jeitsi. Beraiek agurtu eta gero, gorantz noala, aukera hori interesgarria iruditu zitzaidan. Entzuna nuen trabesi  honetaz, eta orain aukera suertatu zitzaidan burutzekoa. 
 Ibones Azulesera iristean, bakarka zihoan beste mendizale batekin egin nuen topo. Edadetua zen hau, erretiroa aspaldi disfrutatzen ari zenareren itxura zuen, atzerritara zen. Tebarrayko ibona ikusi nahi zuela esan zidan. 
Pico de los Infiernos azken maldetan nekea sumatzen hasi nintzan, hiru mila metroetan gorputza presioaren eskasia nabaritzen haste homen da. Nireak bai behintzat. Gailurrean mokadutxo bat egin nuen bistaz disfrutatzen nuen bitartean. Han urrunean, itzaletan, Peña Telerako ipar pareta zegoen. Ezin dut uka amorru pixka bat sentitu nuela, baina, garrantzitsuena disfrutatzea da, eta nik Pirineismoa egiten gozatu egiten dut. 
Berehala martxan nintzen berriro. Infiernos punta guztiak zeharkatu eta Pondielloseko ibonetara jaitsi nintzen. Lepora iristear nengoela, Garmo Negroko puntan bi mendizaleen figura ikusi nituen.
Garmo Negrorako trepadatxoa erakargarria egin zitzaidan. Bati bat azkeneko zatian granitoa dagoelako. Nik granitozko arestetan ibiltzea gustuko dut. Eguerdiko ordu biak ziran gailurrera iritsi nintzenerako, Pantikosako balnearioa nire azpian zegoen, mila eta laurehun metro berago. Hankak apurtzen ditu jaitsiera honek, xamurragoa izaten da neguan eskiak jantzita ditugula, orduan bai gozatzen dugu aldapa latz honetaz.
 Laurak pasatxo zirela nintzen berriro furgonetan. Guztira ia zortzi orduko buelta izan zen.      
Ibon Bachimaña eta Pico Muga




Pico de los Infiernos eta Tebarray lepoa eskumata





Ibones de Pondiellos eta Garmo Negro