2015(e)ko martxoaren 14(a), larunbata

PICO LENITO - CANAL NORTE




   Lau hamarkada pasatu dira Javier Escartin (1951-1995) eta Lorenzo Ortasek Pico Lenitoko Ipar Kanala zabaldu zutenetik. Hogeita hamazortzi urte zehazki. Aldaketa handiak gertatu dira urte guzti horietan, eta mendizaletasuna ez da aldaketa horietatik salbuetsita egon. 
  Javier eta Lorenzo, Lenitoko elur maldan gora abiatu zirenean, hirurogeita hamarreko hamarkada zen, eta labur bada ere, saiatuko naiz garai alai haiek deskribatzen: Jendea arropa koloretxuez jazten zen. Gizonezkoak praka estu estuak gustuko zituzten, ipurdi aldea ondo markatuaz, kanpai moduan eramaten zituzten galtzen oinak. Alkandora estanpatu loredunak ikusten ziren non nahi, ile eta bizar luzeekin konbinatuak, ileapaindegitik apenas pasatu gabe. 
  Gizarte aldaketa handien garai horretan, etika garbiago batekin eskalatzen hasi ziren, eta gaur egun eskalada libre gisa ezagutzen dugunaren oinarriak finkatu ziren. 
   Baina nik beste alderdi bat azpimarratu nahi dut, sozialagoa. Eskalatzaileen jarrera asko aldatu da, gizarteak eskalada ulertzeko modua ere. Garai haietan, eskalatzaileak oso marjinatuak zeuden. Mendizaletasunarekin batera, drogen kontsumoa jokoaren zati garrantzitsua zen, eta araua bizi-konpromezuak ez hartzearena, kontsumismoa espetxeratzeko modu bat zela pentsatuta. Gizarteak, txima luze, drogadikto, alper eta horrelako hitzekin deskribatzen zituzten. Gaur egun, eskalada, gizarteratu egin da, edozeinek egiten du, kirol bat gehiago da. Jendeak orokorrean normal ikusten gaitu, kirolariak omen gara. -Zer galdu dugu, eta zer irabazi, horren iritzia ere ba dut, baina, hori, beste baterako utziko dut.



   Bideari buruz ez dut gauza handirik esan nahi, krokis xume bat besterik ez dut zintzilikatuko. Era horretara, informazio eskasarekin, gure oinordekoei omenaldia egin nahi diet, gu baino kontu gutxiagoekin sekulako eskaladak burutzen zituztenei.
   Bai esan, Lenito mendiaren ipar horma hau alpinismoa egiteko leku aparta dela. Neguko bide berriak ireki izana da jarduerarik aipagarriena azken urte hauetan, puntakoak hauetako batzuk.
   Bukatzeko, Joseba Outeirali eskerrak eman nahi dizkiot egun eder bat pasatu dugulako, ¡¡¡ Aupa hi !!!









Lehen bilerara iristen

Bigarren luzea

Laugarren luzea


bostgarren luzea

Irtetzen


2015(e)ko martxoaren 11(a), asteazkena

LIZARRUSTI - Jendetza guztiaren gainetik





   Lasaitasuna gauza handia da. Betiko esaera zahar bat dugu hau. Denok saiatzen gera bake momentuak bilatzen. Nola ulertzen dugun lasai egotearen unea da diferentzia.
   Batzuentzat lasai egotea tripa zorrian egotea da, golperik eman gabe, telebista aurrean etzanda adibidez. Beste batzuek jende aglomerazioetatik at egotearekin ulertzen dute lasaitasuna, bakardadean edo koadrilan, baina beti giro apal batean. 
   Mendia izan da betidanik azken lasaitasun mota hau bilatzeko leku aparta. Baina hemen ere ba dira ezberdintasunak; Batzuek mendira joatearekin bakarrik ez dugu sosegu hori bilatzen. Ahuntzak bezala oiko bidetik at joan behar izaten dugu, biderik ez dauden lekuetara, eta orduan bai aurkitzen dugu askatasuna, jende multzo andanak gure azpian ditugularik. Konplikatuak gera gizakiak, hain sinple den mundu honetan.
   Gorokarasta, Lizarrusti aterpetxe gaineko pareta, asko begiratu dugu azken urte hauetan. Kirol eskalada egiten den sektoreetara joateko ondotik pasa behar izaten dugu. Ez da pareta nabarmen bat, bide on bat ateratzeko ongi ikuskatu behar duzu, era horretara, kalitatezko haitza topa dezakezu, eta egon badago.
    Horma pittin bat etzana da, eta honek eskalada errazten du. Nire ustez, leku ezin hobea dugu mendi eskaladan aritzeko eta trebatzeko.
   Jendetza guztiaren gainetik bidearen hasiera kotxetik bost minutura dago, Lareo urtegira dihoan bidearen alboan. Jaitsiera oinez egitea gomendatzen dut, paisaia zoragarria da. Horretarako, Gorokarasta gailurrean gaudela, Alleko basora jeitsiko gara, inguru karstiko paregabe bat da hau, Agiña zuhaitz ederrak ikusi daitezke hemen. Pagadian, Alleko ibilbidearenkin topo egiten dugunean, Lizarrusti aterpetxe norabidea hartu beharko dugu. Hemen bi aukera ditugu kotxera bueltatzeko; ibilbidea aterpetxeraino segitu, edo aterpe gaineko begiratokira joan eta ferrata bidetik jaitsi, gustuen arabera. Hamar minututan beheran izango gara. 

lehen luzea


 
Bigarren luzea

Laugarren luzea

 
Aitzkorri urrunean ikusi dezakegu

Lizarrustiko aterpea bertan dugu