2011(e)ko abenduaren 18(a), igandea

TXINDOKI Arista negu giroan


   Txindokiko arista elur kapa on batek haitz zuria estaltzen duela eskalatzea gauza serioa da. Normalean, gainera, elur berritan, lainoak hartua dute Goierriko Zervinoa. Ekaitzak gogotsu astintzen du Aralarreko ertz eder hau. Elurra, gehienetan, hezetasun askorekin izaten da, eta pareta erabat zuri uzten du, pegatu egiten dira haitzean elur malutak. 
   Gaur, arratsalderarte itxaron dut igoera hau burutzeko. Eguraldi parteak zionez, arratsean pixka bat hobetu behar zuen giroa. Arratseko hiruretan abitu nahiz Larraitzetik beharrezko nituen tramankulo guztiekin. Irten eta berehala bi eskalatzaileekin egin dut topo, bat Ibarrako Aitzol zen. Beraiek ere aristatik zetozen. Elur asko eta ekaitza fuertea topatu dutenez lehen luzetik jaitsi egin dira. - Aitzol, zuen mosketoi bat dut. Hurbiltzea egiten ari nintzela, eguraldiak errespetatu nau, eguzki izpi batzuek sumatu dira laino beltz eta itxien tartetik. Paretan berriz dena aldatu da, ekaitza berriro sartu da. Egun argia bukatzear zegoela Txindokiko gailurrera iritsi nahiz. Igoera bideoz grabatzeko asmotan nengoen, bide erdian bateriak agortu zaizkit, bakarrik argazkiak ateratzen utzi dit makina petralak.




  






   Erokeria? Astakeria? Horrela ahal da? Agian bai. Eta zer ez da berdin. 
   Nire iritziz erabat burutik joanak daudenak, munduko mandatariak dira. Onartezina da ingurugiroak jasaten ari den hondamen honen aurrean sasi politiko hauek hartzen duten jarrera. Ekonomiaren izenean dena balio du, beraien poltsikoan bakarrik pentsatzen dute. Niri naturarekin orekan bizi dezakegula iruditzen zait, baina hori lortzeko egiazko interes bat behar dugu izan, guztion ongizatean pentsatzea. 
   Utzi airea, itsasoa, mendia … bakean, guztionak dira eta.    



2011(e)ko azaroaren 20(a), igandea

ATXARTE- Tempus Fugit



   Bilboko eskalatzaile kastizo bati galdetzen badiogu zeintzuk diren bere inguruko hiru gauza edo leku esanguratsuenak, honako hauek adieraziko zituen; Bizkaitar eta Gipuzkoar arteko txantxa txar bat izan nahi du honek.
   Lehena; Athletic esango zuen. -Bale, dudak ditut baina onartzen dut.
   Bigarrena; Begoñako amatsu izango zen. -Ongi, hobeto isiltzen ba naiz. Askotan, laguntza beharrean gaudenean, bai Begoñari, bai Manituari eske ibiltzen gara eta.
   Hirugarrena; Atxarte adieraziko zuen aho handiz. -Ados, oraingoan berarekin bat egiten dut, Atxarte puta madrekoa da. 
   Ni betidanik Etxauri zale amorratua izan nahiz, eta oraindik nahiz, Atxarte ez dut ondo ezagutzen. Ez ditut bi eskolak konparatzen hasi nahi, ez liguke inora eramango. Bakarrik adierazi nahi dut, sarrera alrebes honekin, gaur primeran pasatu dudala Atxarten eskalatzen. Ikaragarrizko eskalada lekua dela Durango aldeko txoko hau.  
   Labargorriko paretan egon naiz Keparekin, honek ekipatu berri duen,  baina behetik eskalatu gabea zuen, Tempus Fugit bidean. Lau luzeko marra da Tempus; 5+, 7a, 7a, 7b+.
   Lehen luzea pittin bat zikina dago. Bigarrena mundiala iruditu zait, Atxarten kolumnatxoak eskalatzea ez da ohikoa. Hirugarrena teknikoa da, hankak ondo mugitu behar diren horietakoa. Laugarrenak, zailena, zailtasun handienak hiru txapen artean kokatuta ditu, blokeko paso nahiko obligatu batzuetan. Luzearen beste zati guztia ondo egiten da.
   Azken luze hau erorketa batekin igo dut. Zinta expresak jarriak nituen eta kantoak Kepak markatu dizkit. Bidea nahiz ekipatua egon ez dago errapelatzeko prestatua, beraz oinez edo beste bide batetik errapelez jaitsi beharra dago. La Roja bidearen eskuinetik hasten da Tempus fugit, eta, berriro gurutzatzen dira hirugarren bileran.
   Tempus Fugit “ denbora iheskorra” dioen moduan, ez utzi biharko gaur eskalatu dezakezuna. Beraz, beste Labargorri bat eskalatu dugu bi luzetan. Cocaina flas, La fisura blanca eta Jata txikiu elkartu ditugu goraino. Batzuetan kostatzen da nerbioa apaltzea.

