2020(e)ko abuztuaren 23(a), igandea

LIZARA - PUNTA FETAS - Xiberotarren besta

 

Festarako garai hobeak izan dira Euskal herrian; txokoak alaitzen dituzten herri jai guztiak bertan behera geratu dira, gaueko taberna eta dantzalekuak itxi dituzte, pertsonen arteko harremanak murriztu, familia eremuetara soilik mugatzeko eskatu digute agintariek. Parrandarako garai txarrak dira hauek, juerga kontuetan ere itxaropenera kondenatuak gaude.



Ni ez nago etsitzeko prest, golfo xamarra daukat gorputza, Zuberotar bikote baten festa gonbidapena iritsi berri zait, onartu dut.
Ez gaizki hartu nire hitzak, ez ditut arauak hautsi behar, ez naiz ez-solidario bihurtu, bakarka festa izango da nirea.


Arroka festa gonbidapenak ugariak dira, eta hauetariko jai batzuk jarraitzaile asko mugitzen dituzte; "la fiesta del bíceps" adibidez, gihar puztuen gehiegikeria.
Beste jai batzuk esklusiboagoak dira, minagoak; "la fiesta del Paca", psikotropoak kontsumitzeko apartak.
Ba dago gau guztia parrandan pasatzen dituztenak ere, "noche de juerga" adibidez, Sirula mendi ikusgarrian, kalimotxoa eta speed, Euskal punk garaietan bezala.
Ni Jean Pierre Riok Lizaran egin duen azken jai deialdira gerturatu naiz, lagun fidela dudan Izarrekin batera, "Xiberotarren besta" deitu diote parranda honi.
Musika jaialdi handietan egiten den moduan kanpatzeko tresnez joan gara gu ere, ez genuen festa ikaragarri honen detaile bakarra galdu nahi.


Arratseko bostetan utzi genuen Lizara aterpetxeko kotxe parkinga, aho zapien muga dugu hau. 
Motxila astuna neraman bizkarrean, eskalada materiala, jana eta lotarako tresnak.
Bisaurin mendiaren bide arruntetik gindoazen, Foraton lepo zabaletik gora. Gaztetako oroitzapen neketsuak dakarzkit tontor lodi honen hego malda astunak. Neguan eskiak jantzita maiz igo dut aldapa bukaezin hau, baina tontorra zapaldu nuen lehen aldia uda garaia izan zen. Gabardito aterpetxean lo egin ondoren goizeko freskuran atera ginen gailurra zapaltzeko irriki Marron eta bere parapenta, Lazkaotar koadrilarekin batera, Ramon Baztarrika, Jon Lasa eta Imanol Murua.
Gogoratzen dut eguzkiak errukirik gabe jotzen gintuela hego malda astunean, pauso bat gora egitea lan neketsua zela, tontorra zapaltzea, ahalegin zentzugabe hori, zalantzan jartzeraino. Nekearekin bukatzeko atzera egitea nahikoa nuen, eta aukerak euliaren burrunbak bezala ziztatzen zidan burmuinean. Eta orduan Imanolek bota zituen askotan gogoratu izan ditudan hitzak, gerora egin izan ditudan eskalada eta mendi igoeratan burura etorri zaidan esaldi ahula; “ez dut pentsatu nahi zer izango den Himalayako mendietan igoera bat”.
Etorkizunari begira egin ziren hitz horiek orain iragana dira: Nire bizitza bideak munduan zehar bazter asko ezagutzera eraman naute, Himalaya barne, eta lur urrun eta exotikoetan mendi maldak parekatzeko aukera izan dut, sarritan Imanolen hitzak burura etorri zaizkidalako. Beti pentsatu dut aspaldiko uda hartan, mendizale gisa lehen igoera izan zitekeen horretan, Bisaurin mendiaren hego malda nekagarrian, nire bizitzako igoerarik gogorrena bezala.


Nostalgia beteak diren burutazio hauei, traketsagoak diren beste pentsamendu batzuk buruan lekua irabazten ari zintzaizkidatenean, punta Fetas hego pareta ederra nire oinen altueran agertu zitzaidan, soilik zeharkaldi atsegin batek banatzen gintuen hain estima dudan paretaz, eta bat patean alaitsu gindoazen harri blokeetatik saltoka, Izar aurrean nuela beti.

