jueves, 9 de enero de 2020

ASPE-Edil / PALA DE IP-Ursi


   
   Mendiak asko ematen digu, baina kentzen ere badaki. Mendiaren bueltan hasi nintzen Nanorekin harremanetan, eta mendiak bera pertsonalki ezagutzeko aukera ezabatu dit.
   Ez nuen Nano aurrez agurtzeko paradarik izan, gure harremana telefono eta Whatsapp bitartez izan zen soilik, gaur egun ziber laguna deituko genioke.


   Eskalada gida baten bueltan idatzi zidan lehengoz Nanok, euskaraz idatzia zegoen Whatsappa bidali zidan, bitxia egin zitzaidan. Nano Bisaurin bailarako eskalada gida bat prestatzen ari zen, Zuriza inguruan zabalduak ditudan bide batzuk sartu nahi zituen gida horretan, libururako textu bat idazteko ere eskatu zidan. 
Nano Zaragozan jaioa zen, eta Aragues Del Puerton zuen bizilekua, mendi gidari bezala irabazten zuen ogia. Nanok euskaraz egiten zuen, euskalduna zen alegia.
   Nanorekin izan nuen azken harremana, Whatsappez hau ere, Bisaurin inguruan bide berri bat zabaltzea gonbidatu nuen unean izan zen, ez zen posible izan, Nepalera zihoala erantzun zidan, Himlung mendira.
   Berri txarrak buelta ziran gailur zurien erreinutik, Nanok ezbehar baten ondorioz bizia galdu zuen, Himlung puntatik jaisten ari zela suertatu zen zorigaitza, kolpe handia izan zen askorentzat.
Doluak behartzen duen samin denbora ondoren, iristen joan zaizkit Nanoren bizitza gorabeheratsuaren pasarte batzuk, ezagutzen ez nituen ibilera konprometitu eta irekiaren adibideak.
   Nanok ez zuen bizitza arruntaren aldeko apustua egin, askatasuna eta gutxiengo taldeen eskubidegatik borrokak mugitu zituen bere oinak.
   Nano Kurdistan herrian ibili zen brigadista moduan, Hevale Cita zen bere borrokalari izena, Rojavan egon omen zen, Siriako Kurdistan probintzian, eta Raqqa askatzeko borroka gogorretan parte hartu zuen Kurduei laguntzen. Anai mendia omen da Hevale Cita Kurdo hitzaren esanahia.


   Mendiak Joseba Iztueta ezagutzeko aukera eman dit, Gabiria herriko semea, Goierritarra, nik asko estimatzen dudan gertutasuna, herritar batekin alpinismo ona egiteko aukera ez dut aspaldian izan.


   Josebarekin egin ditudan lehen eskaladak Candanchu aldera eraman digu, bi bide kateatu nahi genituen egunean, Intermission eta Edil. 
   Elkarrekiko izan genezakeen kezka eta zalantza baztertua geratu zen lehen pioleta kolpearekin batera, baldintza ezin hobeak ziran izotz eskaladarako eta, gehien gustuko genuena egiten ari giñan, eskalatzen. Intermission bidetik hasi genuen gure kateatzea, Tortiellas paretan dagoen bide bat dugu hau, klasiko bihurtu da azken urteetan, oso gerturatze motza eta erosoa dauka, zailtasun baxua du ere.


  
   Ziztu batean igo genuen intermission, izotz eskaladaz gozatzen. Gailurreko ertzera iritsi ginenean, gure aurrean, airoso, Aspe mendi ederraren ipar aurpegia azaldu zitzaigun, helburua genuen. Ondo elurtuta zegoen Edil bidea, marra zuria nabarmen ikusten zen. Rabada eta Navarro eskalatzaile mitiko Aragonesak zabaldu zuten bide hau. Sokada mañoak udan igo zuten Aspeko ipar aurpegia, gaur egun neguan egiten da gehien bat, urtaro hotzak ematen dio bideari kalitatea, Pirinioetako negu bideen onenen zerrendan sartzerainokoa.