2011(e)ko azaroaren 8(a), asteartea

BERBERANAKO ORRATZA - Susana bidea




   Egun osoan buruan eraman dut atzo Garan irakurri nuen artikulua. Ez nuen Unairen azken zabalkuntzaren berri. Izugarrizko maila erakutsi du Nafarrak Bizcochito lehen igoera honetan ere.  Ez bakarrik fisikoki, Tekniko eta psikiko aldetik paregabe dabil. Nik konpromisoa nabarmenduko nuke, honelako eskalada filosofiak eskatzen duen konpromisoa hain zuzen ere. Paretara taladrorik gabe sartu eta, Ordesako haitzari duen guztia atera, nahi handia da. Josunek eta Rikarrek berdina egin zuten beraien "El ojo critico" bidean. Kepak dioen bezala; batzuk Galaktikoak dira.

  Ni berriz beti bezala saltzeatzen nabil. Gaurkoan Errioxa aldean ibili naiz, Biasteri ondoan dagoen Berberanako orratzean. Harritua geratu naiz eskalatzaileen arrasto dezente ikusi ditudalako, seinale jendea eskalatzen ibiltzen dela pareta hauetan. Furgoneta berberanako ermita pasatu eta berehala utzi dut, bertatik zuzen ateratzen den pista hartzeko. Pista hau metro batzuk igo ondoren bidea egiten da eta, bidetxurra azken zatian. Nahiko eroso da, 30 minututan paretan jartzen zara. 
   Susana bidearen lehen luzea ezkerretik hartu dut, espit batzuetatik. Azken egunetako euri jasak bustiak utzi ditu arrakalak,  horrek edertasun pixka bat kendu dio eskaladari. Zer egin behar dugu, dagoenarekin konformatu behar da, mendizaleon egunerokoa. Bidea 2002 urtean zabaldua izan zen Simon Elias eta Raul Paskualen eskutik. Orokorrean gustatu zait bidea.

Lehen luzea

Bigarren tirada

Laugarren luzea

2011(e)ko urriaren 28(a), ostirala

ETXAURI- Tormenta del Este bidea


   Sinets ezina dirudi, baina, egia da. Egun gutxi falta dira mundu osoko gizakien populazioa zazpi mila milioietara iristeko. Berria irratian entzun dudanean kezka bat etorri zait burura; gero eta zailagoa izango zaigu leku lasaiak bilatzea. Nik gaur lortu dut. Bakar bakarrik egon nahiz Etxaurin, egun osoan, soilik, putre eta beleen konpaia izan dut. Arraroa dirudi arren, batzuetan, bakarrik jendearen artean baino babestuagoa zaude.
   Tormenta del este, Eneko Cesar eta Mikel Zabalzaren bide bat da. Beraiek dena librean eskalatu zuten. Nik berriz al izan dudan moduan igo dut. Lehen luzea izatez 7a da. Nik 6b/A1 egin dut. Gantxo bat beharrezkoa izan dut bigarren paraboltetik ateratzeko. Bigarren luzea librean egin dut 6b+. Hirugarrena artifizial hutsean burutu dut, A2 izango da. Parabolta txapatu eta arrakala guztia friend eta fisurerotaz zintzilikatzen igo dut. Mikelek bere blogan aholkatzen duen bezala, azken luze honetan ez naiz zuhaitzeraino igo, Kimikoen bilera batetara joan naiz zuhaitza baino 10m beherago.
   Txapo Eneko eta Mikel. Oso ondo pasatu dut zuen bidea eskalatzen.
Lehen tirada

Bigarren tirada

Hirugarren tirada. Erdiko arrakalatik doa bidea. Materiala erretiratu eta gero atera dut argazkia.