 


Eskertu nuen buruko kapela hartu izana. Arropa guztiak jantziak nituen, ez zegoen bero usainik paradisuan, kanpin denda eta lozakuaren berotasuna ez nituen luzaroan zain eduki nahi.


Ezingo nuke esan gaua erosoa izan zenik, ezta gutxiago ere, magina buelta eman nituen postura egokia bilatu nahian, baina eguna argitu zenean, eta leku miresgarri horretan esnatzean, gaitz guztiak uxatu ziran; bibaka egitearen xarma ez da lo egitea, edo gaua pasatzearena soilik, egunsentiaren argitan, aukera duzunean inguratzen zaituen handitasuna begiztatzeko, eta zein leku pribilegiatuan zauden ulertzeko, orduan aurkitzen dut nik magia.

 


Paseo atsegina izan zen, soilik hamar minutu dira bibakatzeko denda arinetik eskalada tokira.
Motza iruditu zitzaidan, gorputza berotzeko astirik ez nuen izan; hiru arropa kapa eta buruko kapela nituen jantzita, eta eskuak hotz sentitzen nituen.
Eskaladarako prestatu nintzen, Izar soka luze batekin lotua nuen jadanik, bere ur eta janarekin, eroso egongo zela ez nuen dudarik.


Bidearen krokisak arrakaletarako esku larruak komenigarriak direla azaltzen du, kasu egin nuen aholkuari eta ez nintzen damutu. Horma tentea pitzaduraz josia dago, bidearen sortzaileek zalantzak izango zituzten zein arrakala aukeratu, nik garbi nuen, urrunean ikusten nituen bi baraboltak markatzen zizkidaten bidea.


Aurretik kateatzea lortu nuen luzea, estutu on bat emanda noski, eta ikaragarri gustatu zitzaidan.
Frienak errez kokatzen dira luze honetan, baina kontuak atera behar nituen, joko bat neraman soilik, esku estua izatea eskatzen du situazio honek, ezin duzu nahi bezain beste babestu, bada ez bada teoria.


Bigarren luzeko hasiera hormak txunditu ninduen, ederra eta egingarria ikusten zen, gerora ematen zuena baino gogorragoa suertatu zena. Bigarrengoz, soka goitik nuela, kateatzea lortu nuen. Pitzadura kaos bat da plaka lirain hau, eta zurea egiteko ongi saiatu beharko zara. Era askean igotzeko parabolt marratik pittin bat eskuinera ibili nintzan ni, agian era honetara deseroso sortatu daiteke txapak ipiniz igotzerakoan, baina zuzen askoz gogorragoa da, eta bat dator sortzaileek proposatzen duten zailtasunekin.


Ondorengo zatiak atzera egiten duen diedro bat segitzen du. Diedro honen erdian, parabolt batean, bilera markatzen du krokisak. Nik neure aukerak aztertu ondoren, neraman materiala, aurrera tiratzea erabaki nuen, bi luze batean eginez, izugarrizko tirada ona geratzen da horrela, 45 metro inguru.


Hirugarren luzeak ezkerrera egiten du, kanal zabal batetara, nik kanal hau segitu nuen gailurreraino. Gero ikusi nuen bideak, agian, kanal hau utzi eta ezkerrerago trabeska segituz horma zati konpaktuago batetara iristen dela, horma honen gainean errapela dago.


Atsegina izan zen gailur pikotsuan argazkia egitea, gustuko ditut haitz tontor zorrotz hauek, ez dute lekurik seinale fisikoak jartzeko; harri dorreak, gutunontziak, gurutzeak… beti izango da gozagarria leku ezezagun batetara iritsi zaren sentsazioa.


   Bueltakoan kanal zabala eskalatzen jaitsi nuen beko errapelarte. 
   Izarrek betiko ongietorri beroa eskaini zidan, ahoa irekiz nagiak atera zituen, loaldi gozoa egin zuenaren seinale.


