2019(e)ko abenduaren 13(a), ostirala

MONTREBEI - Ksurulaina bidea



   Gaurko egunean, oraindik, denboran bidaiatzeko dugun era bakarra oroitzapenen bidez da, memorian atzera egitea alegia, gure gomutan ditugun gertaera eta leku bereizietara bueltatzea da aukera.



   Burutapen hau pasatu zitzaidan "kaskezurretik", lo zakuaren goxotasunean lurrean etzana nengoela, l'estall herri utzian, Santiago Domingo zenaren etxeko sabai higatua begira ari nintzen, gau hotza bertan pasatzeko prest geunden Gorka Lertxundi eta biok.
   L'estall, Santiago Domingo, Montrebei; esanahi handiz betetako izen hauek, lehen aldiz ezagutzeko aukera aurreko mendearen bukaeran izan nuen, Dani, Ra eta Karmel-ekin egindako bidai eder batean suertatu zitzaidan abagunea. Santiago orain etzana nagoen etxe honetan bizi zen, bakarrik, ez zituen mendi hauek uzteko inongo asmorik, herri isolatu honetan jaioa zen eta, bizitza gorabeheratsu baten ondoren, bertan hil nahi zuen. 
  Eskalada bidai honetan Cade bidea igo genuen, abentura itzela izan zen nire lagun Donostiarrekin batera burutu nuena.



   Hona bueltatzeko bigarren aukera urte dezente geroago izan nuen. Bakarrik etorri nintzen orduan, milaka lore eta zuhaixka usain gozoz betetako lur honetara, Santiagok bere bizitzaren azken arnasak dastatzeko aukeratu zuen egoera berdinean azaldu nintzen ni ere, soilik, baina garai horretarako Santiago iadanik ez zegoen L'estallen. Eskalada esperientzi izugarri bat izan nuen Existencialismo bidea bakarka egitean, asko markatu ninduen eskalada honek ondorengo urteetarako.


   Hirugarren bisitaldiaren bidai garaian aldaketa handiak sumatu nituen mendi paregabe hauetan; pista hobetua zegoen eta mendi aterpea martxan, congosteko bi bazter banakatuak zubi batez lotuak aurkitu nituen. Chemarirekin nengoen orduan, eta Totxaires bide mitikoa eskalatu genuen.


   Laugarren aldi honetan Gorka Lertxundirekin nago, eta erronka ausart batekin goaz horma erraldoi horretara, Ksurulaina bidea era askean eta iltzeak erabili gabe igo nahi dugu bi egunetan. Behin bakarrik egina dago balentria, eta ez da izango lan makala errepikatzea. Josep María Alsinak eta Endika eskalatzaile Kataluinarrak zabaldu zuten bide ausart hau 90ko hamarkadan, garai buelta ezin haietan ospe handia izan zuen igoera honek. Urteetan zehar errepikapen bakan batzuk izan ditu, baina guztietan puntakoena Nill-ek eta bere lagun Katalanek orain gutxi burutu dutena da, artifizial ziren luze guztiak era askean eta iltzerik sartu gabe igotzea lortu dute, guk Kataluniar hauen testigua hartuz erronka berdina dugu helburu.


   Atxikita dagoen Link honetan, Josep Maria Alsinak 90eko hamarkadan idatzitako hausnarketa bat dago, La edad del hierro izenburuaz idatzi zuena, nire iritziz, ein handi batean, denborak arrazoi eman dio Alsinari.



   Orain, etxeko goxotasunean, Gorkarekin batera bizitutakoak iada oroitzapenak dira, ahaztu nahi ez ditudan gogorapenak ditut:

   Goizean goiz esnatu ginen lo gutxi egin ondoren, beti gertatzen zaigu, bidai luze bat egin beharra dago Euskal Herritik Montrebeira iristeko, ordu txikietan hartzen dugu deskantsu. Gosari arin bat egin ondoren eskalada materialea prestatzen hasi ginen. Naiz eta bi egunetako eskalada baten aurrean egon ez zigun denbora asko hartu dena prestatzeko eginkizunak, sobran esperientzia dugu iadanik eta erraz iristen gara adostasun batetara.




