miércoles, 28 de agosto de 2019

ANSO - Nora hoa ardi galdu hori, Misterios del Oeste, Neorrurales MALLOS DE AGUERO - Meteo Blues, L'emoi et le jeu

   
   Zaia egin zait sarrera hau idaztea, zalantza asko izan ditut idazterako orduan, hausnarketa sakon bat egin beharrean izan naiz. Hau nire buruari egin diodan galdera; egokia da burutzen ditudan eskaladen berri ematea? Ni ere harritu naiz, hainbeste urte eta gero, krisialdi honekin hasi izanaz, proiektua ekin berritan izan nituen zalantza berberak dira hauek, burutzen ditudan eskaladen balio falta nabarmen bat dira.
   Barne eztabaidaren konklusioak azaldu nahi dizkizuet: Ez dut uste burutzen ditudan eskaladak ohikoak direnik, denak dute, eginak izan diren eraren gaitik, edo, soilik, eginak izan diren arrazoiagatik, berezitasun bat. Deskribatzen ditudan eskalada hauetariko batzuk lehen errepikapenak dira, hau da, zabaldu izan zirenetik ez ziran eskalatuak izan. Sarreran agertzen diren bide guztiak bakarka eginak daude, eta gaur egun, hau, berezitasun bat da.
   Burutu ditudan eskalada hauek, beste askorekin batera, esfortzu handi bat daramate atzetik, asko saiatu naiz teknikoki eta psikologikoki hobetzen burutu ahal izateko, amets baten emaitzak dira.
   Aurreiritziak alde batera utzi ditut, egiten dudana gehiago baloratzen saiatu naiz, eta plazer handiz, hemen doakizue nire azken abenturak.





  Uste osoa daukat eskalada honetan, Luzio Egigurenekin bat egin izan dudala. Oreretako eskalatzaileak, Anso bailaran, Ur horman, "Nora hoa ardi galdu hori" zabaldu zuenean nik nire errepikapenean izan ditudan sentsazio berberak izan ditugula, ziur naiz burutik gauza berdinak pasatu zaizkigula. Uste dut, bakardadearen hutsuneak pertzepzioan eragin zuzena duela, biderkatu egiten ditu sentsazioak. Horrela, pareta eskalada batean galdua zauden sentsazioa handitzen du, horma izugarri batean murgildua zaudenean ardi bat bezain ahula senti arazten zaitu, burua zalantzaz betetzen dizu, eta burutzen ari zaren ekintza bera kuestionatu dezakezu.
   Ez zen nire lehen asmoa Luzioren bidea igotzea, konpromezu gehiago duen beste bide bat eskalatzeko asmotan nenbilen. Aurreko gauean izandako ekaitza izan zen aldaketaren erruduna, edo zergatik ez,  azken momentu arte gauzak egin gabe uzteko nik dudan ohitura txarra.
   Ez zuen euri gehiegirik egin, tximista eta trumoiak ordea asko izan ziren. Goizean, esnatzerakoan, telefono mugikorrak ez zebiltzan, Anso bailara osoa inkomunikatua zegoen, jendearen kezka eta beharra ikusirik gauza serioa zela zirudien.
   Ni ere teknologia berrietara ohitu egin naiz, telefonoa bihurtu zait erreminta garrantzitsu bat. Lehenago aipatu dudan bezala, azken momentu arte utzi nuen eskalatzea pentsatzen nuen bidearen krokisa deskargatzeko eginkizuna. Ezinezkoa izan zen, hutsean geratu nintzen, krokisarik gabe eskalada bidea ezin aurkitu ibili nintzen, plan B baten beharrean.



 Luichi krokisa

   Nora hoa… bidea ia guztiz ekipatua dago, soilik friend gutxi batzuk sartu beharra daude, lehen metroetatik oso argia da trazatua, nik egun horretarako behar nuena.
   Gustatu zitzaidan bidea, ongi eskalatuta atera nintzen hormatik, bide guztia librean eskalatu nuen, azken luzea kateatzea ez nuen lortu.
   Lehen luzeak plaka pauso oso fin bat dauka, juxtu bilerara iristen ari zarela. Aderentzi batean ezin mugitu zaudela dinamiko bat egin beharra dago helduleku on batetara, ez da erraza pauso hau.
   Hirugarren eta laugarren luzeak trantsizio hutsak dira, bidearen azken zatian dagoen horma ederrera eramaten zaituzte.
   Bostgarren luzea, eta ondorengo guztiak asko gustatu zitzaizkidan, haitzak kalitate handikoa da, mugimendu zoragarriak eskaintzen ditu. Azken tirada da zati guzti honetan gogorrena. Plaka desplomatu batetik dijoa, laja bertikal batzuetatik, helduleku auskor eta arraroak eskaintzen ditu zati honek, azken tetxoara iristea, eta bertatik irtetea da gradua ematen dion mugimendua.









