sábado, 27 de julio de 2013

ALA DAG - Mendi gorriak




   Zeru guztiak ez dira berdinak. Eguraldia maiz, eta interesarekin begiratzen dugunok ez dugu horretan dudarik. Ba dira leku batzuk grisak, gehienetan lainotsu eta goibel agertzen direnak. Ba dira ere gure herrian bezalako zeruak, erdi mailakoak, euriak sarri bustitzen dituenak bazterrak, baina eguzkiak lainoei irabazten dienean espektakulo bat gertatzen dena, izkutuan dagoen edertasuna agerian azaltzen da. Ba dira beste batzuk argiak direnak, beraien gainean duten aire sabaia beti oskarbi agertzen dena. Laino bat ausartzen bada eguzkiaren izpiak estaltzea, berau ikuskizun bat modukoa suertatzen da, gauza arraro bat. Azken zeru honetan koka dezakegu Ala Dag mendi lerroa, milioika izarren ikus leihoa.
   Ala Dag mendi lerroa, Taurus mendien parte da. Turkiako hego erdialdean kokatzen da, Cappadoziatik gertu. Mendi lerro ikusgarri honen puntarik altuena Demirkazik 3756m da. Azken urte hauetan, ospe handia hartu du haitz eskalada gogoko duten munduko eskalatzaileen artean, bertan aurkitu daitezken haitz kalidade eta kantitatea gaitik. Mende bat baino gehiago eramaten da alpinismoa egiten Ala Dag mendilerroan.
   Turkiak bi sarrera ate ditu. Istanbul eta Ankara. Gu Bosforoko hiritik sartu giñan, txundigarria bezain mirestua den Istanbuletik. Irrikan nengoen hiri hau ezagutzeaz, eta ez zidan hutsik egin. Sultanahmet inguruetan ibiltzeak zirrara sortzen zidan, magina bat orri irakurriak nituen hiri hau abentura iturri zutena. Gauza askok atentzioa deitu zigun bidai honetan, baina batek besteen gainetik harrituak utzi gintuen, garraio publikoaren kalidadeak, metroak, autobusak. Asko ikasi beharra dugu guk oraindik garraio publikoaren garrantziaz egunerokotasunean. Ez dut sekula ikusi Turkian bezain autobus kantitaterik, leku ezkutuenetara ere iritsi genezake berau erabiliz. Guk metroa eta autobusak hartu genituen "mendi gorrietara" iristeko.
   Bidai luze eta neketsu bat egin eta gero, Raul Gonzalez eta biok, Cukurbag eta Camardi herrien artean dagoen Oz Safak pendio-kanpinean hartu genuen hostatu.
   Denboraz labur genbiltzanez, planak ongi zehaztu behar izan genituen. Bi irteera desberdinetan zatitu genuen egonaldia, bakoitza lau eta bost egunetakoa. Hasteko, Demirkazik aldera jo genuen. Bukatzeko, Emli bailarara.
    Demirkazik mendira joateko, izen bereko herrian pista bat ateratzen da aterpe etxearen ondotik. Guk oinez egin genuen urbiltzea, eta motxilen zamarekin bost ordu eraman zigun kanpalekura iristea. Aukera dago 4x4 bat alokatzea pista zatia kentzeko, ordu eta erdi oinez izango da, edo zaldietan kargak igotzea. Gustuen arabera. Guk ez genuen asko eztabaida behar izan, nahiago genuen guk eraman zama guztia gure bizkarretan. Eguzkiak indarrez astintzen ditu paraje hauek. Ahoa era bat lehortua genuenean, espejismo baten modura, agertu zitzaigun lehen iturria. Ura paraje hauetan mirari bat bihurtzen da. Naiz eta lurra seko egon, lore piloak ageri dira non nai, paisaia pittin bat leunduz. Demirkazik ekialde paretaren azpian ezarri genuen kanpalekua. Xarma berezia duen lekuan. Laku txiki batek hornitzen du uraz. Gure begi arrean altxatzen zen ikusgarri ekialde pareta, eta 1955-ko bidea gure elburu izango zena.