Etxauri udazkenez jazten ari da.

2011(e)ko urriaren 22(a), larunbata

GRANDES JORASSES- No Siesta bidea





Eskalada bidaia honetan pentsatzean, abentura klasikoetako filmetan agertzen diren pertsonaia latz eta serioak gogoratzen ditut: Gizon ondu bat bere mendiko etxolan dago, hau da bere erretiroa, bere eguneroko errutinan murgilduta. Bat-batean antzinako lagun bat azaltzen zaio akzio pixka bat eskaintzen. Gizonak, asko pentsatu gabe, dena utzi eta laguna segitzen du abentura egarriz. 
 Nire kasuan ia gauza bera gertatu zen: Lasai nengoen Iturtxoko azienda zaintzen. Bat-batean korreora Keparen mezu bat iritxi zitzaidan, sei esteka desberdin eskegiak zituen. Lehenengoa  klikatzean, nire begi aurrean aspaldian desiratutako eskalada baten informazioa azaldu zen. Berriarekin batera, nire ametsatako bidea igarotzen den horma hotz eta ilunera joateko gonbidapena zetorren. Segituan motxila prestatzen hasi nintzen.  
  No siesta bidearen eskalada eta Grandes Jorasses hormaren baldintzak azaltzen ziren artxibo haietan. Gehiago ez nuen behar izan dena utzi eta abentura bila irteteko.



      Chamonixek estresa sortzen dit. Iritsi eta berehala hasten gara gora eta behera zoroak bezala. Eskaladan beharko ditugun gauzei azken ukituak eman nahi dizkiegu. Nekatu egiten nau lan aspergarri honek.
    Azaroan gaude, urte sasoi honetan oporrak hartzen dituzte bailaran bizi diren gehienek, beraz, denda asko itxiak daude. Montenbers-ko trena ere konpontzen ari dira. Dena dago hankaz gora.
    Kepa eta biok, azkenean, ados jartzen gara zer igo eta zer utziko dugun auzian, estrategiaren puntu batzuetan eztabaida izan dugu. Petatearen asuntoak ni ez nau konbentzitzen. Ez zait logikoa iruditzen pareta tramu txiki bategatik petatearen deserosotasuna bide osoan sufritu behar izatea.  Ala ere prest azaltzen naiz nire petate txikia motxilan sartu eta behar denean ateratzeko, baina logikaz aukera hau ez da ona ere. Azkenean soilik motxilekin goaz. Nire motxila zaharkitua erabiliko dugu behar denean paretatik zintzilik igotzeko. Janari asuntoan ez gara urri ibili, Lechaux aterperaino behintzat mordoa eramaten dugu.



   Lasai goaz gau hotzean glaziarretik gora, frontalen argiek laguntzen digute izotz laberintoan paretarako bidea bilatzen. Pittin bat harritua noa, normalean hasierako une horiek urduritasuna eta ezin egona eragiten didate, gaur oso lasai noa, aterpean egon garen ordu gutxi horietan ere lo egin dut. 
  Gaua da oraindik pareta azpira iristen garenean. Gasezko sukalde txikia ateratzen dugu eta te bat prestatzen itxaroten diogu egun sentiari.  


Lehen erresaltearen azpian
   Izotzaren kalidadea lehen partean ez da oso egokia. Konkretuki luze bat tokatu zaigu barrukoak mugitu dizkiguna. M7-ko erresaltearen aurreko tiradaz ari naiz. Oreka hutsa izan da; plaka etzan batetan geunden, pioletak izotz "miserable" batean iltzatzen saiatuz. Seguruak hurrun eta eskaxak dira, nerbioak ezin dominatu gabiltz, brutala.