 
   
Anso bailarara egin dudan irteera honetan ezin zuen falta Christian Ravier eskalatzailearen bideren bat, Frantsesak marra dezente zabaldu ditu veral ibaiak mendeetan zehar zintzelatu dituen horma ikusgarri hauetan. Asko gustatzen zaizkit Christianen bideak eskalatzea, oso garbiak iruditzen zaizkit orokorrean, bere sorkuntzetan antzinako Alpinismo esentzia aurkitu dezakezu, bide zirraragarriak izaten dira, eta normalean, errepikapen batean ez da erraza sentsazio horiek bilatzea.
   Misterios del oeste bidea igo dut pilar del paso horman, ikaragarri gustatu zait. Ravierren bide gehienetan bezala bidearen hasiera bilatzea kosta egin zitzaidan, ondoko beste bide klasiko batekin nahastu nintzen, eta bide honen lehen luzea igo eta rapelatu nuen. 
   Bidearen xehetasunik aipagarriena azken luzearena da, nire susmoa da pareta zati bat erori egin dela, haitza mugitu izanaren zantzuak daude. Nire ustez zailtasunean ez dio eragiten honek, krokisean agertzen den antzeko gradua iruditu zitzaidan, esposizioan aldiz zati delikatua dela uste dut, segurtasun materiala kokatzeko ez dago aukera handirik.

 Corcueraren krokisa








   Hirietako erosotasuna, estresa, zarata utzi, eta, landan edo mendian, herri ezeroso, lasai, isil batean bizitza berrasteari izena ere jarri diote, Neorrularak omen dira pertsona hauek. Niretzako heroi batzuk dira, bi potro/obario ongi jarriak dituzten pertsonak, ez dute beste izenik behar.
   Neorrurales bidearen hirugarren luzean dagoen diedro finak atentzioa deitu zidan ikusi nuen lehen aldian, Kantuona bidea eskalatu ondoren izan zen, orain dela urte batzuk izan zen hau. Orduan ez nekien bertan bidea zegoenik, eta nire, eskalada bide berri zabaltzaile ase ezin grinak bertan bide bat zabaltzera bidaltzen zidan. Ondoren, bidea zabalik zegoela jakitun izan nintzenean, eta bide honen krokisa ikusi nuenean tristura sartu zitzaidan, ez diedroa zabalik zegoelako, normala iruditu zitzaidan, diedro hori zabaltzeko ainbeste parabolt erabili behar izanak tristetu ninduen.
   Gustatu zitzaidan Neorrurales bidea, oso ongi pasatu nuen eskalatzen. Bidearen xehetasun batzuk azaldu nahi nituzke.
   Lehen luzea eskalada librean kateatu nuen, hasietako horma tentean ezkerretara egin nuen, horma horretan kokatua dagoen bigarren parabolta txapatu ondoren ezkerrera tiratu nuen ain zuzen ere, azken parabolta, horma horretan dagoen hirugarrena, pausoa ezkerretik gainditu ondoren txapatu nuen, tartean tótem urdiña erabiliz aseguratu nintzen. Horrela eginda zailtasuna 6c iruditu zitzaidan.
   Hirugarren luzeko diedroak ez zuen nire itxaropenean huts egin, eskalada fiña eta gogorra eskaiñi zidan. Penaz, diedroaren irteeran, pauso bat ezin izan nuen librean egin, krokisak ere A0 markatzen du. Horma tente bat da hau, likenez zikina, helduleku hauskorrak ditu. Ziur naiz denborarekin, eskalatzaileak pasatzen diren eñean, tramu hau garbitzen joango dela, helduleku hauek asentatzen, eta ziur pausoa askatua izango dela.
   Neorrurales bidea Gerardo Telletxea eta Xabier Inziartek zabaldua da. Neorrurala, nola ez, Gerardo bera, !!!hau ere ikusi behar!!!












   Agueroz asko idatzi dut azken bi-hiru urte hauetan, aurkikuntza bat izan zen niretzat. Ez da ohiko leku bat, nire ustez ez luke sekula izan beharko, naiz eta batzuk, tamalez, taladroaren erabilera bereizi gabe batekin pareta hauek bezatzen saiatu.
   Oraingoan ere Christianen bi bide dakarkizuet, lan zaia dut eskalada hauetan jaso ditudan sentsazioak deskribatzen, bai saiatuko naiz bideen xehetasunak argitzen, zuendako norbaitek baliagarri izango dituelakoan.


