2023(e)ko abenduaren 13(a), asteazkena

PEÑA MONTAÑESA - Diedro Rancimor / PARED DE BONES - Monsanto, la muerte

 


Krokisa ikusi nuen une berean jakin nuen, eta ezaguera horrek egoera behartu batean jarri ninduen, bi lagun bikote desberdinak bide bera gorteatzen zutela. Kulebroi honen testigua nintzen eta ez nekien nola jokatu; ez ikusiarena egitea eta denborak konponbidea ekartzea izan zezakeen aukera bat, edo, besterik gabe, bi aldeei gertatutakoa azaltzea. Baina, denak diedro xarmagarri horretaz hain maiteminduta ikusten nituen, zein nintzen ni besteen bihotz kontuetan sartzeko. Gainera, sokadatako bat, bide beretik hain zuzen, egoera konprometitu horretatik igaroa zegoen; hau telenobela turkiarraren itxura hartzen ari zen. Erabaki ez oso ausart batean, momentuz, bere horretan uztea erabaki nuen, eta bidea eskalatzea, morboa nuen aurrez aurre ezagutzeko lehen begiradako maitasun horren zergatia.


Azaroan Euskal Herrian euria egiten hasten badu jai dugu eskalatzaileok, edo nik bezala arroka naturalean eskalatzea gustatzen zaigunok, abstinentzia luze batera kondenatuta gaude. Egoera sostenga ezin horri irtenbidea eman nahian pare bat egun Euskal Herritik kanpo joateko moduan naiz, zortez Xabier Artola ni bezala, edo, gehiagoko, gogotan dago eskalatzeko, egun horiek libre ditu.


Nora joan erabakitzeko zalantza estresagarrian murgildurik, udazkeneko lehen elurrak zuritu ditu Pirinioetako eskalada txokoak, Xabierrek krokis bat bidaltzen dit whatsap bidez, Cienfuensen bide batekoa da, ikusi bezain laster hamar ok ikur bidaltzen dizkiot, planak izugarri motibatzen nau. Internetera jotzen dut leku paregabe horretan eskalatzeko bide gehiagoren bila, eta abisu batekin topo egiten dut: Cienfuenseko eskalada debekatuta dago abenduaren 1etik abuztuaren 1era, amorru handia ematen dit, ez bainaiz adi egon, beste urte batez mendi eskaladarako tenplu horretan eskalatu gabe geratzen naiz.




Cienfuenseko planak huts egin ondoren, eta autoa gehiegi ez erabiltzearen logikan, asteburu batean mendiko eskalada egiteko geratzen zaizkigun aukerak ez dira asko, "-beti geratuko zaigu Peña Montañesa".



Hemen ere euria gogoz egina da, Oncinseko errepidea erabat bustia dago, arraroa dirudien arren pozten naiz, uraren eskasia arazo larria gertatzen ari da. Goizean, egun argitan, pareten egoera ikustean, zein bide eskatuko dugun aukeraketa egitea erabakitzen dugu. Gau ilunaren isiltasunean furgonetaren babesean lo egiteko prestatzen gara, lo zakuaren gozotasunean sartu eta denetik isolatzea plazera da.


Gosaltzean, bigarren kafetera sutan jartzen dugun unean, botatzen dut. - kanal mayoreko horma agian lehorra egongo da, nik "Ordesa en montañesa" euritan egina dut, eta gaur eguzkia goxotan egongo gara. Telefonoaren pantailara argazki bat igotzen dut, eta katiluetara egin berria den kafea zerbitzatzen dudan bitartean hasten naiz Xabierri nobela arrosaren lehen kapituluak kontatzen.


Abenduaren lehenetan eguzkia Huescako lautadaren gaineko zeru zabalean oso beheran dagoenez Sobrarbeko Pilar burgoi eta harroak itzala egiten dio kanal mayoreko hormari, eta iluntasun hori, gehi, guk igo nahi dugun diedroa bustia dagoela, daramagun erritmo bizia jaistea eragin digu, denbora eman behar diogu goiza argitsuari bere lan konpontzailea egiteko.


Nondik hasi eskalatzen bi sarrera dituen bide bat? gehien erakartzen digunetik, ezkerretik iristen gara lehen bilera. Hemen, inbutu batean bezala, bi aldaerak elkartu eta diedro nabarmenaren gainean batera isurtzen dira. Txapa distiratsu bat dago lehen bilera honetan, azken harreman sentimentalaren oparia. Ondoan, beste maitasun-aztarna bat, espit kasko bat, harreman zaharrago baten hondarrak; gogoratu nahi dizuet diedro hau inolako opari edo galanteriarik gabe konkistatua izan zela.


Xabierrek diedroaren gainetik hartzen du aurrea. Liburu irekia bezalakoa da, angelu kamutsa. Poliki igotzen doa Tolosarra, oinak hormaren bi aldeetan luzatuta eskalada klasikoaren teknika aplikatuz, plazerez babesten da. Xabierrek, sokaren erdia ia erabili gabe, bilerara iritsi dela oihukatzen du, diedroaren erraietan dago oraindik.


