Esaidazu norantz duzun itzala eta, esango
dizut non zauden.
Euskal Herriko ondartzetan eguzkiak bizkarra
majo berotzen dizu, hori lainotua ez dagoenean. Mediterraneo itsasoan aldiz
bular aldean eman beharko duzu eguzkitako krema. Galizia eta Portugal kostalde
atlantikoan eguzkiak alboz jotzen du, deskuidatzen bazara beso bat bestea baino
gehiago belzteko arriskua duzu, kamioizaleen antzera. Ni badaezpada itzalean
egoten saiatzen naiz edonon.
Paisajistikoki izugarri polita da Galiziako
Riax Baixas kosta, bistako plazer bat da. Hondar zuri fineko hondartza hauetan
ilunabar perfektuak kontenplatu ditzakezu. Hondartza eta itsas ondoko
pasealekuetatik kanpo, gure egonaldia oraindik erakargarriagoa egiteko,
eskalada aurkitu dezakegu.
Baionako kanpina izan dut kanpo base,
bertatik atera naiz eskaladatxoak egitera.
Montefierro eskalada gunea.
Baiona ondoan dagoen Axón herrian eskalada
eskola txiki bat topatuko duzu itsasoaren ondoan. Monteferrerro deitzen diote
eta faro aldamenean dago. Inguru izugarri polit batean dago kokatua eskola hau,
Patos hondartza, Estellas eta Cíes irlak begi bistan dituzu, plaka eder errez
batzuk kenduta ez du interes handiagorik.
Faro Budiño beste kontu bat da, Galiziako eskalada eskola garrantzitsuenetakoa da. Ez dago kosta ondoan, arazo bat niretzako, 30km barrurago kokatzen da Porriño kontzejuan. Inguruko herriak eta jarduera ekonomikoak, autobia eta izugarrizko industrialdea daude azpian, irentsi egin dute paisaia honen edertasuna, ziur naiz garai batean bertakoek mirestu eta gehiago errespetatu izango zituztela haitz hauek.
Granitozko
horma hauetan ehundaka bide aurkituko ditugu, eskalada garbia eta ekipatua
partekatzen dira. Ehun metroko garaiera hartzen du gehienez. Bide klasiko bat
bilatzerakoan, Krokisak ez dira errez interpretatzen, alde guztietatik sartu
eta ateratzen bai dira bideak eta barianteak, Pino bidea, bariante batekin,
aukeratu eta eskalatu nuen, asko gustatu zitzaidan.
Nirea ez zen izan oiko eskalada bat,
txirrinduaz egin bai nuen joan etorria, era honetara, nire iritziz, paretari
beste dimentsio bat ematea lortu nuen, eta aldi berean duintasun gehiago.
Baionan dagoen kanpinetikan 34
km daude faro Budiño hormara. Zalantza asko izan nituen
hasieratik, zein bide hartu zen lehena. Galiziako errepideak ezagutzen
dituen edonork ohartuko zen zertaz ari naizen, trafiko handia dago, eta dena da
gora eta bera jarrai bat. Teknologiari esker bilatu nuen aukerarik hoberena,
Google Mapsek gidatu ninduen mendiko errepideetatik, autobideetako auto eromena
aldenduz. Zama ere zalantza zen, zer material hartu eskaladarako, eta
horrez gain zein bide eskalatu. Bide klasiko ekipatua aukeratu nuen, vía Pinos,
horrela, friend eta fisureroen beharrik izango ez nuelako.
Morgadans gaina.
Faro Budiño horma Morgadans gainatik.
Goizeko zazpiretan martxan nintzan, soka
simplea neraman bizikletaren parrillan erantsia, bakarkako eskalada ekipoa eta
mosketoi batzuekin batera, motxila txiki arin bat bizkarrean zintzilik neraman ere.