   Konturatzerako eguna joan da, gure atsekaberako ez dugu gaua pasatzeko pentsatua geneukan lekura iristea lortu. Nekatuak gaude, gaua gainean dugula gauden leku bertan bibaka egitea adosten dugu. Ezkutua izeneko hormaren azpian gaude.
   Oso desatxegina izan da bibaka, ez ditugu mendiko botak kendu ere egin lo zakura sartzeko. Eserita itxaron diogu egun sentiari.
   Goizean goiz gaude berriro martxan. Zailtasun teknikoak handitzen doaz, zortez, izotzaren kalitatea ere. Azkarrago eta seguruago mugitzen gara gaur. Egun argi dexente dugula haitz pareta tentearen azpira iristen gara. Denbora dugunez bi luze soka fixoaz ekipatu ditugu eta bibakatzera izotz maldetara jaitsi, bihar beste egun bat izango da.
  Gau hau ere oso deserosoa suertatu zaigu.


   Libre- artifiziala erabiliaz metroak nahiko erraz irabazten dizkiogu pareta tenteari. Gogotsu goaz eskalatzen. Gaur gustatuko litzaiguke paretatik ateratzea. 




   Azkeneko tiradak benetako izotz eskalada dira.Urre koloreko haitzean marraztutako izotz zurizko lerro lirain bati jarraitzen diogu. Tramu batzuetan izotza juxtu xamarra azaltzen bada ere, gehiago saiatu beharra suposatzen du honek, azkar goaz. Azken tirada frontalaren argiaz lagunduta eskalatzen dugu. Irteera haitz hutsean egiten dugu, bukatzeko dugun gogoaz baliatuz erraz gainditzen dugu zailtasun hori.



   Gailurrean gaude!!!, ezin dut sinetsi, Kepa eta biok besarkatzen gara, gure bihotz hoztuak berotasuna behar dute. Lo zakuaren epeltasunean, elur gainean etzanda, ezin ditut malkoei eutsi, emozionatua nago. Leku magiko batetan nagoela sentitzen dut, munduaren gainetik. Aita etorri zait burura. Alfonso ere hemen dago, berarekin neukan hitzartua igoera ikaragarri hau, tamalez ezin izan genuen batera burutu. Nik denei eskerrak emanten diet. Zoriontasuna existitzen bada, hau behar du izan.  



2011(e)ko urriaren 4(a), asteartea

OGOÑO- Heriotzaren Semeak bidea

  


   Leku guztiei iristen zaie unea, denboran aktibo egotea da kuestioa. Arrazoi batengatik, egun batean bertara joaten zara eta inguru hori ezagutzen duzu, ezagutu nahi genituen lekuen zerrendatik ezabatuz. Eta liluratuta geratzen zara, ingurune naturalaren edertasunaz harrapatuta. Ogoñoren kasuan ere horrela izan da. Familia izan dudan arte, eta, asteburua pasatzeko denen gustuko leku baten beharra sufritu arte, ez nuen leku paregabe hau ezagutzeko abagunea izan.
   Nire gustuko lekuek, eskalatzeko aukera behar dute izan. Etxekoak berriz hondartza soil batekin konformatzen dira. Beraz, zer gauza ederra denak pozik eta gustura ikustea. Zoritxarrez, jende asko gure behar berberekin dabil, eta horrek apur bat asaldatzen du paradisua.



  Larunbat goizean eguzki kiskalgarriaren pean hondartzan egon ondoren, intsolazio baten puntuan, arratseko azken orduan, Keparekin ogoñoaren paretara joan nintzen, eta orain bai, benetako beroa pasatzera. Arratseko seiak ziran eta oraindik eguzkiak erre egiten zuen. "Errausketarik Ez" bidea eskalatzeko asmotan rapelatu genuen "Josu Garcia" bidetik. Sokatik zintzilik nengoela, flipatzen nindoan parajearen edertasuna gaitik. Itsasoa eta haitzaren arteko kontrastea, eguzkiaren azken orduko argitasunarekin nabarmendua, sinets ezinezko momentuak sortzen ditu. 

