Sarritan hitz berriak
egokitzen ari gara gure hiztegira. Gehienak ingeles jatorrikoak dira.
Azkenengoa “Exit” dugu. Irten esanahia du. Gure ahora, Europa zaharrean ditugun
arazo sozial eta ekonomikoei esker erantsia dator. Lehen aldiz Grezian entzun
zen, Grexit-a. Urrena Britanian Brexit-a. Bi egoera desberdin, bi emaitza
ere desberdin. Nortzuk izango dira
urrenak?
Logikak dio, leku batetan deseroso
gaudenean, hoberena, alde egitea dela. Doazenak, pertsonak edo taldeak, asmoak
eta zergatiak adieraziz, lasai hanka egiten dute. Ulergarria eta
errespetagarria ehuneko ehunean. Hau ez da horrela izaten interes ekonomikoak
tartean sartzen direnean.
Aurreko sarrera batetan, Greziarren exit-a
alegiña, historia klasikoko odisea baten moduan marraztu nuen, epopeia batetan.
Britainiarrek beti harridura sortu didate. Sarrera honetan ez dut Exit-era eraman dituen arrazoiaz jardun nahi. Adierazi dudanez,
nire iritziz, ekonomia tarteko sartzen denean gizarte balioei errespetua
galtzen diegu. Ausardiaz mintzo nahi dut, Britainiarrek beti erakutsi duten
doiaz, baloreaz.
Eskoziarren Exit alegina, “Scexit”, Britaniarren
oniritziz burutu zen. Guztiz ezinezkoa Iberiaren penintsulan. Aipatu besterik
ez ditut egingo, Britainiarrek Europako historia odoltsuenetan izan duten paper
erabakarria; Espainiako inperioa suntsitu zuten, Napoleon egurtu, Nazien asmoak
trukatu zituzten.
Mendi jardueraz jardun nahi dut. Logiko: Britainiarrak eskalada estilo propio bat
gauzatu eta ezarri dute. Bai goi mendietan, alpine style climbing, bai haitz
eskaladan, trad climbing. Hizotz eskalada Eskoziarrei uzten diet, scottish mixed
climbing. Beraiek izan dira haitzetatik igotzea erronka duen kirol honen
asmatzaileak. Eskalada egiteko leku apartarik izan gabe, eguraldia lagun gutxitan
izan da, Britainiako eskalatzaileak ongi trebatzen dira munduan zehar dauden
mendi eta hormetan beraien marka uzteko.
Haitz eskaladan ez zuten sistematikoki
Frantziatik zetorren kirol eskaladaren tendentzia hartu, guk erabat onartu
genuen. Beraiek bereari eutsi zieten, zailtasuna eta konpromisoa bat egiten
duen eskalada batetan. Nire iritziz ez zuten oker jokatu. Britainian badaude
paraboltaz ongi hornitutako bideak, noski, baina trad eskalada oso
errespetagarria da. Bi eskalada mota hauek batera elkar banatzen dute eskalada
espazioa.
Beraz, ni ez naiz batere harritu
Britainiarrek, Europako Ekonomi Elkartea, uzteko hartu duten erabakiarekin. Gai
dira hori eta gehiago egiteko. Duzunaz eta zarenaz arro bazaude, zeni izan
behar diozu beldur?
Hiru urte behar izan ditugu Apriet€xit
zabaltzeko, urte zailak gainera. Chemarik eta Fernando Peralta hasi ziran bidea
zabaltzen. Hirugarren luze arte iritsi ziren lehen tentaldi hartan. Ondoren
Chemak eta biok ekin genion proiektuari. Saiakera batetan, Chemak min hartu zuen, eta, ebakuntza-gelatik
pasa behar izan zuen. Ia osatua eta indarrak berreskuratuak, bidea bukatzea
lortu dugu.
Urrun
geratzen da Libro abierto-ko pareta. Bi ordu luze behar dira horma azpira
iristeko. Udan, hain estimatua dugun hitzala, motz geratzen da beroak astindu
aurretik, arratseko ordu-biak arte ez du eguzkiak jotzen. Neguan, hotz handia
egiten du goizeko itzaletan. Eguzkiak jotzen hasten denean egun argi gutxi
izango dugu gorantz segitzeko.
Apriet€xit, Txingorra baino lehen zabaltzen
hasi ginan. Bi bideak pareta berdinean daude. Azken hau bi egunetan zabaltzea
lortu genuen Arkaitz, Eneko eta hirurok.
Apriet€xit azken luzea ezik, hau denbora gaitik
librean bai baina kateatu gabe utzi behar izan genuen, behetik kateatua dago. Horregatik
azken luzeari 7C ¿? jarri diogu.
Horma honetatik jaisteko bi aukera ditugu.
Oinez kanal mayor aldetik, edo errapel eginez Txingorra bidetik.
Pareta honetatik ateratzeko ondo estutu
beharra dago, eta, gure gizarteak galtzear duen ausardi pittin bat ere
beharrezko izango da. Azkenean hau bizitza modukoa
da, hemen ez da ezer oparitzen.