domingo, 21 de julio de 2019

BISAURIN - Grouyere - La Poinconneur de Paroi, MALLOS DE AGUERO - Six Maximun


   Bi eskalada dakarzkit sarrera honetan, zein baino zein ezberdina, Bisaurin eta Aguero, Pirinioetako haitz zuria, eta Gallego ibai ondoko lokatz beltza.
   Dakarzkidan bi bide hauek parekotasun bakarra dute, sortzailearena, JP Río iparraldeko eskalatzailea, azken urteetan bide berriak sortzen ase ezin dabil mutila.
   Nik bi istorio desberdin bizi izan ditut bi leku berezi hauetan, bi historia hauek kontatzen saiatuko naiz, eskalada kritikari paperean sartzeko inongo asmoz.
   Ezin dut ezkutatu pena sentitu nuela JP Ríok Bisaurin inguruan dagoen Gruyere horma zabaldu zuela jakitun izan nintzenean, gure sekretua zen pareta hau, horrela pentsatzen nuen nik. Arkaitz Yurritarekin batera ikuskatu nuen lehen aldiz pareta hau, txundituta geratu giñan biok, bide bat zabaltzeko asmoa genuen. Arrazoi batengatik edo beste batengatik ez genuen topatu joateko momentu egokia, JP Río aurreratu zitzaigun, eskalada bide sortzaileen patua.


   Víctor izan dut soka lagun irteera eder honetan, urteak dira Pirinioetara Ordiziar batekin ateratzen ez nintzela, Jentilbaratzako harrobi horman Sara bidea eskalatu ondoren bota nion Bisaurina joateko proposamena Victorri. Igande arratsa zen, azken ordua, Ordiziatik abiatu giñan Lizaran lo egiteko asmotan, astelehenean eskalatu behar genuen.


   Ipar haize indartsu batek astindu zuen furgoneta gau osoan, eguna argitu berritan ikusi genuen mendi gailurrak lainoek estaltzen zituztela, goiza ez zen oso atsegina.
   Patagonia garaietako oroimenak zekarzkidan  haize lotsagabeak, kostata, makur eginda, Barranco de Bernera bailara igotzen gindoazela.
   Basozainen aterpera iristean, budista pagoda baten forma hartzen diot nik eraikin bitxi honi, argazki kamara eskuetan nuela klik egiteko prest, sorpresaz, neska bat atera zen hormigoizko ate zabaletik. Motxila astun bat zeraman bizkarrean, esfortzu handiz mugitzen zuena, plastifikatutako mapa bat lepotik zintzilik zeraman ere. Gaua aterpean pasa zuen, bakarrik, kexu zen gau osoan haizearen orroek lo egiten utzi ez zutelako. Hamar egun zeramatzan oinez, Hondarribitik atera zen, Pirinioak zeharkatzea zuen helburu. Ingurua ezagutzen genuen galdetu zigun, ohiko bideak utzi nahi zituen bere ibilbide propioa bilatu nahian, garbi zeukan nondik tiratu nahi zuen, Bernera lepoko malda igotzen ari zela bistaz galdu nuen, inbidia txiki bat sentitu genuen Víctor eta biok, libertatea amesten dugun gauza handi bat da.







   Ahoa zabalik begiratzen zuen Victorrek Gruyere orratza, horma azpian geunden jadanik, La Belellaza izeneko terraza ezin ederrago batean, bibaka egitera deitzen duten horietakoa
   “Le Poinconneur de paroi” bidea asko gustatu zait, horrek ez nau harritu, osagai onak erabiltzen duen edonork egiten du paella goxoa. Luze pare bat krokisean agertzen diren graduak baino zailagoak iruditu zitzaizkidan, luze guztiak librean kateatu nituen. Azken bi tiradak batean egin beharrean izan nintzen, Víctor nekatua zegoen, egun horretarako nahiko eskalatua zegoela esan zidan, bigarren luzeko bileran izan zen hau. Azken bi luzeak batean eginda 7a+ izango da, azken aurreko tirada soilik 6c izan daiteke. Bidearen irteeran kordino luze bat utzia dago, indarraz juxtu datorrenari lagungarri izateko jarria. Niri apañu hauek ez zaizkit batere gustatzen, kordino ziztrin hau, nik, haizearen erruz, haitzean trabatua aurkitu nuen, hori gertatzen ba da bidearen obligazio maila asko igotzen du, 7a izan daiteke.
   Lehen luzea ere 7a+ inguru iruditu zitzaidan, bigarrena berriz, lasai asko, 6c+ izango da.







   Graduak gradu, txapela kentzeko bide bat da, JP Río zoriondu besterik ez zait geratzen.


   Niri beti Malloak ikusgarriak iruditu zaizkit, harriak eta area nahasten duen orea bat dira, tentetasun izugarriaz, inongo lotsarik gabe, azaltzen dute beraien berezitasuna, gaztelu harresiek moduan, oinetan zabaltzen zaien lur lauari adierazten diote Malloen atzean leku desberdin bat dagoela, zeruari espazioa irabaziz, mendi gailur zurien erreinua hasten da.


   Aguerok, gure familiarteko asteburu beharrak aise betetzen ditu. Kanpina dago igerileku eder batekin, herria oso lasaia da, kanpineko kafetegian jan eta edan ongi egiten da, eskalada oso gertu dago kanpinetik.
   Beraz, presarik gabe, familiarekin bidaiatzeak eskatzen duen patxadaz, begiak itxiekin ere gidatzeko kapaz izango nintzen errepidean, beste behin, Huesca aldera tiratu genuen.
   Goizean goiz izaten da nire momentua, aspalditik horrela da, etxekoek lo daudela altxatzen naiz, nire eskaladak burutzen ditut, eta askotan beraiek martxan asterako bueltan naiz, oraingoan ere berdin izan da.




   Bi gauza oso onak ditu “Six Maximun” bideak; goizean itzala dauka, beharrezkoa, urte sasoi honetan, eguzkipean ezinezkoa gertatuko zen eskalada. Harriaren kalitatea ona da hormaren zati honetan, plaka zati oso konpaktu batzuk hartzen ditu. Pájaro de buen Aguero eskalatu nuenean ohartu nintzen horretaz.
   Bidea asko gustatu zait, tamalez, bideak bere trazatuan, leku errazenetatik jotzen du, haitz plaka zati oso on batzuk ukiturik gabe utziz, plaka hauek hartu ezkero, nire iritziz, zailtasunaz eta kalitatez hobeagoa izango zen bidea. 
   Krokisak, bidearen hasieran markatzen duen A0 pausoa librean eginez, luze honen zailtasuna ez du aldatzen.




Kanpineko krokisetan ikusi ahal izan dudanez JP Riok bide gehiago zabalduak ditu Agueron, gustuko dituela konglomeratu hauek bistakoa da. Honek pozten nau, Aguero segituko da izaten gure famili arteko asteburu leku.