Ederra benetan lekua


Errausketarik ez bigarren luzea

   Errausterik ez bidea polita iruditu zitzaidan, ondo egiten da. Patxi eta Mikelen opari bat eskalatzaile guztientzako.

   Igande goizean, lehen orduan, pareta azpian geunden berriro. Ez genuen nahi aurreko egunean bezala eguzkitan kixkaldu. Egun handia zen ura, nik katu oinak estreinatzen nituen, eta ez zen gutxiagorako, dena beharko nuen, Keparekin nindoan berak zabaldutako "Heriotzaren Semeak" bidera. Lau urte kosta zitzaion bidea bere gustura uztea. Igoera gutxi ditu. Unaiek estreinatu omen zuen bere  klase paregabea erakutsiz. Erlantzek ere heldu omen ditu regleta mingarri horiek. Hurrengoak zerrendan gu ginen.

Heriotzaren semeak lehen luzea

   Asko gusta zait bidea, naiz eta hirugarren luzea enkaderatzerik ezin izan. Nik zailtasun hauek proposatuko nituzke luze bakoitzeko. Lehen luzea 7b “vidilla” izango zen. Bigarrenari 7a+ emango nion. Tirada hau bigarrenez eta motxila txiki batekin egin nuen. Hirugarrena gogorra iruditu zitzaidan. Helduleku edo hanka asko markatu eta garbitu gabeak zeuden. Nik 7b+ on bat bezala proposatzen dut. Baina berriro diot ez nuela enkadenatzea lortu. Laugarrena 6b+ izango da. Orokorrean bide paregabe bat, betea uzten dizuen horietakoa. Ez nuen besterik espero Keparengatik.      


Heriotzaren semeak bigarren luzea


Heriotzaren semeak hirugarren luzea


2011(e)ko irailaren 27(a), asteartea

ANDASTO- Belladonna, Sapua ta Zikuta bidea

Andastoko pareta

   Gogor jotzen zuen eguzkiak gaur Andastoko paretan, beroa itogarria zen, baina, azkenean igo dut Belladonna Sapua ta Zikuta bidea. Urte mordoa pasatu dira Karmel Leizaolak bide honen berri eman zidanetik. – Josebak bide berri bat zabaldu dik Anboto aldean, esan zidan.- Bost luze dizkik eta materialea eraman beharra zegok. 
  Aurrekoan interneten saltzeatzen nenbilela krokisarekin topo egin nuen eta, gogoratu nintzan Karmelekin izan nuen solasaldiaz. Ezin nuen aukera pasatzen utzi, eskalatu beharra nuen.

   Polita eta interesgarria iruditu zait bidea, harriaren kalidadea oso ona da. Fin eskalatu beharra dago pausoak librean ateratzeko, airoso gailurrera iristeko. Konturatu naizenez bidea errepikatzen da, magnesio aztarnak daude helduleku askotan.
   Hormara inguratzea Aramaiotik egin dut nik. Herrian sartzen zara, eta Gantzaga auzorantz hartu behar duzu. Hiru kilometro dira. Nik Gnatzaga bertan utzi dut furgoneta, Zabalandira aldera doan pistaren hasieran. Hemen kartel batek kotxeak pasatzea debekatua dagoela esaten du. Nire zalantzak izan ditut bertan utzi edo segitzeko, baina isunaren arriskuak urduri jartzen nau, beraz oinez abiatu naiz Gantzagatik. Azkenean ikusi dut jendea kotxez igotzen dela goiko langa arte, bi kilometro igoera aurrezten dira horrela. Lau bat kotxe zeuden bertan. 
 Zabalandi aldera jarraitu dut, Andasto markatzen duen zutoinera iritsi eta desbideratu naizen arte.  Andastoren gailurrerutz eraman nau bideak. Kordala hasten den lekuan, lepo zabal batean, pareta azpira doan zelaitik behera segitu dut. Ordu eta erdian bertan jarri naiz. Belladona zapoa ta zikuta bidea paretaren  eskuin behe partean hasten da. 