  Gorkak petate handi bat eta nik eskalada materialez betetako motxila generaman bizkarrean, Congosteko errekazulora daraman malda astunetik behera gindoazen bideari arreta jarriaz, galtzeko ariskua handia da hemen. Urrutian, behe laino desatsegin batek estaltzen zuen gure helburua zen horma, hilobiaz haraindiko zulo batetara gindoazela zirudien, ezagutzen genuen egoera batetara. 

   Laino itxi ezak arrapatu gintuen momentuan haize zakar bat hasi zitzaigun joka, zaila egiten zen bide zidor estua segitzea.


  

   Horma azpian ere, Ksurulaina bidearen hasieran, naiz eta hormaren babesean egon gauzak ez ziren hobetu, gure aldamenean zegoen Congosteko arroilak haize bortitzaren ondorioz urru egiten zuen.
   Legezko zozketa batek erabaki zuen gure zortea, nork hasi behar zuen eskalada genuen jokoan, makilatxoen legeak aintzen ditu gure penak eta aintzak.
   Gorkari tokatu zitzaion lehenik katu oin izoztuak janztea, ziurtatzen dizuet ez zela lan makala izan baldintza kaxkar ohietan metroak irabaztea hormari, zaila dena ahare eta zailago egiten du honek.
   Eta bat-batean, ia konturaturik gabe, eguzki goxo izpiek besarkatu gintuzten, beltza zena zuria bihurtu zen, eguerdiko hamabiak ziran iadanik, eta soilik hasi berriak ginen.
   Petatea hormatik mugitzea eskaladaren zailtasun bat zen, bigarren luzearen bukaeran dagoen jardinean zaku astuna lurrean uztea lortu genuenean helburuetako bat egina zegoela sentitu genuen.


   Gure bibaka leku izan behar zuen terraza horretatik gora al genuen guztia eskalatu nahi genuen eguna bukatzerako, eta soka fixoz ornitua utzi, hurrengo egunerako eskaladari zati garrantzitsu bat kentzeko.
   Makiltxoen legeak agindu zuen bezala hirugarren luzea Gorkari tokatzen zitzaion, benetan nire zorte ona eskertu nuen, asko eskalatu beharra dago luze horretatik airoso ateratzeko, denbora dezente eraman zigun igotzea.


   Laugarren tirada graduz bide osoaren zailena den arren eskalatzeko garaian ez da horrela gertatzen, material fixo gehien duen luzea da hau, aldiz arroka txarrena duena ere bai.
   Egunaren azken argiak arrapatu gintuen laugarren luze hau bukatzen, sokak bertan fixatu genituen eta bibakaren erosotasunera jaitsi ginen, deskantsua behar genuen.
   Egiazale izanik, esan beharra daukat, Gorkak eskalada hau proposatu zidanean eta nire baiezkoaren arrazoietariko bat, ein handi batean, bibaka egitea proposatzen zuelako izan zela, eskalada erritmoak erakarri ninduen. Ez zidan huts egin bibakak; gau eze, haizetsu, hotz eta deserosoak.


   Eskaladaren bigarren eguneko goiz ilunean haizeak gogoz astintzen zuen oraindik, ahalegin handia egin beharra zegoen lo zakutik ateratzeko, amore eman edo aurrera segi arteko aria oso fiña zen goiz itsusi horretan, eskerrak gosari koxkor batek gauzak beste kolore batez ikusten laguntzen duela.
   Aurreko egunean jarritako soketatik gora hasi ginen igotzen, geneuzkan arropa guztiak soinean genituen, mugimenduaren bidez berotasunean sartzeko esperantzan gindoazen metroak irabazten eskalada soka fiñari.


