Azken
aste hau oso intentsua izan da, bizia, aita naizenetik ahaztua nuen aste aktiboa.
Estres puntu bat sortzen duen ohietakoa, eskalada batetik etorri, motxila hustu,
eta segidan beste eskalada bat burutzeko, berriro, motxila prestatzen duzun
horietakoa. Non, buruhauste handienak, hartu duzun eskalada materiala, edo,
hormara hurbiltzeko bidea egokia den sortarazten dizutenak dira, aste luze
burugabea.
Aste
trinko hau ez zen posible izango etxekoen laguntzarik gabe, muxu handi bat
bidali nahi diet denei, bereziki, nire emazteari, bere adinekotasunarik gabe ez
ziren posible izango eskalada zirraragarri hauek, eta are gutxiago, bloggean
idazteko nire ilusio ulergaitza.
Lau
istorio desberdin burutu ditut aste bikain honetan, lau horma eta mendi
desberdin, lagun desberdinekin.
Hau ez da nire gusturako sailkapen egokia, ordena beste bat litzateke, garrantziaren araberako banaketa. Lehenik lagunen deiak izan nituen kanpora ateratzeko proposamenekin. Ondoren, horma, mendi edo eskalada bideak etorri ziren, kidearekin adostu nituen igoerak. Azkenik istorioa sortzen da, eskaladaren narrazioa, hitzetan plasmatuz eskalada irteera horretan azaleratu diren emozioak.
Hau ez da nire gusturako sailkapen egokia, ordena beste bat litzateke, garrantziaren araberako banaketa. Lehenik lagunen deiak izan nituen kanpora ateratzeko proposamenekin. Ondoren, horma, mendi edo eskalada bideak etorri ziren, kidearekin adostu nituen igoerak. Azkenik istorioa sortzen da, eskaladaren narrazioa, hitzetan plasmatuz eskalada irteera horretan azaleratu diren emozioak.
Nire
aste higitu honetan, lehenik, Xabi, Aritz eta Tarirekin aritu nintzan eskalatzen, Etxaurin, espigolo bidearekin ausartu nintzan ni. Ikusgarri bezain
desplomatua den bidea da espigolo, erresistentzia fisiko guda bat da.
Alberto
Fernández izan nuen soka kide bigarren irteeran. Asko poztu ninduen telefono
deia izan zen Albertorena, Euskal alpinista gazte indartsuen artean dago Elgoibarra,
eskalada ederrak burutzen ari den eskalatzailea dugu. Ez nuen dudarik, irteera hau, Palomares hormetan eskalatzeko aukera ona izango nuela, eta saiatu beharreko bidea “Ipa barik ez dago festarik” izan behar zela.
Itzela da Íñigo eta Mikelek
zabaldu duten bidea, Ipa barik ez dago festarik bidearekin lortu dute hormetako
eskalada garbia kontzeptua bere osotasunean azaltzea. Ipa… bidearen lehen luzea,
zailtasunez handia ez izan arren, eskalada perfektuaren bilakaeran pauso bat
da, haitza eraso gabe, pazientziaz, eskalada garbiak eskaintzen duen aukera
guztiak aprobetxatuz, luze izugarri bat zabaldu dute, hiru joku mikrofrien
eskatzen duen 55 metrotako plaka buka ezin bat. Bilera ere muntatu beharra
dago.
Hurrengo luzeak ere ez dira makalak.
Aipagarria hirugarren luzea da, 60 metrotako plaka eder bat maisuki zabaldua.
Azken luzea ezin izan genuen askatu, zeharkaldi oso gogor bat du, bloke pauso
bat, arrakala gogor baten ondoren.
Asko
gustatu zitzaigun bidea, zoriondu genuen Íñigo, orain Ipa zerbezaren zain gaude.
Marronekin
nuen hirugarren irteera hitzordua. Katu oinen ordez kranpoiak jantziko genituen, eta hurbilketa eskiaz egingo genuen.
Balaitus, Neus glaziarretikan,
izan zen aste amestu honen hirugarren norakoa. Balaitus igoerak ez du azalpen
handirik behar, igoera klasiko bat da, mendizale askok ezagutzen dute, ez
horregatik galtzen du edertasuna, nire iritziz ikusgarria da.
Berandu atera giñan etxetik, Alberto
Bergaran agurtu eta, etxetik pasatu ondoren, gaueko bederatzietan, Marronekin
elkartu nintzan etxeko atarian.
Solasaldi atseginean egin genuen bidaia,
gauza asko genituen elkar kontatzeko, goizeko ordubatean furgoneta Maison du
Parc parkingean gelditu genuen.
Lehen argiarekin altxatu giñan, ez
giñen bakarrak, kotxe bat etorri berria zen, gidaria eskiatzeko botak janzten
ari zen, lehenago arrantzale bat joana zen mendian gora kanabera eskuetan zuela.
