2018(e)ko uztailaren 31(a), asteartea

Faro Budiño-Montefierro-Monte do Galiñeiro


  Esadazu nora proiektatzen den zure itzala eta esango dizut nongo hondartzan zauden.
  Euskal Herriko hondar fineko hondartzetako batean bazaude eta kantauriar itsaso harroari begiratzen badiozu eguzkiak bizkarretik emango dizu. Aldiz, Mediterraneoko itsas paseo luze horietako batean bazaude, bularrean eman beharko duzu eguzkitako krema erretzerik nahi ez baduzu. Beste izkinan, Galizia eta Portugalgo kostalde atlantikoan, eguzkiak albo batean kolpatuko zaitu, hemen arriskua da beso bat bestea baino gehiago belztea, kamioilariak bezala. Bistako ondorio horretara iristeko Galiziako Riax Baixas delakoetara bidaiatu behar izan dut.

  Paisaiari dagokionez, oso polita da Galiziako Riax Baixas kostaldea, plazer handia da ikusmenarentzat. Itsaslabar zorabiagarriak dituen kostalde honek, landaretza eta fauna ugari eta aberatsa dituenak, itsasadar zabal eta sakonak sortzen ditu, arrantzale herri bitxien aterpea. Itsasadar eder hauetako hondar fineko hondartzetan ur kristalinoak oso hotzak daude, ozeano atlantiko itzelaren eragina. Talaia bikain horietatik ilunabar ezin hobeak ikusi ahal izango ditugu, eguzkia aurrez-aurre ezkutatzen baita ozeanoaren sabelean. Baina mirari natural horiek guztiak batzuentzat ez dira nahikoa opor on batzuk igarotzeko, beraz, gure egonaldia are erakargarriagoa egiteko; leku turistikoetatik ihesi, hondartzetatik eta itsasoaren ondoko pasealekuetatik kanpo, eskalada-gune txikiak aurki ditzakegu.     Kontatzen dizuedan bidaia familian egin dut. Etxekoekin egiten dituzun irteera horietako bat da, non jasangarritasuna bilatzen duzun, ohiko oporrak eskaladarekin konbinatzen saiatuz. Nire etxean ni naiz eskalatzen duen bakarra, ez dut inoiz inor behartu gustuko ez duten zerbait egitera, baina ezin naute behartu nik ez egitera.
  Galiziako Baiona herriko kanpin erakargarria izan dut kanpo base, bertatik atera naiz ondoko eskalada zonetara eskaladak egitera.

Montefierro eskalada gunea.

   Baiona ondoan dagoen Axón herrian eskalada eskola txiki bat topatu nuen itsasoaren ondoan. Monteferrerro deitzen diote eta itsasargiaren aldamenean dago. Inguru txundigarri batean dago kokatua eskalada eskola hau, Patos hondartza dizdiratsua eta Estellas eta Cíes uharte erakargarriak begi bistan dituzu. Plaka eder errez batzuk kenduta eskaladarako ez du interes handiagorik sektoreak, baina dudarik gabe txangoak merezi du.



   Aurkezten dizuedan bigarren eskalada gunea, Faro Budiño, Galiziako eskalada eskola garrantzitsuenetakoa da, eskalada bide dexente daude. Faro Budiño zen Riax Baixetara etortzeko arrazoia, aspaldi nahi nituen haitz hauek ezagutu. Gauzak ez dira nik nahi bezala gertatu, eta horma eskalatzea lortu dudan arren, ia ez dut tokia ezagutzeko aukerarik izan. Ez dago kosta ondoan, arazo bat niretzako, 30km barrurago kokatzen da Porriño kontzejuan. Gainera, inguruko herriak eta jarduera ekonomikoak; autobia eta industrialdeak, irentsi egin dute paisaia honen edertasuna eta ez zait iruditu leku atsegina familiarekin egoteko, kanpinak eta horrelako zerbitzuak ez daude. Ziur naiz garai batean bertako biztanleek mirestu eta gehiago errespetatu izango zituztela haitz hauek, orain ordea, nire lehen impresioan, paisaia hondatuta dago.



