jueves, 17 de septiembre de 2020

ATXARTE - Alluitz - Friend festa

 


Barre egiten dut nire azken ateraldiarekin, irribarrea ezpainetan dudala idazten ari naiz izan dudan burutazio basiko hau: friend festa bidea eskalatu berri gara, baina gure arnesean generaman materiala ikusirik tótem festa deitu al geniokeela bururatzen zait, edo hobeto oraindik; totemek jatorri euskalduna kontuan harturik, friend hitza ordezkatuz, lagun festa deitzea aldarrikatu beharko genuke.



Ray Jardine ipar-amerikar eskalatzaileari zor diogu arrakaletan aseguratzeko erabiltzen ditugun gailu mekanikoen sorkuntza, bere asmakizuna izan omen zen, friend hitzaz ezagutzen ditugun aparatuak dira hauek. Hau 1975. urtean izan zen. Gailu astun hauek, itxuraz, gutxi dute gaur egun ditugun friendekin, printzipio mekanikoarena soilik.



Nik laurogeigarren hamarkadan ezagutu eta erabili nituen friendak lehen aldiz, marka espainola batenak ziran, Calma etxekoak, amigos del galayar izenez saltzen zituzten. Ipar- Amerikarren lehen friend harren antz handia zuten, prezioz berriz merkeagoak ziran.



Urte asko pasatu dira garai erromantiko haietatik, eta itzuliko ez den denbora horretan friendak asko hobetu dira. Urte mordo hauetan marka bat gailendu da beste marken artetik, gure arnesetan ez ziren beste friendik ikusten, ez zuten konpetentziarik.
Harrigarria dirudien arren, Euskal marka bat, produktu berritzaile batekin, merkatu hankaz gora jartzea lortu du, marketinean ia gasturik egin gabe, eskalatzaileak probatu eta gustuko izan dute, ongi eginiko gauzen ondorioa dudarik gabe.


Gogoratzen dut Mikel Apezetxeak deitu zidan egun hori, Santa Bárbaran zitatu ginen, friend prototipo bat nahi zidan erakutsi.

Hitzordura ez nuen hutsik egin, beti gustatu izan zait konplitzea, baina esan beharra daukat ez nekiela ongi zertara joana nintzan.
Mikelek lehen tramankulua hura nire eskuetan jarri zuenean; aparatu astuna, eta tamaina handiko bat zen, poleaz josia, lehen begiradan zatarra iruditu zitzaidan. Mikel nire iritzia jasotzeko irrikan zegoela bistan zen, eta orain une horietan pentsatzen dudanean gaitasun eza izan nuela uste dut,- beste friend bat gehiago dek- esan nion, benetan tresnaren berritasunak, eta honek zekarzkien onurak ikusi gabe. Era bat oker nenbilen, ez nintzen kapaz izan friendaren bentajak ikusteko.
Naiz eta hasierako prototipo harrek gaur eguneko totemekin, itxuraz behintzat, zerikusi gutxi izan, printzipio berdinean oinarritzen da, zuzenean espeketatik zintzilikatzen zara, ez ardatz zentraletik, beste frienadak bezala, ez nintzen kapaz izan desberdintasun honen onurak ikusteko.
Zortez Mikel ez zen etsi, horrek asko pozten nau, bere produktuan sinesten zuen, adore izugarriaz aurrera segituz, !!! bejondeizula Mikel !!!, !!! Zorionak !!!. 


Lehertua nago, dena emanda, atzo friend festa bideak nire hobenak atera zituen, eta orain biharamuneko ajea pagatzen ari naiz.



Igande goizean genuen zita Íñigo Andolak eta biok, zazpietan geratuak ginen Atxarten.

Nik nahiago izan nuen larunbata iluntzean, azken orduan, Durango aldeko haitz paregabeetara gerturatzea, eta bertan lo egitea, horrela lasaiago ibiliko nintzan igande goizean.


Epela zen goiza, hego haize leun batek goxatzen zituen bazterrak, eguna bero zetorrela ez zegoen dudarik.


Friend festa bideak Alluitz mendiaren mendebal aurpegia igotzen du. Harri zuria, gogorra, eta kalitate handikoa duen mendi eder hau, Atxarte bailara aldean, hertz, orratz eta paretaz josia dago, kaosa sentsazioa azaleratzen du. Ez dira horma hauek altuak, gehienez ehun metro izango dituzte handienak, baina hauetako orratz batzuk segidan eskalatzen badituzu metro dezente ateratzen dira.