   Ia eguerdiko hamabiak izango ziren Gorkak katu oinak jantzi zituenerako, momentu horretan ere makiltxoen legeaz gogoratu nintzan, soldataz ez genituen lan horiek egingo. Bitartean, eguzki printze batzuk lortu zuten be laino itxia gurutzatzea, itxaropen epel bat sortu zen gure animo hoztuan.


   Bostgarren luze honetatik haurrera haitzaren kalitateak asko hobetzen da, eskalada mugimendu arriskutsu askoei plazera atera genien, bidearekin bat egiñak geunde jadanik, Ksurulainaren nortasunaz irentsiak.


   Luzeen kalitatea eta edertasuna handitzen zijoazten gora egiten genuen bitartean, seigarren sokada asko gustatu zitzaidan, ezin hobeto zabaldua dagoela diot, kalitate aparta dauka.


   Zazpigarren tirada plazer arriskutsu bat da, maila handiko eskalatzailea izan behar duzu bera kateatzeko, gure krokisak 6C+ markatzen zuen, lasai asko nire iritziz 7a+ on bat izango da, Gorkak txalotzeko moduan igo zuen.


   Zortzigarren tirada urteetan Montrebeiko luzerik desiratuena izan da, iltzeen trabesiaz ari naiz, izugarri ona da; jokaleku paregabe batean zaude sartua, eta irteeran arrakala fin bat trabeskan hartu beharra dago, eskalatzaile bat pitzadura honetatik gora kontenplatzea, nik horma batetan ikusi dudan imajenik ederrenetakoa da.


   Bi luze falta zitzaizkigun bakarrik bidea bukatzeko, azkenengo bi 6b+ak, eta dagoeneko gaua gainean genuen, Ksurulaina bideak orduak irentsi egiten ditu. Paretako hamaka beharrezko izango genuen bilera horretan gaua pasa eta hurrengo egunean bi luze hauek igotzeko, ez genituen material horiek. Ksurulaina bidea errepikatua duten sokada gehienak guk egin genuen maniobra berdiña egin beharrean izan ziran, sokada denak ez badira izan ere. Errapel txiki batez Totxaires bidea hartu, honen 6C tirada motz bat eginez Cade bidearekin bat egiten da, hazken metroak gauaren deserotasunean eskalatu behar izaten dira. 
   Penaz, egindako esfortzu guztiak alperrekoak izan diren zapore gaziaz, errapel txikia egin behar izan genuen.


   Ondorengoak kontatu ditudan bezala suertatu ziren, gauak mugimendu guztiak mantsotzen ditu, eta kotxearen segurtasunera iristerako ordu txikiak ziran. Oraingoan ere Santiagoren etxe zakartua aukeratu genuen gure gorputz txikituak etzan eta deskantsu desiratua hartzeko.







        



2019(e)ko urriaren 9(a), asteazkena

SIERRA CANTABRIA-PALOMARES-Hagin haundi bidea



Ezin aurrera jarrai genbiltzan, euliak armiarma sare batean bezala geunden, pauso bat emateko gai ez ginela. Sare trinko orlegia zuhaixka eta adarrez egina zegoen, zurezko enbor gogorrak bata besteaz gurutzatuz sortzen zuten tranpa, aireari ere oztopoa jartzea lortzen zuen pareta organikoa zen.
   Bizkar gainean generamatzan motxila astunak mugimendu eza handitzen zuten, aldiro adar madarikatuetan trabatzen ziren, Unai Barrenetxea Leten laguntza beharrean egon nintzan momentu askotan zorigaitz horretatik askatzeko, basurdeek ere ez ziran eroso ibiliko oian sakon horretan.
   Basamortuaren erdian egarriz itoa dagoen bidaiariak, ezustean oasia salbatzailea ikusten duenean bezala, guk, hosto eta adar masa konpaktuan espazio libre bat ikusi genuen. Gune ireki horretan, argi exkaxak giro aproposa sortzen zuela, presentzia bat sumatu genuen, denborari nekez irabaztea lortu duen zuhaitz bakarti bat zegoen harrotasunez tente, meditazio sakon batean dagoen yogi baten itxura hartu nion. Errespetu handiz gerturatu nintzen zuhaitz miresgarriaren ondora, bere azal marroi gogorra ukitu nuen, Unairi adierazi nion zuhaitz hau zela Mikel eta Jonek bere eskalada bideari izena jartzeko arrazoia, Hagin haundia zen.
   Zortez bizirik dirauen hagin eder honi nabarmen ageri zaio enbor sendoan gupidarik gabe eginiko aizkorakada zauria, - zergatik moztu nahi zuten Zuhaitz miresgarri hau?, -zerk geldiarazi zuen lan suntsitzailea?. Erantzuna ez dut sekula jakingo, gainera ez du garrantziarik, hagin haundia zutik eta sendo dagoela da garrantzitsua, aizkoretatik salbu dagoela da inportante, bere paradisuan loratzen aurkitu ahalko dugula.