   Hurrengo egunean, goiz, eskaladari ekiten diogu. Azkar burutzen dira lehen luzeak. Seigarren eta zazpigarren tiradak zertxo bat frenatzen digute inertzia. Babes tokiak bilatzeko nahiko lan izan dugu. Iraniarren plakara iristen gara. Oroigarri moduan zintzilikatu zuten Persiarrek plaka. Hurrengo luzea ere delikatua gertatzen zaigu. Hortik aurrera berriro ere erritmoa berreskuratzen dugu. Eguerdiko ordubietan gailurrean gaude. Jaitsiera, ekialde ertzetik egiten da, bide arrunta da. Ongi hornitutako rappel batzuk egin beharra daude. Nahiz eta luzea izan jaitsiera, oztoporik gabe laku ondoko kanpalekuan gaude berriro.
   Hurrengo eguna deskantsurako erabiltzen dugu. Lasai, Dipsiz gol lakura mugitzen gera trastu guztiekin. Etzanda geundela, eguzkitaz al genuen moduan babesten ginelarik, arratseko argitasunaren laguntzaz, Bes Parmak Sivrisi 3520m mendian bide logiko eta natural bat zabaltzeko aukera antzeman genuen. 


   Goizean goiz martxan jartzen gara. Paretaren itxura aldatu egiten da perspektiba berri honekin. Handitu egiten dira gure esperantzak bidearekiko. Arrakalak elkartuz metroak irabazten dizkiogu paretari. Luze batzuetan kalidade handiko eskalada aurkitzen dugu. Lehena, hirugarrena, bederatzigarrena eta hamargarrena, oso onak dira. Zazpigarrena eta bati bat hamabigarrena delikatuak suertatzen dira. Arratseko lauretan gailurrean gaude. Orain jaitsiera luzea, Cagalin Basi 3612m eta Cagal col zearkatuz. Seiak pasa lakuan gara berriro. Bide berri hau, El Pastor Electrico, bezala batailatzen dugu. Arrazoia, egun batzuk beranduago Emli bailaran ezagutu genuen artzaiaren izenean.
   Artaldea beti ondoan zuela, gau eta egun, Emli-ko artzaina beti mugimenduan zegoen. Gora eta bera larreen bila, ardien zelatari, otsoetatik babesteko zakurren laguntzaz. Keñuak erabiliz, pare bat  komunika saio izan genituen.
   


   Gure deskantsuek ez dute asko irauten. Gau bat pasatzen dugu Oz Safak pentsio-kanpinean eta berriro martxan gaude. Oraingoan Basar-ek, pentsioko mutilak, bere autoan Emli bailarako sarrerara eramango gaitu. Bailara honetan ura falta arazoa gerta daiteke. Urte sasoi honetan, uztailean, ura aurkitu genezaken puntu bakarrenetakoa, Aksanpinari camp kanpamentu lekuan dago, Parmakkaya azpian. Aukera hau erosoena gertatzen da. Bestela, ura, Emli bailara hasieran dagoen Sarimemetler camp puntuan hartu beharko genuen, eta, nahiko urrun dago. Parmakkaya azpian instalatua geundela, aukeratzen dugu gure hurrengo erronka. Gold Fingers bidea. Denis Condevaux eta Pascal Duverney eskalatzaile frantsesak 1994-ean zabaldua. Gogorra eta ausarta, ongi estutu beharrekoa. Plaka dute beti helburu, eta bertara eramaten zaituzte, diedro eta arrakalak utziaz. Segurutik segurura, kriston distantziak daude. Berrehun eta hirurogeita hamabost metro luze gerta ditzakete. Egin dugun krokisean gure iritzia plasmatu dugu graduarekiko.
   Egun bateko atsedenaldia behar izan genuen gure ondorengo eskalada ekiteko, Guvercinlik III dorrea.


