miércoles, 21 de octubre de 2015

HIGH SIERRA - Bidaia



   Sentitu al duzue inoiz, klaustrofobia? Nik motel batetan sartua nengoela pairatu nuen, Reno hirian. Bakarrik nengoen, horrela bidaiatzea erabaki nuelako, planak okertu egin zitzaizkidan eta lo egiten ez duen hiri horretan egonaldia luzatu behar izan nuen.- Eta amets gaiztoaren gauean; Bihotza azeleratu zitzaidan, ezin nintzan ezertan kontzentratu, gelako paretak kartzela bihurtu ziren. Leihora joaten nintzen argitasun bila, eta ikusten nuen panoramak ez zidan batere laguntzen; Motelaren frente nuen Sands kasinoko parkingean, poliziak miaketak egiten zituen. Kale ilunean, ordu txikietan, zeuden pertsona bakanak, norabiderik gabe zijoazen, espektroak moduan. Nire buruari yonki baten tankera hartzen nion, lau pareta barruan giltzaturik bere heroina dosiaren eske zegoen gizajoa nintzen. Inoiz pasaturik baduzue antsietate krisi bat, ez dizuet desiatzen.




   Nevadako hiriburuan gertatu zitzaidan, Bishopera eraman behar zidan autobusak tiratua utzi ninduen, bi egun pasa behar izan nituen jokoaren kapitalean.




   Reno kasinoz beteta dago, izugarrizko eraikinak dira. Circus, Sands... bereganatu dute hiriaren ezaugarria. Inoiz lokartzen ez den hiri bat da, egunez edo gauez pareko dira. Baina, nik uste aurreratu egin naizela, hasieratik astea hobea izango da.




   Bidai honek bi funtzio bete nahi zituen; alpinista aldea batetik, eskalada zoragarriak daude Kaliforniako High Sierran, eta bidaiari sentitzeko desioa bestetik, nire erritmo eta beharretara libre. Lortu nuen, kostata baina lortu nuen.
   Sierra Nevada mendi zerraren ekialdeari, High Sierra deitzen diote mendizaleak. Gailurrik garaiena, Mount Whitney 4421m da. Mendi honek eta inguruko besteak bere ipar aldera erakusten duten itxura, eskalatzaile baten begietan, txundigarria da. Granitozko mendiak eta dorreak dira, bapatean amiltzen direnak bere oinetan dagoen basamortu zabalera. Lur lehor horietan, Bishop, Lone Pine, Big Pine, Bridgeport daude. Herri hauek dira mendi eta pareta zoragarri hauetara gerturatzeko puntuak. Ehundaka western filmetan azaldu diren paiasaiak dira hauek, nire ume garaietan, larunbat arratsaldero, telebistan botatzen zituzten pelikulen grabazioak hemen eginak dira, heroi gogor eta garratzak, pistolak soinean zituztela, bata bestea akabatzen zuen gupidarik gabe.
   Sierra Nevadako ekialdea US 395 errepideak zeharkatzen du. Estatu batuetan, errepideen izenak garrantzi handia dute, batzuk mito ere egin dira. Errepide hau ikaragarri luzea da, bi mila kilometro ditu, Kanadan hasi eta Mexiko mugan bukatzen da, Estatu Batuen mendebaldea, iparretik hegora zeharkatzen du. Errepide honen zati txiki batetan dago Hight Sierra zoragarria.
   Nik, eskalada bidaia hau prestatzeko, Chris MacNamara eta McKenzie Long-en “High Sierra Climbing” liburua erabili nuen. Eskalatzaile famatu hauek, oso begi onez, inguru hauetako eskalada bideen aukeraketa bat egiten dute. Berrogei bide proposatzen dituzte mendi zerra osorako.

Mount Whitney eta ekialde ertza

   Horietatik bi bide egin ditut nik; Mount Whitney mendian dagoen, east buttress ertza, eta Incredible Hulk horman, Red dihedral ikusgarria. Bi bide hauek deskribatzen saiatuko naiz.