Hori da bi maitasun-harremanen arteko desberdintasun nagusia, lehenengoak sentipen biziagoen bila, intimitatean gehiago arakatuz, ekintza luzatu zuten, klimaxa gorago eramanez. Bigarren loturan, diedroaren erdian arnasa hartzen da, egintzaren intentsitatea gutxituz. Paraboltez muntatua dago bilera.


Puntu horretara iritsita, maitasun-harreman biek bide desberdinak hartzen dituzte eta gailurreraino paraleloan doaz beren bideari jarraituz; lehenengoak eskuinera egiten du, giro atseginagoen bila. Bigarrena zuzen doa, bete-betean klimaxaren gose. Guk lehen maitaleen bidea hartzen dugu, bigarrena itsusi ageri delako, bustita dago, harreman toxikoa izan daiteke handik joanez gero.


Rapelatzen jaistean, sabai handitik doan luzea hurbilagotik ikustean, harremanak izateko gogoa pizten zait, baina beste baterako utzi beharko dugu, baldintzek uzten dutenerako.


Kontatu dudan ipuin arrosa honen bi kapituluek, idazten ari naizen hirugarren bati ematen diote bidea. Bertan kontatu nahi nuke nola lortzen duten bi maitasun-harreman horiek elkar ulertzea eta elkarri errespetuz eustea. Maitaleekin harremanetan jarri naiz eta, adiskidetasunaren konfiantzan babesturik, nire iritzia eman diet, kasu honetan hiruko harremana posible dela.


Beti mirestu dut Christian duen esploratzaile gaitasunen gaitik, baina oraingoan markak hautsi ditu, Boneseko horma aurkitu, eskalada posiblea zela sinetsi eta “Monsanto, la muerte” kalitatezko bidea ireki, nire miresmena gehitu besterik ez da egin.


Urteak behar izan ditut bide hau eskalatzeko, eta denbora hori ez da alferrik igaro buztin lehorraren koloreko horma honetan, pareta bideez josita dago. Bones hormara etortzeko behar izan dudan denbora horretan zer galdu dudan jakiteko, atentzioa eman didan datu bat aipatuko dut: hareharri hauetan eskalatzen aitzindariek ordu eta erdi behar izan zuten hormaren oinetara iristeko; orain, ordu erditan eskaladarako materiala motxilatik ateratzen ari zara. Arroken gainean margotutako gezi koloretsuek eta bide zabalak artadi-baso itxian zehar zuzen eramango zaituzte eskalada bideetaraino. Baina begietara gehien jo nauena hareharrian paraboltetako txapak nola nabarmentzen diren da; lerro distiratsuak, bata bestearen ondoan, plaka launetan gora, zuzen-zuzen hormaren amaieraraino. Benetan diotsuet, inoiz ez dudala honelako inpresiorik izan eskalada-bideekin, begi-inpaktua oso handia da.


Monsanto, la muerte bidera itzuliz, Xabierrek eta biok primeran pasatu genuen harribitxi txiki hau eskalatzen. Oreka hutseko mugimendu behartuek eskalada sentsazio handia sortzen dute, ez da beharrezkoa gradu altuak gainditzea pozik sentitzeko.



Bidea lau luzetan egiten da, eta zerbait txarra esatearren, hori da duen akats bakarra, motz geratzen da, beste horrenbeste igotzeko gogoz geratzen zara. Gailurreko lautadatik irekitzaileak oinez jaitsi ziren, guk ezkerreko bideko rapelak erabili genituen, eta hemen, goiko perspektiba horretatik hormari begira, gehien ikusten da bereizi gabeko ekipamenduaren begi-inpaktua.


 Baina zer egingo diogu, emaitzek arrazoia ematen diete, transgenikoekin produktuak azkar kontsumitu ditzakegu, artaburua zenbat eta handiagoa izan orduan eta hobeto, munduko gosea kentzeko daude hemen, ala ez?











 















 











 








2023(e)ko urriaren 15(a), igandea

BHAGIRATHI 3 - South-west pillar. (Egunerokoa)

 

Zer gutxiago egin nezakeen. Azken urte luze hauetan leialak izan zaizkidan bezala, oraingoan ere, hotz gupidagabearen hozkadaz hatzak zaindu dizkidate. Oso ikuituak iritsi ziran nire mendiko bota zaharrak Bhagirathi 3ko odiseatik, zauri mortalak zinta amerikar zilarreztatuarekin itsatsita.
Gailur urrunetik goi kanpamendura jaitsi ahal izan nintzenean oin zigortuetatik erantzi nituen botak, eta harri bloke baten gainean ipini, harro nabarmentzen ziren bi jainko bezala Bhagirathi zirkuko horma izugarrien azpian. Inok, bere bideo-kameran grabatu zituen hitz batzuk esan nituen, esker onekoak, agur bat izan zen.
Gangotrin berriz ez zen hitz adierazgarririk izan nire mendiko jaka zarpailak porteatzailei oparitu nizkienean, esker onez betetako irribarre asko izan ziren, bizi-itsaropen baliagarria. 
Hutsik nator mendi paregabe honetatik, daukadan eta neukan guztia bertan utzi dut, horixe zen nire asmoa.


