viernes, 23 de octubre de 2020

PEÑA KARRIA - Retxolaria

 


Tximiniek kanporatzen dituzten kea zuriak teilatu gorrien gainetik zehar ihesean doaz, haize hotzak urrutira daramatza, zerua belzten duten laino ilun eta lodiek irensten dituzte.

Karrikak jendez hutsik daude, soilik txingar usaina atzematen da, eta guztiz estaltzen nau, su ondoetan erretzen ari diren zur esentzia da, etxeetako horma sendoen atzean, epelean, jendea bildua dagoenaren aroma salatzailea.
Kaleetatik zehar noa norabiderik gabe, eskuak poltsikoetan, nire pauso motel eta pisuak harri gastatua igurztean ez dute hotsik ateratzen, ehunka urtez, eta milaka oinek zapaldu duten lauza labainkorrari doinua lapurtu diotela dirudi, bakardadearen sentsazioa handitzen dit honek, eta gehiago hozten nau bihotza, negua ate joka dugu.
Urteroko nahasmena dut hau, zaia egiten zait udako kolore alaiak utzi eta neguko tonu tristeetara ohitzea, berdea izan da beti nire kolore gustagarriena.


Aste luze bat euritan pasatzea gehiegi da, nik argitasuna eta giro lehorra behar dut, Goierriko zuloa utzi eta hego aldera jaistearekin nahikoa izaten dut gehienetan.

Ez nekien nora jo, eskalada egingarri batzuk nituen buruan, hauetariko aukera bat toki berria ezagutzearena zen, Peña Karria.


Valderejo natur parkearen inguruan dago mendi eder hau. Ipar aldeko horma ezaguna nuen, aspaldiko kontuak dira hauek. Iñakitok eraman ninduen behin, oroitzapen ederrak gordetzen ditut garai horietatik, baina ez genuen deus eskalatu, eskalada askea zen gure nahia, ez genituen gauzak garbi ikusi.


Irakurria nuen hegoaldeko hormetan bide batzuk bazeudela, ekipatuak gehienak. Bideak osorik ekipatuak egoteak maiz hozten dizkit eskalada hauek burutzeko nire gogoak, horma handietan gehiago gustatzen zait trad estiloan aritzea, nahiko parabolt txapatzen ditut kirol eskalada egitean.


Sorpresa atsegina izan da horma hau, Retxolaria bidea asko gustatu zait ere, zintzo jokatuz esango dut, ez nuela kalitate hori espero, gozatu egin dut.

Plaka eskalada da orokorrean, grisa eta kalitate ezin hobeagoa duena.


Hasiera kuriosoa du bideak, egitura bitxi batetik hasten da, naturaren kapritxo zoragarria.

Lehen luzea, eskalada zailtasunez, 6b markatzen du krokisak, niri ez zitzaidan iruditu, nik kateatu nuen eran 6c+ izan daiteke, trabeska egiten den plaka pauso teknikoa da, hanka eskasak eta hatzentzako alboko heldulekuak, kostatu zitzaidan ikustea.


Bigarrenak hantzeko joera du, plaka gris eta konpaktua da hasieran, hormaren zailtasunak saihesteko luzeak eskuin alderako joera hartzen du.


Hirugarrenak ez du helburu handirik, metroak irabazi eta zulo ikusgarrira iristea ez bada.


Laugarren eta azken luzea horma tente elegante batetik doa, eskuzabala heldulekuetan, eskalada ederra eskaintzen du.


Gogoz iristen zara Peña Karriako ertz zorrotzera. Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut mendiak eta hormak igotzeko nire afizioa, paretaren beste aldean zer dagoen, edo han goitik zer ikusiko dudanaren jakin minean dagoela. Oraingoan ere nire kuriositatea asetzeko egin nituen ahaleginak merezi izan zuten, behatoki aparta da hau.


Araba eta Burgos arteko mugan galdua dugu mendi harritsu hau, eta ez dut garbi irudizko marra horren zein aldetan kokatu gailur zorrotza; agian trafiko seinaleak eta kartel ofizialak bi hizkuntzetan idatziak dauden zonaldean, edo baliteke hauen bizilagun diren aldean lekutu, hizkuntza bakanean aritzen diren mundu kontrajarrian. Bost axola, naturaz gozatzeko ez da geografia politikoa menderatu behar.


