lunes, 28 de diciembre de 2020

TXINDOKI - Eskola Pioletorum bidea

 


Paisaia bat, edo, inguralde batean agertzen diren eszenak, erakusteko, hitzak baino hobeak imajinak direla ez dut dudarik. Idazle aparta behar duzu izan irakurleak burmuinean inguruko marrazki egokia konposatu ahal izateko.




Saiatu izan naiz behin baino gehiagotan, ahalegina handia egin dut paisai miresgarri hauek deskribatzen, behartuta askotan; zintzilikatu nahi nituen argazkien kalitatea exkaxa zelako, edo, idazteak berak motibatzen ninduelako. Hizkiez paisaiak deskribatzea ariketa zaia dela iruditu zait beti.



Azaldu nahi dudan azken eskalada honetan hitzak soberan daudela iruditzen zait. Atera ditugun imajinak ederto islatzen dute zer den, eta zer egin dugun, Txindoki mendia neguko gordintasunak estaltzen duenean.



 Oraingo honetan eskalada imajinak egoki jasotzerakoan faktore asko aldeko izan ditugu; eguraldia hotza eta argia zen, Iker Artolak ez du nagikeritasun apurrik argazki kamera ateratzeko, eta horma hurbiltzen ari ginela Ramonekin egin genuen topo, pareta azpitik atera zizkigun argazki eder batzuk.



Behingoz esan dezaket hitzak alferrik daudela, imajinak adierazten dutela eguna nolakoa izan zen. Bakarrik azaldu Iker Artolarekin eskalatu nuen bidea Eskola pioletorum izan zela, irteeran bariante berri bat sortuz, M5+/M6 zailtasuna izan dezakeena.






































domingo, 13 de diciembre de 2020

TXINDOKI E-Taldea

 


Aitortu beharra daukat berdin zitzaidala, eszeptiko nengoela. Baliteke ilusioa pittin bat galdua ere, ohituraren inertziari frenoa sakatu izan banio bezala. Oikoena gogo betez egotea izango nuen, noiz iritsiko desiratzen, eta ez da horrela izan; ezin ukatuko dut honek larritzen nauela.




Xabierren bultzada erabakigarria izan da, bera bai zegoen gogotsu, Txindokin neguko eskalada probatzeko irrika zegoen nire lankidea. Adore horri esker igo gara infernu zuri horretara, eta ez diogu hutsik egin Goierriko negu eskalada hitzorduari.



   Zertaz ari naizen saiatuko naiz azaltzen, eskalada hauen berezitasunak argitzen.



   Lehenik; giroa da garrantzitsua, neguko baldintzak behar dira benetako bizipenak sentitzeko, eta hau tamalez gure mendietan, ez da erraza izaten.




   Elurra egiten ari dela, gehienetan, izaten dira baldintza horiek, hau da, ekaitza astintzen ari denean. Jakin, egun batetik bestera, edo ordu batzuen bueltan, pareta zuria egotetik harri gorrira pasa daitekeela. Aizkorrin gehiago irauten dute neguko baldintzak, gainera oso komenigarria izaten da elurra asentatzen uztea, elur berritan arriskutsua gerta daiteke Aizkorriko kanaletan eskalatzea.



Beraz, Txindokiko hego-mendebalde horman neguko eskalada egin nahi badugu arropaz ongi prestatuak joan beharko dugu.



Neguko baldintzetan horma eder honetako bide klasiko asko daude eskalatuak, baina oraindik batzuk faltako lirateke, aukera dezente daude gauza berriak sortzeko.



Eta zein bide dira egokiak neguko erremintaz igotzeko? Udako eskalada bide batzuk dira aproposagoak besteak baino negu giroan eskalatzeko. Belartsuak diren bideak, edo belar kanal baten ondotik doazenak, dira negu giroari zuku gehien ateratzen dienak. Elurrak eta hotzak belar hauek izozten ditu, orduan piolet eta kranpoien puntak egoki heltzen dute, segurtasuna eta alpinismo sentsazioa hobetuz.



Hauetako bide batzuk dira; Arista, Txema, Huertas, Petrel… oraindik aukera anitza da, gure imajinazioaren haina.



Hau da Dora borraskak eman digun guztia. Ezin dezakegu esan fronte hotz gogor bat izan denik, ipar-mendebaldetik sartu zaigu, hezetasun askorekin. Nire lagun Kanuk zioen bezala, "Hemen gauzak bere lekuan ipintteko haiziak Siberiatik jo biharko leke", Oñatiko handia polar-continental haizeaz ari zen hizketan.










   Informazio gehiago: http://aralarreneskaladak.blogspot.com/p/blog-page.html