Alpinismoa, eta espedizioetara joaten den jendea, asko aldatu da azken urteotan, hala dio behintzat Rajesh Negi Himalaya Hikes agentziako buruak. Indu honek 40 urte daramatza goi-mendiko espedizioen negozioan eta mendizale ospetsu askorekin lan egin du. Beraz, gure talde heldua Delhi aireportuko atetik irten zenean abuztuko gau bero hartan Rajeshen teoriak berretsi besterik ez zuen egin, mendizaleak aldatzen ari dira. Gure bosteko taldearen batez besteko adina 52 urtekoa zen, eta hori Inori esker, bere urteekin zifra pixka bat jaisten baitzuen. Adinaren eskusa alde batera utzita, mendizale beteranoen talde honek ilusio handia zuen proiektu bikain batekin, ahaztutako sentsazioak berpizteko gai baitzen.



Bhagirathi 3ren mendebaldeko harkaitz-hesiak gure arreta erakarri zuen, ez bakarrik haren erakargarritasunagatik, konpondu gabeko erronka alpinistiko bat ere bazuen, hego-mendebaldeko pilarearen igoera integrala, 2004ko starway to Heaven bide alemaniarra amaitzea. Bide gogor honek, une oro, hego-mendebaldeko ertz nabarmenari jarraitu nahi dio, ondoko bide eskoziarretik bereizten saiatuz. Paraboltak erabiltzea, plaka trinkoak eskalatzeko, zailtasuna bilatuz, da, batez ere, horma luzearen lehen zatian bi bide hauek gehien urruntzen dituena.
Bigarren zatian, horma bertikalagoa denean, aldea handiagoa da; Starway to heaven pilar ederraren bila doa, arroka trinko eta tentea, zailtasun naturala. Eskoziako bideak, aldiz, horma zabalago bat hartzen du, arrakala nabarmenak, pasarte asko izotz iraunkor batez estalita daude. Alemaniarrek ezin izan zuten proiektua amaitu, amaieratik hiru luzetara geratu ziren. Nik dakidala beste ahalegin bat egin da zutabe erakargarri hau amaitzeko, Eslobeniar talde bat, baina ez zuten zorterik izan. Proiektu anbiziotsu honetan eskua sartzen hirugarrenak ginen.



Hori esanda, zergatik sartu ginen nahaspila honetan, espedizioaren xehetasunetan jarriko dut arreta, askorentzat interesgarria izango baita, baina, batez ere, gutxi batzuentzat baliagarri. Eguneroko gisa idatzita dago, arroka eta izotzezko ozeanoak zeharkatzen dituen Nao handi baten nabigazio-egunkaria bezala, gertatutakoa ulertzeko eta ezagutzeko modurik onena dela uste baitut.


Abuztuaren 29an iritsi ginen Delhira. Monzonen ondorengo denboraldiaren aukeraketa gure agenden emaitza izan zen, lan gaiak, eskalatzeko baldintza hobeak aurkitzeko saiakeragatik baino. Esan behar dut Rajeshek gomendatzen zizkigula data hauek, eguraldia egonkorragoa eta lehorragoa omen delako.

Ez genuen denbora asko galdu Delhin, IMFren bisita behartua, hemen gure L.O ezagutu genuen, Caillou, eta nola ez, bidaia pare bat tenpluak ikustera trafiko trinkoan zehar rickshaws batean. 


Biharamunean, abuztuaren 30ean, Uttarkashira abiatu ginen, autobus txiki batean motxilaz eta petatez beteta. Hamabi orduko bidaia luzea da, Delhiko lautada amaigabea utzi eta gero, bihurgunez betetako errepide estuetan barrena mendian barneratzen dena. Uttarkashi herri gisa ez da erakargarria, ez behintzat mendebaldeko bidaiari baten ikuspegitik, nahiz eta eskualdeko motor ekonomikoa turismoa izan, asko dago egiteko. Lo egin genuen hotela Uttarakandeko hiriburuaren kanpoaldean dago, zaratatik urrun.


Abuztuaren 31n iritsi ginen Gangotrira zazpi orduko bidaiaren ondoren: 

Gangotri Ganga jainkosari eskainitako tenplua da, mendebaldekoek Ganges ibaia bezala ezagutzen duguna. Kasu hauetan ohikoa denez, horren guztiaren atzean beti dago legenda bat. Honek dio Ganga jainkosa ibai bihurtu zela bere aita Bhagirathi erregeak egindako bekatuengatik ordaintzeko. Bere zoritxarra konpentsatzeko, Lord Shivak, hinduentzako jainko suntsitzaileak, Gangari leku honen inguruan bizitzeko baimena eman zion.