   Txapela kentzen dut Mikel Arrue eta Jon Arantzetaren aurrean, izugarrizko bide ona zabaldu dute, kalitate ezin hobea duen marra bat da Hagi haundi. 2011 urtean zabaldu zuen bikote honek bidea.
   Hiru tirada ditu Hagin haundi bideak, zein baino zein ederragoa.


   Lehen luzeak eskaintzen duen eskalada bost izarretakoa da, aparta bezain estua. Plaketako eskalada da, erresistentzian fin ibiltzea eskatzen duena, zulo handiz betetako plaka batetan nabigatu beharko dugu, parabolta batzuen laguntzak erraztuko digute noranzkoa, mikrofriend eta friendak jartzen argitsu ibili beharko dugu babesa bilatzeko, zoragarria da eskalada.




   Bigarren tirada ere irmo beretik doa, lehen luzearen kalitate berdina dauka, eskalada pauso gogor bat gainditu beharko dugu bilera airoso iristeko.



     Hirugarren luzeak berriz izaera desberdina du, baina kalitatez eta edertasunez parekoa da. Arrakala moduko bat hartzen du erdi bidean, eskalada pauso apartak eskaintzen ditu zati honek.

     Bidearen azken bilera Palomares ertz zorrotzean egiten da, juxtu pare bat metro beherago. Bertatik errapelatuko dugu, eta bi errapeletan hagin haundiaren adar trinko eta estu artean katigatuta egongo gara berriro.








   










2019(e)ko abuztuaren 29(a), osteguna

ANSO - Nora hoa ardi galdu hori, Misterios del Oeste, Neorrurales MALLOS DE AGUERO - Meteo Blues, L'emoi et le jeu

   
   Zaia egin zait sarrera hau idaztea, bloggean eskegitzerakoan zalantza asko izan ditut, hausnarketa sakon bat egin beharrean izan naiz. Hau da nire buruari egin diodan galdera; egokia da burutzen ditudan eskaladen berri ematea? Ni ere harritu naiz, hainbeste urte eta gero krisialdi honekin hasi izana, proiektua ekin berritan izan nituen zalantza berberak dira hauek, burutzen ditudan eskaladen balio falta nabarmen bat da.
   Barne eztabaidaren konklusioak azaldu nahi dizkizuet: Ez dut uste burutu ditudan eskalada hauek ohikoak direnik, denak dute, eginak izan diren era gaitik, edo, soilik, eginak izan diren arrazoiagatik, berezitasun bat. Sarrera honetan deskribatzen ditudan eskalada hauetariko batzuk lehen errepikapenak dira, hau da, zabaldu izan zirenetik ez ziran eskalatuak izan. Sarreran agertzen diren bide guztiak bakarka eginak daude, eta, gaur egun, hau, berezitasun bat da.
   Burutu ditudan eskalada hauek, beste askorekin batera, esfortzu handi bat daramate atzetik, asko saiatu naiz teknikoki eta psikologikoki hobetzen burutu ahal izateko, amets baten emaitzak dira.
   Aurreiritziak alde batera utzi ditut, egiten dudana gehiago baloratzen saiatu naiz, eta plazer handiz, hemen doakizue nire azken abenturak.