Lau haizetara begiratu dezakegu gaindegi pribilegiatu honetatik, eta zin egiten dut hor goitikan, paisaia aldetik behintzat, ez dagoela aitzakiarik. Baso nahasia da gehien bat begi aurrean azaltzen zaiguna; piñu, haitz, eta arteak osatzen dute orokorrean naturaren aldarria izendatu dezakegun ingurunea. Eta noski, hortik zehar sakabanaturik herrixka bakan batzuk agertzen dira, bizi irauten mendeak daramatzatenak, denbora luze hori inguruarekin bat egiteko baliatu izan dutela dirudi.

































domingo, 4 de octubre de 2020

SIERRA CANTABRIA - PALOMARES - Haitzaren mintzoa

 


Hatz nekatuak zulotxoan sartzen ditut eta, behatz mugimendu suabeaz, pianistak pianoari musika doinuak ateratzeko teklak laztantzen dituen moduan, harrizko barrunbearen intimitateak arakatzen hasten naiz.

Harri gozoari egiten dizkiodan igurtziak ez dira presatsuak, ez diot arrokari nire urduritasuna transmititu nahi, kontrakoa, lasaitzea da helburu. Behatz puntetan sentitzen dut haitzaren zimurdura. Begiratu gabe, soilik atzaparren mugimendu leun batekin, saiatzen naiz ulertzen helduleku minimo horrek esan nahi didana; zein den bere funtsa, zenbateko erresistentzia duen, nola heldu dezakedan egokien, eta horrela, nire ukimen zentzumenari esker, lortzen dut haitzarekin komunikatzea.
 Orain gure energiak bat egin dute, haitzarekin mintzatu naiz, jakin erazi dit zer emateko gai den. Nik sinetsi egin diot, aurrera tiratu behar dut.


Haitzaren mintzoa. Ze izen ederra eta egokia eskalada bide batentzako. Zeren, kontziente edo inkontziente, haitz hormatik gora goazenean, haitzarekin komunikazioa sortzen dugu, eskalatzailearen zentzuak bat egiten du harriaren arimarekin.




Ez zitzaidan erraza egin Iñigo eta Gorkaren bide hau bakarka planteatzea, gauza serioa da. Baina ez da zailtasunean soilik ulertu behar eskalada bide honekin saiatzeko arrazoia; bidaia berak, inguru natural paregabe horretan eskalada eguna pasatzeak pisu handia zuen.


Palomares haitzetan oraindik, eta zorte apur batekin, denon ahaleginaz, horrela jarraitu lezake, eskalada bideak era gordinean aurkitu ahal ditugu.

Eskalada bide hauen garbitasunari logistikaren zailtasuna gehitzen badiegu; bideen azpira iristea, eta bideen hasiera bilatze lanak, alpinismo egun bete bat izango dugu. Ezohiko leku hauetan hurbiltzeak eskaladaren parte dira, hanka sartze minimo batek kolokan jarri dezake igoera guztia.
Hormatik gora egiten dugunean material fixo falta berehala sumatuko dugu; haitza aztertu eta ulertu beharra dugu seguru ibiltzeko. Palomares haitzetan eskalada tradizionala era gordinean aurkituko dugu.


Hiru luze ditu haitzaren mintzoa bideak, zein baino zein hobea.

Azaldu behar dut nik bigarrengoa bariante batetik igo nuela, aurrerago ematen ditut xehetasun gehiago, beraz haitzaren mintzoak berezkoa duen bigarren tiradaz ezin dut iritzia eman.
Hirugarrengoa apoteosikoa iruditu zitzaidan, eskalada paregabea. Zoritxarrez, aurreko luzean dena emanda lehertua nengoenez ezinezkoa izan nuen benetako gozamenera iristea.