Gustora hasi nintzan pedalkadaka goizeko
freskuran, Miñor errekaren bailaratik nijoan Gondomar herrirantz. Lehen maldekin
batera nabaritzen hasi nintzan gurpilak errepidera erantsi egiten zirela,
Gailiñeiro mendi zerra igotzen ari nintzan, astuna izan zen igoera. Indarrez
juxtu iritsi nintzan Morgadansko gaina, izen hori eman diot gainari erreferentziarik
ezbait dut topatu, mendi portua kokatua dagoen kontzejuarena da izena, eta eskerrak bertatik laino tartean urrunean faro Budiño ikuskatu nuenik, honek
aurrera jarraitzeko animoz berriz bete ninduen.
Ez zitzaidan erreza suertatu orientazioa,
askotan geratu behar izan nuen errepide bazterrean Maps kontsultatzeko, erratu
ere behin baino gehiagotan egin nuen, momentu horietan instintuari esker lortu
nuen nire helburura iristea.
Ia pareta azpiraino ailegatu zaitezke
bizikletaz lur pista batetik. Ez zitzaidan iruditu jende asko ibiltzen denik
eskalatzen, bideen hasiera zoruak sastrakaz nahiko zikinak aurkitu nituen.
Faro Budiño azpian.
Via Lactea lehen luzea.
Pino bidea hirugarrena
Pino bidea laugarrena.
Lehenengo bi luzeak Via Lactearenak eskala
nituen, eta oso ederrak dira, batibat Feldespato harritxoz betetako plaka
eskalada. Hirugarren luzean bideari izena ematen dion pinu erraldoia dago arrakalatik
ateratzen, ingurua erretxinaz beteta du. Laugarrena ere asko gustatu zitzaidan,
tximinia horizontal kurioso batetik doa. Gailurrera iritsi, pare bat argazki
egin eta errapelatzen bueltako bideari ekin nion.
Itzultzeko bidea ere erronka bat zen,
Morgadansko gaina igotzea, oraingoan Porriño aldetik, kezkatzen ninduen, portu
hau pasatzea lortzen banuen, ondoren errepidea beheruntz izango zen Baionaraño.
Dena eman nuen igoera amaiera gabe horretan.
Gauza bakarra nuen alde, banekien gaina hartzen nuen momentutik erronka hau
burutua izango nuela. Laino eze batek estali zuen desioko gaina iritsi
nintzenean, niri begira, harriturik, larrean etzanak zeuden behiak izan ziren
nire zorionaren testigu bakarrak, plato handia sartuta, oraindik urrun zegoen itsasorantz
jaisteari ekin nion. Arratseko lauretan kanpinean nintzan berriro, nire alaba
galdezka nuen, - Aita non egon zara? - Mendian maitea, paseo bat ematen.
Nire hirugarren eskalada
eskola sorpresa atsegin bat izan da, ez nuen hainbeste espero Monte du Gailiñeiro
eskaladaz. Altuera txikiko bideak dira eta gehienak oso etzanak eta zailtasun
gutxikoak, baina badira horma sakabanatu batzuk bertikalak direnak, eta hemen
ondo estutu beharra dago. Kalitate ezin hobeko gneis harria da, arrakala eta
erregleta romoz beteta, eskumuturrak ondo berotzen dizkizu horietakoa, hormen
altuera eskasia orekatuz.
Eskola honetara iristeko, aurrekoan moduan,
bizikleta erabili nuen, soilik 14km dira. Oraingoan ere Baionatik Gondomar herrirantz
hartu nuen, Vincios herrira jarraian, azken honen gainean kokatzen da eskola
eder hau, bertatik ditugun bistak liluragarriak dira, Vigo eta Baionako itsas
bazterrak kontenplatzen direlarik. Mendi ingurua ere oso ederra da, naiz eta
Galizia osoa kaltetu izan dituen baso suteen aztarnak aurkituko ditugu,
ingurugiroa pixkanaka errekuperatzen doa.
Monte do Galiñeiro ipar gailurra.
Haitzaren kalitatea ezin hobea da.
Vigo Monte do Galiñeirotik.