  
   Tokiaren ideia bat egin dezazuen, granitozko horma hauetan ehundaka bide daude, eskalada garbia eta ekipatua partekatzen direlarik. Ehun metroko garaiera hartzen du hormak gehienez. Krokisak ez dira errez interpretatzen, alde guztietatik sartu eta ateratzen bai dira bideak eta barianteak, niretzako arazoa izan zen hau bide klasiko bat bilatzerakoan. Azkenean Pino bidea aukeratu eta eskalatu nuen, asko gustatu zitzaidan gainera. Baina nirea ez zen Pino bidearen ohiko eskalada bat izan, txirrinduaz egin bai nuen joan etorria, eta era honetara, nire iritziz, paretari beste dimentsio bat ematea lortu nuen. Horrekin esan nahi dudana da duintasun handiagoa eman niola hormari, zenbat eta konplexuagoa izan hurbilketa, orduan eta zailagoa da eskalada.  
  Baionako kanpinetik 34 km daude faro Budiño hormara. Zalantza asko izan nituen hasieratik, zein bide hartu zen lehena. Galiziako errepideak ezagutzen dituen edonork ohartuko zen zertaz ari naizen, trafiko handia dago, eta dena da gora eta bera jarrai bat. Teknologiari esker bilatu nuen aukerarik hoberena, Google Mapsek gidatu ninduen mendiko errepideetatik, autobideetako auto eromenetik aldenduz. Zama ere zalantza zen, zer material hartu eskaladarako, 30 km distantzia eta Morgadans gaina zeharkatzea ez zen txantxa. Horrez gain lehenago aipatu dudan zein bide eskalatu buruhaustea zegoen. Bide klasiko ekipatu bat aukeratu nuen, vía Pinos, horrela, friend eta fisureroen beharrik izango ez nuelako.

Morgadans gaina.

Faro Budiño horma Morgadans gainatik.

   Goizeko zazpiretan martxan nintzan, soka simplea neraman bizikletaren parrillan erantsia eta bakarkako eskalada ekipoa motxila txiki batean bizkarrean zintzilik.
   Gustora hasi nintzan pedalkadaka goizeko freskuran, Miñor errekaren bailaratik nindoan Gondomar herriruntz. Orain arteko bidaia laua eta atsegina izan da, baina emen hasten da Morganseko mendatea. Lehen maldekin batera nabaritzen hasi nintzan gurpilak errepidera erantsi egiten zirela, Arrapala handi eta amaigabe horiek Galiñeiro mendilerrokoak dira, 700 metrotik gorako garaiera duten mendiak dira hauek, kostaldearen eta Galiziako barnealdeko lurren arteko harresi naturala. Indarrez juxtu iritsi nintzan Morgadansko gaina, nik izen hori eman diot, portuari buruzko aipamenik ezbait dut topatu, mendatea kokatua dagoen kontzejuarena da izen hau. Bizikletatik jaistean hankek huts egin zidaten, ahalegina handia izan zen eta ez zuten ia nire pisuari eusteko gaitasunik. Jan eta edan egin nuen indarrak eta gogoak berreskuratu beharragatik, baina itxaropenez bete ninduena zera izan zen;  zuhaitz multzo trinkoaren artean, urrutira, ia hodeiek estalita, Faro Budiñoko haitza ikustatu nuela da. 
   Ez zitzaidan erreza suertatu orientazioa, askotan geratu behar izan nuen errepide bazterrean Maps kontsultatzeko, eta erratu ere behin baino gehiagotan egin nuen; errepide, bidegurutze, zubi eta kale horiek labirinto bat ziren, tranpa bat hain egoera ahulean nengoelako. Eta esan beharra daukat nire orientazio instintuari esker lortu nuela helburura iristea, eta nire burugogorkeriagatik noski.
   Azken zatian errepidea utzi eta lur pista bat hartu beharra dago hego hormara iristeko, ia pareta bertaino doa pista hau. Ez zitzaidan iruditu jende asko ibiltzen denik hemen eskalatzen, bidexka eta bideen hasierak sastrakaz nahiko zikinak aurkitu nituen.

Faro Budiño azpian.