Hirugarren luzea

   Hasierako luzea trepada bat da, giroan sartzen joateko. Bigarrenak plaka etzan batzuk hartzen ditu, azkar igotzen da zati hau. Hirugarren luzea tente jatzen hasten da, lehen pausoa egiteko saiatu beharra dago. Laugarrenak diedro fin bat hartzen du, tetxu txiki batetik ateratzeko ondoren. Bosgarrenak arista segitzen du, gero ezkerretara joaten da diedro baten bila. Seigarrena motza baina interesgarria da, diedro eskalada klasikoa bezala deskribatuko nuke.
  Gustora gelditu naiz eskalada hau egin ondoren. Zoriondu nahi ditut hemendik Joseba Aldanondo eta Ibra, lan ederra egin dute.    



Laugaren luzeko diedro fiña

2011(e)ko irailaren 21(a), asteazkena

Pico de los Infierno 3.073 m- Garmo Negro 3.051 m



   Ez zen izan mendi buelta hau nire lehen asmoa, ordu batzuk lehenago, goizeko bostetan, altxatu nintzan Peña Telera ipar paretan Soledad bidea eskalatzeko asmoz, Fredi Parera eta Antonio Garcia Picazo zabaldutako bidea.               
   Soledad bidea, aipatu dudan bezala,  Peña Telera ipar paretan dago, diedro Serenidad bidearen ezkerretara. Igoak dauzkat horma hotz honetan soledad bidearen ondoan dauden beste bideak, Diedro Norte eta Diedro Serenidad. Bi bide hauek Soledad eskalatzeko asmoa nuen teknika berdinean igo nituen, bakarka. Neguko baldintzetan ere eskalatua dut pareta izugarri hau, Rabada- Navarro bidea segituz izan zen Gasteizko Natxo Fenandezekin batera.
   Gauaren bakardadean, frontalaren argipean nindoala, zalantzak hasi zitzaizkidan burua kolpatzen. Ez nindoan eroso, dudak sekula ez dira lagun onak izan honelako mobidetan. Banekien zer aurkitu behar nuen, eta honek, nagikeria ematen zidan. 
   Eskalada materialez ondo nindoan. Zalantzak bati bat harriaren kalidadearen gaitik zetozen, edo zer motako bilerak jar nezaken, kolpatzen zidan murmuina. Bakarka eskalatzen denean, soka bileran lotu egiten da, bai aurrera egiteko, edo, rapel bitartez materialea errekuperatzeko. Honek suposatzen du bilerak egokiak behar dutela izan. Krokisak ez zuen ezer zehazten, marra bakan batzuk besterik ez ziran agertzen, zailtasunarekin batera. Beraz, Gran Diagonaleko aldapan gora nenbilenean buelta hartu nuen, eta ez zen inungo dramarik izan, alderantziz, askatasuna izan zen nire buruarentzat. Lasai beherantz hasi nintzenean, egoera berriaz disfrutatzen nindoan. Eguna non pasatu behar nuen pentsatzea zen orain nire buru haustea.

Ibon Bachimaña eta Pico Muga

   Panticosako Banearioan nengoen goizeko zortzi erdietan. Pico de los Infiernos 3.073 m mendira igotzeko asmotan. Motxila errez mugitzen dut oraingoan, bizkarrak eta oinek gustura hartzen dute motxila arina. Eskaladako ekipoak asko pisatzen du, eta, askotan ezin izaten dugu gozatu ibilaldiaz. 


   Bachimañako ibona iristen ari nintzela pareja batekin egin nuen topo. Motxila astun batzuk zeramatzaten sorbaldara iltzatuak. Pico de los Infiernos igo nahi zuten. Ibon de Pondiellos-en gaua pasa, eta hurrengo egunean Garmo Negro 3.051 m igo. Ondoren Panticosako Balnearioa jeitsi. Beraiek agurtu eta gero, gorantz nindoala, aukera hori interesgarria iruditu zitzaidan. Entzuna nuen trabesi  honetaz, eta orain aukera suertatu zitzaidan burutzeko. 