Gangrotri erromesaldia egiteko lekua da, erlijio hinduaren sinestun orok Gomukh bisitatu nahi du, Gangotri glaziarraren azpian Ganges ibaia jaiotzen den lekua. Turismo erlijioso horren barruan, Gangotri hotelez eta fetitxe-dendaz beteta dago. Ez da handia, kale luze estu bat besterik ez da, herriaren amaieran tenplu eder bat duena. Herri bitxi honetatik, haranean gora joanda, gangotri glaziar luzearen bi aldeetan sakabanatuta dauden mendi ikusgarrietara iristen zara.


Guk hala egin genuen irailaren 1ean Nepalgo 25 porteatzailekin batera, Gangotri haranean gora abiatu eta altuera irabazteari ekin Bhagirathi 3a eskalatzeko ahaleginean. Indian, edo, Gangotri bailaran behintzat, porteatzaile lanak egiten dituzten gehienak Nepaldarrak dira, hemen soldata hobeak irabazten dituztela diote.


Bhagirathi mendiaren azpiko” Nandanvan” kanpamendu nagusirako bidea erosoa da, gutxienez Gomukheraino, Gangotriko glaziarraren oinean, puntu horretatik aurrera, eta bat-batean, goi-mendian sartzen zarelako. Bi egunetan egiten da bide luze hau. Gangotri - Bhojbasa lehen etapa sei orduko bide zuzena da, oso erosoa, erromes andanarentzat egina. Ibilaldi erosoa izan behar zuena, guk zubi baten oztopoa aurkituko genuen, montzoi-euriek suntsitua. Berriro ere porteatzaileen indarraren eta kemenaren lekuko izan ginen, asko arriskatuz, ur hotz eta bizi horiek gurutzatzea lortu zuten, batzuetan 40 kilotik gorako zamekin.




Bhojbasan, 3800 metrotara dago, hainbat eraikin daude; aspaldi bere distira galdu zuen tenplu bat, hotel pare kutrea, bezero gutxiko yoga zentroren bat eta kanpatzeko guneak. Kokagune bitxi honetan zerbait nabarmentzen bada, Bhagirathi ibaia zeharkatzen duen kablea da. Kable horretatik zintzilik dagoen orga bat dago, eta beste ertzean dauden pertsonek soka lodi bat indarrez edo nahierara tiratzen dute, eta horrela alde batetik bestera mugitzen da.



Guk Bhagirathi ibaia zeharkatu genuen irailaren 2an, eta bi ordu baino gehiago behar izan genituen zama guztia beste ertzean uzteko. Bhagirathi mendien ikuspegi ikusgarria dago Bhojbasa ingurutik, eta ikuskizun hau ez dugu galduko bigarren jardunaldi honetan. Bidea laua da hasieran, harea eta harri-blokeen artean doan bidezidorra, parage desertikoa zenbait unetan. Paisaia aldatu egiten da Gomukhen, non Bhagirathi ibai sakratua Gangotri glaziarraren erraietatik irteten den, hemen glaziar morrena zeharkatu beharko dugu Nandanvanera iristeko. Bhojbasa - Nandanvan zazpi orduko bidea da, eta azken toki honetan kokatzen den kanpamentua Satopanth haranaren ertzean dago. Nandanvan, 4300 metro, leku idilikoa dela esatea motz geratzea litzateke, hainbesteko handitasunak kikildu egiten zaitu. zure gainean, glaziarraren beste aldean, beti zelatan, Shivilin mendiaren gailur ikaragarria altxatzen da. Harkaitzezko eta izotzezko dorre ikaragarri horren atzean daude Meruren granitozko horma gorri ikusgarriak. Thalay Sagar ez da Nandanvandik ikusten, altuera irabazi behar da bere gailur beldurgarria ikusteko, baina bere presentzia sentitzen da. Khedar-dome mendiko elur zuria agertzen da glaziarrean aurrera begiratzen badugu, mendi atsegin bat sumatzen da bizilagunen ondoan. Gure mendia, Bhagirathi 3, begira daukagu, lotsati, muino baten atzean ezkutaturik. Erpin zorrotza baino ez da ikusten. Ez digu utziko bere edertasuna osotasunean ikusten bere oinpean egon arte.






Gaua iritsi baino lehen, kanpamentua muntatuta zegoen; sukalde-denda bat, jantoki-denda bat, eta bi denda espedizioko bost kideentzat. Denish gure sukaldaria berehala martxan jartzen da eta afari on batekin harritzen gaitu. Hau izango da tonika espedizio osoan, Denish une oro guri on egin nahian. Beti esan izan da espedizio bateko pertsonarik garrantzitsuena sukaldaria dela, nik hau berretsi besterik ez dut egiten, sukaldari on batek berebiziko garrantzia du espedizio batean.


Irailaren 3an, kanpamentu nagusira iritsi eta hurrengo egunean, gauzak okertzen hasi ziren. Altuerako gaitzak bere presentzia egiten du, eta Alex eta biok oso gaizki gaude, batez ere Kanarioa, eztularekin odola isurtzen baitu etengabe.