Sekula bukatzen ez den bidea da friend festa. Kontzeptua sinplea dauka, orratzak banaka kateatzearena, azkenean eskalada maratoi batetan, ia bostehun metro eskalada garbi sartzen dituzu gorputzean.

Laurehun eta berrogeita hamar metroetan, friend festak soilik bi parabolt txapatzen ditu. Honek, guztiok dakigun bezala, zailagoa, eta mantsoagoa egiten du igoera, egun osoa behar izango dugu eskaladarako; guk zortzi ordu luze behar izan genituen burutzeko.


"Lagun" festa bideak, gora, bera eta zeharkaldi asko ditu, ez da erraza trazatua segitzea, are gehiago, "Atxarteroa" ez bazara. Krokisa nahiko ongi egina dago, eta lagungarri izango dugu puzle piezak muntatzeko.


Sekretu bat kontatu zidan Íñigok azken luzea egina genuenean, III. graduko hertza. Lepo txiki batean geunden sokak biltzen, puntu honetatik, oinez, hartzen genuen Alluitzeko mendebal bizkarra. Gure aurrean horma dotore bat zegoen, berrogei eta hamar metro izango zituen. Pareta hau ez da festan sartzen, baina eginiko dinamika horretan sartu al genezaken.


Pertsonalki aukera horretan pentsatzea bakarrik, luze bat gehiago geratzen zela, hotzikarak ematen zizkidan.


Friend festa bukatu genuen, arnesean generaman Totemi txispeak ateraz, zin degizuet parranda ezin hobea dela, aje handia uzten duela.


Iñigok, lagun desberdinekin batera diseinatutako kateatzea da hau, baina berak dioen bezala, - hobetu daiteke -, !!!aupa gazteak!!!

 

















 










 












 


miércoles, 9 de septiembre de 2020

ASPE - Anaya

 


Harritua geratu nintzen ikusi nuenean, ez dira oikoak taberna iskin hormetan eskegita aurkitzea, koadroak balira bezala, eta bitxikeri hau atsegina egin zitzaidan.
Kirol batzuetan ohikoagoak dira horrelako oroigarriak; nork ez ditu ikusi Euskal Herriko tabernetan zintzilik, aretoko horma garrantzitsuenean gainera, Marino Lejarreta txirrindulariaren argazkiak, eskaintza zintzo bat sinatuaz. Edo futbol taldeen posterrak, jokalari guztiak bata bestearen ondoan serio daudela, taberna barrako leku hobenean, aldare batean baleude bezala.
Iñaki Perurena ere ohikoa da tabernetako zintzilikarioetan, hirurehun kiloko harri zahar bat bizkarrean altxatzen ari dela ageri da beti, ahalegin basatiak irribarrea ahotik kentzen ez diola. Baina eskalada bide baten krokisa taberna horma batean eskegita sekula ez nuen ikusia nik.
Pirinioetara joan etorrian geldialdia derrigorrezkoa izan dugu beti, kafe azkarra hartzeko, edo bokata lasai bat jateko, beti egin zaio tarte bat ohitura oni.


Eskalada egun emankor horietako baten ostean bokata bila geratu ginen Puente la Reinan dagoen Anaya tabernan. Ez zegoen inor barran eta itxaron aldia luzea egiten ari zitzaigun, gose geunden. Ez dut gogoratzen ikusten lehena ni izan nintzen, edo egun horretan nirekin zegoen laguna izan ote zen, buruan dut biok batera gerturatu ginela horman eskegia zegoen koadro bitxi hori aztertzera, eta tentuz begiratu genuela partekatzen zuen informazioa, argazki handi batean Aspe mendiaren hego horma ageri zen, Anaya eskalada bidearen krokisa zuen marraztua.



Bakarka saiatzeko asmoa nuen Anaya bidea, soka lagun bila dei batzuk egin ondoren B plana zen hau. Azken orduan Xabi elkartu zitzaidan ahalegin horretara, Nerearekin aterata zegoen bi jai egunak pasatzera, Nerea prest zegoen eskaladak irauten zuen ordu luze horietan zain egoteko; muxu handi bat zuretzako Nerea. 
Xabierren deia atseginez jaso nuen, furgoneta martxan jartzen ari nintzan unean izan zen, Aisan geratu ginen afaltzeko.