  Uste osoa daukat azaltzen dudan lehen eskalada honetan, Luzio Egigurenekin bat egin dudala. Ziur naiz Oreretako eskalatzaileak, Anso bailaran, Ur horman, "Nora hoa ardi galdu hori" zabaldu zuenean nik nire errepikapenean izan ditudan sentsazio berberak izan zituela, burutik gauza berdinak pasatu zitzaizkigula. Uste dut bakardadearen hutsuneak pertzepzioan eragin zuzena duela, biderkatu egiten dituela sentsazioak. Bakarka, paretan galdua zauden irudipena handitzen da, horma izugarri batean murgildua zaudenean ardi bat bezain ahula senti arazten dizu, burua zalantzaz betetzen zaizu eta burutzen ari zaren ekintza bera kuestionatu dezakezu.
   Ez zen nire lehen asmoa Luzioren bidea igotzea, konpromezu gehiago duen beste bide bat eskalatzeko asmotan nenbilen.
Aurreko gauean izandako ekaitza izan zen aldaketaren erruduna, edo, zergatik ez onartu? azken momentu arte gauzak egin gabe uzteko dudan ohitura txarra.
   Ez zuen euri gehiegirik egin, tximista eta trumoiak ordea asko izan ziren. Goizean, esnatzerakoan, telefono mugikorrak ez zebiltzan, Anso bailara osoa inkomunikatua zegoen, jendearen kezka eta beharrak ikusirik gauza serioa zela zirudien.
   Ni ere teknologia berrietara ohitu egin naiz, telefonoa bihurtu zait erreminta garrantzitsu bat. Lehenago aipatu dudan bezala, azken momentu arte utzi nuen eskalatzea pentsatzen nuen bidearen krokisa deskargatzeko eginkizuna.
Ezinezkoa izan zen, hutsean geratu nintzen, noraezean, krokisarik gabe eskalada bidea ezin aurkitu ibili nintzen, plan B baten beharrean.



 Luichi krokisa

   Nora hoa… bidea ia guztiz ekipatua dago, soilik friend gutxi batzuk sartu beharra daude, lehen metroetatik oso argia da trazatua, nik egun horretarako behar nuena.
   Gustatu zitzaidan bidea, ongi eskalatuta atera nintzen hormatik, bide guztia librean eginda, azken luzea behetik kateatzea ez nuen lortu, bai ordea soka goitik nuela.
   Lehen luzeak plaka pauso oso fin bat dauka, juxtu bilerara iristen ari zarela. Aderentzi batean ezin mugitu zaudela, dinamiko bat egin beharra dago helduleku on batetara, ez da erraza pauso hau.
   Hirugarren eta laugarren luzeak trantsizio hutsak dira, bidearen azken zatian dagoen horma ederrera eramaten zaituzte.
   Bostgarren luzea, eta ondorengo guztiak asko gustatu zitzaizkidan, haitzak kalitate handikoa da, mugimendu zoragarriak eskaintzen ditu. Azken tirada da zati guzti honetan gogorrena. Plaka desplomatu batetik doa, laja bertikal batzuetatik, helduleku auskor eta arraroak eskaintzen ditu zati honek, azken tetxoara iristea, eta bertatik irtetea da gradua ematen dion mugimendua.









 
   
