Zelaitxo
bat belar finez eta suabe batez estalia, olibondo baten gerizpean etzana nago
loaren goxotasunak erdi harrapatuta, ondoan, igerilekuan, umeen jolasen hotsak
gozamenaren froga dira, aurrean, ia nire gainean, haitz horma eder eta
erakargarri bat dut, ordu batzuk lehenago bertan nengoen ahalegin zentzugabean
murgildua: zer eskatu nezake gehiago? Agian bihar ere, gaurko egunaren moduan,
eskalada bidea izan dadila kalitatezkoa.
Ustekabean etorri gara Aguerora,
ez zen gure asmoa, aukeren barruan ere ez zegoen, zorioneko kointzidentzia
batzuek ekarri gaituzte ona.
Lehen aldia da Agueron nagoela,
ondoan dagoen Riglosek eraman izan du beti nire atentzioa, Agueron eskalatzeko
zer zegoen ere ez nekien.
Herriko kanpinean kanpatuak gaude, kafetegira joaten naiz eskalada informazio eske, suertez Carlos dago bertan, kanpineko arduraduna da, berak azaldu dizkit eskalada bideen egoerak eta kokapenak.
Dani Ascaso, Dani Santorens, Gorka, Conrado eta Miguel Madozek 2014-ean zabaldutako, Pajaro de buen aguero bidearekin hasten naiz eskalada saioa, oso bide ona da, era bat gomendagarria. Hirugarren luzea asko gustatu zait, oso ongi zabaldua dagoela pentsatzen dut, lasai hartzeko tirada da.
Eskalatu dudan bigarren bide
luzeak Dominguitremendi du izena. Bide honen
lehen igoera ere Miguel Madozek eta Conrado Domingok sinatu zuten, Peña Sola
igotzen du hiru luze eleganteetan. Egun beroetarako oso aproposa da bide hau, itzala eta
haizea topatuko ditugu mailo eder honen
atzeko karrikan. Naiz eta behetik zabaldutako bide bat izan, kirol eskalada
zentzua du marrak. Bigarren luzea asko gustatu zait, ikaragarri ona da.
Hirugarren tirada berriz, nire iritziz, erabat gainditu zituen lehen
eskalatzaileak, zulatzailea gehiegi erabili behar izan zuten pasarte batzuetan,
Ae-ak sortu zituzten, bidea desitxuratzen. Carlosek komentatu didanez,
hirugarren luze honek 7a+-eko zailtasuna du, nire iritziz askoz gehiago da,
ez dut librean egin. Pantza pare bat ditu bloke mugimendu oso gogorrekin.
Hirugarren eskalada saioa kirol
eskaladarako sektore batetan egin dut, El Purgatorio su izena. Goiza lainotua esnatu da, itxaropentsu
gerturatu naiz sektore honetara, saioa bukatzerako eguzkitan nago eskalatzen.
Asko gustatu zaizkit bideak.
Carlos-eri ere jakin mina sortu dio bakarkako eskaladak. Maiz gertatzen zait, eskalada mota hau ohikoa ez denez, askok, teknikaz galdetzen didate. Carlosek probatua omen dauka teknika hau, baina zalantza asko sortzen dizkio, saiatu naiz zalantza hauek argitzen. Berak ere, bakarkako eskaladaz berba egin dudan beste askoren moduan, onurak ikusten dizkio eragozpenak baino, eta azken hauek, eragozpenak, gauza guztien moduan, landu egin behar dira desagertzeko.