martes, 26 de febrero de 2019

Ralla de Alano - Soledad Sonora




   Bakardadea ez da mutua, ezta gorra ere, bakardadea egoera arrunta bat da, gehienetan eta gehienoi arrotza suertatzen zaiguna.
   Askotan bakardadea eta isolamendua nahasten ditugu, oker gabiltza.
   Ba dira pertsona batzuk bakardadea ohikoa dutenak, artzainak esate baterako. Artzainek mendian pasatzen dituzte egun eta gauak beraien artaldeekin harreman estuan. Artzainak ez dira isolatuak bizi, naturalarekin harremanetan bizi dira, bakardadea sufritzetik oso urrun.
   Isolatuta bizi den pertsona ez dago ongi, momentu ezegoki bat pasatzen ari da, askotan munduarekin haserre dago, ez du ezer jakin nahi inoren eta ezeren gainean.
   Garai batean ohikoagoa zen bakardadean bizitzea, ohituagoak geunden bakarrik egotera, jendea bata bestetik urrun bizi zen, lur sail handiak hartzen ziren bizi al izateko, nekazaritza edo artzaintza ziren ogibide garrantzitsuak.
   Gaur egun gizarte populazioa izugarri hazi da, elikagaiak bilatzea ere ez da lan neketsua. Orain bata bestearen gainean bizitzen ohitzen ari gara, landak eta herriak utzi ditugu hiri handietara joateko. Gure instintu naturala kolokan dago, bakardadea sufritzen dugu jendearen artean, gailuz eta tresnaz harremanak bilatzen ditugu.




   Nik eskaladan, askotan, bakardadea bilatzen dut, gustura sentitzen naiz bakarrik mendian, harreman berezi bat lortzen dut inguruarekin, ez naiz arrotza sentitzen.



   Alberto Urtasunek ere bakarka zabaldu zuen Soledad Sonora izotz bidea. Ez dakit zer bultzatu zuen Iruñako eskalatzailea 1996ko neguan bakarka sartzera horma honetan. Albertok bideari jarri zion izena gaitik sumatu dezaket bertan sentitu zuenaren ideia bat.

  !Bakardadea ez dago hutsa, doinuz beteta dago, norberak jarri dezake nahi duen tonua¡.









   Neguan, elur asko dagoenean, Zurizako kanpinetik Texera doan pista ibilgailuentzat itxia egoten da, hiru kilometro dira. Texera parkingetik hormen azpira igoera erosoa da, lasai, aukeran nik eskiz egitea gomendatzen dizuet.

   Luze eta zabal deskriba nitzake Solodad Sonora bidearen xehetasunak, ez dut uste egokia denik. Hanka sartzea, inprobisatzea, porrota…, aukera guzti hauek egon behar dute Alpinismoan, nik horrela ulertzen dut behintzat.