Caillouk harri bloke zabal baten gainean dagoen altare txikia atontzen du, eta intsentsu usaintsua piztuz eskeintza egiten die jainkoei. Denok parte hartzen dugu erritualean, argazki kamerekin momentua betikotu nahian bada ere.
Datozen egunetan gauzak ez dira asko aldatuko, goi-kanpamentura egiten den porteo batean Alexek eta nik ez dugu parte hartuko, ahul gaude, indarrak berreskuratu behar ditugu.




Irailaren 5an Alex oso gaizki eta urduri esnatzen da, Gangotrira jaitsi behar duela komentatzen du, altuera honetan bere osasuna okertzen ari dela. Angel berarekin jeisten da porteatzaile baten laguntzaz, eta ez dira berriro kanpamendura bueltatuko irailak 13 arte. Bitartean, besteok ohiko jarduerekin jarraitzen dugu. Irailaren 6an goi kanpalekura igotzen gara, han lotan geratu eta bideko ekipamenduarekin hasteko.





Dena ondo doa irailaren 9an, goizean bidean lan egin ondoren, eguerdian elurra hasten duen arte. Gaua izugarria da, hiru aldiz irten behar izan nuen dendatik elurra kentzeko, lurperatu egiten gintuelako.
Hurrengo egunean, irailaren 10ean, elurra egiten jarraitzen du eta ez du gelditzeko arrastorik, kanpamentuan metro erdiko lodiera gaindituz. Zalantzarik gabe, kanpamentu nagusira jaitsi behar dugu. Baina arazo bat dugu, mendiko botak goian daude, eskaladako materialarekin batera. Epikotaz jo daitekeen jetsiera batean, berez oso zaila den eremu batekin borrokan, eta oinak erabat izoztuta, bi ordu luze beranduago kanpamentu nagusian gaude. Hemen ere gogotik egin du elurra, jangela lurrean dago eta logela denda bat urez beteta. Berehala ekiten diogu lanari egoera konpontzeko.



Nire osasuna hondatu egin zen jaitsiera desesperatu horretan, oinak puztu zitzaizkidan puxikak bezala. Caillouk hotzagatik zela esan zuen eta oinak ur berotan bainatzea gomendatu zidan. Ez ziren hobetzen, astun eta baldar sentitzen nituen.
Egunak aurrera doaz eta ez dugu asko aurreratu Bhagirathin, hormaren azpira iritsi eta material guztia igo besterik ez dugu egin.




Irailaren 12an Chema eta Ino gorantz abiatu ziren paretari zati bat irabazi nahian. Irailaren 15ta berriro elkartzeko data bezala ezartzen dugu, eta goiko kanpalekua izango da horretarako lekua, betiere pentsatuz Alex kanpamentu basean egongo dela ordurako. Ni behean geratzen naiz oso kezkatuta, nire oinek ez zuten itxura onik.
Esan dudan bezala, Alex eta Angel irailaren 13an itzuli ziren kanpamentu nagusira. Irribarretsu bueltatu ziren, umore onez eta osasunez.


Alexek nire oinak ikustean ez ditu bere zalantzak ezkutatzen. Gangotriko ospitalean Edemoxekin artatu dute eta nik ere hartzeko aholkatzen dit, egunean bi pirula hartzen hasten naiz.
Irailaren 14an Alexek atsedenerako hartu zuen, eta nire oinek sekulako hobekuntza izan zuten, hantura asko jaitsi zen. 


Eguraldi nahasia zegoen, ilunabarrean ekaitzek gogor jotzen zuten, aurreko gauean euria oso gogorra izan zen. 

Irailaren 15ean, adostu genuen bezala, Alex eta biok goi kanpamendura igo ginen. Alex oraindik ez zegoen altuera horretan egona, eta, eriondoaren ondoren, urduri zegoen gorputzak nola erantzungo ote zion ikusteko. Laino lodi batek inguratzen gintuen, bart gaueko ekaitz gogorraren zatiak, goiko morrenaren malda gogor eta luzea nekagarriago bihurtzeraino. Bhagirathiren zirku larderiatsua ez zen ikusten, baina haien presentzia senti genezakeen, argi zegoen zerbait handia genuela gure gainean. Kanpamendura iritsi ginenean, garrasi zorrotz bat entzun genuen, Chema eta Ino ziren goiko aldetik jaisten. Bikoteak, altuera pixka bat irabazteko asmoz, gaua hamaketan igarotzea erabaki zuten, hurrengo egunean eskalatzen hasteko. Elur ekaitzak atzera eta behera egitera behartu zituen, eskalatzen hasi gabe. 
Alexek, Gangotriko egonalditik, datozen egunetarako eguraldi iragarpena ekarri zuen. Parteak zioen asaldura batek klima aztoratuko zuela. Beraz, goiko kanpamentura igotzea Alexen aklimatazio gisa hartu genuen, laurok kanpamendu nagusira jaitsi baikinen eguraldiak hobera egin arte.