   Metro Blues bideak Peña Sola mendebal aurpegi ikusgarria zeharkatzen du. Udan, beroa itogarria denean, goizez, oasia fresko bat da horma zati hau, hemen beti dago haize korronte bat.
   Peña Sola mendebal aurpegi hau oso tentea da, arrokak, marroi kolore argia dauka, eta itsura konpaktua erakusten du.
   Metro Blues bideak, lehen bi luzetan, pantza zona bat zeharkatzen du, bidearen zailtasun handienak hemen kokatzen dira, hauetako pantza nekagarri bat gainditzean hain juxtu.
   Hirugarren eta laugarren luzeak berriz plakerogoak dira, mugimendu finagoak eskatzen dute, hirugarrenak batik bat, non, ez ohiko plaka gris batean, helduleku txiki batzuk hartuz, gure abilezia erabili beharko dugu airoso atera al izateko.
   Gailur ikusgarrira iristean, orratz bat da Peña Sola, eta Aguero herria juxtu azpian geratzen da, umeen algarak ozen iristen zitzaizkidan kanpineko igerilekuan jolasean ari zirela. Torrijos bidetik rapelatzea falta zitzaidan bakarrik, nik ere, bañu freskagarri bat hartu al izateko.









   L'emoi et le jeu bidea beste joko bat da, Meteo Blues bidea baino gradu gutxiago dauka, aldiz, konpromezu handiagoa du. Bidea zabaltzen bederatzi iltze erabili zituzten sortzaileek, nik berriz iltzeak sartu gabe igo nuen. Ziur naiz bidea errepikatu gabea dagoela, beraz lehen errepikapen bat izango zen nirea.
   Bide hau Christian Ravier eta Phillipe Martinsena da, hemen doakizue igoeraren xehetasun batzuk.



   Lehen luzeak Christianek beti hain gustuko izan dituen diedroetariko bat hartzen du. Beste garai bateko eskaladetara eramaten gaituzte honelako diedroek, era honetako horma esanguratsuenetan, oraindik, arrakalak eta diedroak eskalatzea al ziren garaietara, Christian bezalako eskalatzaileek pareta hauetan nabariak ziren bideak aurkitu zitzaketen garai erromantikoetara.
   Bi pieza fixo daude soilik kokatuak lehen luze honetan, iltze bat hasieran, eta espita ondoren, tirada honen erdialdean. Kostatzen dira eskaladaren une batzuetan seguru fidagarriak jartzea, asko begiratu ondoren ateratzen joaten dira kokapenak, fisurero sorta on bat eramatea gomendatzen dizuet. Haitza tentuz ibili beharrekoa da, ezin zara edozein gauzatara heldu, eta are gutxiago nahi eran tiratu. Bilerara iritsitakoan, zer eskalatu duzun kontziente zarenean, gustura egoteko luze bat da hau.
   Bigarren luzeak ezkerretara jotzen du, krokisak espit bat markatzen du, nik ez nuen espit hau ikusi, agian ez nuen nahikoa ezkerretara jo, bileratik atera eta pantza bat eskalatu nuen dezente delikatua zena, ondoren diedroa berriro hartu nuen. Bilera antosta baten gainean kokatua dago, oso erosoa da.
   Hirugarren luzeak bi zati oso desberdin ditu, lehen zatian diedro eskalada da orokorrean, bigarrenean berriz biratxo batetik eskuinetara tiratu ondoren, horma zati gris batean sartzen zara, delikatua eta zikiña iruditu zitzaidan tramu hau.
   Laugarrena ere haitz kalidadez exkaxa da, zaila ez izan arren tentuz ibili beharreko arroka dauka, zortez, seguru onak kokatzen dira. Gailurra tirada batean egiteko aldi berean eskalatzea beharrezkoa izango duzue, nik hirurogeita hamar metroko soka neraman, eta juxtu iritsi nintzan punta ikusgarrira.
   





   Jaitsiera oinez egin nuen ipar-ekialde kanala erabiliz, ferrata moduan hornitua dago bide hau.   