Via Lactea lehen luzea.

Pino bidea hirugarrena

Pino bidea laugarrena.

   Lehenengo bi luzeak Via Lactea biderenak eskala nituen, eta oso ederrak iruditu zitzaizkidan, bati bat feldespato harritxoz betetako plaka eskalada. Hirugarren luzean ordea arrakala batetik gora jo nuen, Pinos bidearekin bat eginda nintzen iadanik, eta izena ematen dion pinu erraldoiarekin egin nuen topo pitzaduratik ateratzerakoan, zuhaitz honek harria erretxinaz eranskor dauka. Laugarren luzea ere asko gustatu zitzaidan, tximinia horizontal kurioso batetik doa. Gailurrera iritsi bezain pronto derrigorrezko pare bat argazki egin nituen, balentriaren lekukoak izango ziran. Tontor biluziaren gainean nengoela, panoramari begira, Morgadans-mendatea ikusi nuen urrunean, eta korapiloa egin zitzaidan eztarrian, nahiz eta kontagailua atzera egiten hasia zen, oraindik asko geratzen zen berriro Baionara iristeko. Rappelatzen jaitsi nuen horma. 
   Itzultzeko bidea ere erronka bat zen. Gailurra zapaltzearekin ez da eskalada bat bukatzen, igoera hasi duzun lekura iritsi beharra dago oraindik. Igaro berri nituen lekuen oroitzapena oso baliagarria izan zitzaidan; kaleak, bidegurutzeak, errepideak, ez nuen denborarik galdu orientatzeko. Morgadansko gaina igotzea, oraingoan Porriño aldetik, kezkatzen ninduen, mendate amaigabe hau pasatzea lortzen banuen, gero errepidea beherantz joango zen Baionaraino.
   Dena eman nuen igoera amaiera gabe horretan. Gauza bakarra nuen alde, banekien gaina hartzen nuen momentutik erronka hau burutua izango nuela. 
 Portu desiratura iritsi nintzenean, dena laino mehe batez estalita zegoen, bakardadearen sentsazioa are gehiago areagotzen zuena. Belar garaiaren gainean behi pila bat zegoen etzanda; hausnarkari horiek izan ziren nire zorionaren lekuko bakarrak. Poztasun keinu bat aurpegian, plater handia nire bizikletan sartu eta oraindik urrun zegoen itsasorantz eramaten utzi nintzen.
  Arratseko lauretan kanpinean nintzan berriro. Nire alaba txikiak agertzen ikusi ninduenean, niregana etorri zen korrika, - Aita, non egon zara? - Mendian maitea, paseo bat ematen egon naiz.




   Nire hirugarren eskalada eskola sorpresa atsegin bat izan zen, ez nuen hainbeste espero Monte du Gailiñeiro eskaladaz. Altuera txikiko bideak dira, gehienak oso etzanak eta zailtasun gutxikoak, baina badira horma sakabanatu batzuk bertikalak direnak, hauetan ondo estutu beharra dago. Kalitate ezin hobeko gneis harria da, arrakala eta erregleta romoz beteta, eskumuturrak ondo berotzen dizkizun horietakoa, hormen altuera eskasia orekatuz.
   Eskola honetara iristeko, aurrekoan moduan, bizikleta erabili nuen, baina oraingoan soilik 14km dira. Baionatik Gondomar herrirantz hartu nuen eta handik Vincios herrira jarraian, azken honen gainean kokatzen da eskola eder hau. Kotxeen aparkalekuan bizikleta utzi ondoen eta aldapa fuerte bat oinez gainditu ostean Gailiñeiro hormetan zaude. Bistak liluragarriak dira hemendik. Vigo eta Baionako itsas bazterrak azalduko zaizkizu beraieen handitasuna eskainiz. Mendialde hau ere oso ederra da, baina baso-suteen aztarnak aurkituko dituzu, Galiziak urtero jasaten duen izurritea, zorionez, ingurumena pixkanaka berreskuratzen ari da.


Monte do Galiñeiro ipar gailurra.

Haitzaren kalitatea ezin hobea da.
Vigo Monte do Galiñeirotik.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina