sábado, 28 de noviembre de 2015

MONOLITO DE LEIRE - Gartxot





   Motibazioa beharrezkoa dugu gauzak sortzeko garaian. Indar estra batekin laguntzen gaitu egiteko dugun hori burutzerakoan. Eskalada edo mendizaletasuna bezalako kiroletan, are garrantzi gehiago hartzen du motibazioak, kontran datozen beste burutazio batzuei aurre egiteko. Niri, eskaladan, pareta eta linearen kalitatearekin batera, bide berri bat sortu nahi dudanean, izenak ematen dit motibazio puntu bat. Saiatzen naiz, zabaltzen hasi aurretik, izen bat buruan izateaz. Onek, beldurra gainditzen eta aurrera egiten laguntzen dit. Noski, gero bidearen izena, soka kideekin adostu beharra daukat. Batzuetan guztion gustuko suertatzen da, bestetan berriz ez. Bietan efektu berbera sortzea lortzen dit, motibazioa.
   Oroitzapenetan murgilduz, eta adibide batzuk bilatzear, Intsumisioa bidearen izenarena oso garbia izan zen. Paine erdi dorreko ekialde aurpegian, marra ikusgarri hau, ezinezkoa izango zen errebindikazio motibaziorik gabe. Garai latzak ziren haiek gazteentzako, soldaduska derrigorrezkoa zen.  Intsumiso ikurrak eta oihuak non nahi zeuden Campo Torres basoan, pareta azpiko kanpalekuan. Aldarri hau, bertara hurbiltzen zen edonor jasotzen zuen, gurekin bat eginez gehienetan.
   Baina, zergatik Gartxot izena jarri, Leireko orratzera doan bide bati?, eta, zergatik onek motibazio efektu bat sortu dezake nigan? .
   Itzaltzu herriko elezahar batetan dago oinarritua, Arturo Canpionen, el Bardo de Itzaltzu liburua. Erdia aroan girotua dagoen istorio onetan, Gartxot bertsolari bat da, eta bere kantuekin plazatik plazara doa kultura herrikoia zabaltzen. Orreagako gudako kontakizunak dira transmisio kultural oitako batzuk. Itzaltzuko monasteriora, Leireko monasterioaren menpe zegoen hau, praile atzerritar batzuk etortzen dira. Hauek, beraien ideia kulturalak ezarri nahi dituzte. Gartxot jarraitua da, eta bere seme Mikelats bahitua monasterioan kantatzea derrigortzeko. Gartxotek ezin du hau jasan eta mikelats askatzen du. Jarraituak dira. Gartxotek Mikelats bere eskuekin hiltzen du. Nahiago du bere semea hilik ikusi, monasterioan sufritzen uztea baino. Gartxot hiltzera zigortzen dute.
Istorioak benetan hunkitu ninduen. 2011-ko film batetan Juan Jose Elordi eta Asisko Urmenetak ezin hobeto kontatzen dituzte gertakizunak.
   Askatasunaren aldarri bat da istorioa, salatzen du kultura batzuk nola inposatu diran, eta ari diren, interes ezkutuez, beste batzuen gainetik .
   Gartxot bidearen eskalada ezin hobea da. Tradizional eskaladako pasarte oso onak ditu, kalitate handiko plakekin batera. ziur nago bidea zuen gustukoa izango dela.
   Paretara iristeko, Leireko monasterioaren aparkalekuan utziko ditugu kotxeak. Pareta oso nabarmen agertzen da gure aurrean. GR 13 segituko dugu, Cañada de los Roncaleses deritzon zatian, oso eroso iritsiko gara harrobira. Pista batek ere eraman gaitzake puntu berdinera, baina buelta handiagoa emango dugu. GR 13 hartuz, Artea zuhaitz izugarri batzuekin topo egingo dugu. Bat-batean pista azalduko zaigu. Ez dugu hau hartuko, cañadatik segituko dugu oraindik. Berriro pista topatzen dugunean, orduan bai hau hartuko dugu pista gure ezkerretara. Segituan gaude orratzaren azpian. Puntu onetan, harrobiaren eskuin aldetik hasiko gara igotzen pareta azpira. Gailurretik jaisteko bi aukera daude. Iparrerantz errapel egiten, edo bide berdinetik errapelatu. Azken hau aukeratzen badugu, jakin, Artea zuhaitz handiaren bileratik, bira  eroso bat ateratzen dela orratzaren kolladu aldera. Destrepe txiki bat egin beharko dugu, ipar aurpegiko bidearen aseguru kimikoak eskuratu arte. Ia kolladuan, mendebal aldera doan malda hartuko dugu destrepatzen.
   Bide hau bakarka hasi nuen zabaltzen. Gero, Ivan Urzelai-ren laguntza izan nuen, eta bukatzeko Arkaitz Yurrita-rena. Benetan eskertzen diet bi lagun hauei, nire motibaziorekin bat egitea.










Laugarren luzea zabaltzen.




Seigarren luzearen hasieran.


seigarren luzearen erdi partean.


Arkaitz seigarren luzeko azken partean


Hirukotea osatzeko Ivan falta dugu