2021(e)ko otsailakren 20(a), larunbata

TXINDOKI - Neguko eskaladen kronika

 

Daniren argazkia

 Iluntasuna atsegina zen, leuna, ez nuen inolako sentsazio fisikorik. Eta bat batean argitu zen dena; ez nituen begiak ireki, ez zen hori izan, nire inguruan nituen gauzek zentzua eta forma hartu zuten.
   Lehen irudian Izar agertu zitzaidan, zakur zintzoa nire aldamenean eserita zegoen, belarriak tente, eta mingain gorria albo batera aterata zuen; hain maitagarri egiten duen kimu inozoa du hau. 
   Ondoren, nire gainean altxatzen zen paretaz jabetu nintzan, eta horma beltzak atera ninduen amnesiatik; zergatik nago leku honetan? Bizkarrean eta bular aldean iltzatua dudan min sakonaren erruduna zara? galdera existentzial hauen erantzuna nuen; Eta egia jakiteak beldurtu ninduen, nola gertatu da?, erruduntasunak barrutik erre ninduen; erorketa izan dut.


Ospitaleko oi batetik ari naiz idazten. Hitz hauek irakurtzean asmatuko zenuten istripuaren askaera; eta ikusiz luze jo behar duela, hartu dut erabakia: Txindoki mendiaren aurtengo negu eskalada kronika bloggean zintzilikatzea.

Erdi idatzia nuen kronika hau, baina bukaerarik gabe zegoen, beste fronte hotz baten zain, igoera berriren batekin puzteko asmoz.
Elurraren bisita badugu, eta eskalada berri baten jakitun banaiz, -Aralarren Eskaladak Bloggean- neguko eskalada atalean kokatuko dut, interesgarri jotzen bai dut, nahi duenarentzat, eskura izatea gure kirolaren nondik norakoak.
Besterik gabe, hau da, nik dakidana gaitik behintzat, aurtengo neguan Txindoki mendian eskalatutakoak.


Zuen guztia emana zela ikusi genuen, amaitua. Igaro berri diren gabon arraro hauetan, hainbeste gozatu ditugun elur eta izotzak, azkenetara iritsiak zirela, eta narriaduraren testigu izan gara.
Tristea iruditu zait beti, festa baten biharamuna bezala; algara eta barreen ordezkoak belarrietako txistu ozenen modukoa, edo, bestondorengo gogaitutako lekukoek, bizirik eta zintzik ikusi dituzten apaingarriak, erorita edo erortzeko kolokan ikuskatzen dituztenaren antz, zerizana galdua; horrela aurkitu eta sentitu genuen Txindokiko hego horma atzokoan. Baina hobe dugu hasieratik hastea, zeren Gipuzkoako Zervino txikian egun hauetan gertatutakoak ez dira alferrekoak, eta mendi eder honen eskalada historian idatziak geratuko dira hauetariko batzuk.

Iñigo Andolak bidalitako argazkia

Urte dezente daramazkigu neguko eskaladaz gozatzen Txindokiko hormetan, baina aurtengoa gorakada izugarria izan da. Bultzada hau ulertzeko faktore garrantzitsu bat hartu behar dugu kontuan, covid birusa gainditzeko ezarri diguten itxialdia, eta honekin ohikoak ditugun lekuetara joateko dugun arazoa.
Eskalatzaileek etxe ondoan bilatu behar izan ditugu gure saioak burutzeko lekuak, eta nahira lortu ere, pozarren idazten dut km0 negu eskalada posible dela.
 Argitu beharra daukat, neguko eskalada hitzarekin, ez ditugula soilik sasoi hotzean eginiko eskaladak hartzen, hori da, abenduak 21batetik martxoa 21batera doan aldia, baldintza zehatz batzuetan burutzen direnak baizik; denonok dakigun bezala Txindokin, negu gorrian, kamiseta hutsean eskalatzea posible da, udan baino baldintza hobeagoetan askotan. Beraz, bideak elurraz eta izotzaz estaliak behar dute egon, eta pioletak eta kranpoiak eskaladak egiteko beharrezko gailuak bihurtu beharko dira.


Kronika txiki honetan saiatuko nahiz Txindoki mendian aurten burutu diren neguko eskaladak azaltzen. Hauetariko batzuk igoera oso aipagarriak izan dira; linea berriak, edo, artifizialak zirenak era askean igoak izan dira. Honelako jarduerak, edozein eskalada gunetan, berritzaileak kontsideratzen dira, aurrera pauso bat, eta eskolaren historian idatziak geratzen dira memoria kolektiboaren esku.


Oraindik gainean dugun negu honek, fronte hotzak gurera sartzen goiz hasi zela esan dezaket, azaro erdialdera izan zen lehena, eta elurrez dotore apaindu zituen gure mendiak.


Lehen fronte hotza aprobetxatuz, eta elementu zuriaren atrakzioak bultzaturik, Xabier Artola eta nik -E taldea- bidea eskalatu genuen. Baldintza oso eze eta, desatseginetan burutu genuen eskalada. Kronika zehatzagoa idatzia dago blogga honetako sarrera batetan.

http://non-stopeskaladabloga.blogspot.com/2020/12/txindoki-e-taldea.html


Ondoren, abenduan sartuak dagoeneko, beste fronte hotz bat iritsi zitzaigun gurera, eta hau, zortez, elur kalitate hobearekin etorri zen. Negu eskaladaren oihartzunak erakarrita, Iñaki Mendia, eta Íñigo Andolak -kaixo printzesa- bidea eskalatu zuten Amitziko horman. Egun berdinean Iker Artolak, eta nik -Eskola pioletorum- bidea eskalatu genuen. Eskalada honen kronika blogga honetan aurkitu dezakezue.