Gogoko dut Aisa, Pirinioetako herri asko bezala, gustu handiz dastatzen dut isurtzen duten lasaitasuna, heldutasunaren patxada dela iruditzen zait.
Naiz eta Aisa Aspe mendiaren magalean ezkutatua egon, astebururo mendizale andana hurbiltzen zaio, herriko egunerokoa hankaz gora jarriaz. Mendizaletasuna gehitzen doan kirola da.



Gure furgoneta langa ondoan utzi genuenerako kotxe ilara luzea zegoen bidearen bi alboetara, lasai ibili ginen goizean, Nereak gurekin egin behar zuen Aspe hego hormako hurbiltzea, ondoren irakurtzen lasai geratzeko asmoa zuen, honek eskalada burutzeko presa zertxobait arintzen zuen.



Atzetik, hurbiltze bidean, lauko sokada zetorren, Aisako lepoan hasten den murciélagos ertzean pare bat zenbiltzan, Aspeko hego hormaren azpira iritxi ginenean bi sokada zeuden beraien igoerekin hasten, ez nuen espero horrelako Pirineismorako afiziorik.
Horietako sokada bat Anaya bidean zegoen, sorpresa gozoa izan zen Iosu Ulazia eta Igor Lasa zirela konturatu nintzenean, horrelako ezusteak atseginak ditut, ez dut imajinatzen leku hoberik lagun zaharrak agurtzeko.




Asko gustatu zitzaigun Anaya bidea Xabier eta niri, bidea ongi trazatua dagoela iruditzen zaigu, bati bat lehen partean, ez baita erraza kalitatezko horma bilatzea.




Hirugarren luzean, azken zatian, bideak eskuinera trabeska nabarmen bat egiten du, guk bilera bat beharrean izan ginen, ezin izan genuen luzea bukatu, friend eta fisureroz muntatu genuen bilera diedro batean. Sokak kriston igurtzimendua egiten zuen, nahiago izan genuen aukera hau erabili. Ondorengo luzea pareta gorriaren azpiraino egin genuen, zelaitxoan dagoen bloke handia arte.




Bigarren zatiko arroka gorriak eskaintzen duen eskalada ezin hobea da, gozatu egin genuen arrakala leun horiek igotzen. Txalotzekoa iruditzen zait, zati honetan, sortzaileek egiten duten seguru mugikorren erabilpena, bi luze oso, bilera barne, seguru fixorik sartu gabe, ez da ohikoa, are gutxiago klasiko bihurtu den bide batetan.




Jaitsiera beste gauza bat izan zen, zerua erori zitzaidan gainera, ezin nuen sinetsi begi bistan nuena, sutan jarri nintzan, Xabier atzetik haluzinatua zetorren, ez zen gutxiagorako nire maldizio erretolika entzunda.
Ba dira gustu txarrez eginiko gauza asko, ikustearekin soilik begietan min egiten dizuten horietakoak, hau horrelako bat da; errapeletara eramaten zaituzten pintura marka gorriaz ari natzaizue.


Ba dakit zertarako sortuak izan diren marka horiek, zein funtzio bete nahi duten, baina uste dut ez direla beharrezko, inguruari izugarrizko kaltea egin diotelako, leku eder hau zatartzen dutelako, egoismo hutsa da; Ez al dira aski beti erabili izan ditugun harri dorreak? "hitoak", lekua ez da hain konplikatua, errapelak dauden lepoa bilatzeak ez du arazorik. Noski, lehenik krokisa begiratu, edo gurekin hartu behar izan dugu, eta dirudi hau lan nekeza dela.


Aspera igotzeko ohiko bide bat da kanal hau, neguko baldintzetan bati bat, eskalada gidatan azaltzen da. Hego horma eskalatu ondoren jaisteko erabilia izan da ere, "hitoak" or daude; zer beharra dago marka itsusi horiek egiteko? Espero dut pinturarena joera ez bihurtzea bestela gureak egin du.


Asko gustatu zait Anaya bidea, benetan gozatu egin genuen Xabi eta biok, Aspeko hego horma aurkikuntza zoragarri bat izan da niretzako.