Pico de los Infiernos, eta Tebarray lepoa eskumata
  Ibones Azulesera iristean, bakarka zihoan beste mendizale batekin egin nuen topo. Edadetua zen hau, erretiroa aspaldi disfrutatzen ari zenareren itxura zuen, atzerritara zen. Tebarrayko ibona ikusi nahi zuela esan zidan. 
   Pico de los Infiernos azken maldetan nekea sumatzen hasi nintzan, hiru mila metroetan gorputza presioaren eskasia nabaritzen haste homen da. Nireak bai behintzat. Gailurrean mokadutxo bat egin nuen bistak disfrutatzen nituen bitartean. Han urrunean, itzaletan, Peña Telerako ipar pareta zegoen. Ezin dut uka amorru pixka bat sentitu nuela, baina, garrantzitsuena disfrutatzea da, eta nik Pirineismoa egiten gozatu egiten dut. 
   Berehala martxan nintzen berriro. Infiernos punta guztiak zeharkatu eta Pondielloseko ibonetara jaitsi nintzen. Lepora iristear nengoela, Garmo Negroko puntan bi mendizaleen figura ikusi nituen.
Garmo Negrorako trepadatxoa erakargarria egin zitzaidan. Bati bat azkeneko zatian granitoa dagoelako. Nik granitozko arestetan ibiltzea gustuko dut. Eguerdiko ordu biak ziran gailurrera iritsi nintzenerako, Pantikosako balnearioa nire azpian zegoen, mila eta laurehun metro beherago. Ezaguna dut jaitsiera hau, hankak apurtzen dituen horietakoa da. Xamurragoa izaten da neguan eskiak jantzita, orduan bai gozatzen dugula aldapa latz honetaz.
 Laurak pasatxo zirela nintzen berriro furgonetan. Guztira ia zortzi orduko buelta izan zen.      


Ibones de Pondiellos eta Garmo Negro

2011(e)ko abuztuaren 15(a), astelehena

BALERDI- Shot the Seriff


   Kostatu zait bide hau bukatzea. Lana dezentea izan dut, bati bat txukun uztean. Gauza bat da igotzea, eta bestea, igo eta gainera bide erakargarri bat uztea. Haurreko bideetan bezala, hirugarrena dut horma honetan, lehen partea zabaldua zegoen. Hemen nabaria zen artifizial teknikaz igota zegoela hasierako luzea. Hortik aurrekoak ibili gabekoak ziren,  hori nabarmena zen. Gora segitzeko gogo handia behar da, garbitzeko tarea astuna bihurtzen delako. Paretaren kalidadea orokorrean ona da, eta zati batzuk ba ditu oso onak direnak. Txarrena arrakalak belarrez hartuak daudela eta garbitu beharra dagoela. Txukun utzi eta gero kalidadezko bideak ateratzen dira. Bilera guztiak bi paraboltaz ekipatuak daude. Luzeetan frienak eta fisuak beharrezkoak dira. Iltzeak ez dira behar.
   Eskalatzeko garai hoberena, hegaztiak eta beren kumaldiak errespetatuz, Irailetik –Martxora izango litzateke. Nire iritziz beharrezkoa dugu begirunea izatea, ingurune hau zoragarria da eta. Ez zitzaidan gustatuko nire erruz paraje hauek hondatzea. Eskalada jasangarria posible da.  