Bakarka egiten diren festek biharamun tristea izaten dute, memoria kolektiboa falta zaie. Inork ez ditu aipatuko, ajearen ondorioak bistakoak dituela, parrandaren xehetasunak; zein ederki pasatu zuen hire dantza frenetikoa ikusten, zenbat barre egin zuen dantzalekuaren pistan hegan ikusi zintuenean, eta festa bukatzear zela bion arteko argazki selfia atera zuenekoa.


Ez, ez dira horrelako gauza garrantzitsuak egongo bakarka egiten den jai batetan. Soilik hik gogoratuko dituk festaren xehetasunak; oztoporik gabe iritsi zitzaizkizun naturaren musika doinuak, argien jolas guratsua eszenategia apaintzen zuenean, koreografiaren zailtasunak, ahalegin handiz dantzatzea lortu zenuena, eta naiz festara bakarrik joan izan ongi pasatu zenuela.

2020(e)ko abuztuaren 3(a), astelehena

ORDESA - Pared de la Fraucata - Jamoncito Vegetal


Nahi eta ezinean bizi gara; urdai azpikoaren zapore koipetsua gustuko dugu, baina  barazki egosiak jaten ditugu, gantzak saihestuz. 
Askatasuna dugu maite, baina amesten dugun askatasun prefabrikatuan ustez beharrezkoak ditugun gailuak pagatzeko gure burua gatibu daukagu.
 Eskalada dugu gustuko, baina ez dugu onartzen bere arriskua, kapaz gara horma baten nortasuna aldatzeko, segurtasunaren izenean, gure gabeziak onartu aurretik, eta dena Instagramen argazki bat jartzeko; baina nere buruari galdetzen diot...  salbuespenak egon ahal daitezke?



   Jamoncito vegetal bidea eskalatu berri dut Ordesako horma kaotikoan, Nacho  Merinorekin batera, eta ziurtatzen dut ez dela suzedaneo bat, urdaiazpikoaren gantz koipetsua dariola eskalada mokadu bakoitzeko, kalitate ziurtagiria duela, ezkur hobenekin elikatutako urdangetatik ateratako pata negra dela.


     Bide hau eskalatzeko bi motibazio desberdinak mugitzen ninduten: alde batetik bere estiloa,  Ordesan dagoen bide zailenetako bati egin beharko genion aurre, eta bestetik, bidearen sortzaile  bezala sinatzen duten hiru handiak oso laguntzat ditut, beraien bidearen errepikapenak haiengana hurbiltze ninduen neurri handi batean, eta nire kidetasuna adierazteak ilusioz bete.


   Udan eskalatzeko itzala beharrezkoa bihurtu da, ez dago pertsona zentzudunik atzoko beroarekin eguzkitan jardungo zenik, salbuespenak kenduta; gure aurrean sokada ausart bat zegoen "cascadako" horman eskalatzen, errukitu genituen Fraucatako itzal suspergarritik.


Esan dudan bezala, jamoncito Vegetal Fraucata horman dago, eta eguraldi iragarpenak adierazten zuen bero olatuari kasu egin nahian berandu genbiltzan, goizeko hamarrak ziran lehen luzearekin hasi ginenerako.


Kuriosoa da lehen tirada hori, eskalada pauso bitxiak egin behar dira gainditzeko; diedro, arrakala, artesi eta sabai nahasketa berezia. Gogora ekartzen dut "Diedro de las  Audibras" bidea, Santi Graciarekin eskalatu nuena, sentsazio berdina izan nuen, - hau 6b bada zer izango da aurrerago aurkituko duguna? 


Komunikazio akats baten erruz, lehen hiru luzeak bietan egin genituen, nahiko deseroso soka marruskadura gaitik, ezker eskuin trabeska egiten du nabarmen bigarren luzeak. Hirugarrenaren irteera, bilera iristea, oso delikatua da bloke kaosa dela eta.


Laugarrena bideari zailtasuna jartzen dion luzea da, ezohiko tirada. Horma tenteak lehen bistan ez du ematen egin daitekeenik, eta barruan zaudela, poliki aurrera egitean, zortez babes eta helduleku aukerak azaltzen doaz, eta metroak irabazten dizkiozu arroka ilunari hankak dardarka dituzula.


