2015(e)ko azaroaren 28(a), larunbata

MONOLITO DE LEIRE - Gartxot



   Motibazioa izatea beharrezkoa da gauzak egiteko, energia iturri agortazina da. Kiroletan are garrantzi handiagoa hartzen du motibazioak, adibidez, egun horretan eskalatzera joateari edo ez joateari buruz izan ditzakegun zalantzak uxatzen laguntzen digu.
  Hori jakinda, arrazoi motibagarri bat bilatu besterik ez dago. Nik, adibidez, eskalada bide berri bat sortu nahi dudanean, sorkuntzari jarri nahi diodan izenak motibazio puntu bat ematen dit. Irekitzen hasi aurretik, buruan izen bat izaten saiatzen naiz. Horrek beldurra gainditzen eta aurrera egiten laguntzen dit. 
   Batzuek etxea teilatutik eraikitzen hasten naizela pentsatuko duzue, beste batzuek planteatzen dudan hau egitea oso zaila dela, batez ere sorkuntza bi edo hiruko sokadan egiten denea. Ez da horrela, nik izen bat daramat buruan, horrek ez du esan nahi behin betiko izena izango denik, inondik ere ez, baina bai eragin motibatzailea ematen didala.




   Eskaladako nire bideen sorreran oroitzapen nostalgikoetan murgilduta, eta adibide batzuen bila, Intsumisioa bidearen izena etortzen zait burura, motibazio efektu garbia izan zelako hau. Aldarrikapen motibaziorik gabe ezin izango genuen bide ikusgarri hau sortu Paineko erdi dorrearen ekialde aurpegian: gazteentzat garai zailak ziren, soldaduska egitera eta armak hartzera behartzen gintuzten.
   Intsumisioaren aldeko sinbologia eta oihu erreibindikatzaileak ez ziran falta Campo Torres basoan, Paineko dorreen azpiko kanpamenduan. Bertara hurbiltzen zen edonork jasotzen zuen gure mezua, eskalatzailea, mendizalea edo turista izan, eta askok bat egiten zuten gure aldarrikapenarekin.




   Baina, zergatik jarri Gartxot izena Leireko orratzean eskalada bide bati? Eta zergatik eragin dezake horrek motibazio efektua nigan? 
   Gartxot Itzaltzu herriko kondaira batean oinarritutako liburu bateko pertsonaia da, Arturo Campionen "El Bardo de Itzaltzu". Erdia Aroan girotutako dagoen istorio honetan, Gartxot bere errimekin plazaz plaza herri kultura zabaltzen doan bertsolaria da. Orreagako gerraren kontakizunak dira kultur transmisio horietako batzuk. 
   Istorioak dionez, Leireko monasterioaren menpeko Itzaltzuko monasteriora fraide atzerritar batzuk etorri zirela. Hauek beren ideia kulturalak ezarri nahi zituzten. Gartxoten kantu jarduera ez zitzaien gustatzen eta zentsuratu egiten zuten. Aldiz, bere seme Mikelats monasteriok bahitu zuen koruan kantatzera bahartzeko. Gartxotek ezin zuen hau jasan eta Mikelats askatu eta berarekin ihes egiten du du. Gartxot eta bere semea jazarriak eta preso hartuak dira.
   Azkenean, istoriaren krudeltasunean, Gartxotek bere eskuekin hiltzen du Mikelats. Nahiago zuen bere semea hilda ikusi monasterioan sufritzen utzi baino. Gartxoti heriotza zigorra ezartzen diote.
   Istorioak benetan hunkitu ninduen. 2011-ko pelikula animatu batean, Juan Jose Elordik eta Asisko Urmenetak ezin hobeto kontatzen dituzte gertaerak.
   Istorioa askatasun aldeko aldarria da. Kondairak salatzen du kultura batzuk, interes ezkutuen pean, beste batzuen gainetik jarri direla.
   Leire monastegia, monastegi guztiak bezala, ideia kultural eta sinismen erlijioso batzuk ezartzeko sortu ziren, eta guztien kalterako, beren misioa behar bezala burutu zuten.
   