Lehen luzea

2011(e)ko uztailaren 14(a), osteguna

PEÑA ALTA- Muskaria eta Regendez bideak



   Goierri aldea lainoez eta euriaz hartuta dagoenean, hanka egitea da onena. Gipuzkoako mendixka berdeetatik ez oso urrun beste panorama bat bilatu dezakegu, Kantauri itsasoko hezetasunak Toloño mendilerroarekin jotzean Errioxan mikroklima sortzen da, aparta mahatsondoentzat. Ardorako ona bada guretzako dudarik gabe ere.
   Muskaria lehenago eskalatua nuen ere, Regendez berriz lehen aldia izan da. Biak egiteko ideiarekin bidaia egin dut Meanoko haitzetara.
   Pareta hauetan zabaldutako lehen bideak dira hauek. Horman ikuskatzen diren bi arrakala nabarmen bakarrak igotzen dituzte. Ondoren etorri diren bideak beste kutsu bat izan dute.
   Muskaria bidea trepada txiki eta zikin bat egin eta gero hasten da. Bi parabolt daude bertan. Lehen luzea nahiz eta 6a+ izan, bideak duen exigentena izan daiteke. Nahiko zikina dago eta ez dago oso ekipatua. Hurrengo luzeak zoragarriak dira, oso harkaitz onean. Nahiko ekipatua dago, frienak apenas erabiliko ditugu. Luzeak bateratu daitezke.
   Regandez berriz, naiz eta ekipata egon ere, gehiago erabiliko ditugu frienak eta fisureroak. Lehen luzea ezkerretik eskubira doa zelaitxo bateraino. Reunioa parabolt batean egingo dugu. Zelaietik gora, 15 metrotara, beste bilera bat dago. Hirugarren eta laugarren luzeak fisura zabal batetik doaz. Tximinia teknikan igo beharra dago. Paraboltak ondo kokatuak daude. Luze batetan eskalatu ditzazkegu bi tirada hauek.
   Ikusi dudanez bi bide eder hauen aldamenetan ekipamendu lanetan ari dira.

2011(e)ko uztailaren 4(a), astelehena

RANERO- Durdus bidea


DURDUS KROKISA

   Hau duk marka.  Ehun da berrogei metroko bide bat eskalatzeko bi egun behar. Gauza ez da asedioan ibili naizela, soka fijatuz, ez, kontua da lehen egunean ez nintzela pareta azpira ere iritsi. Goiz ibili nintzen larunbatean, baina, urbiltzeko bidea ez nuen ondo hartu, eta galdua ibili nintzan sasi eta harrikarietan. Bidea situatzea lortu nuenerako, eta, bidearen traza garbi azaldu zitzaidanean, berandu zen dagoeneko. Etxekoak zain nituen, Karpin abenturara joateko plana egina  bai nuen umearekin, eta ezin hutsik egin. Beraz, igandean beharko zuen izan.

Lekuko planoa

   Igandean berriz eguraldia nuen kontrako. Gauean ekaitzak gogor jo zuen eta goizean oraindik ezegonkortasun arrastoak  zebiltzan Picos aldean. Haizeak, urrunetik, trumoi hotsak ekartzen zituen niregana. Zerua, nahiz eta goizean oskarbi altxatu, estaltzen zihoan momenturo. Zain egon nitzan bidexkaren ondoan eguraldiak zein traza hartzen zuen ikusteko. Trumoi hotsak desagertu ziren euri fina bat haste zen unean. Asko botako ez zuen esperantzarekin segitu nuen paretara gerturatzearekin. Erabat bustia iritsi nintzen horma azpira. Zortez pareta lehorra zegoen. Materiala hartzen ari nintzen bitartean euria egiteari utzi zion.

Lehen luzea

   Lehen luzea flipe bat da. Ez naiz sekula ohituko tximinietan ibiltzeaz. Eskerrak parabolta dagoela tximini irteeran. Zein diferentzi luze hau aurretik egin edo bigarrenez joan. Materiala jasotzen ari nintzela, bueltan gora nentorrela, beste aurpegi bat ikusi nion arrakala handi honi. Bigarren eta hirugarren luzeak batean igo nituen. Hirugarrena igotzeko artifiziala erabili nuen. Bigarrengoz saiatu nintzen librean pasatzen. Trabesia paso bat dauka fuerte xamarra. Laugarrena ere artifiazialez egin nuen gora. Librean salida batzuk beharrezkoak dira seguru batzuetara iristeko. Gantxo bat eraman ezkero ez da hain behartua izango. Luze hau librean oso gogorra izango da. Bost garren luzea ongi egiten da librean, nahiz eta paso tonto bat izan.

Laugarren luzea

   Jeitsiera oinez egin nuen Ranero gailurraren azpitik, Torca del Carlistako kolladura joan nintzen eta handik behera zuzen Pozolaguako aparkamendura.

Azken luzea


   Garaiz iritsi nintzan familiarekin karrantzako igerilekura joateko.



Ranero mendiaren magaletik