Mono village campgraund
   Mount Whitney, bere 4421m-ekin, Estatu Batuetako 48 estatuen mendirik garaiena da, hau da, Alaska estatua kenduta beste guztiak. Honek, leku denetan bezala, jende andana erakartzen du, mendizale orok mendi garaiena igo nahi du. Hau ikusirik, parke nazionaletako buruek, baimen bat ezarria dute mendia igo al izateko, egunero pertsona kopuru batetara mugatua dago sarrera. Imajina dezakezue, udan, ia ezinezkoa dela baimena lortzea. Jakinda gainera internetez erreserbatu daitekeela denbora dezente aurretik, are gehiago zailtzen du baimena lortu al izatea. 



Whitney eta Needles

   Hori zorionez Whitney Trail bidean gertatzen da, oiko bidean alegia. Eskalatzaileak beste bide bat hartzen dugu pareta ikusgarri hauetara hurbiltzeko, North fork of Lone Pine bidea. Hemen, naiz eta erregulatua egon, beste irizpide bat segitzen dute, eskalatzaileak ez omen gabiltza hain tropelean. 




Ekialde ertzean

   Errazena, baimena lortzeko, eskalada egunean egitearena da, igo eta jaitsi egun berdinean. Oso indartsu eta altuerara ongi egokitua behar duzu egon era hau hautatzeko. Beste aukera da horma azpian kanpa egitea, hemen, segun ze garaietan, juxtu xamar ibili dezakezu baimena lortzeko.



Ekialde ertzean

   Nik, eskalada, urrian egin nuenez, ez nuen arazorik izan baimena lortzeko. Urteko sasoi honetan zorte gehiago behar duzu izan eguraldiarekin. Elurtua topatu nuen nik ingurua, eta eguraldi iragarpena ez zen adore ematekoa.



Ekialde ertzean

  Kontuan izan beharreko beste puntu bat, hartzena da. Basozainek oso serio dute gai hau. Dirudi, hartzak, jan usainean ibiltzen direla eta, edozer egiteko kapaz omen dira mokadu bat lortzeko. Bitxikeri bezala, Bridgeport herriko Ranger-ak, Incredible Hulk paretarako baimena betetzen ari nintzela, ea hartzetatik babesteko armarik eraman behar al nuen galdetu zidan. Hau, guretzako, astakeria da, baina, Ipar Amerikan ba dakigu… 
   Oikoena, hartz erasoen kontra, jana plastikozko zilindro sendo eta astun batzuetan sartzea da, beraiek eskuratzen dituzte tramankulu hauek. Nik zorionez ez nuen hartzekin problemarik izan. 



Mount Whitney gailurrean

   Beleek berriz bai egin zizkidaten bihurrikeriak. Mount Whitney ekialde ertzaren kanpalekuan nengoela, hartzetatik nire burua babestu nahian, jana, arroka batean jarria zegoen adar batetik zintzilikatu nuen, eta eskalatzera joan nintzan. Hartza ez zen agertu, beleak bai berriz. Dena jan zuten, eskalada ondoren bailara bueltatzeko nituen jan guztiak. Gau horretako oroitzapenak ez dira atseginak, sabela hutsik nuen, eta izugarrizko ekaitzak astindu zuen kanpa denda gau osoan.
   Eskalada aldetik, Mount Whitney ekialde ertza, ez da zaila, bai aldiz interesgarria. Oso alpinoa da, niri tokatu zitzaizkidan baldintzetan are gehiago. Kanpalekua, Iceberg Lake, dena zuri zegoen, negua ate joka zegoenaren seinale. Paretan, elurtutako pasarteak topatu nituen,eta laino izara fin batek dena estaltzen zuen. Jaitsierako bidea, Mointainer bidea, elur kanal bat zen, zortez ez ziren kranpoi eta pioleten beharrik.
   Asko gustatu zitzaidan bidea eta ingurua, gogoz saiatu behar izan nintzen eskalada hau lortzeko, eguraldia bihurri xamar zebilen, eta ez nuen denbora soberan, hartu edo utzi.