  
   
            



















  
     


viernes, 2 de agosto de 2019

ORDESA Pared Cóncava-Kantauri , Circo Salarons-Talibanes sin fronteras eta Baron Axler


   Eusko label zigilua duten hiru bideen kronika dakarkizuet oraingoan, Gipuzkoarrak hirurak, Idiazabal gazta edo Getariako txakolina bezalako jatorri irekia dutenak.
   Ordesan burutu ditut hiru eskalada hauek, Euskaldun sinadura duten bide askoren lekua dugu hau. Gustura eskalatzen dut inguru basati hauetan, munduan parekotasunik ez duten horma kaotikoak dira hemengoak. Bakarka burutu ditut igoera zirraragarri hauek.



   Lehen egunean Salarons zirkura bideratu nituen nire oinak, Gerardo Telletxea, eta Íñigo Mutiloak zabaldutako bideak dira hemen aurkitu ditzakegun asko, Talibanes sin fronteras, eta Barón Axler eskalatu nituen egun berdinean, bi Gipuzkoar hauen sorkuntzak dira.
   Salarons zirkuko hormak altuera txikia dute, ondoan dauzkan amildegiekin konparatzen baditugu, noski, Tozal del Mallo albo batean dauka, zelatari, haitza aldiz kalitate handikoa da Salarons osoan.


Chritian eta Remi liburutik ateratako krokisa










   Bideak gustatu zaizkit, Rufok esan zidan bezala, Ordesara igotzean, goizeko lehen autobusean topatu ginan elkar, - Gerardoren 6c-etan estutu beharra dago. Aldiz bideak gutxi, edo ezer ez, garbituak daude, helduleku baten huts egiteak bota ninduen aireetara.
   Ekipamendu asko aurkituko dugu bide hauetan zehar, errapelatzeko hornidurak daude bi eskalatzaile hauen bideetan.


   Bigarren eguneko eskaladak Pared cóncava ezagutzera eraman ninduen. Ez oikoa dugu horma hau, haitzaren koloreak adieraziko digu berezitasun hori, gris tonu konpaktua dauka, inguruetako marroi kaotikoetatik kanpo. Ez nau harritzen eskalatu dudan bidearen sortzaileek, Mikeltxo, Josu Ulazia, Josu Gutierrez eta Zizto, Kantauri izena aukera izana, itsasoan galdua zauden sentsazioa duzu uneoro, Kantauri itsaso haserre batean itolarrian.
   Aspalditik nuen bide hau eskalatzeko gogoa, Christian eta Remi liburuan ikuskatu nuenetik, eta esan beharra dut gutxietsi nuela bidea. Ez zen nire errua izan, nik, krokisean zeuden datuak interpreta nituen soilik, bidearen izaera imajinatu nuen, era bat erratu nintzen.

Christian eta Remi liburuko krokisa


   Harritu ninduen Ordesara, goizean, lehen autobusean ezagunik ez topatzea. Eskalatzaileak ba ziran, noski, bi sokada, Géminis bidera batzuk, Franco-Española bidera besteak.
   Bakardade sentsazioa handia nuen Cóncava azpian, horma gainera erori behar zitzaidala zirudien, bere barrenean erantsi behar ninduela.



   Lehen luzearekin hasi nintzan, V+ markatzen du krokisak, ondo berotu nintzen, alarmak pizten hasi ziran. 6a hurrengo bi tiradak, honezkero ohartua nengoen errazetik gutxi zuela bide honek.

Sapaia

Manu eta Javi lanean

   Sorpresa atsegina izan zen hirukote bat pareta azpian ikusi nuenean, Javi Bueno, Manu Córdoba eta haien lagun bat ziren, hormaren eskuin aldean bide berri bat zabaltzera zihoazen.
  Tetsuko tiradak harritu ninduen, krokisean 7a+ markatua dago, arazorik gabe kateatu nuen, honek itxaropena eman zidan goiko zatiarekin asteko. 6b+ markatzen duen luzea zaplazteko bat izan zen, erorketa bat izatetik aparte, erregleta bat hautsi zitzaidan blokeo luze batetan lagungarri erabiltzen hari nintzela, zati oso gogorra dauka ondoren, modu ez oso txukunean pasa nuen zati hau. Ondoren, Kantauri bideak, Hil da jainkoa bidearekin bat egiten du, 7a zailtasuna agertzen da krokisean luze honetarako, usaindu ere ez nuen egin, estratosferakoa iruditu zitzaidan. Azken luzea ere, 6c krokisean, nire gainetik pasa zen gupidarik gabe.


Hil da jainkoa bidearekin bat egiten

Manu agurtzen dut

   Bidea asko gustatu zait, kalitate handia dauka. Ez naiz ados geratu nire igoerarekin, pozik nago gora iritsi izana gaitik, baina, nik beste bide mota bat bilatzea espero nuen, librean eskalatu ahal nuen bat, ez nuen lortu.