Historiaren maila honetara iritsita, eta eguraldiaren gaia atera ondoren, gure espedizioaren arrakastarako ezinbestekoa izan zen zerbait kontatu behar dizuet: 

Kontatuko dudan korapiloa ez da gure espedizioarekin hasten, urte batzuk lehenago beste talde batekin hasi bazen ere, baina gugan ondorio zuzenak izan zituen galdetu izanagatik. Galdera erraza zen. Satelite telefonoa erabil daiteke Indian? Ondorioak ez ziren hain ulergarriak izan. Galderak oroitzapen gordinak ekarri zizkion Rajeshi, eta berehala hasi zitzaigun esaten telefonorik ez ekartzeko. Ez zen fio.
Kontua da Rajesh espedizio honen arduraduna zela Indian, eta talde honek kanpamendu nagusian satelite telefonoa piztu zuenean, seinalea militarrek jaso zuten eta bertan agertu ere. Ikara handi batean geratu zen dena.
Delhira iritsi ginenean dena prest zegoen, hiru dokumentu sinatu behar izan genituen, adieraziz ez genuela satelite telefonorik gurekin, eta ahala bazen gure erantzukizuna zela. Lehenengoa Rajeshi berari sinatu genion, bigarrena IMFn, eta hirugarrena Gangotri Parke Nazionaleko bulegoan. Baina oraindik ez zen fio.
Jazminek eman zigun irtenbidea, trekking egiten gure kanpamentutik igaro zen Ipar Amerikako turista batek. Emakume edadetu honek, hirurogei urte luze izango zituenak eta bakarrik bidaiatzen zuenak, motxilatik zintzilik eta denen bistan Inreach gailu bat zeraman. Aparato hauek naiz eta Iridium satelite bitartez funtzionatu ez dira telefonoak, mezuak bidaltzen dituzte, eta oso erabilgarriak suertatzen ari dira mendian, batit bat emergentzietan, ohiko telefonoaren aurrean hauek beti dute kobertura.
Jazminiri bere gailuaz galdetu genionean eta gure kasua kontatu, barre egin zuen eta berehala begiratu zion eguraldiaren iragarpenari, guri esateko. Gu, erabat harrituta, militarren berehalako etorrera espero genuen, baina ez zen halakorik gertatu.
Denbora luzea egin zitzaigun meteoa hobetu zen arte. Irailaren 17an goiko kanpalekura igotzeko aukera izan genuenean, esan behar dut egin genuen lehenengo gauza gure Inreach piztea izan zela. Rajeshek arrazoi zuen gutaz ez fidatzeko. Une horretatik aurrera, maiz kontsultatu genuen aparatua, eta gure arrakastaren gakoa izan zela ziurta dezaket.



Aipatu dudan data horretan, irailaren 17an, Inok eta biok kanpamendu nagusitik alde egin genuen gure lagun Induei azken espedizio-egunera arte agur esanez, irailaren 27ra edo 28ra arte, alegia. Chema eta Alex egun bat beranduago elkartuko ziren gurekin goiko kanpamentuan.

Irailaren 18an, Inorekin batera, aurrerapen handia egin genuen, lau luze igo genituen lehen hormatik eta soka finkoz hornituta utzi genuen. Goiko kanpamentura jaisten garenean Chema eta Alex bertan daude, Alexen lehen gaua izango da altuera horretan, 5200 metro.



Irailaren 19a data garrantzitsua da espedizioan, egun horretan horman sartu ginen gailurrera iritsi arte ez jaisteko asmoz, edo, bestela, denbora falta gaitik bertan behera uztera behartuta.

Horretarako, soka finkoko lehen ehun eta berrogeita hamar metroak desmuntatu behar izan genituen, aingurak askatzea bezela izan zen, eta gorantz eraman genitun berriro erabili ahal izateko.
Egun hau oso emankorra izan zen, Chemak eta biok bigarren horma eskalatu eta sokaz finko utzi genuen. Gauean, aldiz, ekaitzak astindu gintuen, ahaztea denbora asko kostako zaigun uneak; tximistak, trumoiak eta elurra, koktel lehergarri bat.





Beste istorio bat kontatzeko garaia iritsi da: goi kanpamentura iritsi ginenetik, janaria falta zitzaigula nabaritu genuen. Lehenik nire galletak izan ziren faltan bota nituenak, ez ziren inon agertzen. Gero Alex bere proteina-barratxoei buruz galdezka hasi zen, misteriotsu desagertuak ziren. Ustekabean argitu zen enigma. Behin, goiko kanpalekura iristean, nire kanpin-dendaren barruko mugimendu batek atentzioa eman zidan. Hurbildu nintzenean ile masa luze bat atera zen presaka nailon dendatik, lau hanka zituen eta buztana luzea, bizkor mugitzen zen. Lo egiteko zaku erosoen gainean lo egondako erbinude bat zen, eta, bide batez, hauts-esnezko poltsa jan eta galletaz asebete zen. Ezin diogu erbinudeari bakarrik leporatu lapurreta horien guztien errua, badakigu Himalayako azeria ederki moldatzen dela horrelako balentrietan, eta han ibilia zela, haren aztarnak elurretan grabatuta geratu ziren hamaken lehen kanpamenduan. Belatxingak ere ondo gizendu ziren gure kontua. Barregarria dirudien hau serio bihur daiteke janaria falta zaizunean eta goseak estutzen duenean, espedizioaren azken bi egunetan ia ezin izan genuen ezer jan ebasketa horiengatik.