Arin gindoazen bide harritsu
zabaletik gora, polita zetorren eguna, txundituta geunden hainbeste
edertasunaren artean, gailur zuriek gure arreta hartzen zuten. Motxila astunak
generamatzan, eski eta boten pisua nabaria zen. Ledormeur aterpearen
altueran jantzi genituen eskiak, lasaigarria izan zen gure bizkar eta
oinentzat.
Gogorra
zegoen elurra, izoztua, negu kutsua hartu zuen paisaiak Neus glaziarrean sartu
ginen momentutik, inguratzen gintuzten horma erraldoiak zizelkatu zituen negu
betikoa zen, garai hoben malenkoniaz nekez irauten duen hotza .
Astuna egiten da Neus glaziarraren
azken zatia, luze, malda handia ez izan arren, distantziaz bai ordea.
Gure aurretik doan eskiatzaile
bakartia eguzkipean dagoen azken kanala igotzeari ekin dio, eskiak utzi ditu,
eta elur exkaxean arrastoa zabaltzen hasia da, lan gutxiago guretzako,
norberekeri ulerkorra.
Kanalean, elurraren baldintzak ez
ziran onak, erresalteetan izotza ez zegoen bere hobenean, zortez, generaman
eskalada material gutxiarekin seguru igotzea lortu genuen. Frantses eskiatzaile
bakartia beherako bidean zen une horretan, elkar gurutzatzen garenean agurtzen
gara. Ez da gaztea, urte batzuk ditu, aitona izan daiteke. Hitz batzuk
elkarbanatzen ditugu, kexati agertzen da elurraren baldintzaz, soka eskaintzen
diot errapelatzeko, uko egiten dio. Gu gurean segitzen dugu, igoera babestuz, eta gailurra zapaltzen dugunean, alai, gustura, igoera ederra izan delako.
Furgonetatik furgonetarako txangoa zortzi ordu kostatu zaigu, beherantz, eskiak oinetan jantzita ditugula,
azkar eta eroso egin dugu.
Oinak Pirinioetako erreka ur hotzetan
sartzea, zerbeza bat edaten ari garen bitartean, gailurra zapaltzearen pareko emozio bat da.
Aste amestu honetako laugarren eta
azken irteera Iker Artolarekin egin nuen, oraingo honetan egun bat deskantsu
hartu al izan nuen Peña Montañesa zoragarrira joan aurretik.
Aspaldikoa genuen Iker eta biok
elkarrekin irteera bat egiteko gogoa, egoera pertsonal, eta eguneroko zereginak
atzeratzen zuten nahia. Lizarrustin, eskalada garbia egitera Ikerrek egiñiko
bisita izan genuen hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera, ezin genuen gehiago
luzatu egoera.
Ez
genuen inongo presarik Oncinsera iristeko, Jacan lagun zaharrak agurtu
genituen lehenik, bertan afaldu genuen. Umore
ezin hobean joan zitzaizkigun orduak, gau erdia pasa zela atera giñan Jacatik,
Oncinsera ordu txikietan iritxi giñan.
Logureak era bat hartuak gintuen,
gaua oso motza izan zen, parranda txikiaren zapore lehorra ahoan genuela altxa
giñan, suertez, eskaladaren ilusioak ajearen alferkeria gainditzea lortzen du.
Ugatza
bidea izango genuen helburu egun eder horretan, zerua ez zegoen erabat urdin,
lainoak ipar haizearen eraginez azkar pasatzen ziran gure gainetik. Horma zati
askoetan bustia ageri zen, ea zortez Ugatza lehor topatzen genuen.
Horma azpira iristeak, bideak
hasten diren lekuetara ailegatzea, bere zailtasuna dauka, Peña Montañesak ez
du hau ere erraza jartzen.
Ugatza
bidea Eneko Cesar eta Mikel Zabalzak zabaldua da, 2013an bi Naparrak beste
erakustaldi bat eman ziguten, seguru fixo oso gutxiekin lortu zuten Peña
Montañesako pareta zentrala igotzea. Zortzi luze ditu Ugatzak, horietatik
hirugarrena eta zazpigarrena oso onak dira, beste luzeak trantsizio dira, hori bai,
material fixorik gabeak. Hirugarrena diedro tente ori batetik dijoa, oso fin
igo beharra dago diedro hau, hankak bi aldeetara mugituz teknika onarekin,
seguruen kokapena ona da.
Zazpigarren luzea kalitate aparta
duen plaka bat da, oso teknikoa, aiurri handia dauka. Hatzentzat helduleku txikiak
ditu, hankak kokatzeko lekuak bilatzea lan zaila da, pausoak nondik hartu asmatzea giltzarri da luzea kateatzeko.
Ziztu batean pasatu zait aste hunkigarri hau, bizipen kopurua gaitik luzeagoa izan den irudipena dut. Oso atsegina egin zait astea, mendi eta eskalada aldetik aparta, umoretsu eta zintzoa lagunartean.