Aipatu berri dudan Amitzi hormako bide hau, -kaixo printzesa-, bi aldiz gehiagotan eskalatua izan da sasoi honetan, Joseba Iztuetak eta Iñigo Lizarribarrek burutua, eta Xabier Artola eta neuk egindakoa.

Joseba Iztuetak bidalitako argazkia

Abenduko fronte hotza azkenetan zela, eta Íñigo Andola berriro ere, oraingoan Alberto Fernández eta Ikerrekin batera, Amitzi horman hasi eta arista bidearen bigarren bilera zuzen ateratzea lortzen dute, -Aristokrataren erreinua- bidea sortuz, Txindoki mendiak neguko eskaladan eman duen luzerik hobenetakoa igoaz, aristara heltzeko azken tiradaz ari natzaizue.

Iñigok pasatako argazkiak





Eskalatzaile handi hauek bide hau burutu eta egun gutxira beste fronte hotz bat sartu zitzaigun, Filomena izenez ezaguna egin zen fronte ikaragarriaz ari naiz hizketan. Zita horretara hutsik egin gabe, Joseba Iztueta eta biok hurbiltzen gara Txindokiko hormetara, eta azken bide hau errepikatzen dugu. Izugarrizko lanak izan genituen bidea elurrez garbitzen, pareta guztiak tope zuri zeuden. Egun ikusgarri horretan Arruek eta Egoitz Dorronsorok arista eskalatzen dute; ziur naiz, denbora luzez behintzat, ezin ahaztuko dituztela gure zerbino txikiak eskaini zieten jokalekua, elegante zegoen Larrunarri.



Egoitz eta Arrue argazkia

Filomenak Txindokiko hego horman sortu zituen negu baldintzak ezin hobeak izan ziran, eta zortez egun batzuk iraun zuten. Íñigo - Alberto sokadak, berriro ere pioletak dantzan jartzen ditu eta, -Kurtis- bidea zabaltzen dute Urdaburu horman, Txindokiko lehen M7 bide proposamenarekin ausartzen da bikotea. 


Iñigo eta Alberto argazkia

Egun batzuk beranduago, baldintza apartak aprobetxatuz, frontoi paretan oraingoan, -tximinia handia- bidea era askean igotzen dute Iñigo eta Ikerrek; bide hau neguko eskaladan eta bakarka zabaldua izan zen, baina pauso batzuk era artifizialean gainditu behar izan ziren, A2 zailtasuna zuen, orain M6+ da.

Iñigo eta Iker argazkiak



Hau gutxi ez, hurrengo saio batean Azkoitiako eskalatzaile nekaezinak, Iñigo eta Iker, Amitziko -ezker hertza- eta -eskola kantorum- igotzen dute. Azken bide honek Iker Artola eta Josetxo Rodríguezen igoera ezagutu zuen egun batzuk beranduago.




Iker eta Josetxo argazkiak



Egun paregabe horietan, Txema paretan,  Xabier Artola eta nik, Txema bidearen neguko línea eskalatzen dugu. Zoratzeko baldintza batzuek topatu genituen, izotz bizia gune askotan, pirinioetako bide on baten tamainan. Egun horretan hiruko sokada bat arista eskalatzen ari zen, eta arrastakulos kanal irteeran arrastoak topatu genituen, gailurreraino zihoazen arrasto hauek.


Azkenik, eta kronika honi hasiera emateko erabili dudan sarreraren eskalada burutu genuen Alberto Fernández, Christian Ravier, eta nik. Baldintza nahiko kaxkarretan, elurrak eta izotzak joanak ziren, hasierako luzeetan behintzat, frontoi hormako tximinia handia, eta irteera berri bat igotzen dugu umore ezin hobeaz.






Aristaren lehen errapel sistema gurutzatzean arrastoak topatu genituen, gerora jakitun izan naiz –errapeleko bidea- eskalatua izan dela hiruko sokada batez.


Pena pixka bat hartu nuen, Christian bezalako eskalatzaile handi batek, ez aukerarik izateaz Txindokiren dotoreziaz disfrutatzeko, guk egun batzuk lehenago ahal izan genuen bezala, baina ongi eskalatua joan zela ez dut zalantzarik.
Nik behintzat historikotzat hartu nuen eskalada; Txindokiko gailurrera bi eskalatzaile handi horiekin batera iristea, Alberto eta Christian, hunkitu ninduen. Eta bati bat, unea betiko egin nahian, erromantiko hutsa naiz, gure mendi kuttunaren puntan nire esker ona elearazi nion Christiani; bere eskaladen jarraitzaile sutsua izan nintzela esan nion, asko ikasi dudala bere bideak igotzen, eta nire sorkuntzetan bere esentzia dagoela, ohore bat zela niretzako Txindokiko punta berarekin elkarbanatzea.