Irailaren 20a goibel argitu zen eguna. Kontatu dudan bezala arratsaldean ekaitza sartu zen eta gau luze bati eman zion hasiera honek, goizean dena elurrez zuri zegoen. Nagikeriaz atera ginen hamaken leizetik, zuloak deserosoak dira, baina bero daude.
Egun heze horretarako lan astun bat genuen pentsatua, hamaken kanpamentua mugitzea, lehenengo hormaren behealdetik, comadreja kanpamendua deitzen dioguna, bigarren hormaren azpiraino, avenida kanpamendua beste kasu honetan.
Guztira sei petate handi mugitzen ari ginen, egun osorako lana genuen. Gure ahaleginari esker arratsalderako avenida kanpamendu muntatuta geneukan. 
Hemen, avenida kanpamenduan, eztabaida bat sortu zen gure artean; kanpamentua gorago igotzea, pilarearen azpian, edo bertan utzi. Azken aukera honen aldekoek argudiatzen zuten petateak igotzeko lana oso astuna dela. Avenida kanpamentua azkena izatea erabaki genuen, eta hortik aurrera bidea sokaz hornitzea.



Irailaren 21a oso egun emankorra izan zen. Bigarren horma erabat igo ondoren, pilarearen horma tentean beste hiru luze eskalatzea lortu genuen, bi luze oso onak mistoan eta beste bat haitzean. Honezkero erabakita geneukan Alemaniar bidea eskalatzeko proiektua bertan behera utzi behar genuela, gailurra zapaltzeko gogoa nagusitu zen.


Irailaren 22an, ordea, ez genuen pilarearen hormaren gainetik asko aurreratu, egun luzeko eskaladaren ondoren bakarrik lortu genuen luze eta erdi eskalatzea.
Hurrengo egunean, irailaren 23an, kolpe bat eman genuen mahai gainean eta gailurrari eraso egitea erabaki genuen. Egunsentiarekin hasi ginen soka finkoetan gora, eta eguerdirako pilarearen lepoan gaude azken bi luzeak eskalatu ondoren. Erlaitz handi bati jarraitu genion hiru luzeetan zehar, horma tente eta zail batekin topo egin arte. Erratu egin ginela konturatu ginenerako orduak aurrera joanak ziran eta bide egokia aurkitu genuenerako berandu zen, laino lodi batek estaltzen gintuen. Jaistea hobe zela erabaki genuen.


Irailaren 24a atseden hartzen igaro genuen, gure egoera ezegonkorragatik kezkatuta. Esan dudan bezala, gure janari erreserbak oso baxuak ziren, eta egun horretarako janaria mugatzen hasi ginen. Gosaltzeko aukera besterik ez genuen izan eta ez genuen ezer jan afari arin bat hartu arte. Oraindik aukera bat genuen Bhagirathiren gailurra zapaltzeko, eta ez geunden prets aukera hori pasatzen uzteko gose pixkagaitik, asko kostatu zitzaigun honuntzaino iristea.



Irailaren 25a historia honen D eguna da, data klabea. Goizean goiz hasi ginen soketan gora, gaueko ordu batean lehena, Alex. Egunsentirako, pilarearen lepoan zegoen kanariarra, aurreko saiakeran erratu genuen luzearekin hasteko prest. Hotza izugarria zen, katu-oinak jarri eta eskalatzen hasteko ahalegin handia egin beharra zegoen. Luze tente hau gaindituta, haitzezko beste bat zetorren ez ain zaila, eta gero erlaitz elurtuekin topo egin genuen, erraz eskalatu genituenak. Eskistoen aldea bistan genuen, gehienez ere bi soka luzetara. Bi luze horiek gainditurik, arratsaldeko azken orduan, gutxi gorabehera bostak izango ziren, jakin ezazue hemen seiak eta erdietarako ilun dagoela, gailurreko arrapala luzearen azpian geunden.
Hemen, eskistoen hasieran, inoiz ahaztuko ez dudan eztabaida bat izan genuen: aurrera jarraitu edo jaitsi. Ozeanoan galdutako ontzi txiki bateko kapitanak bezala, ekaitz handi bat datorrela jakinda, ontzia prestatzen du hortzak estutzen dituen bitartean. Guk gailurrari uko ez egitea erabaki genuen, eta gaueko hotzari aurre egiteko prestatu ginen. Plana erraza baino sinpleagoa zen, gauez eskalatzeari utzi gabe, bero egoten saiatzea. Gau beltz eta hotz bat, hamabi ordukoa, sei mila metroko altueran, ez da gau luze bat bakarrik, jipoi ikaragarria da gorputzarentzat, eta nekez sendatuko da. Eskistoen zatia ez da zaila, 60 gradu arte izotzean. Aurten oso lehor aurkitu dugu, lehen hiru luzeak dry eran eskalatu genituen, ondoren izotz gogorra eta hauskorra topatu genuen.