   Dorre ikusgarri honek, Bulneseko naranjoaren antz handia dauka. Aukeratu genuen bidea, oraingoan ere, Gold Fingers zabaldu zuten Frantsesena da. 1996-ean, berriro dira Ala dag-ko paretetan, beraien seilua utzi nahian. Bai eta lortu ere. Erronka itzela zen guretzako, hainbeste estutu behar izan genuen bide bat egin eta gero, beraien beste bat aukeratzean. Ez ziguten hutsegin. Lehen luzean argi geratzen da beraien kapazidadea. Seigarren tiradan, itxuroso pasatzen dute desplome laranja. Hurrengo tiradetan, plaka bilatzen dute, eta bai ere aurkitu, luze txundigarri batzuk zabalduz.
   Gailurretik jaistea beste modu batekoa izan zen. Generaman krokisa, "Aladaglar a rock climbing guide", liburutik ateratakoa, oso inprezisoa gertatu zen. Liburuan jartzen zuenez, rappel puntua, 50 edo 100 metro eskuinetara separata zegoen bidearen bukaeratik. Bidea gailurrean bukatzen zenez, arestatik tiratu genuen rappel sistema bilatzeko esperantzarekin. Milimetroki bilatzen jardun giñan, ez zen ezer ageri. Hori gutxi balitz, bat-batean ekaitza sartu zitzaigun eta euritan hasi zen. Denbora luze batez arestan zehar ibili eta gero, blai eginda, erabakitzen dugu igotako bidetik rappel egitea. Destrepean ari nintzela, ustez IV graduko azken tiradan, dena lainopean, rappel batekin topo egiten dut. Bi paraboltaz ekipatua dago, frantsesek bidean zehar erabilitako berberak. Beraz, krokisean ageri den informazioa ez dator bat errealitateekin. Rappel hau kanal baten gainean dago. Logikoena, kanal horretara jaistea zen eta hori egin genuen. Sokak tope egin behar zuela, beste rappel batekin topo egin genuen, hau haitz zubi bat zen. Susmo txarra eman zigun. Gaua gainean genuen. Ez dago aukera handirik. Bertatik segitzen dugu. Kanala jarraitzen dut soka bukatu arte, eta ez dut ezer bilatzen. Rauli jaisteko eskatzen diot, eta hobeto begira dezan eskatu. Raulek ito “harrizko dorrea” bat topatzen du kanala utzi eta beste norabide bat azaltzen.  Bai, hortik da, beste haitz zubi bat dago. Berantz segitzen dugu. Hurrengo rappel puntuak beldurra ematen du. Bi haitz zubi ziztrin dira. Batak, fisurero txiki baten kablea erabiltzen du kordino moduan. Hankak airean ditugu. Metro gutxi batzuk rappel egin eta gero, 20m, beste haitz zubi hobeagoa topatzen dugu, zinta zikin batzuekin hornitua. Zinta aldatu eta bertan bilera antolatzen dugu. Soka biltzen ari garela, hau trabatu egiten da. Tira eta tira, ez dator. Igotzea ezinezkoa da, soka muturra gainetik daukagu jadanik, atzera botatzen du paretak. Ez dugu beste aukerarik. Labana atera eta soka moztu egiten dugu. Bi rappel motz egin eta gero, sorpresaz, ez genuen basea ikusten, lurrean gaude.
   Kontatu dudan pelikula hau, ez zuen gertatu behar izan . Hasteko, gu ez ginelako hau bilatzea joan. Gure asmoa, haitz eskalada  bide konkretu bat egitea zen. Krokis batean agertzen zen informazioak animatu gintuen. Era bat haserre jaitsi giñan, gertatu zitzaiguna lekuz kanpo zegoelako. Aprobetxatzen dut, aldarrikatzeko, zer garrantzi eta konpromisoa duen krokis bat egiteak, gozamenetik pasa genezake inpotentzira, guzti hori paper ziztrin bategaitik.

  
   Baliogarri delakoan, guk ordaindu genituen prezioak azaltzen dizkizuet.
Prezioak:

1€ = 2,53 TL
Aeropuertoa – Autobus estazioa ( otogar ) metroz 3 TL
Autobusa Istanbul – Ankara  40TL
Autobusa Ankara – Nidge 35 TL
Autobusa Nidge – Camardi  8TL
Oz Safak Kanping-pensioa   Afaria+ gosaria + denda  40TL pertsona
Emli bailarara igotzeko autoa 60 TL
Istanbulen Hostel bat gosariarekin 11 TL

Raun, Demirkazik bidearen hirugarren tiradan


Raul, Demirkazik zazpigarren tiradan

El pastor... lehen largoan

El pastor... hirugarren tirada

El pastor... zazpigarren tirada

Gold finger bigarrena

Gold Finger bostgarrena

Papy mazout lehena

Papy mazout seigarrena

Arestan, rappelak bilatzen