Incredible Hulk pareta

   Incredible Hulk paretara joateko ere baimena beharrezkoa da. Hau Bridgeport herriko Ranger etxean lortzen da. Normalean Mount Whitney-en baino arazo gutxiago izaten da eskuratzeko. 


   


   Bridgeport herritik, Mono Village-ra joan beharko dugu Incredible Hulk hormara iristeko. Herri horretatik hamabi milatara dagoen zona errekreatibo bat da hau, auto-stop egin beste aukerarik ez nuen izan Mono villagera ailegatzeko, ez dago garraio publikorik.




 Mono village aisialdirako sortutako kanpamentu bat da, itsuraz udan jendez gainezka egoten dena. Izei baso erraldoi baten erdian, Upper twin lake lakuaren ondoan, mendi garai eta dotorez inguratua, paradisua da Mono village.



Incredible Hulk pareta
   Incredible Hulk hormara iristeko ongi begiratu beharko ditugu mapak eta erreseinak, ez da bide arrunta. Mono villagetik Robinson creek trail hartu beharko dugu, ondoren, belardi zabal bat zeharkatzen ari garela, piñu handi eta bakarti baten ondoan, bide hau utzi eta ezkerreko magalera tiratuko dugu bertatik igotzen hasteko. Motxila astunekin lau edo bost orduko bidea da kanpatzen den lekurarte, bibak eder bat dago harri blokez egina.
   Pareta hau izugarria da, oso estetikoa. Azken urte hauetan asko errepikatzen ari dira bertan zabalduak dauden bideak. Asko dira, eta zailtasun handikoak gainera. Red Dihedral bidea,nik eskalatu nuena, bide klasiko bat da.



Red dihedral hirugarren luzea

   Arratseko eguzkitan, mendebalde orientazioa du hormak, harria suaren kolorearekin pizten denean, arrakalak zainak balira bezala agertzen dira, eskalada bideak garbi azalduz. Red diedral nondik igotzen zen argi ikusi zitekeen, hurrengo egunean ez nuen bidea bilatzen denborarik galduko.
   Urrian eta altura horretan goizeetan fresko egiten du. Gainera, gau luzean zehar ibili zen haize bortitzak ez zidan egun sentian nagiak ateratzen lagundu. Baina kartak botata zeuden jadanik, horrela beharko zuen izan. 
   Eguna argitzearekin bat martxan nintzen. Tentuz eta patxadan jantzi nituen eskaladarako beharrezko nituen materialak bidearen azpian. Harriaren ukitua ez zen ona. Behatzek ez zuten ongi sentitzen heldulekuen ximurra, zaila ez zen harren arriskutsu iruditu zitzaidan bidearen hasiera.
   Hirugarren luzera iritsi nintzenean, hau da Red diedral bidearen giltza, konturatu nintzan, diedro zoragarri hori bakarka eta librean igotzeko ez nuela material nahikorik. Hirurogei metroko arrakala garbiak camalot ertain pilo bat eskatzen zizkidan, eta ez nituen. Seguru jokatu nuen, ez nengoen arriskuan jartzeko egoeran, erorketa handi batetan min hartzeko moduan. Eskalada artifiziala erabiliz gainditu nuen diedro zoragarria.
   Luze horretatik aurrera gehiago gozatu nuen, naiz eta haizeak nire sokari bihurrikeriak egiten segitzen zuen, pittin bat apalagoa zegoen. 
   Bakarka eskalatzen denean honelako horma bat, luze egiten da. Bi aldiz igo behar izaten duzu pareta, eta noski, bi aldiz jeitsi. Bi lagunen lana batek egin behar izaten du. Gustura iritsi nintzen gailurrera eta, bertan zegoen metalezko kaxa laranja barruko koadernoan sinatu, honek, egin nituen ahalegin guztiei zentzua emango lioke bezala.