Anso bailarara egin dudan irteera honetan ezin zuen falta Christian Ravier eskalatzailearen bideren bat, Frantsesak marra dezente zabaldu ditu Veral ibaiak milurtetan zehar zintzelatu dituen horma ikusgarri hauetan. Asko gustatzen zait Christianen bideak eskalatzea, oso garbiak iruditzen zaizkit, bere sorkuntzetan antzinako Alpinismo esentzia aurkitu dezakezu, bide zirraragarriak izaten dira, eta, normalean, errepikapen batean, ez da erraza sentsazio horiek topatzea.
   Misterios del oeste bidea igo dut pilar del paso horman, ikaragarri gustatu zait. Ravierren bide gehienetan bezala bidearen hasiera bilatzea kosta egin zitzaidan, ondoko beste bide klasiko batekin nahastu nintzen, eta, bide honen lehen luzea igo eta ondoren rrapelatu beharrean izan nintzen. 
   Bidearen xehetasunik aipagarriena azken luzearena da, nire susmoa da pareta zati bat erori egin dela, haitza mugitu izanaren zantzuak daude. Nire ustez zailtasunean ez dio eragiten honek, krokisean agertzen den antzeko gradua iruditu zitzaidan, esposizioan aldiz zati delikatua dela uste dut, segurtasun materiala kokatzeko ez dago aukera handirik.

 Corcueraren krokisa








   Hirietako erosotasuna, estresa, zarata, utzi eta, landan, edo, mendian, herri ezeroso, lasai, isil batean bizitza berrasteari izena ere jarri diote, Neorrularak omen dira pertsona hauek. Niretzako heroi batzuk dira, bi potro/obario ongi jarriak dituzten pertsonak, ez dute beste izenik behar.
   Neorrurales bidearen hirugarren luzean dagoen diedro finak atentzioa deitu zidan ikusi nuen lehen aldian, Kantuona bidea eskalatu ondoren izan zen, orain dela urte batzuk izan zen hau. Orduan ez nekien bertan bidea zegoenik, eta eskalada bide berriak irekitzeko nire sen aseezinak, bertan bide bat zabaltzera bidaltzen zidan. Ondoren, bidea zabalik zegoela jakitun izan nintzenean, eta bide honen krokisa ikusi nuenean, tristura sartu zitzaidan, ez diedroa zabalik zegoelako, normala iruditu zitzaidan, diedro hori zabaltzeko ainbeste parabolt erabili behar izanak tristetu ninduen.
   Gustatu zait Neorrurales bidea, oso ongi pasatu dut eskalatzen. Bidearen xehetasun batzuk azaldu nahiko nituzke.
   Lehen luzea eskalada librean kateatu nuen, hasietako horma tentean ezkerretara egin nuen, horma horretan kokatua dagoen bigarren parabolta txapatu ondoren ezkerrera tiratu nuen ain zuzen ere, azken parabolta, horma horretan dagoen hirugarrena, pausoa ezkerretik gainditu ondoren txapatu nuen, tartean tótem urdiña erabiliz aseguratu nintzen. Horrela eginda zailtasuna 6c iruditu zitzaidan.
   Hirugarren luzeko diedroak ez zuen nire itxaropenean huts egin, eskalada fina eta gogorra eskaini zidan. Penaz, diedroaren irteeran pauso bat ezin izan nuen librean egin, krokisak ere A0 markatzen du. Horma tente bat da hau, likenez zikina, helduleku hauskorrak ditu. Ziur naiz denborarekin, eskalatzaileak pasatzen diren einean, tramu hau garbitzen joango dela, helduleku hauek asentatzen, eta ziur pausoa askatua izango dela.
   Neorrurales bidea Gerardo Telletxea eta Xabier Inziartek zabaldua da. Neorrurala, nola ez, Gerardo bera da, hau ere ikusi behar,¡¡¡ Bi Potro!!!











   Agueroz asko idatzi dut azken bi-hiru urte hauetan, aurkikuntza bat izan zen niretzat. Ez da ohiko lekua, eta, nire ustez, ez luke sekula izan beharko, naiz eta batzuk, tamalez, taladroaren erabilera bereizi gabe pareta hauek bezatzen saiatzen diren.
   Oraingoan ere Christianen bi bide dakarkizuet. Lan zaia daukat eskalada hauetan jaso ditudan sentsazioak deskribatzerakoan, saiatuko naiz bideen xehetasunak argitzen, zuendako norbaitek baliagarri izango dituelakoan.


