Eskaladan literaturan bezala autore
klasikoak daude, miresten ditugu beraien lanak, baina gutxi batzuk irakurtzeko
gai dira, edo gure kasuan eskalatzeko gai gara. Literaturan, normalki, obra
klasiko hauek eguneratu egiten dira, moldatzen dituzte idatzitakoa errazago
ulertzeko. Eskaladan berdin gertatzen da, berrekipazioari esker bide hauek
moldatzen dira, jatorrizko izaera galduaz.
Denborak eskalatzaile klasiko bihurtu du
Christian Ravier. Bide berrien sortzaile amorratua, eskalatzaile nekaezina, hormetako Cervantes
bat. Christian oso ezaguna da, mirestua, baina gutxi batzuk eskalatzen dituzte
bere bideak. Bere sorrerak egoera gordinean aurkituko ditugu, gutxi ukituak,
berak aurkitu zituen moduan uztea gustuko du, errepikatzaileak sortzailearen
sentsazio antzekoak izan ditzan. Eta lortzen du helburua.
Leire de Rien horrelakoa da, gordina, tentuz
eskalatzekoa, serioa. Material fixorik apenas dauka, eta haitza tramu askotan
oso delikatua da. Hiltzeak sartu gabe pasa nuen, naiz eta krokisean lau hiltze
markatu, mikrofienak gogoz erabili nituen. Leire du Rien bideak hiru luze ditu,
Leireko monolito puntara igotzeko Anglada-Gillamon bidearekin egiten du topo.
Tramu honetan material fixo gehiago aurkituko dugu, baina eskalada delikatua
izaten segitzen du.
Ez ditugu Christianen bide asko
Euskal Herrian, nik dakidanez hau eta beste bat daude soilik, liburutegiko
apalean dauden bi liburu arraro dira, eskalatzaile edonork apaletik hartu hautsak
kendu eta irakurri ditzan zain daudenak.
Bide
hau Bunnyrekin batera zabaldua zuen Christianek 2002-an. Nola ez, krokisaren
diseinua bide honetan ere paregabea da.