 Kostatu zitzaidan bidearen hasiera lokalizatzea, gehienetan horrela da, begiratzen nuen edozein lekutik izan zitekeen posible hastea.
 Bideak nondik jotzen zuen asmatzeko kapaz izan nintzenean, bertara iristea bihurtu zen arazo. Azpiko baso itxia ezaguna nuen tranpa bat zen, latz sufritu genuen aurreko batetan Lete eta biok hagin handi bidea eskalatu genuenean.
Artea zuhaixka txiki eta gogorren adarrak baztertuz, hosto garratz eta sastraka traidoreen ziztadak sufrituz, bide hasieran dagoen metro karratu garbira iritsi nintzen. Ziztu batean prestatu nituen trasteak bidearekin hasteko.
Lehen begiradan, baina batez ere behatz punten lehen ukituan, harriaren kalitate onez konturatu nintzan; kareharri zuria, lakatza, kapritxokoz formaz osatua, eskaladarako espresuki sortua.



Lehen luzea, zailtasun kontuetan, gehikora dela azalduko dut; lasai hasten da, eskalada pauso errazak ditu, ongi babesten direnak. Igotzen goazen eran paretak zutitutasuna hartzen doa, zailtasuna handituz. Azken zatian adi egon beharra dago, ez oiko zeharkaldi bat egin beharrean izango gara, gauden diedroa zabala utzi, eta gure eskuinetara kokatua dagoen bilera bila joan beharko dugu.


Bigarren luzean, argibideak eskatzen dituen tirada da hau, arrakala oso nabaria dago bileraren gainean. Ikusi nuenean, eta bati bat Gorka eta Íñigo ezagutuz, ez nuen inongo dudarik izan hortik igoko zirela pentsatzean, gehiago esango dut, nire Totem jokoa apustu egiteko kapaz izango nintzan bi txapeldun horiek hortik igo zirenen alde. Eta ez nuen krokisa begiratu.
Ongi babesten da arrakala eder honen hasiera, baina berehala konturatzen zara zailtasun handietan sartu behar zarela. Zailtasunari ez nion gehiagoko garrantzia eman, Gorka eta Íñigok gogor estutzen dute arrakala eskaladan, eta nork daki, teknika on batek dena egiten du.
Hasierako fisura zabalak diedro itxi batetara eramaten zaitu, hemen hasten dira komeriak, zaia da babestekoa zati hau. Mikrofisurero bat sartzea lortu nuen, eta eskalada pauso zail batzuk egin beharrean izan nintzan hortik atera ahal izateko . Erorketa garbia da, paretak atzera tiratzen du, pare bat sake jo nituen gainditu aurretik.
Ondoren, irteeran, arrakala berriro ere handitu egiten da, friendak gogoz kokatzen dira hemen, baina zailtasuna handia segitzen du izaten, nire uste apalean zazpigarren gradu altuaz ari gara hizketan.
Bilera ez dago muntatua, zuhaixka batetan egiten da.
Luzea garbitzean, errapelatzen ari nintzela, konturatu nintzan nire hanka-sartzeaz, iltze bat ikusi nuen ezkerretara. Amorru garrasi bat atera zitzaidan nire eztarri lehorretik, asko estutu behar izan nuen luzea gainditzeko, eta lehertua nengoen.



Hirugarren tiradak eskaintzen duen eskalada paregabea da, plaka, kalitate handikoa.
Hasierako metroetan daude luze honen zailtasunak, eskalada pauso tekniko batzuk dira, ez nituen batere gozatu, hankak hazita nituen, txikituta, ahal nuen bezala igo nintzan.
Bide osoan dagoen parabolt bakarra txapatu ondoren horma etzan egiten da, baina ez eskaladaren kalitatea, plaka konpaktu batetik gora egin beharra dago, ongi auto-babestea eta nabigatzea dira klabe.


Mahast ondoak fruitu preziatuaz apainduak daude, nekazariak hasiak dira uzta jasotzeko lan neketsuan, eguna azken argietan dago; ze plazera, ni hemen nago guzti hau kontenplatzen. Gauza sinple hauetaz gozatzea da mendizaletasunaren unibertsitateak erakutsi didan garrantzizkoena.