   Edil bideak bere hasieran luze zail bat du, tetxoaren tirada. Mixto eskalada da, M6 zailtasuna dauka, besoak ondo berotzen dizkizun horietakoa. Sabai honen ondoren izotz marra paregabe bat hasten da, zailtasun handirik gabe eskalada zoragarri bat oparitzen duena, kutsu alpinoz betea dago mendi kuttun hau.
   Ez zen lehen aldia Aspe mendiko bide on honetara etortzen nintzela, orain urte dezente bakarka saiatu nintzen Edil igotzen, tetxoko luzea eskalatu ondoren jaitsi egin nintzan, baldintzak orduan ez ziran oraingoan aurkitu ditugunak bezalakoak.


   Josebarekin egin dudan bigarren irteerak Pala de Ip mendira eraman gaitu, Ursi bidera, aurten, negu hasieran, Pirinio mendietan dauden alpinismo baldintza ezin hobeak aprobetxatu nahian.


   Ez zen lehen aldia ere bide honetara nentorrela, bakarka sartua nintzen negu gorrian. Gogoratzen dut lehorragoa aurkitu nuela pareta, lehen zatiko luzeekin latz borrokatu nuela, eta ondoren, lehen elur zelaira iritsi nintzenean, egoeraz gehiegi pentsatzearen ondorioz jaitsi egin nintzela.


   Beste itxura bat azaltzen zuen oraingoan Ursi bideak, elurra eta izotzak marra garbi markatzen zuen, leku askotan, lehen era askean igoeran eginiko krokisak ez zetorren bat egungo baldintzekin, krokisak marrazten zituen mixto pasarte ia guztiak izotz garbiaz pasatu genituen. Ursi bidea lehena era askean eskalatzen nire lagun miña nuen Alfonso Vizan izan zen.


   Lehen zatiko azken luzean ordea gauzak aldatu ziran, pareta tente lehor bat azaldu zitzaigun bidea mozten. Klaru zegoen egun hauetako errepikapenek pasarte hau ezkerrean zegoen izotz jauzi batetik gainditu zutela, baina eskalatzaile hauen ibiliaz izotza gutxituz joan zela eta, guk ez genuen garbi ikusten hortik era askean ateratzeko aukerarik genuenik, beraz zuzen tiratu genuen diedro tente batetik, era askean, dena ematen, gogorra iruditu zitzaigun.



   Izotz asko zegoen bidean, baina ez torloju onak sartzeko haina, bi edo hiru bilera muntaian asko saiatu behar izan genuen zerbait itxuroso egiteko; torloju erdi sartuak, iltze falkatuak, brikolajea.



   Bide hau ez da marra zuzen bat oikoak diren izotz lineak bezala, ez da nabaria ere, zeharkaldi ikusgarri asko ditu paretaren puntu ahulenak bilatzeko.




   Oso dinamikoa egin zitzaidan igoera, luzeak azkar, denbora asko galdu gabe igo genituen, arratseko lauretarako Pala de Ip gailurrean giñan, baina oraindik jaistea geratzen zen.


   
   Ipar kanaletik egin genuen behera, lehenik, Pala de Ip ipar mendebal ertza segituz bizkarrera iritsi giñen, horrela ipar kanalaren azken zatia saihestu egin genuen, hemendik ipar aldera pala bat jaitsi ondoren,eta elur zelai bat gurutzatzen ekialde norabideaz, ipar kanalera iritsi giñen.


   Ilargi argia lagun genuela, leher eginda, baina oso pozik, arratseko zortzietan furgonetan giñan berriro, Formigal eski estazioko Sarrios parkingean genuen utzia ibilgailua.


   Alpinismoaren kutsu hoberena aurkitu dugu bide ikaragarri honetan, pioleta kolpe bakoitzarekin, paretari irabazi diogun metro bakoitzeko, mendizaletasunaren handitasuna dastatzea lortu dugu.