   Nire ustez, Gartxot bideko eskalada ezin hobea da. Eskalada luze on batekin hasi eta beste bikain batean bukatzen dela esan daiteke, bidearen kalitatea eta edertasuna igo ahala handitzen da. Eskalada tradizionala da, kalitate handiko plaka trinkoan.
   Hormara iristeko autoa Leire monastegiko aparkalekuan utziko dugu. Pareta oso nabarmen agertzen da gure aurrean. GR 13 bidea jarraituko dugu, marka zuri eta gorriak dituena, Errokarikoen  Abelbidea izenez ere ezaguna. Pista batek puntu berera eraman gaitzake, baina buelta handiagoa emango dugu. GR 13ak pista hau ainbat puntutan zeharkatzen du. Abelbidean zehar arte itzelak topatuko ditugu, Euskal Herriko historia gorabeheratsuaren lekuko mutuak. 
   Pistarekin bat egiten dugun lehen aldian ez dugu pista hau hartuko, abelbidetik jarraituko dugu. Berriro pistarekin topo egiten dugunean, ezkerrerantz hartuko dugu. Berehala ikusiko dugu orratzaren azpian gaudela. Puntu horretan, Leire orratza gure gainean dugula, harrobiaren eskuineko hegala igotzen hasiko gara pareta azpira iristeko.
  


  Lehen luzea sapai batetan hasten da. Gogorrak dira lehen mugimenduak, perabolt bat dago lagungarri moduan, nik A0 egin nuen lehen pauso honetan. Mugimendu zail horiek gainditu ondoren, hormak inklinazioa galtzen du, eta kareharrizko atal on batean sartzen da, beti ere ezkerreko goranzko joeran.
 Bigarren luzeak, lehenaren antzera, plaka eskalada zoragarria dauka, eta aipatu dudan moduan, eskaladak kalitatea hobetzen du. 
  Hirugarren tiradan gauzak gogortzen hasten dira, bilera irteera zorrotza dauka, saiatu beharko dugu hori gainditu ahal izateko.
  Laugarren luzeak estu hartzen gaitu, arroka trinkoko oihalak fin ibiltzea eskatzen du.
  Bosgarren eta azken luzea bideko zailena eta onena da, delicatessen hutsa. Haitz perfektuko horma paregabe batetik doa. Irteeran prest egon beharko dugu aseguru finak jartzeko.  


Laugarren luzea zabaltzen.

Seigarren luzearen hasieran.

seigarren luzearen erdi partean.

Arkaitz seigarren luzeko azken partean

   Gailurretik jaisteko bi aukera daude: gailurretik iparrerantz errapel egiten badugu, errapel luze batean ipar lepora iritsiko gara. Aldiz Gartxot bidearen azken luzea errapelatzen badugu, bostgarren bilera ondoko artea zuhaitz handiaren albora, artesi estu bat hasten da hemen ipar lepora eramaten gaituena, soka beharrezko izango dugu zeharlaldia egiteko. Ipar aurpegiko bidearekin bat egiten dugunean errapel txiki batez ipar lepora iritsiko gara. Mendi-lepo estu horretatik mendebaldeko hegalerantz doan kanaletik behera jaitsiko gara ondoren, arrobi aldera. Tentuz jaitsi beharko dugu lehen zatian, tentea da eta eskalatuz behera egin beharko dugu.




   Bide hau bakarka hasi nintzen irekitzen. Ivan Urzelai batu zitzaidan ondoren eta bultzada ederra eman genion bideari. Eta bukatu Arkaitz Yurritarekin batera egin nuen, azken luze zoragarria batera ireki genuen. Benetan eskertzen diet bi lagun hauei nire motibaziorekin bat egin izana.


Hirukotea osatzeko Ivan falta da