2019(e)ko urriaren 9(a), asteazkena

SIERRA CANTABRIA-PALOMARES-Hagin haundi bidea



Ezin aurrera jarrai genbiltzan, euliak armiarma sare batean bezala geunden, pauso bat emateko gai ez ginela. Sare trinko orlegia zuhaixka eta adarrez egina zegoen, zurezko enbor gogorrak bata besteaz gurutzatuz sortzen zuten tranpa, aireari ere oztopoa jartzea lortzen zuen pareta organikoa zen.
   Bizkar gainean generamatzan motxila astunak mugimendu eza handitzen zuten, aldiro adar madarikatuetan trabatzen ziren, Unai Barrenetxea Leten laguntza beharrean egon nintzan momentu askotan zorigaitz horretatik askatzeko, basurdeek ere ez ziran eroso ibiliko oian sakon horretan.
   Basamortuaren erdian egarriz itoa dagoen bidaiariak, ezustean oasia salbatzailea ikusten duenean bezala, guk, hosto eta adar masa konpaktuan espazio libre bat ikusi genuen. Gune ireki horretan, argi exkaxak giro aproposa sortzen zuela, presentzia bat sumatu genuen, denborari nekez irabaztea lortu duen zuhaitz bakarti bat zegoen harrotasunez tente, meditazio sakon batean dagoen yogi baten itxura hartu nion. Errespetu handiz gerturatu nintzen zuhaitz miresgarriaren ondora, bere azal marroi gogorra ukitu nuen, Unairi adierazi nion zuhaitz hau zela Mikel eta Jonek bere eskalada bideari izena jartzeko arrazoia, Hagin haundia zen.
   Zortez bizirik dirauen hagin eder honi nabarmen ageri zaio enbor sendoan gupidarik gabe eginiko aizkorakada zauria, - zergatik moztu nahi zuten Zuhaitz miresgarri hau?, -zerk geldiarazi zuen lan suntsitzailea?. Erantzuna ez dut sekula jakingo, gainera ez du garrantziarik, hagin haundia zutik eta sendo dagoela da garrantzitsua, aizkoretatik salbu dagoela da inportante, bere paradisuan loratzen aurkitu ahalko dugula.







   Txapela kentzen dut Mikel Arrue eta Jon Arantzetaren aurrean, izugarrizko bide ona zabaldu dute, kalitate ezin hobea duen marra bat da Hagi haundi. 2011 urtean zabaldu zuen bikote honek bidea.
   Hiru tirada ditu Hagin haundi bideak, zein baino zein ederragoa.


   Lehen luzeak eskaintzen duen eskalada bost izarretakoa da, aparta bezain estua. Plaketako eskalada da, erresistentzian fin ibiltzea eskatzen duena, zulo handiz betetako plaka batetan nabigatu beharko dugu, parabolta batzuen laguntzak erraztuko digute noranzkoa, mikrofriend eta friendak jartzen argitsu ibili beharko dugu babesa bilatzeko, zoragarria da eskalada.




   Bigarren tirada ere irmo beretik doa, lehen luzearen kalitate berdina dauka, eskalada pauso gogor bat gainditu beharko dugu bilera airoso iristeko.



     Hirugarren luzeak berriz izaera desberdina du, baina kalitatez eta edertasunez parekoa da. Arrakala moduko bat hartzen du erdi bidean, eskalada pauso apartak eskaintzen ditu zati honek.

     Bidearen azken bilera Palomares ertz zorrotzean egiten da, juxtu pare bat metro beherago. Bertatik errapelatuko dugu, eta bi errapeletan hagin haundiaren adar trinko eta estu artean katigatuta egongo gara berriro.








   










iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina