2017(e)ko azaroakren 29(a), asteazkena

Monolito de Leire - Leire de Rien




   Eskaladan, literaturan bezala, autore klasikoak daude, eta, miresten ditugu beraien lanak, baina, gutxi batzuk irakurtzeko gai gara, edo, gure kasuan eskalatzeko gai gara. Literaturan, normalki, obra klasiko hauek eguneratu egiten dira, moldatzen dituzte idatzitakoa errazago ulertzeko. Eskaladan berdin gertatzen da, berrekipazioari esker bide hauek moldatzen dira, jatorrizko izaera galduaz.



   Denborak eskalatzaile klasikoa bihurtu du Christian Ravier. Bide berrien sortzaile amorratua,  eskalatzaile nekaezina, hormetako Cervantes bat. Christian oso ezaguna da, mirestua, baina gutxi batzuk eskalatzen dituzte bere bideak. Bere sorrerak egoera gordinean aurkituko ditugu, gutxi ukituak, berak aurkitu zituen moduan uztea gustuko du, errepikatzaileak sortzailearen sentsazio antzekoak izan ditzan. Eta lortzen du helburua.








   Leire de Rien horrelakoa da, gordina, tentuz eskalatzekoa, serioa. Material fixorik apenas dauka, eta haitza tramu askotan oso delikatua da. Hiltzeak sartu gabe pasa nuen, naiz eta krokisean lau hiltze markatu, mikrofienak gogoz erabili nituen. 
   Leire du Rien bideak hiru luze ditu, eta azken zatian, monolito punta zorrotzera igotzeko, Anglada-Gillamon bidearekin egiten du topo. Tramu honetan material fixo gehiago aurkituko dugu, baina eskalada delikatua izaten segitzen du. 




   Ez ditugu Christianen bide asko Euskal Herrian, nik dakidanez hau eta beste bat daude soilik, sierra Cantabrian. Liburutegiko apalean dauden bi liburu arraro dira, eskalatzaile edonork apaletik hartu, hautsak kendu, eta irakurtzeko zain daudenak.



   Bide hau Bunnyrekin batera zabaldua zuen Christianek 2002an. Nola ez, krokisaren diseinua, bide honetan ere, paregabea da.





2017(e)ko azaroakren 2(a), osteguna

Riglos-Mallo Fire-...democracia...



   Behin baino gehiagotan idatzi izan ditut blogga honetan Rigloseko “boloetatik” burutu ditudan eskalada sarrerak. Beti, jarduera hauek, hasierako planetik kanpo zeudela kontatu izan dut, B planak zirela, eguraldi txarrari irteera ematen zieten eskaladak. Oraingo honetan ere ala izan da. Auñamendietan sartua zegoen haize hotz eta laino itxiari irtenbidea eman nahian Arkaitz Yurritarekin batera  Riglosen bilatu dugu aterpe, eta, aldizkatze atxegina izan da.

  
 





                     

   Dani Ascaso, Miguel Madoz eta Fabian Leboruk 2016-an zabaldutako, "Megustas democracia por que estas como ausente…"bidea, aparta da, oso ondo irekia dago. Haitz hauskor eta zail honetan azpitik bidea zabaltzea, eta, gainera material finko minimoetan lortzea, maisu lana da. Gure igoera, pentsatzen dugu bigarren errepikapena izan litekeela, ez zitzaigun batere erraza suertatu. Apenas agertzen ziren magnesioz markatutako heldulekuak, eta zalantzak izan ziren igoera osoaren sentsazio nabarmenenak. Zalantzak zein norabide hartu behar genuen “patata” soro artean, zalantzak haitzaren kalitatearen gaitik. Arroka zubiak eta parabolt bakan batzuk segituz, tentuz, egin behar izan genuen gora bertikaltasuna gainditzen duen pareta horretatik. Zortzi ordu behar izan genituen bidea burutzeko, ia ahaztua nuen ordutegia Rigloseko eskalada saio batetarako.














  

 



   


















   Bidearen izenak demokraziari aipu egiten dio. Ez dut aukera hau pasatzen utzi nahi demokraziaren izenean izan diren, eta izango diren gertaera tamalgarriez nire hausnarketa egiteko. 
   Demokrazia hitza, nire ustez, hitz gastatua da, degradatua, erraz erabiltzen dena asmo ilunak estaltzeko. Demokraziaren benetako esanahia, norberaren iritzia libre eta sano emateko aukeran datza, ideia gustiak errespetuz onartuak izan daitezken giza eskubidea da. 
   Aurreko Urria 1-ean Bartzelonan gertatu zena, demokraziaren demostraziorik zabalena eta garbiena dela iritzi diot. Jendetza guzti hori ikusi nuenean beraien iritzi eskubidea aldarrikatzen, emozionatzera eraman ninduen. Oztopo guztien gainetik, eta, basakeri gordinaren kontra, Bartzelonan demokrazia hitza goraipatzea baino zeozer handiagoa  gertatu zen, jendeak duintasuna aldarrikatu zuen.