"Luzearen irteeran, diedro irekian, atzera egiten duen sekzioa da hau, babesa beharrezkoa nuen zati zail hori gainditzeko; soka gorria friend more batetik pasatzea lortu nuen, ez zegoen gaizki, juxtu kabitzen zen zulo errektangular batean kokatua zegoen, nire kalkulu mentalen arabera erorikoa eutsi zezaken. Azpiko segurua ordea, fisurero ertain bat, harri bloke zatitu bateko arrakalan sartua zegoen, ez zidan konfiantza ematen, zalantzazko hotsa ateratzen zuen harri zahar horrek ukabilez jotzen nuenean, zetorren eskalada pauso gogorra hobeto babestu beharra nuen. 
Diedro irekiak kanaltxo estu bat dauka erdian, pauso gogorrarekin hasi eta berehala, bertan fisurero bat kokatzeko aukera ikuskatzen zen; besoei ahalegin handia eskatuz fisurero on bat sartzea lortu nuen, baina ez nuen arnas pittin baten bila atzera egiteko aukerarik ikusten, segidan jo behar izan nion pausoari.


Gogotsu nindoan, luzea kateatzeko itxaropenez. Ezker eskua kanaltxoan sartu nuen eta blokeo luze bat egiten saiatu nintzen urrutian ikusten nuen laxa on batetara. Luze geratu zitzaidan mugimendua. Ezin egonean, erortzeko zorian nekez dardarka, erregleta batekin egin nuen topo eta nituen indar apur guztiak ateraz eutsi nuen. Erregleta txiki horrek eskaintzen zidan posizio berria aprobetxatuz, eta azken aukera moduan, laxa salbatzailearen bila salto egitea izan nuen erabakia. Behatz puntekin ukitu nuen laxa, nire eskuin eskuko azal gogorrak sentitu zuen guratsu nuen heldulekuaren zimurtasuna, baina ez zen nahikoa izan nirea egiteko, eskutik alde egin zitzaidan.
Ez nuen ezer sentitu airean nengoenean, egun osoan gure aldamenean izan genituen enarak bezala, Cotatueroko espazio irekian txori bihurtu nintzen une izugarrian, umil onartu nuen nire porrota". 


    Orain luze horretan pentsatzen dudanean, eta nola saiatu nintzen bera gainditzen, pozik naiz. Ordesako hormetan erorikoa arte borroka egiteak, niretzat, eskalatzaile bezala, oso positiboa da. Are gehiago, zeren Nachok zoriondu egin baininduen batzarraren babesean nengoenean, luzea egin ondoren, bazter seguru horretara iritsi zenean.



Bosgarrena ere ez da luze makala, Nachori tokatu zitzaion, eta ongi saiatu behar izan zuen gainditzeko. Krokisak bi iltze markatzen ditu trazatu aldrebes horretan, guk bakarra txapatu genuen, paperean bigarren agertzen dena, bestearen arrastorik ez genuen aurkitu, eta horrek, konpromisozko terrenoetan asko esan nahi du. Orokorrean  luze oso ona iruditu zitzaigun.


Seigarren luzeak bilera Diedro de las Audibrasekin partekatzen du, bide ezaguna  niretzat, eta alternatiba tentagarria aurrean ikusten nuen sufrikarioarekin bukatzeko. Baina ez, gu jamoncitoren zapore koipetsu bila etorriak ginen, pata negra urdai betekada egitea, egongo zen denbora dietetarako.



Luze honetaz ere, aurrekoan egin dudan moduan, xehetasunez azaldu ahalko nituzke eskalada mugimendu eta sentsazio guztiak, oso biziak ditut oraindik, tope saiatu nintzen kateatzeko. Baina ez zaituztet nekatu nahi aitona gaztetako kontuekin hasten denean bezala, joan eta dastatu besterik ez duzue egin behar.


Ezin dut esan Jamoncito Vegetal bidea oso ona denik, Fraucatako bide gehienekin gertatzen da, gure hoberena eta txarrena azaleratzen du, baina bere helburua lortu du, salbuespena izatea.