   Metro Blues bideak Peña Sola mendebal aurpegi ikusgarria zeharkatzen du. Udan, beroa itogarria denean, eta batit bat goizez, oasia fresko bat da horma zati hau, hemen beti dago haize korronte bat.
   Peña Sola mendebal aurpegi hau oso tentea da, arrokak marroi kolore argia dauka, eta itsura konpaktua erakusten du.
   Metro Blues bideak, lehen bi luzetan, pantza zona bat zeharkatzen du, bidearen zailtasun handienak hemen kokatzen dira, hauetako pantza nekagarri bat gainditzean hain juxtu ere.
   Hirugarren eta laugarren luzeak berriz plakerogoak dira, mugimendu finagoak eskatzen dute, hirugarrenak batit bat, non, ez ohiko plaka gris batean erantsia zaudela, helduleku txiki batzuk hartuz, abilezia erabili beharko dugu airoso atera ahal izateko.
   Gailur ikusgarrira iristean, orratz bat da Peña Sola, Aguero herria juxtu oinen azpian duzu, egun sargori horretan, umeen algarak ozenki iristen zitzaizkidan kanpineko igerilekuan jolasean ari zirela. Torrijos bidetik rapelatzea falta zitzaidan nik ere bainu freskagarri bat hartu ahal izateko.









   L'emoi et le jeu bidea beste joko bat da, Meteo Blues bidea baino gradu gutxiago dauka, aldiz konpromezu handiagoa du. Bidea zabaltzen bederatzi iltze erabili zituzten sortzaileek, nik berriz iltzeak sartu gabe igo dut. Ziur naiz bidea errepikatu gabea dagoela, beraz lehen errepikapen bat izango zen nirea.
   Bide hau Christian Ravier eta Phillipe Martinsena da, hemen doakizue igoeraren xehetasun batzuk.



   Lehen luzeak, Christianek beti hain gustuko izan dituen diedroetariko bat hartzen du. Beste garai bateko eskaladetara eramaten gaituzte honelako diedroek, oraindik, arrakalak eta diedroak eskalatzea posible ziren garaietara, Christian bezalako eskalatzaileek, pareta hauetan nabariak diren bideak aurkitu zitzazketen garai erromantikoetara.
   Bi pieza fixo daude soilik kokatuak lehen luze honetan, iltze bat hasieran, eta espita ondoren, tiradaren erdialdean azken hau. Kostatu zitzaidan, eskaladaren une batzuetan, seguru fidagarriak jartzea, asko begiratu ondoren ateratzen joaten ziren kokapenak, fisurero sorta on bat eramatea gomendatzen dizuet. Haitza tentuz ibili beharrekoa da, ezin duzu edozein gauzatara heldu, eta are gutxiago nahi eran tiratu. Bilerara iritsitakoan, zer eskalatu duzun kontziente zarenean, gustura egoteko luze bat da lehen tirada hau.
   Bigarren luzeak ezkerretara jotzen du, krokisak espit bat markatzen du, nik ez nuen espit hau ikusi, agian ez nuen nahikoa ezkerretara jo, bileratik atera eta pantza bat eskalatu nuen dezente delikatua zena, ondoren diedroa berriro hartu nuen. Bilera erlaitz baten gainean kokatua dago, oso erosoa da.
   Hirugarren luzeak bi zati oso desberdin ditu, lehen zatian diedro eskalada da orokorrean, bigarrenean berriz, biratxo batetik eskuinetara tiratu ondoren, horma zati gris batean sartzen zaitu, delikatua eta zikina iruditu zitzaidan tramu hau.
   Laugarrena ere haitz kalidadez exkaxa da, zaila ez izan arren tentuz ibili beharreko arroka duena, zortez, seguru onak kokatzen dira. Gailurra, tirada batean ahal egiteko, aldi berean eskalatzea beharrezkoa izango duzue, nik hirurogeita hamar metroko soka neraman eta juxtu iritsi nintzan punta ikusgarrira.
   





   Jaitsiera oinez egin nuen ipar-ekialde kanala erabiliz, ferrata moduan hornitua dago bide hau.