Red dihedral bostgarren luzea


   Jaitsiera ez da zaia, bai kontuz ibili beharrekoa. Ehun bat metro eskalatzen jaitsi beharra dago koiadutxo batetara. Harria oso ona da eta horrek konfiantza ematen du. Koiadutik behera kanal bat segitzea da kanpamentu arte.


Incredible Hulk gailurretik




   Egun batzuk nituen oraindik. Tamalez eguraldi txarra sartu zen. Udazkeneko ekaitzak elurtu zituen berriro Sierra Nevadako gailurrak. Aukerak aztertuta, Bishop inguruan dauden Bulder zona famatuak ezagutzea erabaki nuen.
   Benetan txunditurik geratu nintzen lekuaz. Blokeen kalitatea aparta da, mundu osoko jendea etortzen da zona honetara bloke egitera,eta bati bat, inguruaren edertasunak txunditu ninduen.

Buttermilk bulder zona


   Bi zonatan ibili nintzen estutzen. Buttermilk famatuan, eta, Happy Bulders ez ain ezagunean. Autorik ez nuenez mugitzeko ostatu hartu nuen California hostelekoek bizikleta bat utzi zidaten eskalatzera joan ahal izateko.
   Lehena, Buttermilk, aspalditik da oso ezaguna. Hirurogei garren hamarkadan Yosemite aranean bizi ziren eskalatzaileak egin zituzten harri koskor hauek famatu. Neguan, elurrak Yosemite geruza zuri batez estaltzen zuenean, bertan bizi ziren eskalatzaileak trasteak biltzen zituzten eta honuntza etortzen omen ziren hotzaldia pasatzera. 
   Blokeek harri granito kalitate ezin hobea dute. Azpiak oso garbiak dira, harea fin bat dago, segurtasuna ematen die erorketei.
   Aipatu dudan moduan txirrinduan egin nituen bloke zonetara hurbilbideak, eta Buttermilk kasuan ez zen makala izan. Hogei bat kilometro aldapatsu dira, azken zatia pistaz, utzi zidaten bizikleta koskorrarekin oso neketsua egin zitzaidan.

   Harri bolkaniko blokeak ditu Happy Bulders-ek, arrakalak eta sapaiak oikoak dira. Blokeen azpiak ez dira Buttermilk bezain onak, beraz bakarrik ibili ezkero, eta koltxonetarik gabe, nire kasuan bezala, kontu gehiagorekin ibili beharko dugu. 
   Zona hau askoz gertuago dago Bishop-etik, bizikletaz txango atsegin bat da.
   
   Bidaiaren datu batzuk pasatzen ditut, agian norbaitek baliagarriak ditu:
   Garraio publikoa erabiliz eta auto stop eginez burututako eskalada bidai bat da hau; Ordiziatik, trenez, Donostiara joan nintzan lehenik, Urriaren bosta zen. Gipuzkoako hiriburutik, autobusez, Madrileko aireportura ondoren. Hegazkinez San Franziskora, eta autobusaz berriro, Reno-ra iritsi nintzen Urriaren zazpian. Reno hirian urriaren bederatzian hartu nuen autobusa Bishopera joateko, eta High Sierra aranean auto stop eginez ibili nintzen. 
  Guztira hamabost eguneko bidai bat izan zen.

 
California Hostel lema

   Norbaitentzat lagungarri izango delako, aiba bidai kostu batzuk:
Hegazkina Madrildik - San Franciscora  600€ ateratzen da +-
Metroa San Franziskon, aireportutik Greyhound autobus geltokira joateko 8,5$
Autobusa San Francisco - Reno  36$
Reno-n Motela edo Kasinoren bat 40$
Autobusa Reno - Bishop  53$
Hostelak Bishop, Lone Pine  28$
Campground-ak  22$
Erosketa normalak, jana, etxean baino garestiagoak dira.
Diru kanbiorik hoberena, txartelarekin egiten da.
Estatu Batuetatik bidaiatzeko, erosoena, kotxea alokatzea da. Merkea eta erraza da egiten.
   Nik ordea beste egoera bat bilatzen nuen...