Gisa horretan, mendizaleak baino zonbiak ematen genuela, irailaren 26ko goizeko 9etan Bhagirathi 3 mendiaren gailurra zapaldu genuen. Ez zen uforia erreakziorik izan eta horrek harritu ninduen, hainbeste sufritu eta borrokatu ondoren, gailurrera iristea nahiko hotza izan zen. Puntara iritsi baino lehen haitz-irtengune oso solte bat gainditu behar izan genuen, eta horregaitik elur-kaskoa banaka zapaldu genuen gailurrera iritsi ahala. Malkoak, besarkadak eta barreak izan ziren, baina une hori buruan imajinatu nuenean barre algara asko zegoen, eta zoriona gainezka, ez zen horrela gertatu. Taldeko argazkia atera genuenean, jaisteko ordua zela konturatu ginen.
Bhagirathi tontorraren jaitsiera zalantza bat zen guretzat. Gailurrera iritsi diren espedizio gehienak, guk ezagutzen ditugun guztiak, iparraldeko isurialderantz jaitsi dira. Guk beste asmo bat genuen, igotako bide beretik jaistea. Ez zen erraza izan, rapel gehienak muntatu behar izan genituen. Guztira 22 rapel egin genituen, erdiak guk geuk muntatuak.



Gaueko hamabiak aldera heldu ginen berriro avenida kanpamendura, horma osoa soka finkoz garbitu ondoren.
Irailaren 28an kafe triste bat besterik ezin izan genuen gosaldu, baina aurreko egunean baino euforia handiagoa nabari zen giroan, jakitun ginen egindako balentriaz. Kanpamentua jaso eta petateak hormatik jaisteko lan astunarekin hasten gara. Hiru petate linean lotu genituen, eta gutako bat pareta lauetatik gidatzen jaitsi zen. Hain bertikalak ez ziren lekuetan, petateak bizkarrean eramaten genituen.
Lan neketsu honek egun osoan eraman gintuen, gaua ondo sarturik iritsi ginen goiko kanpamendura.


Bi errealitatek kolpatu gintuzten goiko kanpalekuan; ez zegoen ezer jateko. Ino, kuraiazko eraso batean oinarrizko kanpamenduraino jaisten da hurrengo egunean janaria igotzeko eta Caillou abisatzeko garraiatzaile pare bat bidaltzeko, material guztia jaisten laguntzeko. Alexek, dendako goxotasunean, galtzerdiak kentzean, konturatzen da bi oinetako behatz lodiak urdinak eta sentsibilitate gabeak dituela. Ez zen egoera erraza, kontziente ginen oin horientzat onena atsedena zela, eta erreabilitazio-tratamenduarekin hastea, ez zen posible izan, ez egun horretan ez hurrengo egunetan ere, harik eta Gangotrira jaitsi ginen arte, hau da, urriaren 1 arte, Alexek ez zuen atsedenik izan eta bere oinek ondo ordaindu zuten.


Lerro hauek idazten ari naizen unean, Alex Huescako San Jorge ospitalean dago. Ospitale honen hautaketa ez zen ustekabekoa izan, Espainiako izozteetako mediku espezialisten talderik onena ari da hemen lanean. Baina hori ez zaio garrantzitsua iruditzen bere mendi aseguruari, eta Alex arazoak izaten ari da aseguruak gastuak bere gain har ditzan. Ikusiko dugu nola amaitzen den hau.


Denok etxera itzulita gaudenez, bakoitza bere eguneroko errutinan murgilduta, Bhagirathin bizitakoaren balantzea egitea tokatzen da: Oso positiboki baloratzen dut espedizioa. Denok onik itzultzea zen gure zeregin nagusia, eta hori bete egin da. Alexen izozketak daude, baten batek esan dezake, jakina, baina denok etxean gaude, eta horrek du axola. Gure artean izan dugun harremana, perfektua izan dela esatera ausartzen naiz, abentura hau hasi aurretik ia ez genuen elkar ezagutzen eta lagun onak bezala itzuli gara. Harro eta pozik nago mendian egindako lanaz. Ziur hobeto egin genezakeela, azkarrago agian, duela hogei urte, gazteago ginela, Bhagirathi 3rako espedizio bat beste era batera planteatuko genukeen. Gailurra zapaldu ahal izana, nire kasuan berrogeita hamabost urterekin, amets batez gain, ilusioaren bidean jarraitzeko bultzada bat da.