2011(e)ko apirilaren 18(a), astelehena

MIDI D'OSSAU IPAR-MENDEBAL PARETAN RAVIER BIDEA



   Noizbait gertatu zaizue Pirineoetatik bueltan kotxea gidatzen zoaztela burua erabat erlaxatua sentitzea? Bolantea eskuekin laztantzen duzu melodia konpasatzen duzun bitartean, furgoneta inguratzen duen musikak hunkitu zaitu. Zurekin eta munduarekin bakean sentitzen zara. Mila aldiz egindako bidaia atsegina da zuretzat. Niri bai, lehengokoan gertatu zitzaidan, Midi d'Ossautik bueltan.


    Hiru osagai behar dira erlaxazio osora iristeko: lagunarte ona; kasu honetan konplizitatea primerakoa zen, Kepa Escribano eta Ivan Urzelai nerekin ziren furgonetan. Bigarren osagaia klimaxa iristeko musika ona entzuten joatea da.;Luis Caminoren Indiosincrasia CDa nuen jarria, eta, doinu ameslari horiek emozioz beteriko oroitzapenetan murgildu ninduten. Nahasketa magikoa osatzeko hirugarren eta azken elementua: gorputza txikituta edukitzea mendiko jipoi baten ondoren; hamabost orduko eskalada generaman gorputzean Midi d 'Ossoeko iparraldeko pareta eskalatu ondoren.

 
   Guzti honek sortzen duen efektua oso zaila da deskribatzen, baina, ausartuko nintzen esatera bakea dela, bake pertsonala.


   Zaila da eskalada plan bat egitea, eta, are zailagoa zer eskalatu behar dugun pentsatzea. Normalean, irteerako partaide bakoitzak asmo bat dauka, eta, batzuetan, ados jartzea benetan zaila suertatzen da. Beste alde batetik, eta hau izan zen gure kasua, Pirineoak ez zeuden bere baldintza honenetan; goizean goiz elurra gogorra zegoen, baina, tenperaturak pixka-bat gora egitearekin azukrea bihurtzen zen elementu zuria. Haitz paretak garbiak zeuden behintzat. Azkenean, eztabaidatu ondoren, Midi ipar paretan dagoen Ravier bidera joatea adostu genuen.


   Goizeko seietan atera ginen furgotik Pombiruntz. Aterpea ia ikuitu gabe pasatu genuen eta Peygeret lepora jo genuen. Muino hau pasatu eta Petit Pic zeharkatu genuen, mendebal aldetik lehen, ipar aldetik ondoren, Embarrader zirkora iritsi arte. Ravier edo Ipar-iparmendebalde bidea, zirkoaren ezker partetik hasten da. Udaberrian zirko ikusgarri honen azpian elurra egoten da, beraz basera iristeko granpoiak eta pioletak beharrezkoak dira. 


   Bederatzietarako bidearen hasieran ginen. Eskalada nahiz eta zaila ez izan, motxilaren zamak astunagoak egiten ditu mugimenduak. Behe parte honetan bide originala jarraitzea ia ezinezkoa da. Aukera mordoak daude gora egiteko.  Guk segitu genuena pixka bat ezkerrera eraman gintuen ipar-iparmendebalde ertzaren ingurura. Embarradereko arteka beherago eskuinean utzi genuen. Bellefon bidearen bigarren partea ez zitzaigun eroso geratzen ere, bati bat botak eta granpoiak berriro jantzi beharko genituelako; hori Ivanei eta niri, zeren Kepa, alpinista on bezala, hasieratik botekin zihoan eskalatzen. Beraz, ertz erakargarri horretatik tiratu genuen gailurreraino. Arratseko bostetan gailurrean ginen, nekatuak eta pozik. 


   Jaitsiera oso delikatua zegoen. Hitz egokiagoa erabiliz, kaka egina zegoela esango nuke. Ez zen elurra gelatutako elementu hori, azukrea baizik. Kontu handiz, beheruntz eskalatzen, errapeletara iritsi ginen. Gaueko bederatzietan furgoan ginen berriro, egundokoa hartuta.








2011(e)ko apirilaren 7(a), osteguna

KANPAZAR - ANBOTO BIZIKLETAZ ESKALATZERA




   Bero zen atzokoan Euskal Herrian, hezetasun sargoria, jota uzten zaituzten horietakoa. Orain dela bi aste leku honetan nintzen ere, Kanpazarko gainan, eta asmo berdinekin abiatu nintzan "paseo" hau egitera, baina, orduan guztiz kontrakoa izan zen, hotza eta behe lainoa zegoen, buelta hartu behar izan nuen Zabalaundiko lepoan Anbotoko eki pareta ez bait zen ikusten. 
Anboto urrunean ageri da oraindik

Anboto Besaidetik


   Atzokoan berriz egun argia izan nuen burutazio hau egiteko. Kanpazarretik goizean goiz abiatu nintzan bizikletan eskalada materialea neramala. Besaide barrenatik pasatu nintzan lehenbizi, Tellamendi azpitik igaro nintzan gero, eta ia bi ordu pedalei eragin ondoren Zabalaundin nengoen berriz ere. Oraingoan baldintzak bestelakoak ziren, Anbotoren ekialdeko aurpegiaren handitasun osoa ikus zitekeen. Iritxi orduko motxila bizkarrean jarri nuen eta hormarantz hurbiltzen hasi nintzen. Exkillarko kobatik rapel txiki bat eginez pareta azpira iristea lortu nuen. Ikusi nuena gaitik eskalatzaile batzuek lan mardula egin dute pareta hauetan, parabolt berriak agertzen dira non nahi. 

Tellamendi azpian


Ezkillako pasabidea

Anbotoko pareta Exkillatik

 Lehen luzeetan

Oraindik pareta asko dago aurretik


   Eskalatzaile senari jarraikiz txapa distiratsuenak segitzen ditut. Horma handiaren eskuin aldetik noa, ez dut marra ezagutzen.  Oso zaila egiten zaizkit mugimendu batzuk, bakarka eta era askean noa, aldiro agertzen den guztira heltzen dut. Irteera kurioso batetik lortzen dut ateratzera, niretzako gaur eskalatu dudan luzerik politena, Koba batean sarturik, tximini eder batetik egiten dut gora. Ez galdetu zein den bere izena, ez bait dakit. 

Lisoegia librean aritzeko


Azken luze kuriosoa

   Hausnarketa moduan esango dut, paretak pena merezi duela, bati bat ikusirik Euskal herrian horma handi gutxi ditugula. 
  Anbotoko bide arruntetik oinez jaitsi ondoren, Zabalaundin, bizikleta gainera igo nintzen berriro eta pedalei eragiten hasi nintzen Kanpazarera bueltan. Baten batek honelako gerturatze ez ohikoa egin nahiko balu, jakin dezala Urkiolatik motzagoa eta erosoagoa dela pista. Baina ikusten dezutenez niri gustatzen zait gauzak pixka bat aldrebestea.